Kazetaritzaz

"Prentsa egokia, desinteresatua eta eskuzabala denean, ongia ezagutzeko prestaturik dagoenenean eta hori egiteko ausardia daukanean, prentsa horrek bertute publikoa gorde eta zaindu ahal du; bertute publikorik gabe, herriaren gobernua fartsa eta iseka baino ez da. Prentsa zinikoak, mertzenarioak eta demagogikoak, azkenik, bera bezain trauskila den herriari emango dio forma”.
Joseph Pulitzer, 1904.

Ez dut inoiz kazetaria izan nahi izan. Gazte-gaztetan mutil-lagun bat izan nuen. Hark bai. Hark kazetaritza ikasi zuen. Kazetaria izan nahi; hala ere, merezi zion proiektuko aterik ez zitzaion zabaldu. Beste zerbaitetan aritzen da gaurkoz.
Ez dut inoiz kazetaria izan nahi izan, baina zelan ez ulertu grina hori? Nork ez du nahi boterearen gezurrak azalarazi? Nork ez du nahi ezkutatzen zaigun zikinkeria argitu? Estolderia altxatu? Herritarrei egia eman? Nork ez ditu inoiz ikusi All the President’s Men, The Post edo Spotlight?

Esango dIdate, eta arrazoiz, kazetaritza-ibilbide apasionagarriak filmetan baino ez direla, lur hartzen denean, txakur amets guztiak haizatzen direla. Nahikoa lan dela lana ez galtzea gauden egoeran egonda, ohiko komunikabideen eta, batez ere, prentsa idatziaren krisia tarteko.

"Boterearen alfonbrak altxatzeak ondorio larriak izan ditzake. Pepe Rei, kazetaritzaren printzipio eta balioen eredua izateaz gain, horren adibide ere badugu"

Andra bi elkarrizketan. Erredakzioa erdi hutsik dagoela kontatzen ari dira, hobeto esanda, elkarri kexaka dabiltza, biek ondo dakitenagatik penatan. Freelance direla orain gehienak, gutxira arte langile ziren asko barne. Follower eta like-ak zenbatzen dituen gaztearekin nekaturik omen dago betaurrekoduna, benetan nekatuta pintxoari eman dion haginkada amorratua ikusirik. Bokazioa, bilatuz gero, umeen, fakturen, nekearen artean ondo bilatuz gero, oraindik topa dezakeela, baina aritzeko askatasuna ez dela inondik ageri. Baietz, bestearen erantzuna, kopia-pega egiteaz tortolara arte dagoela.

Eta niri, atzeko mahaian, beste artikulu bat ia-ia amaituta neukala, albisteak egin zidan mugikorrean krak. Pepe Reiren heriotza. Eta kazetaritzaz hasi nintzen hausnartzen. Ardi Beltza-k bere momentuan atera zuen Borboiaren liburu berritu eta askoz luzatuagoa ixtearekin batera.

Kazetaritza oraindik bada laugarren boterea, baina noizbait beste botereak kontrolatzeko papera izan bazuen, laster igaro zen botereen propaganda tresna bihurtzera. Eta handik azken eskailera mailara: gezurren fabrika, arerioaren fake news-ak desestaltzeaz arrandiatzen direnak barne.
Boterearen alfonbrak altxatzeak ondorio larriak izan ditzake. Pepe Rei, kazetaritzaren printzipio eta balioen eredua izateaz gain, horren adibide ere badugu. Akaso inork inoiz film batean islatu beharko du, alde baten kontakizunak leiho hori aurkitu duela baliaturik.
Gurean kazetaritzak askotariko bideak hartu ditu. Zorionekoa da batzuk kargutu izana bestelako kazetaritza egiteko modu bakarra, bestela funtzionatzea dela. Talde handiek egiten dutenaren kopia hutsean ez dago proiektu askatzailerik. Egiarekiko engaiamenduari lepoa eman eta inoren bozgorailu eta propaganda-paskin bihurtzean ez dagoen bezala.
Kriantza biak eta hiru pintxoak ordaindutakoan, ilehoriak antiojodunari galdera gakoak bota dizkio kalera bidea hartu bitartean: “Zeren edo noren alde egon nahi dugu kazetariok? Ordaintzen digun enpresaren interesak eta enpresa horrek defendatzen dituen interes alderdikoiak defendatu behar ditugu edo ogibide honi suposatzen zaion zorroztasunaren alde borrokatu behar gara? Neska, akaso utzi behar diogu galderak egiteari eta erosoak ez diren erantzunak emateari?”.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


Eguneraketa berriak daude