Osasungintzaren oinarria hanka motz

  • Lehen Arreta aktualitatearen aurreneko lerroan kokatu dute prekarietateak, lan zama handiek, behin-behinekotasunak eta baliabide faltek. Osasun sistemaren oinarria da, eta kalitatezko zerbitzua inoiz baino gehiago aldarrikatzen den garaiotan, badirudi ez EAEk ez Nafarroak ez dutela oinarri sendorik. Egoera korapilatsuari erradiografia egin nahi izan diogu. Zerk eragin du profesional, sindikatu eta herritarren haserrea? Zeintzuk dira ondorioak?

AHOLKU BILA. Lierni Mendiaraz farmazialariak esan digu herritarrek botikara jotzen dutela batez ere lo egiteko, antsietatea kontrolatzeko eta defentsak indartzeko gomendio bila, baina orohar dena mugitzen dela covid-19aren inguruan, pandemiak gainontzeko
AHOLKU BILA. Lierni Mendiaraz farmazialariak esan digu herritarrek botikara jotzen dutela batez ere lo egiteko, antsietatea kontrolatzeko eta defentsak indartzeko gomendio bila, baina orohar dena mugitzen dela covid-19aren inguruan, pandemiak gainontzeko gaixotasunak alboratu dituela.DANI BLANCO

Lehen mailako arreta osasun-sistema publikoan sartzeko atea da, funtsezkoa gaixotasunen prebentziorako, sistema global sendoa izateko eta gertuko zerbitzua bermatzeko. Ateok giltzatuta edo sasi-irekita aurkituko ditu gaur egun bertaratu nahi duen edonork. Behin barruan, zeregin guztietara iritsi ezinda dabiltzan profesionalen joan-etorria topatuko du, itxarongela hutsen inguruan. “Edozein arazo izanez gero, Lehen Arretara jotzeko esaten zaie herritarrei, baina ez da aipatzen gainezka dagoela eta sendotu egin behar dela”. Amaia Mayor SATSE Erizaintzako Sindikatuko bozeramailearen hitzak dira. “Kolapsoaz” hitz egiten dute mataza osatzen duten hari-muturrek. Iragandako udaberririk ez errepikatzeko, baliabideak eskatu dituzte behin eta berriz profesionalek, baina lan taldeak ez dira indartu;  aitzitik, ahuldu egin dira kasu askotan.

COVID-19a kontrolatzeko aztarnari asko Lehen Arretako erizainak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hasieran kopurua txikia zen, 34 erizain “kendu” baitzituzten osasun etxeetatik. Egun, ordea, 600 dira, eta kopuru sinbolikoa zena arazo bilakatu da; ez direnez kontratazio berriak egin lan-karga beste lankideen gain jarri da. Ohiko zereginei pandemiak sortutako eginkizun berriak eta urteroko gripearen aurkako txertoaren kanpaina gehitu behar zaizkie, besteak beste. Alta, lanerako inoiz baino esku gutxiago dituzte: “Bi zulo pertsona berarekin nahi izan dituzte tapatu”.

Ruben Garcia Perez Bilboko Txurdinagako Osasun Zentroko pediatra da. Lan karga handiarekin dabiltzala dio, eta 20 urtean ez duela halako ikasturte hasierarik bizi izan. Dagozkion orduak baino “dezente gehiago” egiten dabilela aipatu du. Telefonoak kate motzean lotuta mantentzen du azkenaldian, aurrez aurreko arreta salbuetsi eta urruneko entzunaldietara ohitu behar izan baitira profesionalak. Koronabirusa saihesteko bi zirkuito ezarri dira osasun etxeetan, “garbia” eta “zikina”, non biltzen diren COVID-19dun pazienteak, zona “garbiko” gaixoak kutsatzeko arriskua murrizteko. Pazienteek zirkuito horietako zeinetatik igaro behar duten jakiteko zerbitzu telefonikoa “prebentzio moduan” baliogarria dela dio, baina egoera berriak lan dinamika nahasia eragin duela: “‘Paziente bat, dei bat’ ez da uste zuzena: askotan ez dizu hartzen, lehen baino galdera gehiago egin behar dizkiozu pazienteak zer duen antzemateko. Lan egiteko modua aldatu zaigu, baina koronabirusak lehendik zaurituta zegoen egoera kolpatu baino ez du egin”.

"Langile faltagatik, profesional berak aritu dira zirkuito garbian eta zikinean" (Rebeka Ubera, EH Bildu)

Ivan Bergara Sartagudako (Nafarroa) Osasun Etxeko medikua da, eta antzeko egoera bizi du. Ziurgabetasunaz mintzo da, pazientea mahaiaren beste aldean ez topatzeak informazio asko galtzea baitakar, profesional gisa ahalik eta zerbitzu onena ematea duenean helburutzat. COVID-19ak egoera larriagotu baino ez du egin: “Gutako batek –medikuek– birusa harrapatzen badu, ez daude ordezkoak, eta ziurgabetasunari gehituta, estres handia eragiten digu horrela lan egin behar izateak”.

Ongi ulertzen du egoera Irune Aranguren psikologoak. Sendagile, erizain eta, orohar, osasun arloko profesionalengan “ardura handia” jarri dela dio, eta ahaztu egin dela eurak ere pertsonak direla. Jasaten ari diren lan-kargak ondorioak ekarriko dituela azpimarratu du, hala nola, estres postraumatikoa eta fobiak: “Patologia hauekin gertatzen dena da momentuan egin dezakezula egiten ari zarena, baina aurrera begira ondorio larriak izan ditzakeela: blokeoak, ezin lanera joatea, pazientea ezin artatzea edo pentsamendu intrusiboak edukitzea, besteak beste”.

Langile falta nabarmena

Rebeka Ubera EH Bilduko Eusko Jaurlaritzako eleduna bat dator arestian bi medikuek arreta telefonikoaz esandakoarekin, baina B aldea ere mahaigaineratu du: “Langile faltagatik hainbat zentrotan, profesional berak egon dira zirkuito garbian eta zikinean”. Arlo ezberdinetako profesional gehiago kontratatzea izan da azken bi hilabeteotan gehiengo sindikalak deitutako grebara atxikitzeko arrazoietako bat. Nafarroako erizainen ratioa 1.000 biztanleko 7,85ekoa da, eta EAEn 6,78koa. Europako estatu gehienek ratio hobeak dituztela berretsi du ELAren azken txostenak: Norvegiak (17,7) eta Suitzak (17,2), besteak beste. Hego Euskal Herriko ratioen azpitik daude, bestalde, Grezia (3,3), Letonia (4,6) edota Espainia (5,7).

Halaber, “gardentasun falta” da krisi honen beste ezaugarrietako bat. Osakidetzako plantilla osoaren argazki erreal bat izateko soldatei begiratzen dietela aitortu du SATSE sindikatuko Mayorrek, Eusko Jaurlaritzak helarazitako datu ofizialekin ezer gutxi ondorioztatu baitaiteke: “Osakidetzaren arabera gaur egun 27.300 langile daude plantillan. Gutxi gorabehera, batez beste, hilero 37.000 soldata banatzen dira. Hau da, 10.000 lanpostu behin-behinekoak dira”. Oso kopuru handia dela diote Mayorrek zein Uberak, eta profesionalen bizi proiektuak guztiz baldintzatzeaz gain, sistemaren kalitatean ere eragina duela halako oreka faltak.

"Edozein arazo izanez gero Lehen Arretara jotzeko esaten zaie herritarrei, baina ez da aipatzen gainezka dagoela eta sendotu egin behar dela" (Amaia Mayor, SATSE)

Nafarroan ere goi karguen kudeaketa kaxkarra salatu du hainbat profesional eta eragilek. Nafarroako Osasun Plataformak hamar urte daramatza kalitatezkoa, publikoa eta indartsua den sistema defendatzen. Dabid Mendaza plataformako kidea da, eta EAEkoarekin alderatuta, Nafarroan egoera ezberdina dela dio, nahiz eta egiturazko arazo bera izan, bere hitzetan. Nafarroako Gobernuak lan taldeak indartu ditu, profesional gehiago kontratatuz, baina banaketa erabat desorekatua izan zela dio: “Martxoa eta maiatza bitartean ia 700 profesional kontratatu ziren, baina 30 baino ez dituzte bideratu Lehen Arretara. Kontuan izanda guztira 55 osasun etxe ditugula, herritar bakoitzeko bat denik ere ezin dugu esan”. Udazkena hasi bezain pronto kontratazio berriak egin dituzte, oraingoan Lehen Arretara begira. Alta, Kanpo Larrialdietako Zerbitzurantz eta aztarnarien profilerantz joan dira errefortzuak, lehen bezala utziz osasun etxeetako lan taldeak; txalotzeko erabakia lehena, guztiz ahula bigarrena, Mendazaren ustez.

Bide berrien peskizan

Prebentzioa eta sustapena Lehen Arretaren zutabeak dira. Horietan sakontzea da osasun sistemaren lehen lerroko egituraren xedea. Hau da, gizartean ohitura osasuntsuak bultzatzea, bizitza aktiboa, esaterako, edo kongestio egoera ekonomiko eta sozialak prebenitzea osasun sistemarentzat mesedegarria izan daiteke; jendarte osasuntsu baten adierazle izanik, osasungintzara bideratu beharreko gastua murriztuko lukeelako: “Lehen Arreta indartuko balitz, jende gutxiago iritsiko litzateke ospitaleetara”. Perez medikuak dioenez, mesedegarria litzake egungo egiturari bueltak ematea eta, esaterako, talde multidiziplinarrak sortzea Lehen Arretarako: “Administrariak, erizain laguntzaileak, fisioterapeutak, psikologoak… Lehen Arreta beste arloetara zabaltzeak sistema aberastu eta indartuko luke”.

Halaber, ez dirudi erabakiak hartzen dituztenen interesak ildo hortatik doazenik. Ivan Bergara medikuak aipatu duenez, hedabideen azaletan eta politikarien ahotan ospitaleen saturazioa eta bertako langileen egoera errepikatzen dira etengabe, eta gutxiago aipatzen dira ezkutuan dauden gainontzeko egituren eta profesionalen egoera. Herritarrengan horrek eragina duela dio: “Zoaz larrialdietara, han dena begiratuko dizute” bezalako esanak horrelako iruditegiaren ondorio direla nabarmendu du, eta Lehen Arreta gutxietsi baino ez dutela egiten: “Ospitalezentrista den sistema baterantz goaz, aurrekontuen banaketari begiratzea besterik ez dago errealitateaz ohartzeko. Lehen Arretarako inbertsioa ia desagertu egin da”.

"Jendea zuzenean dator botikara orain, osasun etxean telefonoa hartu ez diotelako, txanda nahi baino beranduago eman diotelako..." (Lierni Mendiaraz, farmazialaria)

Prebentzioa eta sustapenaren kaltetan, ia esklusiboki arretan zentratu da Lehen Arretaren jarduna azken aldian. Pandemiaren ondorioz itxi egin ziren hainbat osasun etxe, herritarren nahiz profesionalen segurtasunaren izenean. Duela hainbat urte Hego Euskal Herriko bi gobernuek teleasistentzia ezartzen saiatu zirela gogoratu dute Uberak eta Mendazak, baina ez zutela lortu, aurkako iritzien presioak eraginda. COVID-19aren krisia “baliatu” dutela dio Nafarroako Osasun Plataformako kideak, eta beldur da neurria ez ote den behin-betikoa bilakatuko. “Telefonoak ez du inoiz aurrez aurreko arreta ordezkatuko”.

Medikuaren begiradaren bila, besteak beste, eta osasun sistemara sartzeko bidea katramilatuta egoteak, zerbitzu pribatuetara jotzera eraman ditu hainbat herritar. Gaur-gaurkoz ez dago daturik joera hori badagoela baieztatzen duenik, baina sindikatu eta profesionalek “inertzia” sumatu dute. “Egoera baliatuta, aseguru pribatuen publizitatea nabarmen igo da, eta jende batek horietara jo du, gertuko arretaren bila ziurrenik”, dio Dabid Mendazak. Iñaki Urizar IMQko zentroen koordinatzailea da. Eurek ere neurriak hartu behar izan dituztela dio, kontsulta presentzialak %90 murriztu eta telefono deiak laukoiztu dituzte. Paziente gehiago jaso dituztela nabaritu dutela adierazi du, baina, oro har, jendea “pandemia pasatzeko zain” dagoela iruditzen zaio, larriak ez diren patologien kasuan, bederen.

Era berean, egoerak sortutako ezinegonak automedikazioan ere eragina izan duela dio Lierni Mendiaraz farmazialariak, eta lehen ez bezala, orain jendea zuzenean botikara joaten dela: “Osasun etxean telefonoa inork erantzun ez edo txanda nahi baino beranduago eman dietelako izaten da normalean”. Halako joerak “normalak” izan daitezkeela dio Aranguren psikologoak, gizakiok “erantzunak behar baititugu” ziurgabetasuna deuseztatzeko.

Koronabirusa ez da arazoa

Udazkenean zehar sindikatuek deitutako greba egunetan behin eta berriz entzun den leloetako bat izan da COVID-19a ez dela arazoaren muina, elementu gehigarri bat baizik; egiturazkoa den arazo bat azaleratzen lagundu du, langileen pazientzia, energia eta profesionaltasuna muturreraino eramanda. Uberak bi gako mahaigaineratu ditu gatazkaren lokatzetan ez galtzeko: planifikazio gabezia batetik, kontratazio politika bestetik. Mayorrek bi ideiei heldu die, eta adibide batekin azaldu du: “2021eko maiatza arte aurreikusten dute luzatuko dela bizitzen ari garen salbuespenezko egoera hau. Egin ditzatela erizainen kontratuak, gutxienez, ordura arte, ezta? Bada, ez. Eusko Jaurlaritzaren logikan ez dira gisa horretako erabakiak sartzen”. Halakoek langileen lan baldintzak okertu baino ez dituztela egiten dio, eta kontziliazioa, esaterako, ezinezkoa bilakatzen dela erizainentzat; gehiengoa emakumezkoak dira, kontuan edukitzeko datua. Epe motzekoak diren kontratuak harilkatuz ibiltzen dira egunak joan, egunak etorri. Halako prekarietateak norberaren bizi proiektua erabat baldintzatzen duela dio: “Batzuek ez dute ordutegirik ere izaten lanean hasi aurretik”.

"Ospitalezentrista den sistema baterantz goaz. Aurrekontuen banaketari begiratzea besterik ez dago errealitateaz ohartzeko". (Ivan Bergara, Sartagudako Osasun Etxea)

Nafarroan ere arazoaren muina “berdintsua” dela dio Mendazak, eta uneotan inbertsio falta larrien albokalteak ari direla pairatzen. Bortzirietan, esaterako, hainbat lanpostu hutsik daudela salatu dute bertako sendagileek azken asteotan. Lesakako mediku baten plaza hutsik dago urriaz geroztik; 1.200 paziente erreferentzia-medikurik gabe daude, alegia. Lanpostuak euskara eskakizuna duela eta, Osasunbideak lanpostua eskaini ere ez duela egin salatu dute Bortzirietako eragileek. Bitartean gainontzeko profesionalen artean banatu dituzte pazienteok, baina ez dakite noiz arte iraungo duen egoerak.

Planifikazio faltari gehituz, Uberak dio Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko transferentzietan ere badagoela gakoa, ez baitago Lakuaren konpetentzien artean, esaterako, Barneko Mediku Egoiliarraren kopurua kudeatzea (MIR, gaztelaniazko sigletan): “Ez da lan egin konpetentzia hori eskuratzeko, beste transferentzia batzuekin egin den bezala. Estatu mailan negoziatu zen plaza kopurua, baina gero hemengo gobernuak kopurua ez zuen bideratu ahal zuen beste”. Unibertsitateek ere Lehen Arreta prestigiatzeko eta ikasleak familia mediku edo pediatra izateko ezer gutxi egin dutela gaineratu du Ruben Perez medikuak, eta geroz eta espezializatuagoak diren plazei eman zaiela lehentasuna, hauek ere ospitaleak sendotzeko.  Osagaiok lehertzeko puntuan dagoen koktela baino ez dute osatu: familia medikuak erretiroa hartu ahala, geroz eta ordezko gutxiago daude, batere ez ia.

Albokalteak herritarrentzat

Osasun sistemak ondo funtziona dezan, Lehen Arreta funtsezkoa dela diote behin eta berriz elkarrizketatutako eragileek. ELAren txostenaren arabera, inguruan dauden Europako herrialdeek baino ratio hobea dute EAEk eta Nafarroak mediku kopuruari dagokionez: 1.000 biztanleko 2,16koa da EAEn, eta 2,59koa Nafarroan. Familia medikuen kasuan, ordea, Osakidetzako profesionalen heren bat dira, kopuru osoaren erdia izan beharko luketenean sistema osasuntsu bat izateko, hainbat adituk dioenez. Gainera, administrazioko eta erizaintzako profesionalek ere eragina daukate pazienteen arretan eta medikuen baldintzetan, eta horiek indartzea funtsezkoa da lan burokratikoari eta teleasistentziari aurre egiteko, besteak beste.

Bi gobernuek profesional eskasia argudiatu dute grebaren eskaeren aurrean. Erizainen kasuan, Mayorrek dio, “egon badaudela”, baina atzerrian, beste erkidegoetan edo arlo pribatuan egiten dutela lan. “Lan baldintza egokiak balira etorriko lirateke”, dio, funtsezko osagaia edozein jenderentzat, bizitza duina eskaini nahi bazaio bederen. Perezek dioenez ere duela bost urte pentsaezina zen ordezko medikurik ez izatea, baina faktore askoren ondorioz, gaur gaurkoz errealitate gordina baino ez da.

"‘Paziente bat dei bat’ ustea ez da zuzena: askotan ez dizu telefonoa hartzen, zer duen jakiteko lehen baino galdera gehiago egin behar dizkiozu...". (Ruben Garcia, Bilboko Txurdinaga auzoko Osasun Zentroa)

Egoera nahasiaren albokalteak herritarrak ari dira ordaintzen, eta Aranguren psikologoak esan bezala, nabarmen igo dira antsietate eta estres kasuak, pandemiak elikatuta gehienbat, baina erantzunen hutsuneagatik ere bai: “Jende askorentzat Lehen Arreta lehen pasabidea da hobeto sentitzeko, eta bide hori gainezka dagoela ikusteak ezinegonarekin lotzen ditugun sintoma multzoa handitzen dute. Insomnio kasuak ugaritu direla esango nuke”.

Jendearen kezkak eta aholku eskeak gertuko errealitatetzat ditu Lierni Mendiaraz farmazialariak. Bere hitzetan, herritarrek botikara jotzen dute batez ere lo egiteko, antsietatea kontrolatzeko eta defentsak indartzeko aholku bila, baina, orohar, dena COVID-19aren baitan mugitzen da, eta gainontzeko gaixotasunak alboratu egiten dira. Begi eta azaleko irritazioak asko igo direla adierazi du, eta ustezko kasu larrietan medikuen eta farmazialarien arteko harremanari esker zuzenean bideratzen dituztela, nahiz eta salbuespeneko baliabidea izan.  

Agintarien neurri kamutsak

Eusko Jaurlaritzak legealdi berriko lau urteetan 4.000 lanpostu sortuko dituela iragarri du. “Harro eta zifra esanguratsua izango balitz” moduan jakinarazi dutela dio Mayorrek, baina ez hanka ez bururik ez duen albistea dela dio, Osakidetzaren sistematik urtero, gutxi gorabehera 1.000 langile ateratzen direla aintzat hartuta, lanpostu horiek betetzeko baino ez baitute balio iragarritako plazek.  SATSE sindikatuaren arabera, kontuan izanda duela bi urteko plaza kopuruak betetzeko probak oraintsu ari direla egiten, Urkulluren legealdi berria amaitzerako, gutxienez, 8.000 plaza beharko lirateke. “Kopuruok sistema dagoen bezala mantentzeko balioko lukete soilik, ez indartzeko”.

Medikuaren begiradaren bila, edota osasun sistema publikora sartzeko bidea katramilatuta dagoelako, sistema pribatura jo du herritar askok.

Nafarroan ere Lehen Arretaren estrategia-plangintza “beste behin atzeratu izana” leporatu dio Nafarroako Osasun Plataformak Maria Chivite buru duen gobernuari. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak Lehen Arreta indartzeko zailtasunak onartu zituen pasa den urriko  osoko bilkuran, familia medikuen gabezia aspaldiko kontua dela esanez. Halaber, administrari gehiagoren kontratazioa iragarri du. Erabakiok martxan jarri zain, plataformako kideek zifren dantza, lantaldeak indartzeko plangintza falta eta egoera aldatzeko borondate eza salatu dute azken asteotan Osasunbideko goi-karguekin izandako bileren ostean. Erakutsitako jarrera apropos hartutako utzikeria ote den iradoki dute plataformako kideek, pribatizaziorantz jo dezakeen sistema baten beldur.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Gorputz hotsak
"Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara"

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


"Hiperproduktibitatea barneratua dugu, kostatzen zaigu mugak jartzea"

Estresa, nekea, antsietatea eta beste dira sisifemiak eragiten dituen zenbait ondorio.  Esanahiaz, jatorriaz eta prebentzio neurriez mintzatu da Ziortza Karranza psikologoa.


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira... [+]


Biolentzia psikiatrikoa salatuko dute Bilbon, Espainiako Estatu osoko Harro Zoro Erradikalek

EAEk du elektroshockaren praktika tasarik altuena Espainiako Estatuan; Nafarroan berriz, pazienteen euste mekanikoa ohikoa da ospitale psikiatrikoko unitateetan. Psikiatrikoetako indarkeria eta gehiegizko medikazioa salatzeko, Estatuko Harro Zoro Erradikalen manifestazioa Bilbon... [+]


Eguneraketa berriak daude