Arauak nola moldatu artisten eta kultur langileen lanera, duina izan dadin

  • Artistaren Estatutua eratzeko sortutako azpibatzordearen txostena onartu zuen 2018an, aho batez, Espainiako Diputatuen Kongresuak. Hamarkadetako eskaerei erantzuten die txostenak, eta abiapuntu garrantzitsua da. Euskal Herriaren hegoaldean ere aspalditik ari dira kultur langileen jarduna modu egokiagoan arautuko duten neurrien inguruan hausnartzen, eta abagunea probestu nahi lukete premiazkoak diren aldaketak lehenbailehen egiteko.

Teknikariok sindikatuaren 
elkarretaratzea Bilbon
Teknikariok sindikatuaren elkarretaratzea Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

Hamarkada luzetako aldarrikapenei erantzuten die 2018an Espainiako Diputatuen Kongresuan aho batez onartutako Artistaren Estatutuaren inguruko txostenak. Izan ere, hamarkada luzetan izan da agerikoa kultur langileen egoera ezegonkorra, krisialdiek are gehiago larriagotu dutena.

Txostenak sorkuntza artistikoari buruzko eta artisten eta kultur langileen lan baldintzak hobetzeko presazko neurriak eskatzen dizkio Espainiako Gobernuari.

Artisten egoera ahalik eta egokien erregularizatu eta hobetu ahal izateko eman beharreko pauso batzuk biltzen ditu txostenak, zerga-sistemari eta Gizarte Segurantzari buruzkoak, besteak beste. Artistaren Estatutua esaten zaiona, beraz, ez da lege bat, ezta lege-multzo itxi bat ere. Alor ugari ukitzen dituen eta atalka garatu behar den bide-orria da, ezarpen konplexua duena. Dena dela, Espainiako Diputatuen Kongresuko babes zabalak esperantza apur bat ekarri zuen 2018an. Hiru urte beranduago, eta COVID-19ak areagotutako krisialdiak bete-betean harrapatuta, ordea, pazientzia agortzen ari zaie kultur langileei, neurriak mantso ari baitira aplikatzen, eta gehienetan beraiekin kontsultatu gabe.

Zertaz ari garen artistez ari garenean
Artistei buruzko txosten ia guztietan agertzen da definizioaren auzia, hau da, nori buruzkoa den txostena, nori dagozkion proposatzen diren neurri eta arauak. Artistaren Estatutuaren txostenaren neurriak beren-beregi pertsona fisikoei dagozkie, langileei buruz ari da, eta ez enpresei edo elkarteei buruz.

Kulturgintzaz jarduterakoan joera dago langileak, enpresak eta elkarteak sektoreka banatzekoa, interes desberdinak dituzten eragileak zaku berean sartuz. Zenbait arazo partekatuak baldin badira ere, eta hartu beharreko neurri batzuk sektoreka hartu behar badira ere ez da egoera bera enpresena eta langileena. Txostenak sektorializazioa baztertu eta langileengan jartzen du fokua,  izan horiek besteen kontura dutenak edo norberaren kontura lan egiten dutenak. Hala ere, azken urteetan asko zabaldu den “sortzaile” hitzaren atzean egon daitekeen artistaren sorkuntza hutsezko lanez haragokoei ere erreparatzen die txostenak, horregatik du ondokoa izen osoa: Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Estatutua.

Artistaren Estatutua ez da lege itxi bat, garatu beharreko bide-orri bat baizik

Lanbide artistikoek hainbat berezitasun dituzte, berezkotzat hartzen direnak eta gaur egungo egoeran arlo horretan dabiltzanentzat ahultasunak direnak. Nabarmenenak, lanaren ezegonkortasuna eta aldizkakotasuna. Berezitasunok ia ezinezko egiten dute jardun hori egun indarrean dauden arauen arabera modu duin batean garatzea. Ezegonkortasun horrek ia ezinezko egiten du profesionalizazioa.

Krisialditik krisialdira
Krisialdi garaietan are gehiago azaleratzen dira kultur langileen baldintza eskasak, berez larria den egoera are larriago bilakatzen baita, eta konponbideak are presazkoagoak.

2014an dagoeneko, 2008ko krisialdiaren itzaletan, kulturgintzaren sektoreko 300 herritar baino gehiagoren ekarpenak bildu zituen Guk Geure Kulturaz (GEUK) plataformak Durangon eginiko bi biltzarretan. Ekarpenak, batez ere kulturgintzaren eta kultur politikaren bueltakoak ziren. Urtebeteren buruan aurkeztu zuten Premiazko Neurrien Egitasmoa deitu zutena. Neurri horien artean zeuden “Sortzailearen Estatutua sortzea sortzaileen eskubideak babestu eta kontratazioak erregulatzeko” eta “sortzaileentzako aproposak diren epigrafe berriak sortzea”.

Egungo Artisten Estatutuaren txostenean biltzen diren hainbat neurri proposatu zituen plataformak. Kulturaren Euskal Behatokiari aurkeztu zizkioten premiazko neurriok.

GEUK plataformaren premiazko neurrien
egitasmoaren aurkezpena. (Argazkia: Marisol Ramirez/Argazki Press)

2016 amaiera aldera egin zuen Unidas Podemosen talde parlamentarioak, Espainiako Diputatuen Kongresuko Kultura batzordean Artistaren Estatutua lantzeko azpibatzordea eratzeko proposamena. 2017 eta 2018 urteen artean osatu zuen azpibatzordeak aipatutako txostena, hainbat kultur eragileren partaidetzarekin, eta geroztik txosteneko zenbait neurri lege bilakatu dituzten arren oro har auzia nahiko geldirik dagoela dirudi.

COVID-19aren izurriak areagotu duen krisiarekin, baina, berriro ere mahaigaineratu da kultur langileen lan-baldintzen auzia. Horren adibide garbia da orain dela urtebete, itxialdi betean, kulturgintzako mila norbanako eta eragile baino gehiagok babestutako Greba Digitala. Joan den urteko apirilaren 21ean eta 22an Interneten kultur edukirik ez partekatzeko eskatu zuten, eztabaida eragin, premiazko neurriak hartzea eskatu eta euskal kulturgintzaren ekosistemako partaideak bilduko lituzkeen mahaia osatzeko lanari ekiteko.

Ordukoan ere berriz jarri zuten mahai gainean artisten eta kultur langileen egoera prekarioa eta horri aterabidea eman beharra.

Zertan den Madrilen osatutako txostena
Funtsean, egoeraren diagnostikoa eta horri aterabidea emateko zenbait proposamen egiten ditu txostenak. Proposamen batzuk osatuagoak dira, beste batzuk, aldiz, landu beharrekoak. Izan ere, “saski-nahaski” bat da Artistaren Estatutua deritzona, Eneko Olasagastiren hitzetan. Euskal Aktoreen Batasuna (EAB) antzezleen sindikatuko antolakuntza idazkaria da Olasagasti, eta dioenez hamarkadetan zehar pilatu diren aldarrikapenak biltzen ditu txostenak, askotarikoak, lan arloa gainditzen dutenak batzuk, eta erantzun desberdinak behar dituztenak.

Urteak daramatza gaiari jarraipena egiten Olasagastik eta, dioenez, txostenaren proposamenak lau multzo nagusitan bana daitezke. Batetik, zerga-sistemari dagozkion neurrien proposamenak leudeke. Esaterako, errenta-aitorpenaren egungo eredua ez da egokitzen artisten eta zenbait kultur langileren jarduerara. Urtebete baino gehiago luzatzen dira ekitaldi bakarrean kobratzen diren lanak, esaterako. Horregatik, epeak luzeagoak egitea eta urteko bataz-bestekoak egitea proposatzen da. Neurri horiek hartzeko eskumena dauka Eusko Jaurlaritzak.

Madrilen osatutako txosteneko zenbait neurriren gaineko eskumena Eusko Jaurlaritzari dagokio

Bestetik, Gizarte Segurantzari dagozkion auziak leudeke, oraindik Espainiako Gobernuaren eskumenekoak direnak. Horien artean, kotizazio kuoten ezegonkortasunari irtenbidea ateratzea. Pandemiak areagotu egin du larritasuna, baina ohiko jardunarekin ere ezegonkorra da egoera: lan egiten duten egun zehatzetan baizik ezin dute kotizatu, esaterako, musikariek, aktoreek eta bertsolariek. Helburua litzateke lanik ez dagoenean ere babestuta egotea, Frantziako Estatuan indarrean dagoen Ikuskizunetako Intermitentearen Erregimenak ahalbidetzen duen moduan.

Hirugarrenik, trantsizio profesionalari dagozkion auziak daude. Eskarmentua eta formazioa eduki arren titulurik ez duten profesionalei bestelako lan esparruak, batez ere irakaskuntzari lotutakoak, zabaltzeko balio du trantsizio profesionalak, habilitazio baten bitartez tituluak eskuratzeko aukera ematen baitu. Hezkuntzari eta lan arloari dagokio gai hau, eta Espainiako Kualifikazioen Intitutu Nazionalak (INCUAL) kudeatzen eta ezartzen ditu habilitaziorako baldintzak, baina Lanbidek ere landu lezake horretarako programa bat, nahiz eta azken onespena Madriletik etorri.

Azkenik, arlo sindikalari dagokion adarra dago, artisten eta kultur langileen sindikatuek beste sindikatuen pareko zilegitasuna eduki dezaten ahalbidetuko luketen auziak biltzen dituena. Izan ere, artistak eta kultur langileak biltzen dituzten sindikatuek ez dute  legezko ordezkaritzarik erakundeen aurrean. Adibide gisa, Euskal Aktoreen Batasuna antzerki enpresekin antzerki hitzarmena negoziatzen aritu da aspaldi luzean, eta badirudi lortuko dutela, baina hitzarmenerako legezko mahaia osatzerako orduan ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk parte hartu behar izan dute negoziazio-mahaian, EABk 450 afiliatutik gora eduki arren.

Artistaren Estatutuaren gaia gertutik jarraitzen du, halaber, Marta C. Dehesak. Ilustratzailea eta argazkilaria da, baina baita kultur arloko aholkularitzan espezializatutako abokatua ere. Besteak beste, Artistaren Estatutuaren inguruko azpibatzordearen aurrean agertu zen Madrilen, bere ekarpena egiteko. Bere aburuz, garrantzizkoena Diputatuen Kongresuko alderdi guztiek txostenak sarreran dioena onartu izana da, bertan aitortzen baita zein den artisten eta kultur langileen egoera eta beraien lanaren garrantzia, eta irtenbide baterako oinarriak jartzen baitira.

Diputatuen Kongresuak txostenari onespena eman zionetik neurri batzuk hartu dira dagoeneko. Bide-orri horren arabera orain arte hartu diren neurrien artean dago, esaterako, artistek behin erretiroa hartuta ere egile-eskubideen ordainketak jasotzen jarraitu ahal izatea. Hala ere, une honetan Artistaren Estatutuaren inguruko mugimendu handirik ez da ikusten, nahiz eta joan den martxoaren 25ean PSEko legebiltzarkide Alberto Alonsok Eusko Legebiltzarrean aurreratu zuen ministerioen arteko elkarrizketak martxan daudela transbertsala den neurri bat diseinatzeko.

Dehesaren ustez, baina, orain arteko neurriak ez dira ganoraz garatu. Ezarritako aldaketa zehatz batzuk bide-orrian onartuta baldin bazeuden ere beste asko azaletik baizik ez dira aipatzen, eta anbiguoak dira batzuk; are, batzuk kontraesanean ere erortzen dira. Agenda hori landu egin behar dela dio Dehesak; aspektu batzuk Espainiako Gobernuak, baina beste batzuk, esaterako, Eusko Jaurlaritzak. Arauak onartu eta neurriak ezartzeko moduekin ere kritiko ageri da Dehesa. Izan ere, orain arteko neurriak dekretuz onartu dira, eta ez ezein kongresutan emandako eztabaiden bitartez, eta eragileekin harremana mantenduz.

Oraingoz Artistaren Estatutuaren inguruko txostenak proposatzen dituen neurrien %5a baizik ez da aplikatu, Dehesak dioenez. Bere iritziz ezinbestekoa da legegintzaren markoa aldatzea eta kulturgintzarena sektore ekonomiko gisa kontuan hartzea. Izan ere, datuen arabera, Barne Produktu Gordinaren %5 inguru dagokio kulturari, ezkutuko lana den zati handi bat kanpoan utzita.

Hartu beharreko neurrien artean kultur langileen mapeo bat beharrezkoa ikusten du Dehesak, sektore horretan lanean benetan nor ari den jakin ahal izateko eta horien arabera egiteko plangintzak.

Artistaren Euskal Estatutua
Itxialdia amaitu eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren, joan den urteko uztailean. Hauteskundeetan ere presentzia izan zuen Artistaren Estatutuaren auziak. Izan ere, EH Bilduren programa politikoaren helburuetako bat zen Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua garatzea. Halaber, Jaurlaritza eratu berrian Kultura Sailburu karguari eutsi zion Bingen Zupiriak adierazi zuen Artistaren Estatutua legealdiko helburuetako bat izango zela, kultur langileen profesionalizazioan sakontzeko bidean.

Hain zuzen ere, esan bezala, Espainiako Diputatuen Kongresuan onartutako bide-orriaren zenbait atal Espainiako Gobernuaren eskumenekoak badira ere, beste hainbat Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak dira, zerga-sistemari dagozkionak, esaterako. Alde horretatik, badago zer eztabaidatu eta zer landu. Horrez gainera, baina, Josu Estarrona legebiltzarkideak martxoaren 25ean Eusko Legebiltzarreko eztabaidan azpimarratu zuen gisan, “estatuko estatutuak ez dituu aintzat hartzen euskal kulturaren eta euskarazko kulturaren nolakotasuna eta ezaugarriak”.

2014an eratutako GEUK plataformak sortzailearen estatutua sortzea eskatu zuen

Urtarrilean aurkeztu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutuari buruzko ponentzia bat eratzeko legez besteko proposamena. Proposamena aurrera ateratzekotan, adituen eta arituen ekarpenak jaso eta horiekin osatuko zuketen ponentzia, eta horren gainean eztabaidatu Artistaren Euskal Estatutuaren eraketa. Martxoaren 25eko eztabaidan, ordea, atzera bota zuten proposamen hori, EAJren eta PSEren aurkako bozekin. Beraz, gobernutik etorriko dena eztabaidatu besterik ez dute egingo Eusko Legebiltzarrean.

Hurrengo egunean aldiz, martxoaren 26an, Nafarroako kultur jarduera “duintzeko, egonkortzeko, areagotzeko eta haren etorkizuna bermatzeko neurriak zehaztu eta adostearren” ponentzia bat sortzeko erabakia aho batez onartu zuen Nafarroako Parlamentuko Kultura eta Kirol Batzordeak. Ponentziaren helburu nagusia izango da Nafarroako Artistaren Estatutua osatzea, horretarako sektoreko eragileak kontsultatuz.

Eragileen haserrea
Eusko Legebiltzarrean EAJk eta PSEk Artistaren Estatutuari buruzko ponentzia sortzeari ezezkoa eman izanak haserrea sortu du kultur langileen artean. Ikuskizunetako, ekitaldietako eta arte eszenikoetako langileak ordezkatzen dituen Teknikariok sindikatuak Kultura Saila kultur langileen bizitzarekin jolasean ari zela salatu zuen sare sozialetan, Jaurlaritzak lerroburuetan “euskal kulturaren profesionalizazioa” aldarrikatzen badu ere praktikan horretarako pausorik ematen ez duela nabarmenduz. Bingen Zupiriaren legealdi hasierako adierazpenak eta Artistaren Euskal Estatutuaren ponentziari ukoa bata bestearen ondoan erakusten ditu sare sozialetan zabaldutako irudi batek, beste irudi batean zenbait salaketa egiten ditu sindikatuak. Besteak beste, 41 urtean sektorearen erregularizazioa desegokia izan dela eta egun sektorea txikituta eta lanik gabe dagoela dio mezuak, eta Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak eragileekin adostu gabekoak izan direla eta, ondorioz, porrot egin dutela.

Bingen Zupiriak Artistaren Estatutua legealdiko helburuetako bat zela adierazi zuen

Pandemia hasi berritan iragarri zituen Kultura Sailak kultur langileentzako eta enpresa txikientzako laguntzak. Lau milioi eta erdi euroko laguntza-poltsatik 845.000 baizik ez ziren banatu. Laguntzak jaso ahal izateko irizpideek eta baldintzek zaildu egin zuten kultur langileek beharrezko zituzten laguntzak eskuratu ahal izatea. Estarronak legebiltzarrean salatu zuen, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak kulturgintzako eragileekin kontsultatu ez izanaren ondorio zela laguntzen porrota, eta Artistaren Estatutuaren auzian berdin ez jokatzeko eskatu zuen.

Eneko Olasagasti ere haserre mintzatu da Eusko Legebiltzarrean ponentziaren aurka bozkatu dutenekin. Sindikatuan ez dute ulertzen zergatik ez den onartu Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua eratzen hasteko ponentzia. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin izan dituzten bileretan Artistaren Estatutuaren gaia atera izan dela aipatu du, eta esaterako, dagoeneko abokatu bulego bati zerga-sistemari buruzko neurriak EAEn nola aplikatu aztertzeko eskatu ziotela adierazi zutela Kultura Sailetik. Diputatuen Kongresuan onartutako bide-orria EAEn ezartzeko hurrengo pausoetako bat litzateke hori. “Harri eta zur” daudela dio Olasagastik, Artistaren Estatutua eragileekin batera arakatzeari atea itxi zaiolako. Haien haserrea Kultura Sailari helarazi diote, gaiari buruzko bilera bat egiteko ere eskatu dute: “Ondo entzun dezatela haserre gaudela”.

Dehesak ere sentsazio mingotsarekin jarraitu zuen Legebiltzarreko eztabaida. Prozesuan gardentasuna behar dela azpimarratu du, eta gaia ikuspuntu kultural eta tekniko batetik beharrean ikuspuntu politiko batetik landu zela.

Aurrera begira
EAEri dagokionez, beraz, pilota gobernuen teilatuetan dago oro har. Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, aldiz, ikusi beharko da zein izango den parlamentuan eratutako ponentziak jarraituko duen bidea. Kultur langileek modu duinagoan lan egin eta bizi ahal izateko beharrezko neurriek, ordea, presazkoak eta ezinbestekoak dira oraindik. Euren ahotsa entzun dezaten aldarrikatzen jarraitzen dute eragileek, eta askotarikoa den sektore batean indarra hartzen ari dira EAB eta Teknikariok gisako sindikatuak. Haien artean eta instituzioekin lan egiteko espazioak behar dituzte ordea, aurrera begira hartuko diren neurriak benetan eraginkorrak eta egokiak izan daitezen, eta ez kultur langileen errealitatea kontuan izan gabe hartutakoak.

Alerta Gorria ekimenaren protesta bat Gasteizen (Argazkia: Jimmy Jazz)

Ikuskizunetako langileak protestan

Joan den urteko udan kalera ateratzen hasi ziren ikuskizunetako langileak. Teknikariok sindikatua aurkeztu zuten eta haien egoera larriaren berri eman zuten. Izan ere, aretoak itxita eta jendaurreko ekitaldiak erabat geldirik, kinka larrian geratu ziren ikuskizunetan teknikari lanetan aritzen direnak.

Haien lanaren izaera dela-eta hein batean bestelako artistenaren antzekoa da haien egoera laborala.
Besteak beste, zuzeneko ekidaldien sektorearen erregularizazioa eskatzen dute, erregimen arautzaile bereziturik ez dutenez ikusezintasun egoeran baitaude.

Lan bera egiten dutenen artean egoera oso desberdinetan daude langileak, batzuk autonomo gisa aritzen dira, beste batzuk soldatapeko finkoak dira, edo aldi baterakoak, obrakoak edo zerbitzukoak. Gainera, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak nahikoa ez zirela ere salatu zuten.

Sektorea batuta
Azaroan aurkeztu zen ikuskizun eta ekitaldietako langile, enpresa, elkartea eta taldeak biltzen dituen Alerta Gorria ekimena. Batez ere erakundeen aurrean sektoreak duen ikusgarritasuna handitzea eta pandemia garaian areagotutako egoera ezegonkorrari aurre egiteko neurriak hartzera bultzatzea du zeregin nagusia Alerta Gorriak.

Besteak beste, udalek jendaurreko kultur jarduerak antola eta susta ditzaten eskatzeko lanetan ari dira, eta gobernuekin haien sektorearen egoerari buruzko elkarrizketetan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude