"Lagundutako ugalketaren bidez mundu ikuskera jakin bat birsortzen ari gara"

  • Gaur egun ugalketa lagunduari buruz ari da ikerketan, nagusiki; teknika zientifiko bidez bizitzak nola sortzen diren ezezik, mundu ikuskerak nola birsortzen diren aztertzen du.


2021eko urtarrilaren 17an
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Sara Lafuente Funes. Madril, 1986

Sara Lafuente doktore ondoko ikerlaria da Frankfurteko Goethe Unibertsitatean. Soziologia ikasi zuen Madrilgo Complutensean, eta ondoren biomedikuntza eta biozientzien inguruko masterra London School of Economics-en. Lagundutako ugalketaren inguruko diskurtso zientifikoak aztertu ditu, queer teoria, epistemologia feministak eta zientziaren azterketa sozialak lotzen dituen begirada kritiko feministatik.

Tesia biozientzien eta biomedikuntzaren alorrean egin zenuen. Baina, soziologia ikasi zenuen, ezta?
Halaxe da. Nire familia oso letretakoa izan da beti. Bi gurasoek zituzten unibertsitate ikasketak, eta ni jaio ondoren ere, amak ikasten jarraitu zuen, eta unibertsitateko irakasle bilakatu zen. Aita kazetaria zen, eta ahizpak soziologia ikasi zuen. Eta nik ere bai. Batez ere mugimendu sozialak interesatzen zitzaizkidan. Mundu asanblearioak erakartzen ninduen, eta egitura sozialak ezagutu nahi nituen, aldaketa posibleei buruz hausnartzeko. Baina, ikasketak erabat aspergarriak egin zitzaizkidan hasieran. Bukaera aldera, ordea, irakasle gazteagoak ezagutu nituen, soziologia politikoa lantzen zutenak. Elena Casado, Amparo Lásen, Carmen Romero… Gizarte aldaketak aztertzen zituzten, genero ikuspegitik eta mediazio teknologikoaren ikuspegitik. Eta bereziki erakarri ninduen zientzia eta ezagutza bera zalantzan jartzeko modu hark. Jakiteak ezagutza oro dela kokatua. Zientzia ez dela neutrala, eta ez dagoela ezerezaren gainean eraikia. Zientzia kontakizun bat da, bizitzaz hitz egiteko modu bat, eta kontakizun hori aztertu nahi izan nuen.

Mugimendu sozialekiko interesetik medikuntza eta biozientziak aztertzera, beraz.
Ez daude hain urruti… Biologiak eta medikuntzak definitzen dute mundua eta geure burua ikusteko dugun modua. Nor garen definitzen dute. Askotan boterea ikusten dugu zuzenbidean, ekonomian, politikan… Zientzia ere boterea da, ordea. Diskurtso zientifikoek ere gizartea egituratzen dute. Eta nik horren esperientzia bizi izan nuen, birritan.

Txikitan osasun arazoak izan nituen eta denbora pasa nuen ospitalean. Kontaktu zuzena eduki nuen medikuntzarekin. Gaixorik egon nintzen, eta sendatua izan nintzen. Gaixoen eta osasuntsuen arteko muga hori zeharkatu nuen. Eta trantsizio hori bizi izanak uste dut arrastoa utzi zidala. Arrastoa, eta jakin-mina.

Bestetik, nerabezaroan heteroarautik atera izanak ere baliteke eragina izatea aukeraketan. Horrek aurrez aurre jartzen zaitu gorputzari, sexualitateari eta ugalketari buruzko diskurtsoekin, eta berriz ere, normalaren eta ez normalaren arteko muga horrekin. Eta zure begiz ikusten duzu muga hori eraikia dela. Zure gorputza ez dagoela, berez, “beste aldean”. Diskurtsoek eraikitzen dituztela aldeak.

Masterra egin eta ikerketan hasi zinen… partenogenesiaz. Zer arraio da hori?
Partenogenesia ugalketa mota bat da. Animalia mota guztietan gertatzen da, ugaztunetan izan ezik. Batez ere intsektuengan gertatzen da. Edo munduko muskerrik handienengan, komodoko dragoiengan. Ugalketa mota honetan ernaldu gabeko obulu batetik sortzen dira enbrioiak, eta, beraz, bizitza berriak. Gameto arrak ez du ugalketan parte hartzen. Eta espezie horretako animalia guztiak emeak direla esaten da. Zer esan nahi du, ordea, halako testuinguru batean, “eme” izateak? Are gehiago, eme birjinen ugalketa gisa ere definitzen da partenogenesia. Zer da, birjintasuna? Idatzi izan da, bestalde, “eme” hauek “arren” gorteatze eta estalketa jokabideak imitatzen dituztela. Nola imitatuko dute existitzen ez den “ar” bat? Horrela hitz egiteak ez luke zentzurik gure ugalketa ulertzeko modua erabat heteroarauan oinarritua ez balitz.

Partenogenesia ikertzetik nola igaro zinen ugalketa lagunduaz ikertzera? Ez da jauzi ikaragarria?
Ez hainbeste. Partenogenesiaz hitz egiteko moduan ageri da gure ugalketa ulertzeko modua gure mundu ikuskeraren mugek definitzen dutela. Ugalketa lagunduaz hitz egiten dugunean ere halaxe da. Ugalketaz hitz egiten dugu prozesu natural neutro bat huts -hutsean deskribatuko bagenu bezala, baina ez da horrela. Halaber, ugalketa lagunduan badirudi prozesu naturala erreproduzitzen ari garela, besterik gabe, baina, egiazki, gure kulturaren araberako errealitate bat sortzen ari gara.

Has gaitezen hasieratik. Zertan ez da neutroa gure ugalketa ulertzeko modua?
Pentsa. Obuluez eta espermatozoideez hitz egitean ia erromantze bat deskribatu ohi dugu. Bi zelula dira, bata gizonarekin eta bestea emakumearekin oso identifikagarriak. Espermatozoidea heroi gisa aurkezten dugu, eta obulua pasibo gisa. Espermatozoidea da bidea egin eta obulua penetratzen duena. Obulua penetratua denean aktibatzen da, eta hor sortzen da magia.

Iruditeria hori daukagulako dauzkagu orain bertan ditugun ugalketa lagundurako teknikak eta ez beste batzuk. Izan ere obuluak, esaterako, ez dira, izatez, zelula aislatuak. Errealitatean zelula multzo baten parte dira. Obuluaren inguruko zelulak dira, adibidez, espermatozoideak eta obuluak kontaktuan jartzen dituztenak. Erakarpen kimiko bidez hurbilarazten dute espermatozoidea eta badirudi haiek direla espermatozoideen artean aukeraketa egiten dutenak ere. Zelula horiek espermatozoidea xurgatu eta obuluan sartzen dute. Ugalketa lagunduan, aldiz, inguruko zelula horiek kendu egiten dira, eta orratz bidez sartzen da espermatozoidea obuluan, alegia, gure iruditeriarekin bat datorren moduan. Alegia, kontakizun zientifiko bat sortzen dugu zeinetan zelulak aislatuta leudekeen, eta gero teknikak erabiltzen ditugu zelula horiek aislatzeko.

Ez dut esaten ugalketa mota horrek funtzionatzen ez duenik, noski. Horrela hamar milioi pertsona baino gehiago sortu dira, dagoeneko. Diodana da ugalketa lagunduaren bitartez haurrak sorrarazteaz gain, gure kultura eta mundu ikuskera birsortzen eta indartzen ditugula.

Argazkia: Dani Blanco

Zergatik da interesgarri ugalketa lagunduari buruzko diskurtsoak aztertzea?
Kontua da ugalketa lagunduaren kasuan diskurtsoen eraikuntza oso begi-bistakoa dela eta informazio asko ematen duela. Esaterako, haurdunaldi subrogatuez hitz egitean gurasotasunaren pisu guztia material genetikoan jarriko da: zure haurra da, zure geneak dituelako. Klinika berberetan, ordea, obuluen donazio bidezko ugalketen kasuan, enfasia haurdunaldian jarriko da: bederatzi hilabete horiek dira egiazki bat ama bihurtzen dutenak, hor eraikitzen baita haurraren eta amaren arteko lotura. Paradoxa hauek ikusgarri egiten dute ugalketa ulertzeko gure modua nola negoziatzen den kulturalki.

Zuk, bereziki, obuluen donazio bidezko ugalketa lagundua aztertu duzu. Azken urteetan obuluen dohaintzaren inguruan negozio bat garatu dela diozu.
Azken urteetan, lagundutako ugalketa bera asko hazi da, eta material biologikoaren inguruan merkatu-hobi berriak sortu dira. Espainiako Estatuan jaiotzen den haurren %8 da ugalketa lagundu bidez jaioa, eta in vitro tekniken bidez jaiotakoen artean lautik bat dohaintzan emandako obulu bidez sortu da. Baina kontua haratago doa. Espainiako Estatuak obuluen donazio sistema askoz merkantilizatuagoa du inguruko estatuek baino; anonimoa da, eta konpentsazio ekonomikoa eskaintzen zaio emaileari. Estatu batzuetan, Alemania kasu, debekatua dago. Beste batzuetan, Portugalen edo Erresuma Batuan, adibidez, donazioa ez da anonimoa. Herrialde batzuek ez dute konpentsazio ekonomikorik eskaintzen, Frantzian, esaterako, edo konpentsazio ekonomikoa ez da hain erakargarria, edo jendea ez da konpentsazioak merezi izateko bezain prekarioa. Espainian, berriz, baldintza guztiak betetzen dira klinika pribatuek negozioa egin dezaten, estatuko bertako kontsumoaz, zein ugalketa-turismoaz.

Zer eskaintzen da, zehazki, klinika pribatu hauetan?
Haur osasuntsu eta binkulatuak eskaintzen dira. Horretarako enbrioien hautaketa egiten da, noski, test genetikoen bidez. Eta baztertzen direnak ez dira soilik aurrera egingo ez luketen enbrioiak; baztertu egiten dira gure mundu ikuskeran akastunak diren enbrioiak ere (Down sindromedunak, edo gorputz intersexualak sortuko dituztela dakigunak, esaterako).

Binkulatua izateari dagokionez, berriz, antza edukitzeaz ari gara. Emaileen analisi genetikoetan oinarrituz, eta esperma eta obuluen koherentzia azterketak eginez, besteak beste, bilatzen dena da haurrak biologikoa ez den gurasoaren antza izatea. Bai bikote heteroetan, bai ama bakarren kasuan, eta baita ama lesbianen kasuan ere. Hala, “geneak nahastu izanaren” ilusio optikoa bilatu nahi da, familia heteronormatibo perfektuaren ideiatik ahalbait hurbilen egon dadin familia hartzailea. Eta ez da soilik antza bilatzen dena. Izan ere, emaileak hartzaileak baino normatiboagoak izan daitezen bilatzen da. Ederragoak, argalagoak, ez baxuegiak, azal argiagokoak… Honek ez du esan nahi klinika horietara jotzen duen jendeak hala eskatzen duenik. Ez da horrela. Are, badago ideia horrekin deseroso sentitzen den jendea ere, noski. Kontua da hau negozio modeloaren parte dela; eta jendearen ugalketa desioak betetzeko tratamenduak testuinguru horretan eskaintzen direla.

Eta obuluak, nork ematen dizkio nori?
Obuluen dohaintzaren bidez, ugalketarako gaitasuna gorputz gazteago batetik gorputz helduago batera igarotzen da, maizenik. Baina, baita gorputz prekarioago batetik posizio ekonomiko egonkorragoa duen gorputz batera ere. Horrek ez du esan nahi hartzaile guztiak klase altukoak direnik. Prekarioek ere izan dezakete jende prekarioagoa azpian.

Klinikek askotan emaileak unibertsitate-ikasleak izan ohi direla adierazten dute, baina maiz ez da horrela izaten. Asko emakume prekarioak dira. Eta asko migratzaileak, nahiz eta azken krisi honekin badirudien proportzioa beherantz doala. Koordinazio fenotipikorako, begi, ile eta azal kolore jakinak bilatzen dira, noski. Eta, esaterako, mediterraneo kostaldean, Europa ekialdeko migratzaileen obuluak nahi izaten dituzte gehienbat.

Sara Lafuente eta Miren Artetxe elkarrizketaren une batean. (Argazkia: Dani Blanco)

Zenbat ordaintzen dute, bada, obuluen dohaintza?
Mila bat euro inguru izan ohi da. Aurretiaz egin beharreko hormonatze prozesua eta tratamendua bera kontuan hartuta, oso gutxi da. Kontua da altruismoaren karta jokatzen dutela klinikek. “Egin ezazu haurrik eduki ezin duten emakumeengatik”. Konpentsazioaren ereduak altruismoa ulertzeko modu bat kapitalizatzen du. Generoarekin oso lotutako altruismoaren ideia bat, hain zuzen. Gizonekin ez du funtzionatzen.

Zintzoagoak lirateke harreman batean oinarritutako dohaintzak, anonimotasunik gabeak (zuk zure ahizpari, koinatari edo lagun bati obulua eman nahi badiozu, aurrera). Hala egiten da hezur-muinaren transplantearekin. Zergatik ez obuluekin?

Bestela, lan esparruan kokatuko nuke kontua. Negoziazio kolektiborako aukerarekin, beste edozein lanetan bezalaxe, arriskuen ebaluazioarekin, eta abar. Aukera horrek, gutxienez, agerian utziko luke material biologiko horren merkantilizazioa. Konpentsazio-sistema honek obuluak eskuratzeko adina diru eskaintzen du, baina material biologikoaren salerosketa merkatu bat dagoela baieztatzeko bezain gutxi. Eta bidean, alde batetik, naturalizatu egiten du emakumeek gauzak maitasunagatik egiten dituztela dioen diskurtso hori, eta bestetik, klinika pribatuak aberasten dira, haien kontura. Konpentsazioak izugarri apalak dira obulu horiek duten balio ekonomikoarekin alderatuta.

Merkatuen desioaz gain, badago, nonbait, ugalketarako laguntza eskaera handi bat ere, ezta? Zer dela eta ematen ari da hedatze hau?
Ugalketaren inguruan injustizia eta ezinegon ugari dago, eta horri aurre egin behar diogu, nolabait. Ugalketaren inguruko krisi batean gaude, eta ez ugalkortasun tasak apalak direlako.

Ugalketaren inguruko krisia gertatzen ari da zaintzaren eta haurren hazkuntzaren inguruko krisi batean ere bagaudelako. Alde batetik aldaketa soziologiko handiak eman dira azken hamarkadetan, eta emakumeak merkatu produktiboan sartu dira. Beste aldetik, ordea, ez estatuek, ez sektore pribatuak eta ez gizonek ez dute haien gain hartu zaintza eta hazkuntza lanen ardura.

70eko hamarkadan in vitro ernalkuntza posible zela frogatu zenean, ugalkortasun arazoak konpontzeko ikusi zen baliagarri. Gaur egun batez ere gure bizimoduen toxikotasunari eta ugalketa adinaren gorakadari lotutako arrazoiengatik jotzen da teknika honetara. Nik ez diot ugalketa lagundua beharrezkoa izan ez daitekeenik, noski. Ez dago horretara jotzen duten pertsonak zertan epaitu. Baina, uste dut haurrak modu duinean hazi ahal izateko, eskatu behar dugula lan esparrua berregituratu eta zaintza sistemak egituratu daitezela. Eta ez ezinbestean ezinegon indibidualak klinika pribatuetan konpondu behar izatea.

Aldi berean, krisi honek aukerak ere zabaltzen ditu. Nazioarteko merkatua zabu-zabuka dabil, orain arau bat hemen, orain beste arau bat han, etengabe zezelka. Antolatzen bagara, une egokia izan liteke egoki ikusten dugun norabidean esku hartzeko.

 


ASTEKARIA
2021eko urtarrilaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zientzia
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


Eguneraketa berriak daude