“Ikasleak sentsibilizatuta daude ingurumen gaietan; pauso bat gehiago eman behar dugu: sumindu”

  • Ikuspegi soziala ere aintzat hartuko duen Ingurumen hezkuntzaren defendatzailea da Jose Manuel Gutierrez. Urtetan arlo horretan irakasle aritua, 2005etik Ingurumen hezkuntzako aholkulari pedagogiko dabil Bilboko Ingurugelan. Gizakiok inguruarekin harremantzeko dugun moduaz, natura defizitaz, Greta Thunberg fenomenoaz eta ikasleen artean aktibismoa bultzatu beharraz mintzatu zaigu, bakarka egin ditzakegun “ekokeinuak” baino eraginkorragoa delako “taldean eta elkarrekin sozialki eragitea”.

"Ikasleengan jada natura defizita nabaritzen dugu. Haurtzaroa naturatik bereizita igarotzen duenak nola zainduko du biosfera?" (argazkilaria: Hodei Torres)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gaur egun, filosofia berdea lehen lerroan dagoela dirudi, baina zenbat du mamirik gabeko aldarrikapen hutsetik? Euskal Herriko ikastetxeetan zein da ingurumenak benetan duen lekua?
Pertzepzio orokorra da filosofia berdea modan dagoela, baina ez dut uste: klima aldaketaren aurka, plastikoen inguruan… mugimendua badago duela urte batzuetatik, baina gero hori ez da botoetan islatzen eta filosofia hori benetan garatu nahi badugu bestelako planteamendu politikoa behar dugu. Enpresek erabiltzen dute ekologia balio gehigarri gisa, produktuak hobeto saltzeko eta ezkutuan zikintzen dutena garbitzeko, baina horren guztiaren atzean kapitalismo berdea dago: kapitalismoa eta berdea oximoronak dira, esanahi kontrajarria dute, eta ez da hirugarren zentzurik bultzatzen. Kapitalismoak ez baditu planetaren mugak kontuan hartzen, ezin du berdea izan.

Hezkuntzak berriz, gurean, aspalditik lotura zuzena izan du naturarekin eta hori ikastetxeetan islatu da. 1970eko hamarkadan irteerak egiteko gogoa erakutsi zuen hainbat irakaslek, 80koan ekosistemei-eta loturiko proiektuak egiten hasi ziren, eskolako lehenengo baratzeak abiatu zituzten... eta areagotzen joan da interes hori. Mende honetan Agenda 21ek eman dio bultzada ingurumen hezkuntzari.

Ingurumen hezkuntza baino gehiago, Ingurumen hezkuntza ekosoziala aldarrikatzen duzu, iraunkortasuneranzko hezkuntza.
Hitzen eta terminoen debatea oso gustuko dut; nik ingurumen hezkuntza aldarrikatzen dut, baina gizartean ingurumen kontzeptua ekologiarekin eta naturarekin bakarrik lotu ohi da, eta albo batera uzten da esparru sozialarekin duen lotura. Hori konpondu nahian, Unescok berak proposatu zuen izen aldaketa: garapen iraunkorrerako hezkuntza. Baina garapen iraunkorraz hitz egitea da kapitalismoaren ikuspegi bat bultzatzea, garapen jakin batez ari den heinean. Nahiago dut iraunkortasuneranzko hezkuntzaz aritu, edo hezkuntza ekosozialaz, hezkuntza ekosoziala delako behar dugun trantsizio prozesua eragin dezakeena (trantsizio energetikoa, ekonomikoa, soziala, zaintzarena…).

Garapen iraunkorrak mahai gainean jartzen duen hirukia da natura, ekonomia eta gizartea, eta eskema hori erabiltzea da ekonomiari pisu handiagoa ematea, baina mundua ez da banatzen maila berean jartzen dituzten hiru bloke horietan, errealitatea da biosfera dagoela, biosfera barruan gizartea eta gizartearen barruan ekonomia, zaintzak, eskubideak, harremanak… Matrioxka moduan. Hezkuntza ekosozialean bizitza da zentroa, eta aurrera eramaten den edozein prozesuk zein eragin duen aztertzeko bi printzipio hartzen ditugu aintzat: ekodependenteak eta interdependenteak garela. Hortaz, batetik gure behar eta interesak asetzeko naturatik hartzen duguna orekatu behar dugu biosferaren zikloetara –bestela akabo biosfera eta ondorioz akabo baita ere gu–, eta bestetik presente izan behar dugu gainerako gizakien laguntza ezinbestekoa zaigula. Bi printzipio hauek hezkuntzara ekartzea eta arazo ekosozialak eskolan lantzea da lehenengo urratsa, gero kontzientzia hartzeko eta azken buruan ikasleak ekintza eraldatzaileetara bultzatzeko.

"Garapen iraunkorraz hitz egitea da kapitalismoaren ikuspegi bat bultzatzea. Hezkuntza ekosoziala da behar dugun trantsizio prozesua eragin dezakeena"

Hori da ingurumen hezkuntzaren helburua, ekintzara pasatzea?
Hori bera. Gure proiektuen bidez saiatzen gara bai eskola eta bai ingurua eraldatzen: ibaiak eta basoak garbitzen eta hobetzen, natur-gidak sortzen, agintariei aldaketak eskatzen…

Nabarmenduko zenukeen hezkuntza proiekturik?
Confint (Planeta Zaindu Dezagun nazioarteko biltzarra). Brasilen jaio zen eta gainerako herrialdeetara zabaldu da. Ikasleek eurek asanbladak antolatzen dituzte ikastetxeetan, gai baten inguruan ikertzen dute (klima aldaketari lotua, edo krisi ekosozialari, bioaniztasunari…), haien artean eztabaidatu eta alternatibak proposatzen dituzte, eta hezkuntza ekosozialaren dimentsio politikoa ere barneratzen dute. Ikastetxean egiten dituzte proposamenak, baina agintariei ere luzatzen diete eskaera: “Gu prest gaude hau egiteko; zuek?”. Busturiako Ekoetxean esaterako, Euskal Confinta egiten dugu urtero.

Hezkuntza ekosozialaren dimentsio politikoa aipatu duzu. Sistema ekosozialak ezinbestean antikapitalista izan behar duela barneratzeaz ari zara?
Politikaz ari naiz bere oinarrizko zentzuan: herritarrentzako baliagarria izatea. Antikapitalista? Tira, prozesua ongi eginez gero emaitza hori izango da, edo antikapitalismotik gertu ibiliko da, baina guk ez dugu aurre-baldintzarik jartzen: ikaslea ahalduntzea da gure zeregina, erakustea zer nolako gaitasuna duen gauzak eraldatzeko eta gizarteak zein aukera ematen dizkion horretarako, eta gero berak erabakiko du nola jokatu eta zein konpromiso hartu nahi dituen. Garraio publikoa autoa baino egokiagoa dela ondorioztatu dezake, baina non bizi den edo nora joan behar duen, agian autoaren aldeko apustua egingo du, eta agintariei eskaera luzatuko die beharbada, garraioa beste era batera antola dezaten… Horrelakoetarako mugimendu sozialetan sar zaitezke; guk hori bultzatzen dugu, aktibismoa.

Eta aktibismoa sustatzeko, zer da eraginkorragoa: gizakiok inguruarekin dugun harremana positiboan lantzea (zer egin dezakegun gauzak aldatzeko) ala dugun harreman zapaltzailea agerian jarri, kontzientziak astintzeko?
Biak dira oinarrizkoak. Arazo ekosozialen jatorri eta ondorioak landu behar dira, baina hurrengo pausoa da azaltzea beti dagoela hori aldatzeko aukera, baita “ekokeinutik” harago ere. Nik bakarrik ekokeinuekin zerbait egin dezaket, baina inportanteagoa da taldean, elkarrekin, aktibismoaren bidez, sozialki eragitea.

Prozesu berriak zabaltzeaz gain, ezagutarazten diegu dagoeneko badirela martxan prozesuak aldaketaren bidean eta haiekin bat egin dezaketela. Esaterako, agroindustriaren aldean, tokiko elikagaien aldeko hautua egin dezaketela.

"Batzuek diote Greta Thunberg fenomenoa neoliberalismoak bultzatu duela. Niri txapela kentzeko modukoa iruditzen zait lortu duena eta fenomeno hau zaindu eta lagundu behar dugula uste dut"

Agroindustriaren boterea handiagoa da, ordea. Zein da hezkuntzak duen potentziala eta indarra, eskolatik atera eta ikasleak kontrako norabidean jasotzen duen input andanaren aurrean eragiteko?
Hori da gakoa eta erronkarik zailenetakoa. Eskolan bultzatu nahi dugu elkartasuna, kontsumo arduratsua, elikadura osasuntsua… eta kalera irten bezain pronto aurkitzen dute lehiakortasuna, kontsumismoa, janari zaborra… Aldi berean, ordea, hori da ingurumen hezkuntzaren bihotza: testuinguru horri aurre egiteko existitzen da ingurumen hezkuntza. Gure lana da kontrako input horien guztien aurrean errealitatea ezagutzeko informazioa eskura jartzea; gizartean parte hartzeko, alternatibak proposatzeko eta martxan jartzeko aukera ahalbidetzea; sentsibilizatzea; eta gai batzuen aurrean sumintzeko gai izan daitezen lortzea. Azken finean, esango nuke gure ikasleak sentsibilizatuta badaudela gai ugariren inguruan, informazio andana jasotzen dutelako natura zaindu beharraz, birziklatzeaz, plastikoaren kalteez… Pauso bat gehiago eman behar dugu: sumindu.

Kontzientzia hartzeko sumintzea da bidea, orduan?
Kontzientziatzea da ohartzea arazo bat dagoela, arazo horren parte naizela (nire jarreragatik, egiten dudan kontsumoagatik, aisialdiagatik…) eta jabetzea irtenbidearen parte ere banaizela. Hiruko segida bat erabili ohi dugu guk: zer egin daiteke? Guk zer egin dezakegu? Zer egingo dugu?

Nola baloratzen duzu Greta Thunberg fenomenoa?
Fenomeno baloratzen dut, kar, kar. Ekologismoak orain arte lortu ez duena lortu du neska horrek, apal-apal eta berehala: hainbat sektore elkartzea ekologismoaren bueltan. Hain juxtu, Greta fenomenoa ezin da ulertu ingurumen hezkuntza barik, bere –eta beste Greta askoren– atzean dagoelako ingurumen hezkuntza: ikusi dute arazoaren eta irtenbidearen parte direla. Sare sozialek ere zerikusi handia dute honetan guztian. Gogoan dut 12 urteko kanadiar batek Rio de Janeiroko gailur batean Gretaren antzeko mezua bota zuela 1992an, baina ez zuen halako oihartzunik izan.

Ikasleei galdetzen diet, ea zer iritzi duten Gretaz, eta gehien-gehienek bat egiten dute bere borrokarekin, ikastetxe askok ere planto edo aldarrikapenen bat egin zuen iaz klima aldaketaren kontra, eta beraz eragina izan du ikasleengan. Batzuek diote neoliberalismoak bultzaturiko fenomenoa dela, ea nor dagoen Gretaren atzean eta zeinek jartzen duen dirua egiten dituenak egiteko… Baina niri txapela kentzeko modukoa iruditzen zait neska honek lortu duena eta fenomeno hau zaindu eta lagundu behar dugula uste dut.

"Arazoa etikoa da, nola ulertzen dugun gizakiok gure rola munduan, zelan harremantzen garen naturarekin, baina baita beste gizakiekin ere"

Naturara edo behintzat kanpora ateratzen hasi dira eskola batzuk, pandemia garaian leku itxiak saihesteko.
Apurka-apurka ari dira ateratzen, bai, baina nire pertzepzioa da oraindik beldurra eta ardura direla nagusi, eta ulergarria da, baina horrek ez du kentzen bultzatu behar dugula kanpora ateratzea. Apustua egiten duten ikastetxeetan, bete behar dituzten baldintza eta protokoloek ez dute laguntzen.

Ikasleengan jada natura defizita nabaritzen dugu. XXI. mendeak eskaini du etxe barruan hazten ari den lehen belaunaldia, digital natiboa, pantaila baten aurrean. Naturarekiko kontaktua urrun duen belaunaldia izan daiteke, eta beraz aurrekoak baino osasun arrisku handiagoak izan ditzakeena. Haurtzaroa naturatik bereizita igarotzen duenak nola ezagutu eta balioetsiko ditu izaki bizidunak, nola zainduko du biosfera? Ingurumen hezkuntza baliabide handia izan daiteke defizit horri erantzuteko, eta hala ere murrizketak jasaten ari gara.

Ingurumenak osasunean duen eraginaz kontzienteago egin gaitu COVID-19ak. Zerbaitetan aldatu ditu pandemiak etorkizuneko ingurumen hezkuntzaren gakoak?
Egia da eztabaida hori eman dela, baina lehengoa eta oraingoa etsai bera da. Dimentsio berriak hartu ditu, baina etsaia ez da aldatu, eta hortaz, ingurumen hezkuntzaren gakoak ere ez. Nazio Batuen Erakundeak bioaniztasunaren galerarekin lotu du pandemia, baina zenbat jendek jarri du arreta horretan? Galera horri aurre egiteko zenbat lagun dago prest bere irabazteko bideak aldatzeko? Hazkunde ekonomikoaren aurka egotea ez da ulertzen oraindik, nahiz eta planeta finito batean gaudela errepikatu. Gizarte kontzienteago batek aukera gehiago dauka gauzak aldatzeko, eta hori da gure lana.

Zein da aldatu ez den etsai hori?
Antropozentrismoa. Arazoa etikoa da, nola ulertzen dugun gizakiok gure rola munduan, zelan harremantzen garen naturarekin, baina baita beste gizakiekin ere. Bi tresna erabiltzen ditu hain barneratuta dugun antropozentrismoak, bere boterea mantentzeko: kapitalismoa –mesede egiten dion sistema ekonomikoa delako– eta heteropatriarkatua –gizon zuri heldua piramidearen gailurrean mantentzen duen kontratu soziala delako–.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Nerabeak

Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


Nagusikeria

Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]


Pediatra, neurologo, psikologo eta psikiatra elkarteak batu dira, deseskalatze digitala eskatzeko

Adituen irizpideei jarraituko dien pantailekiko deseskalatzea premiazkoa da eskolan eta etxean. Osasunaren bueltako Espainiako Estatuko erakunde garrantzitsuenek sortu berri duten plataformak hala dio. Internet eta sare sozialekiko “hiperkonexioa da pandemia berria”... [+]


EIRE euskal unibertsitate-irakasleen elkartearen amaiera

Erakundeek, beren helburua bete ondoren ere, bizirik irauteko ahalegina egiten dute, Max Weber-ek zioen modura. Baina porrotaren kontzeptuaren eremutik haratago joan eta jakinduria eta ausardia behar dira elkarte bat amaitzeko, Alan Badiou gogoratuz.

Euskal Herrian ere... [+]


EHUk euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu Medikuntza Fakultatean

2025-2026 ikasturtean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu EHUk. Erakundeak adierazi du kopuru hori lortzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako... [+]


2025-07-11 | Enbata
Eztabaidaren gainetik… gazte batzuen bizipena

Azterketak euskaraz gaia aktualitatean jarri zen berriz ekainean, baxoaren hilabetean. Etxepare lizeoko ikasleek aldarrikatzen segitu dute Baionako suprefeturaren edo herriko etxearen aitzinean eta euskaraz ari diren irakasleek prentsaurreko bat eskaini dute azpimarratzeko... [+]


2025-07-09 | Hiruki Larroxa
Ikastetxean, taldearen jakituria

Ikastetxeetako ikasgelak, tamalez, espazio gatazkatsuak izaten dira askotan eta, gatazka gehienetan gertatzen den moduan, emozio intentsuak eta minak izaten dira. 2022an, ikastetxeetan aritzen diren beste eragile batzuekin batera, azken urteetan ikasgela askotan bizirik dagoen... [+]


Zergatik ez dago apenas ijitorik unibertsitatean?

Datu latza utzi du Ijito Idazkaritza Fundazioaren azken ikerketak: ijitoen %0,8ak baino ez du unibertsitate titulua lortzen. Espektatiba eta erreferentzia falta, eskola-segregazioa,  aurreiritziak, arrakala ekonomiko eta kulturala… faktore garrantzitsuak dira,... [+]


Etxeko langileen erdiak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileek uste dute “baldintza ezin hobeak” dituztela

EHUk eginiko ikerketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeko langileen %43,10ak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileen %70ak uste du "baldintza ezin hobeak" ematen dizkietela beren etxeko langileei. Etxeko langileen %27,4 egoera... [+]


Unibertsitatera sartzeko Historia azterketan datorren ikasturterako iragarri berri dituzten aldaketek kezka eta haserrea piztu dute

Unibertsitatera sartzeko azterketa eredu berria estreinatu eta gutxira, datorren ikasturterako azterketa berriz ere “goitik behera” aldatuko dietela eta probak eskakizun maila altua izango duela salatu du EAEko Historiako irakasle talde batek. Azterketa eredua... [+]


Eguneraketa berriak daude