Masa Antropogenikoa: Lurra planetan jada pisu handiagoa daukate material artifizialek izaki bizidunek baino

  • Duela 120 urte arte gizakiek milaka urtez eraldatutako material artifizial guztien masa ez zen Lurra planetak zeuzkan izaki bizidun guztiez osatutako masaren %3 baino gehiago. Geroztik, batik bat 1950ko hamarkadan abiatutako ‘Azelerazio Handia’ medio, erabateko artifizializazioa jasan du munduak, 2020an bi multzoen pisua berdintzeraino. Gauzak txarto bidean, 2040rako planetaren azaleko lau tonatatik hiru izango dira antropogenikoak.

Makina lanean jada butxatzear den autobide bat zabaltzen, AEB-etan, amaierarik gabekoa dirudien garatze eredu baten eredu. (Argazkia: Digital Builder)
Makina lanean jada butxatzear den autobide bat zabaltzen, AEB-etan, amaierarik gabekoa dirudien garatze eredu baten adierazgarri. (Argazkia: Digital Builder)

Gure aurreko guraso zahar nekazariak beldur ziren munduaren akabera helduko ote zen “bide huts eta etxe huts” bilakatuta, akabo baso, zelai eta baratzeak. Gaztetan haien distopiaz barre egin genuenok orain amesgaizto berak larriarazteko motiboak ditugu, Israelgo Weizmann Zientzia Institutuak ezagutarazi dituen kalkuluak ikusita: Lurra planetan izaki bizidun guztien pisua adinakoa da gizakiok orain artean ekoiztu ditugun material eta produktu bizigabekoena.
    Errepide, etxe, merkatalgune, fabrika, auto, itsasontzi, tresna elektroniko eta gure egunerokotasuna osatzen duten abar artifizial guztiak baturik, 1,1 bilioi tona osatzen dituzte –zerotan azalduta, 1.100.000.000.000 tona– eta, Weizmann institutuak argitaratu berri duenez, 2020an iritsi dira edukitzera zama handiagoa, planetak dauzkan zuhaitz, landare, abere, xomorro, onddo eta gainerako izaki bizidun guztien artean pisatzen dutena baino.
    Kopuru harrigarriotara zehazki 2020an iritsi garen erabakitzea da gutxienekoa; aldiz, planetaren artifizializazioa zein muturreraino heltzen ari den erakusteko balio lezake kopuru eta grafikoetan jartzeak, Weizmanneko ikerlariek www.anthropogenicmass.org gunean egin duten modura.
    “Esanahi sinbolikoa du, gizateriak munduaren konfigurazioan eta inguratzen gaituen Lurraren egoeran duen zeregin nagusiari buruz asko adierazten digulako”, esan dio BBCri Ron Milo doktoreak, ikerketa zuzendu duenak. Bataz beste munduko pertsona guztien masa adina materia artifizial berri sortzen ari gara espezie moduan: “Horra arrazoi bat denok hausnarketa egiteko bakoitzak honetan guztian jokatzen dugun paperaz, zenbat kontsumitzen dugun eta biomasaren eta giza jardunaren arteko oreka lortzen nola saia gaitezkeen”.


    Ikerketa honetarako, Weizmann institutuko ekipoa abiatu zen Lurreko biomasa guztiaren –animalia, landare, onddo, xomorro, mikrobio…– pisua kalkulatzetik, ondoren biltzeko ekoizpen artifizialez munduan aurkitu ahal izan dituzten estatistika guztiak. Horiek erkatuta ondorioztatu dute 1900tik aurrera 20 urtero bikoiztu dela produktu artifizialen pisu metatua.
    Gizakiak Lurreko ekosistemak aspalditik eraldatu dituen arren, produktu artifizialen ekoizpenak abiada berezia hartu du azken 120 urteotan: 1900.ean munduko biomasa osoaren pisuaren %3 adinakoa zen gai artifizialena, 35.000 milioi tona. Mende eta zerbait geroago, 1900 arte metatutako 35.000 milioi tona artifizial haiek gaur egun gizadiak urtero ekoizten ditu.
    Masa antropogenikoaren hazkundeak 1950eko hamarkadan abiadura berezia hartu zuen, ikerlariek Azelerazio Handia deitu duten garaiotan. Plastikoaren orokortzea hori bezain berria da munduan eta jada orain arte metatutako plastikoak pisatzen omen u munduko animalia guztien bi halako. Beste konparazio deigarri bat: gaur gizaki bakoitzak bere pisua adinako gai artifizial pila ekoizten duela aste bakar batean.
    Masa antropogenikoaren zati nagusia hormigoiz osatuta dago, zerbaitengatik da porlana mundu artifizializatuaren ikurra. Atzetik datozkio legar edo hartxintxarrak, adreiluak, asfalto eta metalak. Garapen ereduak berdin jarraitzekotan, horien artean 2040rako –20 urte barru– metatuko duten zama izango da Lurreko izaki bizidun guztiena halako bi.

Biomasa versus masa antropogenikoa. Azken honen osagai nagusiak dira (behetik gora, ezkerreko zutabeko hitzak: hormigoia, legarrak, adreiluak, asfaltoa, metalak eta besteak, plastikoak eta abar.

Planeta bete hondakin

Nabarmendu behar da Weizmann institutuaren kalkuluen arabera mende honetan zehar egonkor mantendu dela izaki bizidunen zama, oihanen suntsitze eta abarrengatik leku batzuetan galdutakoa beste batzuetan irabazitakoarekin ordaindu delakoan. Alabaina, ikerlariek aipatzen dute biomasa asko gutxitu dela duela 12.000 urte Neolito aroa hasi zenetik eta gaur orduan zeukan pisu totalaren erdia daukala.
    Gure planetak ez dauka duela 120 mendekoaren antza handirik: XXI. mende honetan batera jarriz gero gizakiak eta hauek etxekotuta dauzkaten azienda eta animalia guztiak, 20 bider gehiago pisatzen dute planetan libre bizi diren ugaztun eta hegazti guztiek baino. Batzuk zenbat ugaritu eta besteak zenbat urritu diren seinale. Planetaren jasangarritasunaz kezkatua den herritarrak ez luke xehetasun hau ahaztu behar, etorkizun ekologikoki orekatu bateranzko helburuak markatzerakoan.
    Beste ohar garrantzitsu bat: Weizmanneko ikerlariek beren kalkuluetan soilik sartu dituzte gizakiak metatu dituen azpiegitura, material eta objektuen pisuak, ez dituzte zenbatu horien ekoizpenean sortutako hondakin ugariak. Weizmannekoen ustez hondakinak ere zenbatuz gero, masa antropogenikoak jada 2013an gainditua zuen izaki bizidun guztien masa. Hain zuzen hortik etorri zaio kritika ikerketari, estandar kontserbadoreegia erabili izanagatik.


    Colin Waters Leicesterreko (Erresuma Batua) unibertsitateko geologoak National Geographic aldizkariari adibide hau ipini dio, Weizmannekoen kalkuluak oso behetik jota daudela erakusteko: eskuan daramazun urrezko eraztunaren pisua  kontabilizatu dute masa antropogenikotzat, baina ez dituzte zenbatu urre gramo urri horiek eskuratzeko meategian eta ekoizpen prozesuan mugiarazi eta eraldatu diren milaka tona material. Horregatik uste du Watersek, gizakiaren eraginaren ikuspegi zabalago bat erabili eta meategiek eta industriak mugitzen dituzten lehengai mendiak ere kontuan hartuz gero, jada 1977rako handiagoa zela masa antropogenikoa biomasa baino.
    Etorkizunaz, zer? Weizmannkoen ikerketaren arabera, 2040. urterako masa antropogenikoak hirutan biderkatuko du Lurra planetako biomasa osoa, oraindik badagoelako artifizializazio prozesu hori burutzeko adina lehengai. Kontua da –ohartarazi du Fridolin Krausmannek Vienako unibertsitateko Ekologia Sozialaren Institututik– masa artifizial hori guztia denborarekin hondakin bihurtuz doala eta hondakin masa ikaragarri horri egin beharko zaiola aurre.
     Krausmann: “Datozen 20 urteetan pilatuko dugun hondakin kopurua izango da aurreko 110 urteetan pilatu duguna adinakoa. Gaur egun daukagun masa antropogenikoaren gehiena 1960etik honako hamarkadetan eraiki eta sortu dugu eta ari dira beren erabilgarritasun aroa agortzen, horregatik daukagu halako hondakin metatze izugarria”. Zaharrek ez zuten arrazoi osoa: munduaren akabera... bide, etxe eta hondakin huts!


ASTEKARIA
2021eko urtarrilaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Eguneraketa berriak daude