Boterera heltzen lagundu zioten kazetariei askatasuna murrizten dabil Macron

  • Kazetarien eskubideen murrizketa bortitza dakarren “Segurtasun orokorra” deitu legea Frantziako Parlamentuan da. Prentsa askatasuna bermatzen duen 1881eko legearen kontra Emmanuel Macron presidenteak buruturiko eraso bat gehiago dugu hau. 2017an boterera helduz geroztik emandako eraso hauei begira jarri gara; baita ere presidentetzara heltzeko bideari, komunikabideen eta Macronen arteko harremana ezin delako isilean atxiki. 

Hitza kontrolatzeko asmoz prentsa askatasuna zangopilatu zuen lehendakari gisa oroituko dugu Emmanuel Macron. Frantziako Legebiltzarrean bozkaturiko “Segurtasun orokorra” deitu lege proposamena dugu horren adibide: poliziaren gehiegikerien irudiak “fede txarrez” zabaltzeko debekua kazetarientzako; manifestazioak kubritzeko prentsa karta ukaitearen obligazioa; eta lekuak husteko manua eman ondoren bertan gelditzea delitua bilakatuko da kazetariarentzat.

Ez da ordea prentsa askatasuna bermatzen duen 1881eko legearen kontra Macronek egindako eraso bakarra. Komunikabideen esfera aldatu da Eric Stemmelen estatistikalari eta komunikabideen arloan ere egondakoak ohartarazten duenez: berriki arte kazetaritzaz interesaturiko batzuk ziren komunikabideen jabeak, orain oligarken eskuetan dira. Horrek ondorioak ditu, demokratikoki hautatua izan behar litzatekeen esfera politikoaren osaketaraino.

Stemmelenek xeheki aztertu du 2012tik goiti –hau da, 34 urterekin orduko François Hollande presidentearen idazkari orde ezezaguna izatetik– 2017ko presidente izendatzerainoko Macronen bidea. Emaitza Opération Macron (Macron operazioa) liburua da; tamalez –baina inolako kasualitaterik gabe– komunikabideetan kasik aipamenik gabekoa. Interesgarria da begiratzea inork ezagutzen ez zuen gaztetxo batek nola hain denbora laburrean lortzen duen Frantziako presidentearen aulkia. Elementu saihestezina xeheki aztertu du: komunikabideen jarraipena.

Zenbaki bat eta bakarra: 2015eko urtarriletik 2017ko urtarrilera Libération, L´Obs, Le Monde eta L´Express prentsek 8.000 artikulu baino gehiago argitaratu zituzten Macron aipatuz, eta hamarnaka komunikabideren azalak ere egin zituen –prentsa arrosa, ekonomia prentsa zein prentsa orokorra, guztienak–. Ofizialki ez zen oraindik hautagai. Ezkerreko Jean-Luc Mélenchon, Arnaud Montebourg eta Benoît Hamon hautagai potentzialek hiruen artean baturiko artikulu kopurua baino gehiago zituen. “Hastapenean legenda polit bat zabaldu zuten, egiari zor, gezurrez hanturikoa”, Stemmelen hitzetan. Denetarik erraten eta idazten zen; hori bai, kritika guti eta lore anitz: “Berpiztea”, “modernitatea”,  “haize freskoa”, “erromantikoa”, “filosofoa” –“anti-sistema” baina aldi berean “Rothschildentzako bankari”, kontraerranaren beldurrik gabe, gainera–.

Soa artikulu hauetatik komunikabideen mapa orokorragora deszoomatzea beharrezkoa dugu. Frantziako komunikabide arras gutti dira independenteak: prentsaren %90 hamar oligarken esku da eta telebista eta irratiaren sektorean ere tendentzia bera da. Izen batzuk? Bernard Arnault –munduko laugarren pertsona aberatsena, 76 bilioi dolarreko aberastasuna–, Patrick Drahi –7,1 bilioi dolarreko aberastasuna– eta Vincent Bolloré –5,7 bilioi euroko aberastasuna, Frantziako hamazazpigarren aberatsena–. Planetak lerrokaturik balira bezala, hiruak dira Macronen lagun handiak.

Komunikabideak, milionarioak eta Macron, eskuz-esku

Politika lagun arteko tratu bat izan ote zen? Seguruenik. 2012an oligarken haserrea piztu zuen aberatsenak gehiago zergapetzeko Hollanden xedeak. Laster begiztatu zuten Macron gaztea, gobernura sartu berria, bere ideia ultra-liberalekin eta dirudunez osaturiko lagun sarekoa: “Nik ezagutzen dut bat: Emmanuel Macron; lagundu behar dugu”, erran omen zuen Arnaultek, Marc Endeweld idazleak azaltzen duenez, –Le Grand Manipulateur: les réseaux secrets de Macron (Manipulatzaile handia: Macronen sare sekretuak) liburuaren egilea da–. Segida ezagutzen dugu: sektore publikoaren eta orokorki Probidentzia Estatuaren desegitea eta aberatsenen mesederako zerga-politika.

Baina komunikabideen jabeak lagun izateak ez du erran nahi etxea erabat kontrolatu dezakeenik. Eta zailtasunak ditu errealitate horrekin Macronek. 2018ko uztailaren 24an kazetaritzari buruzko adierazpen publiko batean argiki ondorioztatu zuen: “Egia bilatzen duen kazetaritzarik ez da gehiago” eta “botere judizial izan nahi lukeen botere mediatikoa daukagu”. Nonbait arrazoi du, guztia kontrolatu nahi lukeen presidentearen egiara ez garelako mugatzen eta ikerketa-kazetaritzaren premia ezinbestekoa delako interes ekonomiko zein politikoak hainbeste nahastekatuak diren garai honetan.

Urratsez urrats, prentsa askatasuna erasotuz

CDJM Komunikabideen Deontologia eta Mediaziorako Kontseilua sortu duen presidentea dugu ere Macron, eta horrek anitz erran nahi du. Nahiz eta ofizialki errana izan “autoerregulaziorako egitura independentea” dela, gobernuak eskaturik sortu zen iaz, ofizialki herritarrek komunikabideei begira duten mesfidantzari aurre egiteko. “Zepo” bat hainbat komunikabideek izenpeturiko gutun batean errana den bezala. Izenpetzaileen artean L’Express, Le Figaro, Franceinfo TV, Le Point, TF1, ala beste; hots, bere lagun oligarken esku direnak. Jabeen eta kazetarien artean mundu bat delako eta azken hauek prentsa askatasunari lotuak direlako.

“Alarma gorria pizturik den testuinguruan kokatzen da CDJMaren sorrera. Arduradun politiko askok prentsaren aurka egin adierazpenez gain, Emmanuel Macronen bozketaz geroztik pasatako bi lege ditugu, prentsa askatasuna eta herritarrak informatzeko askatasuna bermatzen duen 1881eko legearen saihesbide direnak”, irakur daiteke adierazpenean. Batetik, Macroni esker bozketa garaietan kazetarien informazio bat “faltsua” dela ondorioztatu dezake magistratu batek, inolako prozedurarik gabe: zentsura, nolazpait. Bestetik, ikerketa kazetaritzarentzako oztopo handia den lege bat pasa zuten ere 2019an, lanceur d´alerte edo barneko informatzaileen kontrako neurri gogorra: orduz geroztik legez debekaturikoa dute baimenik gabe dokumentuak ala dena delakoak eskuratzea. Alta, 1881eko legeak zekarren komunikabideei iturria sekretupean atxikitzeko eskubidea. Nonbait horri lotua zen Mediapart komunikabide independenteak iazko otsailean pairaturiko miaketa. “Macronen desbideratze autoritarioa” salatu zuen Mediapart-ek biharamuneko prentsaurrekoan.

Legebiltzarrak alde bozkaturik, Senatura helduko da urtarrilean “Segurtasun orokorra” lege-proposamena. Anartean, herritarren manifestazioek segitzen dute, baita poliziaren gehiegikeriek ere. Kazetariek hala diote behintzat.  
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prentsa askatasuna
Israelgo Gobernuak Haaretz egunkaria zigortzea proposatu du

Sholomo Karhi Israelgo Gobernuko Komunikazio ministroak ez du gustuko Haaretz egunkari israeldarra gerra nola ari den lantzen, eta bere kontrolpean diren publizitate eta harpidetza guztiak kentzeko mehatxu egin dio. Israelgo Kazetarien sindikatuak elkartasuna adierazi dio... [+]


Sei urteko kartzela zigorra ustelkeria azaleratzen duen Zamora kazetari guatemalarrari

Ustelkeria kasuak argira ekarri izanagatik ezaguna da José Rubén Zamora. Siglo Veintiuno, El Periodico eta Nuestro Diario komunikabideen sortzailea da. Iazko uztailean sartu zuten preso, Alejandro Giammattei presidenteari loturiko ustelkeria kasu bat plazaratu eta... [+]


2023-06-08 | Ilargi Manzanares
Australiako lehen ministroak Julian Assange askatzeko eskatu du

“Nahikoa da”, esan du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak Democracy Now!-ko albistegian, eta eskatu du Julian Assangeren kasua bertan behera uztea. Wikileaks-en fundatzaileak lau urte daramatza Londreseko Belmarsh kartzelan, estradizioaren zain AEBetan... [+]


Egiptok Hisham Abdel Aziz Al Jazeerako kazetaria askatu du lau urtez espetxean eduki ostean

2019an atxilotu zuten, talde terrorista bateko kide izatea egotzita. Telebista kate bereko beste bi kazetari oraindik Egipton daude espetxeratuta.


Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna
Zortzi kazetari hil dituzte dagoeneko aurten beren lana egiteagatik

2023ko Prentsa Askatasunaren Munduko Indizearen arabera, kazetaritzarako giroa "txarra" da munduko hamar herrialdetatik zazpitan, eta eduki faltsuek prentsa askatasunean izandako ondorioak nabarmendu ditu. Mundu osoan zortzi kazetari hil dituzte 2023an, ehunka dira... [+]


Eguneraketa berriak daude