Hemen dator ‘Tren Maya’, Mexikoko gobernuaren eta herri mugimenduen arteko talka handia dakarrela

  • 1934tik 1940ra Lazaro Cardenas jeneralak mugarritzat utzi dituen moduan nekazaritzaren erreforma, petrolioaren nazionalizazioa eta trenbide sarea, Andres Manuel Lopez Obradorrek erabakita dauka hiru monumentu gotor uztea Mexikoko historian iltzatuta, tartean, Tren Maya famatua. Latino Amerikako ezkerraren itxaropen handitzat aurkeztu zen Lopez Obrador edozer egiteko prest dago trenbide berria amaierara eramateko.

amlo militarrekin
‘Tren Maya’-ren obrak ikuskatzen. Trenbide berriaren kudeaketaren zati bat Armadaren enpresa bati esleitu dio Andres Lopez Obradorrek.
Argazkia: Mexikoko Gobernua.
amlo militarrekin ‘Tren Maya’-ren obrak ikuskatzen. Trenbide berriaren kudeaketaren zati bat Armadaren enpresa bati esleitu dio Andres Lopez Obradorrek. Argazkia: Mexikoko Gobernua.

Hiru proiektu erraldoi burutu nahi ditu Andres Manuel Lopez Obradorrek –AMLO deitzen diote denek– historiak oroitu dezan. Bat, Mexiko hiriburuaren eta munduaren arteko hegazkin konexioak hobetuko dituen aireportu berria Zumpango herrian; Enrique Peña Nieto saiatu zena Texcocon egiten –eta ustelkeria eta ingurumen arazoengatik bertan behera utzi behar izan zuena– AMLOk lortuko luke borobiltzea. Bi, energia burujabetasuna lortzeko, petrolio birfindegi berria eraikiko da Tabasco estatuan, eta jada martxan diren beste sei handienak zaharberrituko dira. Mexikarrek gaur darabilten erregaiaren %80 inportatua da.

Tren Maya da AMLOren hirugarren proiektu izarra, ziurrenik 2022an zalaparta handienak eragingo dituena: 1.523 kilometroko trenbide berria, Tabasco, Chiapas, Campeche, Yucatán eta Quintana Roo estatuak zeharkatuko dituena. 2024an inauguratu asmo duten trenak garraiatu behar ditu lekuko bidaiariak, zamak eta turistak. 150.000 milioi peso (6.387 milioi euro) kosta beharko zuen hasiera batean, baina jada joan den urrian, 200.000 milioitara (8.518 milioi euro) igoa zuen kalkulua. 2024a arte puztuz joango dira zenbakiak, ondo bidean. Estatuak osorik finantziatuko du, behingoagatik partaidetza publiko-pribatuaren eredua baztertuta.


Tren Maya proiektuak pertsonalitate eta erakunde askoren kritikak jaso ditu hasieratik, ingurumenezko eta kulturazko kalte handiak eragingo dizkielakoan bertako biztanleei. Salaketen indarra ikusita, AMLOk parte hartze prozesu bat jarri zuen abian 2019an. Fondo Nacional de Fomento al Turismo (Fonatur) erakundeak bideratu zuen kontsulta, ez alferrik, trenaren plangintza osoa sustatzen duena baita. Tzeltal, Tsztzil eta Chol mintzo diren maia jendeekin 30 batzar egin zituzten 112 udalerritan zehar… eta aurrera trena.

EZLN Askapen Nazionalerako Armada Zapatistak hasieratik esan du ahal duen indar guztiz egingo diola kontra trenbide berriari. 2020ko urtarrilean, matxinada zapatistaren 26. urteurreneko ekitaldian, Moises azpi-komandanteak adierazi zuen Lopez Obrador lehendakariak –“orain Mexiko deitzen den etxaldean agintzen duen kapatazak”– antolatutako herri kontsulta antzerki hutsa izan zela, simulakroan indigenaz beztitutako pertsonak jartzearekin, “Ama Lurrari galdetu balio bezala bera bortxatzeko baimena”. Moisesek ohartarazi zuen EZLNko kideek beren bizia ere emango dutela lurraren eta herritarren zanpaketa berria gelditzeko.

AMLOk hitz gozoz erantzun zien zapatistei, EZLNk ez duela ondo aztertu Tren Maya-ri buruzko informazio guztia, eta indigenei kalterik ez, baina onura handiak ekarriko dizkiela: “Ez bezate espero gure arerioek, ezkerrekoek bezala eskuinekoek, guk agintekeriaz jokatzea. Gu bakezaleak gara”. Baina modu bitxian mamituko zuen mezu bakezale hori egun gutxiren buruan.


NIK DIOT TAPIA, ZUK DIOZU AMLO

Azaroan AMLOk lege berri batez “segurtasun nazionalekotzat” deklaratu zituen azpiegiturazko obra handiak: gobernu zentralak lehentasunezko edo estrategikotzat jotako garapen proiektuen aurrean, beste edozein administraziok bost eguneko epea edukiko du bere eremuan aplikatu baino lehen edozein erreklamazio egiteko. Bost egunen ostean, proiektuak behin-behineko baimen osoa edukiko du hamabi hilabetetarako eta ondoren behin betikoa.

Interes nazionalekoen atalean sar daiteke edozein azpiegitura baldin badagokio atal hauetakoren bati: komunikazio eta telekomunikazioak, mugak, uraren kudeaketa, ingurumena, turismoa, osasuna, trenbideak, energia, aireportuak… Jada Mexikon ez eskualdeko gobernu autonomo batek edo ez inolako udalek ezin dio funtsezko eragozpenik jarri bere eremuan gobernuak urratu nahiko duen ezein azpiegiturari. Iñigo Urkulluk eta Arantxa Tapiak Euskal Autonomia Erkidegoan udazken honetan egin duten lege aldaketaren antzekoa, esan badaiteke.

Obra erraldoiak legez blindatzea da AMLOren estrategiaren bi adarretako bat. Bestea ilunagoa da eta kontraintsurgentzia deitzen da. Gobernua horretan ari da aspalditik. Proceso aldizkariak zabaldu duenez, Tren Maya sustatzen duen Fonatur aritu da proiektuaren arerioei buruzko “inteligentzia estrategikoa” biltzen, trenbidea eraikitzeko lanen segurtasuna bermatzeko. Arrisku taldetzat dauzka izendatuak berdin droga eta gizakien trafikoan ari diren talde kriminalak baita EZLN eta Mexikoko herri mugimendu askoren bilgune den CNI Congreso Nacional Indigena ere. Ikerlariek jarraipena egin diete lekuko hedabideei, lider eta mugimendu sozialei, sindikatuei, baserritarren elkarteei eta abar luze bati ere.


Analisitik askoz urrunago doa jadanik, ordea, Mexikoko kontrainsurjentzia, Raul Zibechik Guerra de desgaste contra las comunidades zapatistas (“Komunitate zapatistak akitzeko gerra”) testuan azaldu duenez. Zibechik elkartasun talde batekin egindako bidaian Chiapaseko komunitateetako biztanleei entzun die behin eta berriro: “Geure lurrean hesiturik gauzkate”. 1994ko matxinadan zapatistek berreskuratutako etxalde eta eremu askotan azken urteotan hesituta bizi dira, agintariek harantz bidalitako lurjabe txikiek eta kafe ekoizle handien eraso pean, gobernu federalak inguruetan kokatu dituen base militar berrien babesarekin. Zientoka erasotzaile armatu etxeak erre eta uztak suntsitzen, komunitate zapatistek beren produktuak merkaturatzeko egiturak eraisten, gaueko tiroketak kalibre handiko fusilez eginak, herritarren bahiketak, jipoiak, mehatxuak…

“Kontraintsurgentzia berriak dira –dio Zibechik– EZLNren sendotzea eta lurraldez zabaltzea oztopatzeko. Zapatistak zabaldu egin baitira, gaur erresistentziako 43 gunetan daude. ORCAO erakundeko kafegileek erasora bidalitako gizon armatuak jende politizatuak dira, mugimendu zapatista ondo ezagutzen dutenak. (…) Beren modus operandi-a da familia eta komunitate zapatisten etxebizitzak, klinikak eta eskolak hesitzea, ekoizten jarraitzea eragozteko. Horrela osatu dute higadurazko gerra integral bat ekonomia, hezkuntza, osasungintza eta antolakuntza autonomoak hautsi nahi dituena”. Itxura txarra. Zerbait gogorra gerta daiteke Chiapasen 2022ean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Globalizazio neoliberala
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]


Ez adiorik, Tuvalu

2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]


2023-02-13 | ARGIA
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko

Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]


2022-12-16 | Sustatu
Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]


Eguneraketa berriak daude