Chevron-Ekuador: epaile pribatuek honela menderatu dute estatua

  • Chevron petrolio konpainia iparramerikarra Ekuadorreko auzitegiek 2012an kondenatu zuten Amazonian eragindako kutsaduragatik 8.100 milioi euro ordaintzera. Orain gatazka komertzialetan arbitro lanak egiten dituen auzitegi pribatu batek atzera bota du, Holandan, ebazpen hura eta zigorrik gabe utzi urte luzez milaka herritarrek nozitutako kalteak. Merkatal ganbaren pribatuak arbitro auzitegietako epaileen gainetik: honela dago antolatuta multinazionalen inpunitatea.

‘Aljazeera’-k zabaldutako argazkian, Sucumbios probintziako herritar batzuk 
Texaco-Chevronek petrolioz eta hura lurpetik erauzteko toxikoz kutsatutako aintzira baten ondoan. Amazonian multinazionalek kaltetutako herritarrok kexu dira Rafael Correaren or
‘Aljazeera’-k zabaldutako argazkian, Sucumbios probintziako herritar batzuk Texaco-Chevronek petrolioz eta hura lurpetik erauzteko toxikoz kutsatutako aintzira baten ondoan. Amazonian multinazionalek kaltetutako herritarrok kexu dira Rafael Correaren ordez lehendakari Lenin Moreno dagoenetik Ekuadorreko aginteak amore ematen ari direlako atzerriko kapitalaren aurrean, jendeak babesik gabe utziz.

Albistea Unión de Afectados por Texaco elkarteak zabaldu du munduan #ChevronCulpable #NoMasImpunidad agiriarekin: “2018ko irailaren 7an jakin dugu zer ebatzi duen Hagako Arbitratze Auzitegiak, sortuta dagoenak AEBek eta Ekuadorrek 1993an elkarren artean egindako inbertsioak sustatu eta babesteko Itunaren baitan, Ekuadorrek 2007an gaitzetsi zuen 2007an). Arbitratze Auzitegiaren ebazpena Chevron multinazionalaren eta Texaco bere filialararen aldekoa da eta argudiatzen du Ekuadorreko epaileek urratu egin dituztela inbertsio itun hark ezarritako betebeharrak”.

Oso albiste inportantea da, mundu osoan ezarriko du aurrekaria, baita Ipar-Mendebalde aberatsean ere, herritarren eta multinazionalen arteko gatazka askotan. Olivier Petitjean kazetariak Multinationales.org behatokian titulu honekin laburbildu du: “Kutsadurak: Chevron petrolio konpainiaren kontrako isun historiko bat ezabatu du nazioarteko auzitegi pribatu batek”.

Isun historikoa 8.100 milioi eurokoa zen, Chevron multinazionalari 2012an ezarria Ekuadorreko auzitegi batek –eta ondoren berretsia bertako Auzitegi Gorenak– Texacok Amazonian eragindako kalteen ordainetan. Inoiz ingurumen kalteengatik konpainia bati ezarritako isunik handiena zen.  

Ekuadorreko Sucumbios probintziako 30.000 biztanlek eraman zuten auzitara Texaco Petroleum –2001ean AEBetako bigarren petroliogile nagusia den Chevronek erosia– Amazoniako urre beltza ustiatzeko zulatutako 350dik gora putzuen hondakinak bazter guztietan isuri zituelako, inolako kontrolik gabe eta inguruko natura bezala jendeak larriki kutsatuz.

Texacok horrela kudeatu zuen petrolio ekoizpena 1964 eta 1990 artean, kontzesio moduan Ekuadorrek baimendutako milioi bat hektareako eremu zabalean. Petrolio bilaketarako zuloetatik hasita, erauzitako lohi kutsakorrak bezala zundaketetan erabilitako lubrikatzaile eta edonolako produktuak bertan botatzen zituzten teknikariek, bilaketan egindako zuloak berak ere estali gabe abandonatuz.

EJAtlas Ingurumen Justiziarako Atlasak jaso duenez, enpresak onartuta dauka 60.000 milioi litro hondakin toxiko dauzkala inguruetan botata gehi 650.000 upel petrolio gordin lekuan bertan barreiatuak. Ondorioak bertako biztanleek fite nozitu dituzte.

Eskualde horretan kantzer kopuru oso handiak daude, arnasketa, odol zirkulazio eta ugalketa arazoak, ahaztu gabe petrolio industriaren isuri kimiko kutsatutakoak jan edo edateagatik jazotako pozoiketak. Toxikoen eraginez zenbait herri hutsik geratu dira: Tetetes, Sansahuari... Eta Cofanes, Sionas, Siekopai eta beste herri askotatik ere ihes egin dute herritar askok. Baserritar ugari lur emankorrik gabe laga du kutsadurak, aziendak hil zaizkie eta abereak bezala gizakiak ur kutsatua edanez bizitzera kondenatuta daude.

Internetez ikus daiteke bideo hunkigarri bat –Los videos de Chevron–petrolio ustiatzaileen harrokeria eta bertako nekazari txiroen babesik eza erakusten dituena. Chevroneko teknikariek grabatutako irudiak dira eta gero langileren batek anonimoki bertako ekintzaileei irits araziak. Konpainiak teknikoak bidali zituen kutsatu gabeko lur laginak biltzera auzitegian enpresaren frogatzat aurkezteko eta bideoan ikusten denez lur garbirik topatu ezinean ibili ziren hona eta hara. Irudietan teknikariek ageri dira barrez lurzoruaren toxikotasun itzela behin eta berriro frogatzen. Zenbait lekuko ere entzuten dira beren egoerak teknikarioi xumeki azaltzen, tartean hiru alaba txiki kutsaduragatik galdu dituen laborari bat.

Goliatek arbitroa ere berea du

Pablo Fajardo 14 urterekin iritsi zen eskualde honetara eta larruazalean daramatza petrolioaren industriak eragindako orbainak. Familia oso txiroan jaioa, mestizoa, eskolan aurrera egin eta  unibertsitatean abokatu karrera egitea lortu zuen, egunez lana egin eta gauez ikasita. Bera aitortzen dute lidertzat Chevroni aurre egiten dioten eta herritarrek. 2004an anaia hil zioten, askoren ustez Pablori oinak geldi arazteko.

“Antzeko arazoak dituzten beste askok ez bezala –esan zion Fajardok Petitjeani 2015ean– guk erabakita daukagu borroka sistema barrutik egitea, auzitegietako helegiteak erabiliz. Baina 21 urteren buruan, irudipena daukagu sistema ez dagoela egina Chevron bezalako multinazionalen biktimei justizia egiteko”. Davidek igerria zion Goliati zer egosten ari zen.

Ekuadorreko auzitegiek 2012an ebatzitakoa hankaz gora bota du Hagako auzitegi komertzial batek. Komeni da hitz arrandiatsuen oihanean ez galtzea. Holandako Hagan egoitza eduki arren, PCA Arbitratze Auzitegi Egonkorrak ez dauka zerikusirik Hagako Nazioarteko Auzitegiarekin eta ez beste edozein auzitegi ohikorekin ere. PCAk arbitro lanak egiten ditu estatuen eta inbertsiogileen arteko gatazketan. Hiru profesionalek osatutako epai mahaiak estatuak eta konpainiak osatzen dituzte, eta ados jartzen ez direnean, Munduko Bankuak izendatzen ditu, globalizazio neoliberala diseinatu eta antolatu duen erakunde nagusietakoak.

Ekuador txikiaren eta Chevron erraldoiaren arteko arbitroen epaimahaian lehendakaria zen V. V. Veeder, Estokolmoko merkataritza ganbarako eta ICC Nazioarteko Negozio Legeetako Institutuko kidea. Bigarrena, Horacio Grigera CICA Nazioarteko Merkataritza Arbitratze Zentroko zuzendaria da. Eta hirugarrena, Vaughan Lowe ingelesa, gisa honetako hainbat nazioarteko arbitratze erakundeetako kidea.

Hiru arbitrook erabaki dute, hala dio ebazpenak, Ekuadorreko auzitegiak ustelkeriak hartuta dauzkala, Chevron errugabea dela egozten zaizkion salaketetatik eta Ekuadorreko estatuak pagatu behar dituela auziaren kosteaz gain Chevronentzako aurrerantzean izendatuko duten kalte-ordaina.

Gutxienekoa da multinazionalak 2012an nahiago zuela AEBetan epaitua izatea baino Ekuadorren epaitzea. Abokatu bufete on batek hori baino errore handiagoak konpon ditzake. Inportanteena da auzitegi pribatu batek arrazoia kendu diela hainbeste lanekin auzitegi publikoen nolabaiteko lortu zuten herritarrei, eta Multinationales-org-ek dioen beste hau: “Erabaki honek erreparorik gabe berresten du auzitegi nazionalen gainetik nagusitasuna daukatela enpresen zuzenbide komertzialak, korporazioen epai-mahai pribatuek agintzen dutela epaile nazionalen gainetik“.    

Ikasi munduan agintzen duen Lege Kode berria: Investor-state dispute settlement. Inbertsiogileen eta estatuen arteko gatazken arbitrajea. Euskal Herrian ere egokituko zaigu probatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
Giza karenan ere aurkitu dituzte mikroplastikoak

AEBetako ikertzaile-talde batek 62 giza karena edo plazenta analizatu ditu, gas-kromatografia eta masa-espektrometria baliatuta, eta frogatu du lagin guztietan mikroplastikoak zeudela. Toxicological Sciences aldizkariak argitaratu du ikerketa. Haren arabera, karen batzuetatik... [+]


2024-02-09 | Euskal Irratiak
Alice Leiziagezahar, Europa Ekologia-Berdeak
"Pestizidek ez dute laborarien egoera hobetuko, haien osasuna okertuko baizik"

Laborariak karrikara atera dira Europa osoan, bizi eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Mobilizazioek eragin duten krisi politikoari, pestizidak apaltzeko planaren gibelatzearekin iharduki dio Europako Batzordeak.


Arbonako eskolara bideratu lurren kutsadura aztertzeko eskatu du Paueko Administrazio Auzitegiak

40 urtez zabortegi gisa erabilitako eremu batean ari dira eskola publikoa eraikitzen. Kutsadura arriskuak kontuan harturik, leku aldaketaren alde dabil borrokan Hats Berri Bat Arbonari deitu oposizioko taldea. 2024ko irailean abiatuko den ikasturterako bukatu nahi ditu obrak... [+]


Pelletak eta mikroplastikoak jasotzea, ohiko zeregina 'Mater'-entzat

20 urte baino gehiago daramatza euskal kostaldea inguratzen duten itsas hondakinak biltzen, tartean, palletak eta mikroplastikoak. Oraindik plastikozko bolatxoak gurera iritsi ez badira ere, "edozein unetan" iritsi daitezkeela ohartarazi du.


Eguneraketa berriak daude