EAEko unibertsitate publikoan sartzeko hautaproba aldatu egingo ei dute. Aurrerantzean, nonbait, Euskara ikasgaian literatura sartuko da, eta soziolinguistika, eta dialektologia. Orain arte legez, ahozko probarik ez da egingo, entzun-ariketarik ere ez.
Batxilergoan, Euskara ikasgaiak hiru ordu ditu astean. Hiru ordu ditu orain, eta hiru ordu izango ditu datorren urtean. Eduki berriei lekua egin beharko zaie, oraingo edukiei orduak kenduta.
Batxilergoa, 2. maila bereziki, selektibitatearen neurrira antolatuta dago: helburu nagusia, ahalik eta notarik altuena lortzea. Beraz, unibertsitatera sartzeko azterketan neurtzen ez denak ez dauka garrantzirik. Sobera dago. Eta Espainiako selektibitatean ahozkorik ez da neurtzen, ezta entzunezko ulermenik ere. Edukiak kentzen hasi behar dutenean, beraz, zer kenduko dute euskarari garrantzirik ematen ez dioten eskolek? Gogoratu ikastolak (kristauak eta besteak) eskola kontzertatuaren herena baino ez direla.
Alemanian edo Frantzian legez, hemen ere ahozko proba egingo bagenu, gure ikasle guztiek landuko lukete ahozkoa, eta zenbat euskara dakiten jakingo genuke. Jakingo genuke zein eskolatan den sistemikoa euskara nahikoa jakin barik amaitzea ikasketak: eskola horiek egon badaudelako, legeak zergura esanda ere.
Zer neurri proposatuko dugu batxilergoko ikasleak euskaldun funtzionalak izan daitezen, selektibitatean beren euskara maila neurtzen ez bada?
Jakingo genuke neurri zehatz, zorrotz eta ausartak hartu behar ditugula, euskal hezkuntza sisteman ikasitako ikasleak benetan izan daitezen euskaldunak.
Gabeziak non ditugun jakingo genuke. Hori barik, zelan demontre hartuko dugu neurririk? Zer neurri proposatuko dugu DBH 4ko ikasleen euskara maila Hezkuntza Legean jasotako B2 izan dadin, ebaluazio diagnostikoek ikasle horien euskara maila zein den neurtzen ez badute? Zer neurri proposatuko dugu batxilergoko ikasleak euskaldun funtzionalak izan daitezen, selektibitatean beren euskara maila neurtzen ez bada? Pentsa: A eta D ereduko ikasleek euskara azterketa bera egiten dute EAEn (Nafarroan ez).
Baina gure hezkuntza sisteman ikasitako ikasleen euskara maila benetan zein den jakingo bagenu, normal plantak egiteari utzi beharko genioke. Izan ere, normal plantak egiteko funtsezko premisa da datu fidagarririk ez izatea, datu horiek begien bistan utziko liguketelako egoeraren gordina, hezkuntza sistemaren mugak. Gure hirietan benetan zenbat gazte euskaldun dagoen.
Beharbada horregatik ez da inoiz neurtzen gure ikasleek benetan zenbat euskara dakiten: gurago dugu sinetsi 34 urtetik beherako gasteiztarren %78,7 euskalduna edo ia euskalduna dela.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.