Patagoniak 500 urte: ospatzeko ezer ez

  • Elkanoren Mundu Birako V. mendeurrenarekin lotutako goraipamen eta ospakizun ofizialak Txile eta Argentinara ere heldu dira. Magallaesen espedizioko gizonak izan ziren Amerikako Hegoaldeko herritarrekin topo egin zuten lehen europarrak. Edo, hobeto esanda, artikuluaren egileen hitzetan: haiekin "talka egiten". 500 urte eta gero, Patagoniako jatorrizko herritarrek zer dute ospatzeko?

"Europako kronikalariek jatorrizko herriei buruzko irudikapen desitxuratuak biderkatu zituzten –tehueltxe, maputxe, willitxe, kawashkar, yagan, selk'nam, haush…–, aurreiritziz jositakoak.

2020an bostehun urte bete dira Magallaes-Elkano espedizioa "San Julian" bataiatu zuten badiara iritsi zenetik. Bost hilabetez izan ziren leku hartan negua pasa arte. Munduari lehen bira eman zion espedizio horretan, Ozeano Atlantikoaren eta Pazifikoaren arteko itsas pasabide bat ere identifikatu zuten, "Magallaes itsasartea" deitu zutena. 1914an Panamako kanala inauguratu zen arte, bide horretatik milaka itsasontzi  igaro ziren.

Europarren eta indigenen arteko lehen topaketa (edo talka) badia horretatik gertu gertatu zen, Antonio Pigafettaren arabera. Berak, tehueltxeak erraldoi gisa deskribatu zituen. Antzinako zalduneria eleberri batean inspiratuta, Magallaesek "patagoiak" bezala bataiatu zituen, ondoren lurraldeari izena emango zion hitza: Patagonia.

Munstrozko izakiei buruzko fantasiek eta ezkutuko aberastasunak aurkitzeko nahiak europarren irudimena piztu zuten. Erraldoien misterioak erakarrita, ondorengo kronikalariek jatorrizko herriei buruzko irudikapen desitxuratuak biderkatu zituzten –tehueltxe, maputxe, willitxe, kawashkar, yagan, selk'nam, haush…–, aurreiritziz jositakoak. Europarrek, "aurkitu" omen zituzten lurralde horien jabe egin ostean, toponimoak ordezkatu zituzten –kristau liturgiarekin lotutako izenengatik–, eta, ondoren, etorri ziren jazarpenak, bortxaketak eta hilketak "zibilizazioaren" izenean.

San Julianen 1520ko apirilaren 1ean Argentinako lehen meza katolikoa egin omen zutela ospatu dute aurten. Kristo Mendia deritzon ordokiaren gainean gurutze erraldoi bat dago data gogoratuz. Antonio Pigafetta bidaiaren kronistak hala jaso zuen: "Mendirik garaienaren tontorrean gurutze bat landatu genuen, lurralde haiek Espainiako Erregearenak direla erakusteko, eta hari Kristoren mendia deitu genion”.
Argazkia: San Juliango Barrutia

Independentzia, militarren etorrera eta asimilazioa
Garai kolonialean (XVI. eta XIX. mendeen artean), Espainiako Koroak eta Argentinako Estatuko indigenen zenbait taldek itunak sinatu zituzten, aliantzak egin eta jatorrizko herrien lurraldean estatua nola hedatu negoziatzeko. Independentziaren ondoren ere akordio batzuk sinatu zituzten, harik eta, XIX. mendearen amaieran, Argentinako Estatuak horiek betetzeari utzi eta bortxakeria zuzenaren aldeko hautua egin zuen arte.

Patagoniako lurraldeetan militarrak hedatzearen helburua –"Basamortuaren konkista" (1879-1885) Argentinan; "Araukaniaren baketzea" Txilen (1861-1883)– ekoizpen gaitasuna handitzea zen, lur emankor gehiago bereganatu eta abeltzaintza eta nekazaritzara bideratzeko. Britainia Handitik bultzatutako inbertsioen bidez lurrak eta kapitalak metatu zituzten. Jauntxo latifundista berri horiek indigenen eskulana esplotatu zuten.

Suaren Lurraldeko "indiar ehiztari" talde bat. Argazkia: Patagonia institutua.

Batzuk peoi bezala hartu zituzten etxaldeetan, beste batzuk iparraldera eraman zituzten kotoia, mahatsondoa edo azukre kanabera biltzeko edo trenbideak eraikitzeko. Behartutako lekualdatzeak jasan zituzten, kontzentrazio-esparruetan konfinatu eta euren seme-alabak kendu zizkieten. Haien antolaketa sozial eta politikoa desegituratu zuten horrela. Hegoaldean "erreserbak" sortu ziren, estatuaren eta Elizaren kontrolpean.

Suaren Lurraldean, salestarrek eta anglikanoek misioetan bildu zituzten indigenak, haien bizimodu "basatitik" askatu eta euren zerbitzura lanean edukitzeko.

Trauma eta ikusezintasuna
Indarkeriak sortutako traumak indigena asko behartu zuen euren jatorria ezkutatzera, eta memoria, ezagutza, kosmologia eta hizkuntzaren belaunaldi arteko transmisioa etenarazi zuen. Euren arbasoen hizkuntzan hitz egiten ez zutenez, belaunaldi berriak ez ziren indigena bezala ikusten, baizik eta haien "ondorengo" gisa.

Politika eugenesikoak baliatuz, 1930eko hamarkadan ugaldu ziren ikerketa zientifikoek ustezko "azken indiar garbiak" aztertu zituzten (ideologia arrazisten arabera). Patagoniako jatorrizko herrien "desagertzea" berehalakoa izango zela iragarri zuten. Zirkulua itxiz, ondorengo politika asimilazionistek landa-eremuetatik hirietara lekualdatzea sustatu zuten. Horren eraginez, gizarteko sektore xumeenen parte bat izatera pasa ziren indigenak, ikusezin bihurtuta.

Mendeurreneko goraipamenei buruzko eztabaidak
1992ko “Amerikako aurkikuntza”-ren edo, Edmundo O'Gormanek izendatu zuen gisan, "Amerikaren asmakuntza"ren bosgarren mendeurrenari buruzko eztabaidek aldaketa-haizeak ekarri zituzten. "Ospatzeko ezer ez" zegoela esanez, ekintzaile indigenek eta euren aliatuek konkistatzaileen ankerkeriak salatu zituzten.

Estatuek konkistaren eta kolonialismoaren legatu odoltsua onartzeko indigenek egindako presioak emaitzak izan zituen: estatuen aurretik herri indigenen existentzia aitortzen duten esparru juridiko nazionalak eta tokikoak zabaldu zituzten, eta haien eskubideak aitortu, erreparatu eta babesteko politika batzuk onartu zituzten.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. Hitzarmena (1989) berretsi dute Argentinak eta Txilek, eta Nazio Batuen Herri Indigenen Eskubideei buruzko Adierazpena (2007) basbestu dute, nahiz eta praktikan, lege horien ezarpenak gehienetan huts egiten duen.

Magallaesek hasi eta Joan Sebastian Elkanok burututako espedizioaren V. mendeurrena omentzen ari dira Txileko agintariak. Euskal Herrian bezala, han ere harrabotsa eragin du. Irudian horren adibide bat. Punta Arenasen –Txileko Patagoniako hiri nagusietako bat– ehunka lagunek manifestazioa egin zuten 2019ko irailaren 5ean 500 arrazoi protestatzeko, 500 arrazoi elkartzeko lelopean, hiriko 30 bat mugimendu sozialek sustatuta. Argazkia: El Magallánico.

Berrosatzea eta memoriaren berreskurapena
Estatuaren onespenarekin ala gabe, Amerika osoan herri indigenen suspertze-prozesuak indarra hartzen ari dira. Argentinako eta Txileko tehueltxe eta selk'nam herrien desagerpena iragarri zituzten diskurtsoak garaitu zituzten, baita maputxeak beren sorterrian atzerritar gisa aurkezten zutenak ere. Jatorrizko familia, komunitate eta antolakundeak iragana eta oraina lotzen ari dira, memoria zatikatu, mingarri, umiliatu eta isilaraziak lehen lerrora ekarriz, ikerketa konprometituekin harremanetan jarrita eta, batzuetan, berrikuntza teknologikoak baliatuz.

Herri indigenek neoestraktibismoaren aurka borrokatzen ari dira gaur egun, beren lurralde, gorputz eta espirituei zuzenean eragiten dielako. Beren iragana eta ezagutzen jabe egiten diren proiektu patrimonializatzaileak zalantzan jartzen ari dira, haiei eragiten dieten gaietan erabakitzeko eskubidea, kontsulta bidez, eskatzen jarraitzen dute.

Indigenen subiranotasuna eta haien lurralde-eskubideak aitortzeak biodibertsitatearen babesaren abangoardian jarri ditu komunitate batzuk, nahiz eta horrek erasoen jomuga  ere bihurtu dituen.

Historia hegemonikoari eta 1520ko espedizioaren urteurrenaren inguruko ospakizun ofizialei erantzunez, ahots indigenak tristura handia adierazten ari dira. Cristóbal Colónen lehen bidaiaren bosgarren mendeurrenarekin gertatu zen bezala, orain ere ospatzeko ezer ez dagoela diote. Magallaesen espedizioaren etorrerak atea ireki zien arpilatzeari, odol isurtzeari eta bostehun urtez luzatu den kolonialitateari. Eta horiek ez dira ospatzeko arrazoi.

 

  • Geraldine Lublin Galesko Swansea unibertsitateko Hispaniar Ikasketen irakasle titularra da.
  • Mariela Eva Rodriguez Buenos Airesko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasle laguntzailea da.

Jatorrizko artikulua The Conversationek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkanoren mundu bira
"Euskal Herri dekoloniala" aldarrikatuko dute Gasteizen, Elkanoren mundu biraren urteurrenean

Asteazkenean mobilizazioa egingo dute bigarren urtez jarraian, "ipar global eta zuriaren menderatze historikoa" salatzeko.


'Sin Límites' edo nola errepikatu lehen mundu birari buruzko narratiba konbentzionalak

Irailaren 6an Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zeneko V. mendeurrena ospatu zuten, bost mende lehenago portu hartatik abiatu eta hiru urte geroago lehen mundu bira osatu izana gogoan. Horrelako oroipen ospakizunetan ohikoa denez, urteotan zeharkaldia gogoratzeko... [+]


2022-09-06 | ARGIA
"Euskal Herri dekolonialaren alde egin nahi dugu lan"

Eusko Jaurlaritzak irailaren 6a jai-eguntzat izendatu du Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Sebastian Elkanok munduari emandako bira ospatzeko. Gasteizko herri ekimenak elkarretaratzea egin du General Loma enparantzan. Adierazi duenez, "aurrera eraman nahi dugun mobilizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude