Negra flor (Lore beltza) goitizenarekin egin zen ezagun Desirée Bela-Lobedee (Bartzelona, 1978) komunikatzaile eta aktibista afrofeminista. Egiturazko arrazakeria eraisteko bidea heziketa dela aldarrikatuz, hezkuntza komunitate sendoa sortu du sarean.
Público eta RAC1 medioetako kolaboratzailea ere bada.
Negra Flor blogaren bitartez murgildu zinen sarean. Zein zen atari horren erronka?
Beharragatik sortu nuen: nire ile naturala berreskuratzeko prozesuan ikasten ari nintzena erregistratu eta konpartitzeko beharra nuen. Nire lagun eta ibilbide luzeko blogari Gisela Sorokak gomendatu zidan atari hori irekitzea, idazten nuena gustuko zuen eta kasu egin nion. 2011 inguruan izan zen eta garai hartan ez zegoen gazteleraz gisa hartako blogik. Afrohair.es ataria aurkitu nuen bakarrik, eta horregatik pentsatu nuen egitasmo interesgarria izan zitekeela.
2018an Ser mujer negra en España liburua argitaratu zenuen. Nola bizitu duzu zuk?
Emakume beltza izatea da nik munduan egoteko dudan modua. Nire nortasunaren dibertsitateak errealitatea ikuspuntu desberdinetatik ulertzea ahalbidetzen dit eta uste dut hori sekulako abantaila dela. Bertzalde, emakume beltza izan eta Espainian bizitzeak gizartearen iruditeriaren haustura etengabea dakar. Egiten dugun edozein gauzak ekartzen du jendearen iruditeriaren haustura: doinu “afrikarrik” gabe gaztelaniaz solas egitetik hasi –noski, bertako hizkuntza gehiago solastatzen badituzu, jendearen harridura areagotzen da–, eta unibertsitateko ikasketak izatera arte… Gisa horretako makina bat kontuekin borrokatu behar izaten dugu egunero.
Zenbateraino hobetu da testuingurua azken urteotan?
Sineskorregia iruditzen zait egoera hobetu dela pentsatzea. Arrazakeria, desagertzetik urrun, bizi garen gizarteen erritmo berean sofistikatu eta garatzen delako. Are gehiago, gaur egun, arrazakeria estrukturalak nola operatzen duen jakiteko eskura dugun informazio guztiarekin, albo batera utzi eta existitzen dela ukatzea dagoeneko ez da ezjakintasun kontua: hamarkada anitzetan komunitate afrikar eta afro-ondorengoek nabarmendu duguna ukatzeko erabaki kontzientea baizik.
Muturreko eskuinaren gorakada bizi dugu orain. Nola eragin du horrek?
Muturreko eskuinaren gorakadak legitimatzen ditu orain arte ezkutuan egiten ziren diskurtso arrazistak: gaur egun aurpegia erakutsiz, paparra ateraz eta lotsarik gabe solas egiteko zilegitasuna dute. Baina, politikei dagokienez, ezin dugu erran arrazakeriaren kontra galdu dugunik. Hala ere, egia da orain, adibidez, Tratu Berdintasunaren Zuzendari Nagusia Rita Bosah den arren, eta Antumi Toasijé Arrazakeriaren eta Etniaren Bazterketaren Kontrako Kontseiluaren presidente izendatu duten arren, bide luzea dagoela egiteko.
Minorías liburua argitaratu berri duzu. Nola sortu zen?
Nire editoreak proposatu zidan bigarren liburu bat idaztea eta, bertzeak bertze, gutxiengoez mintzatzea iradoki zuen. Hortik aurrera, ideia gorpuzten hasi nintzen, gutxiengoak anitz direlako, eta ikuspuntu egokia bilatu nahi nuen. Baztertuta eta estigmatizatuta dauden pertsona taldeen bizipenak ikusarazteko helburuz egin dut lan hau.
Saiakeran bazterketa egoerak pairatzen dituzten emakumeekin solastatu zara. Nolakoa izan da prozesua?
Elkarrizketak aberasgarriak izan dira. Anitz ikasi dut emakumeen bizipenak aditzen. Eta idaztea erronka bat izan da, 2020a markatu duen testuinguru pertsonal eta orokorragatik. Hala eta guztiz ere, idazteko prozesua ere aberasgarria izan da.
Bertze proiekturik baduzu orain eskuartean?
Liburuaren promozioa egiteaz gain, sareko hezkuntza komunitatera eta ikastaroetara bideratzen dut energia guztia. 2019az geroztik kudeatzen ditudan eztabaidaguneak dira, eta aurrerantzean ere jarraitu nahi dut arrazakeria eraisteko heztea eta ikastea garrantzitsua iruditzen zaienei espazio hori ematen.
Aurreiritziak eraisteko jendeak bertzeon oinetakoetan jartzea ezinbertzekoa da zure ustez. Ez da ariketa xamurra!
Inolaz ere ez. Kontuan izan beharra dago dakigun guztia horrela ikasi dugulako dakigula. Arrazismoaren kontrako heziketa afrofeministak ikuspuntu desberdin bat eskaintzen du, ez bakarrik erro sakonak dituen ikasketen inguruan, baizik eta baita hagitz sakonak eta jarauntsiak izan diren sinesmen kolektiboen inguruan ere. Gisa honetako gaien inguruko ikusmolde desberdinak eskaintzeak usteen egitura kolokan jartzen du eta ohikoa da erresistentziak aurkitzea…
Amaitu aurretik, feminismoak ere badu zer ikasia honetan, ezta?
Zalantzarik gabe, feminismoak ere asko du berrikusteko. Hasteko, feminismoez hitz egiten hasi beharko ginateke, alegia, ulertuz emakume eta feminitate guztien ikuspuntuak behar dituen mugimendua dela hau. Feminismo bakarrak ez gaitu denok ordezkatzen, gutako bakoitzak aldarrikapen desberdinak dituen heinean. Eta abiapuntu hori, emakume zuri, cis edo klase erdikoak ez garenok epaituak izan ohi garen bezala, zatiketak sortzetik urruti, indargune gisa ulertu beharko genuke. Gainontzeko aldarrikapenak eta eskariak sostengatuz emakumeen eskubideei mesede egingo diegu, sozialki justuagoa izango den gizarte bat bermatzen dugun bitartean.
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]
%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.
Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]
“Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia-indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena”, salatu dute. Bestalde, azken boladako diskurtso eta eraso arrazisten gorakadaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Irun eta Donostiako... [+]
Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]
Agharas migratzaile imazighen elkartearen txosnan pertsona batek hainbat irain arrazista egin zituen. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute igandean Barakaldon.
Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.
Lintxamenduen ostean immigrazioaren aurka izan den lehen mobilizazio-saiakerak ez du jarraitzaile gehiegi erakarri, baina izu arrazistak hartu du herria.
Jazarpen arrazistak eztanda egin du Espainiako Torre Pacheco herrian, Euskal Herrian ere ezagun zaizkigun diskurtsoak hauspotuta: immigrazioa lotzea delinkuentziaren, sexu-erasoen eta segurtasun faltaren gorakadari. Baina datuek frogatzen dute gezurra direla gorroto diskurtso... [+]
Twerk klasean gertatu zen, Bilbon. Merkataritza-gune batean dago dantza eskola, eta gortinek ez dituzte kristalak erabat tapatzen. Emakumezko lau ikasleok eta irakasleak luzaketak egiten geundela, gure short labur eta top-ak jantzita, bi mutiko hasi zitzaizkigun kristalaren... [+]
Hainbat gauez jarraian, gorrotoa eta arrazakeria hedatu eta "etorkinen aurkako ehiza" egin dute Murtziako herri batean, "Espainia garbitzeko". Kolektibo antiarrazistek ultraeskuinaren inpunitatea salatu dute.
Laba, EHE eta Harituk antolatuta, bazkaria Oko Plazako Herri Sanferminak gunean izan da. Bertan, antolaketaren zergatiak azalduko dizkiguten galderak egingo dizkiegu.
Arrazekeriaren aurkako eragilearen arabera, pertsona baten aurka piperbeltz espraia erabili du Poliziak, eta hainbat lagun identifikatu dituzte. Foruzaingoak eta Udaltzaingoak baieztatu dute pertsona bat atxilotu dutela, "ez laguntzeagatik eta aurre egiteagatik".