ARGIA.eus

2020ko azaroaren 25a
Uxue Alberdi

"Automatikoki gutxiesten da literatura femeninoarekin lotzen den guztia"

  • Uxue Alberdiren (1984, Elgoibar) azken literatur lana berriki atera da inprentatik. Dendaostekoak (Susa, 2020) du izenburu, eta bertan Elgoibarko Pitxintxu dendatik mintzo zaizkigu Izaskun eta Mari Jose, bi narratzaile nagusiak. Hitzordua egiteko deitu diogunean, liburuaren bidez ezagutu dugun dendaostean harrapatu dugu idazlea. Aitortu digunez, bertsolari eta idazle gisa eskaparatean egon ohi den arren, gustura erretiratzen da dendaosteko lanera. “Egia da badaukadala bulkada bat sortzekoa, beti dendan ariko banintz ez litzatekeena asetuta egongo; baina kontrapartida moduan pila bat elikatzen nau”, diosku. Getarian batu gara liburuaz jarduteko, Kontrako Eztarritik lanagatik Euskadi Saria jaso eta pare bat egunetara.

Amaia Lekunberri Ansola @amaialekunberri
2020ko azaroaren 15a
(Argazkia: Dani Blanco)
(Argazkia: Dani Blanco)

“Hibrido sailkaezin” gisa deskribatu duzu Dendaostekoak, baina sailkaezin denari eman diozu izena eta izana: kronika literarioa. Idazketaren munduko zenbait arau apurtzera datorren lana da?

Ez dut uste. Nire helburua behintzat ez da izan norma haustekoa, edo ez dut aldarte transgresore batetik idatzi. Gehiago dauka jaso nahi izatetik liburuan jasotzen den errealitateari sumatzen diodan taupada, arima edo aldartea, fidela izango zaion formatu batean. Gorputzak ez zidan fikziorik eskatzen, agian gertukoegia zaidalako kontatzen den istorioa, batez ere kontalariak. Egia esan, Izaskun eta Mari Jose narratzaileak elkarrizketatzen hasi nintzenean, ez nekien zer egingo nuen jasotako materialarekin. Baina segituan konturatu nintzen literaturtasuna behar nuela inplikatzeko, ez nuela ustezko kazetaritza objektiboaren edo ohiko kronikaren bidetik joan nahi: “Pitxintxu jaio zen 1978an, gero hau pasa zen, gero bestea…”. Iruditzen zait bizitza ez dugula horrela sentitzen.

Nahiz eta narratzaileek kontatutakoa idatzi dudan eta ez dudan ezer asmatu, nik forma eman diot jasotako guzti horri. Eta hor badago sentitze bat, edo sentitze bat hitzetara ekarri nahia. Denda horretan nahasten ziren jarduera ekonomikoa, familia egitura, senitartekoen harremanak, maitasuna, sexua, adiskidantza, bizitzeko hainbat modu, kalea, nire bizitzan eta haurtzaroan oso presente egon den ibaia… Sentitzen nuen hori guztia jasotzeko gogoa: natura, oihalak, ibaia, garai politikoak, eta batez ere pertsonak edo jendetasun modu bat. Eta forma hau aurkitu nion. Ez da nonbait ikusi eta neureganatutako eredua. Arian-arian josten hasi nintzen oso ondo nora zihoan ez nekien zerbait eta bukaerara arte ez genion izenik jarri egiten ari nintzen horri. Egia da ez dudala ikusten erabat sailkatuta generoen definizio ohikoan. Ez nuke esango ohiko kronika denik, ezta ohiko nobela ere. Kontakizun bat da, ez dena fikziozkoa baina literarioa izan nahiko lukeena.

Herri honen eta konkretuki Elgoibarko herriaren azken lau hamarkadak jasotzen ditu liburuak, garai konbultso eta ez hain konbultsoak barne. Ohituta gaude beste toki batzuetatik egiten historiaren errepasoa, ez dendaosteetatik. Ematen du errealitatea eta historia behatu eta interpretatzeko bestelako perspektibarik.

Ari gara seinalatzen zer kontatzen den eta zer ez, zeintzuk diren ageriko eta ezkutuko historiak, zein subjektu diren historian agertzen direnak eta zeintzuk ezkutuan geratzen direnak… Eta horrekin guztiarekin batera, iruditzen zait nondik kontatzen den ere oso garrantzitsua dela, ikuspuntuak berak markatzen duela ikus daitekeena. Zein gorputzetatik, ahotsetatik, klase sozialetatik, ingurune geografikotatik edo garaitik kontatzen duzun, kontatu dezakezuna diferentea da. Iruditzen zitzaidan denda bat izan zitekeela oso ikuspuntu egokia eman zezakeen tokia, hainbat arrazoirengatik. Batetik, lotuta dagoelako eguneroko igurtziari eta herriko jende arruntaren arteko harremanei; denda ez da goi-bilerak egiten diren lekua, ez da lider politiko edo teorikoak biltzen diren lekua, eta askotan oso toki feminizatua da. Eguneroko behar txikiei lotuta dagoen tokia da, batez ere Pitxintxu bezalako denda bat. Aldi berean, nik umetatik ezagutu dudan denda horrek, normalean beti ditu ateak zabalik, eta hor hainbat gauza gertatu dira eta gertatzen dira oraindik. Jende asko sartzen da, eta iruditzen zitzaidan izan zitekeela oso ikuspuntu egokia hitz egiteko garai politikoez, azkenengo lau hamarkadetan egon diren fluxu ezberdinez. Egokia iruditzen zitzaidan bezala hitz egiteko jendeaz, ekonomiaz –nola gastatzen duten batzuek, nola besteek; nola aldatu den dirua gastatzeko modua…–, literaturaz –ze literatura klase saltzen zen lehen, zein orain; nolakoa den liburuen industria, eta abar–, musikaz, bezeroez, naturaz, familiaz… iruditzen zitzaidan denda foku interesgarria izan zitekeela, eta are interesgarriago bilakatzen zuela kontakizuna bertan diharduten bi pertsonek egiteak. Orain arte eduki ez ditudan erronkak jartzen zizkidan.   

Argazkia: Dani Blanco

Zein erronka?

Liburuko narratzaileen diskurtsoa ez da diskurtso jasoa, beren hizkera ez da poetikoa. Ez dute hitz egiten modu poetikoan, esaten dituzten gauzak ez dira teoria zorrotzak, ez dago ia esaldi konposaturik, ez dago metaforarik liburu guztian. Hargatik, literaturtasuna beste era batean bilatzera eraman naute, ezinbestean. Iruditzen zait horregatik sortu dudala forma edo hibrido hau, beste bide batzuk bilatu behar izan ditudalako.

Irakurle talderen batean komentatu zidaten Jenisjoplin ez zela literatura, ez zegoelako ia esaldi ekiboko bat bera ere. Nolabait sinpleegia zela hizkuntzaren egituraz, edo literaturtasunean. Orduan pentsa, liburu honi buruz ez dakit zer esango didaten. Hemen dena dira esaldi laburrak, ez dago menpeko perpausarik. Baina edozelan ere, zeri deitzen diogu literatura? Lan honek horretaz pentsatzeko ere ematen dit aukera. Leire Lopez editoreak aipatzen zuen liburu bakoitzak, bere existentziarekin, egiten duela literaturaren proposamen bat; ez dagoena zertan kontraposizioan beste definizio batzuekin. Nik uste betikoaz ari garela: proposatzen denean gorputz, jende, edo ikuspuntu berri bat, ez du zertan aurrekoa ukatu, baina erreibindikatzen du bere izateko lekua edo modua. Etengabe galdetu diot nire buruari: hau zergatik ez da ba literatura izango? Terreno zingiratsu horietan ibili naiz, gustura egia esan.

Liburuak hitz egiten du kontu pertsonal eta politikoez, aitortza gutxi egiten zaion eremu pribatutik, eta emakume perspektibatik. Bada nik uste egiteko modu patriarkal batekin haustea. Gizonen mesfidantza nabaritu duzula aditu dizut. Ez da izango horregatik?

Badaude gai batzuk garrantzitsutzat ditugunak eta bestelako interesa sortzen dutenak, baina kasu honetan sentitu dut halako mesfidantza bat inguru literarioko gizon batzuen partetik. Batetik, nik uste, narratzaileak senideak ditudalako. Liburua amari eta izebari buruzko nolabaiteko kronika sentimentala edo omenaldi pertsonala izango balitz bezala. Eta ni ere kontziente nintzen horrek bere arriskuak zeuzkala, ariketa etengabekoan aritu naiz ez zedin izan zerbait pertsonala, garbi neukan ez nuela hori egin nahi. Borroka horretan ibili naiz; kanpotik jasotzen nuen mesfidantza edo beldur edo erreparo horren eta mesfidantza integratuaren artean. Material asko neukan eskura eta sarri neurtu behar izan dut material horren garrantzia literarioa. Eta pozik nago zentzu horretan kasu egin diodalako senari. Liburua argitaratu baino astebete lehenago dardarka nengoen ez nekielako nola hartuko zen, literaturtasunik aitortuko ote zitzaion. Nahiz eta beste alde batetik pentsatzen nuen: “Baina noren aitortzaren zain zaude?”.

"Borroka horretan ibili naiz; kanpotik jasotzen nuen mesfidantza edo beldur edo erreparo horren eta mesfidantza integratuaren artean"

Eskertzen diot asko Leireri editoreari, berak ez duelako segundo bakar batean ere zalantza egin eta etengabe esan didalako sinisten zuela liburuan eta gainera ilusio extra bat egiten ziola zuk esaten duzun horregatik: hein batean jartzen dituelako dardarka literaturaz dauzkagun hainbat uste edo zimentu, bai gaien aldetik, bai formaren aldetik, noren istorioak eta nola kontatzen dituen…

Ausardia puntu batekin egindako lana ere bada orduan. Arriskuak zituela jakinik ere, eraman baituzu azkeneraino.

Lehengoan Joxean Agirrerekin egin genuen irakurle talde bat eta esan zidan halako zeozer: “Joe, zeinen barregarri gera zintezkeen, eta zeuzkan arrisku guztiekin oso ondo geratu da”. Eta ni kontziente naiz arrisku batzuk badirela errealak, ze oso gertuko materialarekin ari zarenean zuri ere distantzia hartzea exijitzen dizu egiten ari zarenak. Baina hala ere, zergatik da arriskutsua istorio batzuk kontatzea? Bada ez zaiolako ematen batere garrantzirik literatura femeninoarekin lotzen den guztiari. Ze interes edukiko dute brodatuek, joskintzak, bi andrek, bi ahizpen arteko harremanak? Automatikoki gutxiesten dira emakumeen esperientzia, emakumeen bizitzak eta emakumeen hitza, eta horri ez diozunean uko egiten, badakizu arrisku batzuk daudela, baina badakizu baita ere badaudela deskubritzeko eremu pila bat, niretzako oso interesgarriak direnak. Orduan, nik nahi nuen hau egin, eta egin dut.

Liburuko bi narratzaileen ikuspuntua ikuspuntu ezohikoa da, oso narratzaile gutxi dauzkagulako perfil horretakoak: 62 eta 64 urteko bi emakume, ez direnak a priori garrantzitsuak, ez dutenak egin ezer apartekorik. Baina hala ere, nik ikusten diot interesa beraiek hainbat arlotan kontatzeko daukatenari; bai aipatu ditugun gai horiei guztiei dagokienez, baina baita beti transmititu izan didatelako beraien arteko ahizpatasun horretan badagoela izugarrizko indarra, bizi-poza eta bizitzeko artea. Beti pentsatu izan dut badakitela bizitzen. Orain asko hitz egiten dugu bizitza duinari buruz, eta iruditzen zait teoriarik egin gabe ere, beraiek hainbat gako praktikatzen dituztela. Beraiek eta inguruak, hor agertzen den gizarte modu horrek.

"Zergatik da arriskutsua istorio batzuk kontatzea? Bada ez zaiolako ematen batere garrantzirik literatura femeninoarekin lotzen den guztiari"

Liburuan ez da esplizitatzen, baina aipatu duzunez pertsonaia nagusiak ama eta izeba dituzu, eta hortaz, denda eremu etxetiarra. Alabaina, komentatu duzu lana ez dela beraiei egindako omenaldia ezta antzerako ezer ere. Zerk eraman zaitu beraietaz idaztera?

Elgoibarren egin genuen aurkezpenean sentitu nuen beharra hori zertxobait azaltzeko, eta komentatu nuen bi gauza ezberdin direla idazlearen bulkada pertsonala –zerk eserarazten duen istorio bat idaztera ordutan eta ordutan– eta liburua, azken emaitza. Bulkada pertsonalari dagokionez, nik uste lan hau nostalgia antizipatu batetik sortzen dela; orain bi urte, dendak berrogei urte bete zituenean, konturatu nintzen jaioterriarekin eta haurtzaroarekin lotzen ninduen azkenengo soka etetera zihoala laster. Jaioterriarekin daukadan lotura sendoena denda da; dendak sinbolizatzen du nire iragana, ama eta izeba, amama, ezagutu ez nituen arbasoak ere dendari lotuta sentitu izan ditut nik. Eta bat-batean, hori joan egingo dela ohartzean, liburuan bildutakoa jasotzeko beharra sentitu nuen.

Nik behintzat behar dut inplikazio emozional handia kontatzera noanarekin, inportako ez balitzait edo ez baneuka helduleku emozionalik, uste dut ez nukeela edukiko gogorik lan literario bat egiteko horrekin. Baina inplikazio hori sentitu nuenetik jakin nuen literatura behar nuela kontaketa egiteko ni eroso sentiaraziko ninduen moduan, eta nire iritzitan hor uzten dio omenaldi bat izateari, niretzako zerbait izateari. Galdetu izan didate “baina zer da, omenaldi pertsonal bat?” edo “zer da, kronika sentimental bat?”, eta batzuetan ausartu naiz kanporatzen eta beste batzuetan ez, baina nire buruan beti zegoen erantzun bera: “Bueno, balio literario guztia kentzen badiozu, bai”. Alegia, uste dudala gauza bat dela zein den idazlea zerbait idaztera daraman indarra, eta beste gauza bat dela horrekin egiten dena. Zu egon zaitezke oso maiteminduta baina horrek ez du maitasun poema onik bermatzen; aitzitik, izorratu egin ditzake. Ze literaturak distantzia beharrezkoa du. Ni saiatu naiz asko mugitzen nauen horrekin literatura egiten, literarioki funtzionatuko duen artefaktu bat armatzen. Hori izan da erronka.

Argazkia: Dani Blanco

Bi narratzaileen izaerari egokitzen zaio idazkera. Bizia, erritmoduna, ornamentu gutxikoa, zuzena eta argia da protagonisten hizkera.

Testuak transkripzioetatik datoz, asko dauka beraien hitz egiteko eta izateko modutik. Hala ere, sortu behar izan dut hizkuntza bat bi euskaldun berriren neurrikoa, beraiek ez baitira kontalari onak, beti ere kontalari onaz daukagun ohiko pertzepzioaren arabera. Aldi berean oso kontalari onak dira kontatu egin nahi dutelako, eta oso espresiboak direlako; hizkuntzan eduki ditzaketen hutsuneak betetzen dituzte zaratekin, onomatopeiekin… batek hasitakoa besteak jarraitzen du, batzuetan hizkuntza asmatu ere egiten dute. Saiatu naiz hori ere jasotzen. Nahi nuen testuak eta hizkuntzak erakutsi zezatela herri honetako jende askoren hizkuntzaren dendaostea, nahi nuen ondokoa planteatu: zergatik hitz egiten du hitz egiten duen bezala pertsona batek? Hori ere ez baita neutroa, hizkuntza ere eraikia da eta dago generoarekin, klase sozialarekin, inguru geografikoarekin, diglosia bat bizi duen herri baten parte izatearekin… hainbat gauzarekin osatua.

"Nahi nuen testuak eta hizkuntzak erakutsi zezatela herri honetako jende askoren hizkuntzaren dendaostea"

Dinamismo hori ez da bakarrik hizkuntzan hautematen, kontakizunean oso presente dago, pertsonaiak eurak dira dinamikoak. Zentzu horretan, iruditzen zait orriotan badela irakaspen bat, gauzak egitearen garrantziaz ohartarazten duena.

Beraiek horrelakoak dira eta nik uste dut hor laburbiltzen dela hein handi batean beren esentzia: hemen geldirik ez. Nik hortik pixka bat heredatu dudala aitortzen dut, eta batzuetan nire buruari esaten diot “hemen geldirik bai”, uste dudalako zor diogula gure buruari deskantsua ere. Baina iruditzen zait beraien geldirik ez egoteko modua ez dela suntsitzailea, nirea oso auto-exijentea eta agortzailea den bitartean. Beraiek kirola egingo dute, ez dira geldirik egongo, baina aldi berean plazera beti dago presente. Gustatzen zaie jatea, gustatzen zaie edatea, gustatzen zaie txaranga, parranda… Baina dinamikotasuna etengabe daukate eta hori zen liburuaren beste ardatzetako bat, hasieratik neukan garbi testuak mugimendua eduki behar zuela.

Liburuan hori islatzen, adibidez, gorputzen mugimenduarekin eta baita ere makinen mugimenduarekin eta mugimendu horien zaratekin. San Frantzisko kalearen deskribapena egiten denean josteko eta brodatzeko makinen soinua jasotzen da, baita ere inprimategiko makinen zarata, kan-kan, kan-kan, kan-kan, edo jostunaren guraizeek nola egiten zuten kra-kra-kra-kra, edo baita ere plantxak pssss egiten. Era berean, jasotzen da pareko jostundegiko andrea nola aritzen zen goitik behera eta behetik gora denbora guztian, etxeko lanez gain egin behar zituelako dendakoak: bazkaria prestatu eta jaitsi, alkandora bat saldu eta gora, zerbait garbitu eta behera… Zentzu horretan, esango nuke kasu askotan gaur egun askoz ere estatikoagoak direla gure lanak. Ikusten duzu pertsona bat ordenagailu aurrean eta ez dakizu zertan ari den, ez dakizu mozketa lanetan dabilen, edo pegatzen, bideo bat muntatzen… zuk kanpotik ez duzu ikusten.

Bestalde, mugimendua pertsonen arteko igurtziari lotuta ere islatzen da, eta igurtzi hori askotan trabatzat hartzen dugu. Orain pandemiarekin zer esanik ez. Behatuz gero geografikoki edo arkitektonikoki ze espazio ari garen eraikitzen, askotan eginak dira ez dezagun elkar ukitu, ez dezagun elkar sentitu. Kultur eraikin handietatik hasi eta kafetegi hauetaraino [pareten tokian kristalerak dituen kafetegi argitsuan egin genuen elkarrizketa] , daude eginak ez dezagun elkar ukitu eta ez dezagun sekretupeko ezer sentitu gure artean, dena izan dadin gardena, dotorea, distiratsua. Baina gero ez dakizu oso ondo zer ari den gertatzen hor barruan: zein kultur politika daude? Zeinek manejatzen du dirua? Zer egiten da diru horrekin?

Argazkia: Dani Blanco

Eta harago joanez, liburuak jasotzen duen mugimenduari erreparatuz gero, emakumeen mugitzeko askatasuna edo askatasun gabezia ere hauteman daiteke.

Mugimenduaren bidez, liburuan ageri da gorputz bakoitza non dabilen, emakumeen espazioak zentzuk ziren, non sartu zitezkeen eta non ez… narratzaileek kontatzen dute nola korrika egiten hasi zirenean ez zen emakume bakar bat ere ikusten aire librean kirola egiten, gauza oso berezia zela. Gizonik gabe mugitzearen garrantzia ere mahaigaineratzen da, baita horren bueltako negoziaketak ere: zergatik, adibidez, beraiek senartzat hartzen dituzte gizon batzuk eta ez beste batzuk, eta zer zerikusi daukan horrek beraiek mugitzeko izango duten askatasunarekin. Etxean gelditzeko prest dauden gizonak dituzte ondoan, beraiek etxetik kanpo mugitu daitezen, merkataritza bileretara joateko, kasu.

Iruditzen zait mugimendu klase diferente asko daudela. Badago, baita, dendaren eta dendaostearen arteko etengabeko mugimendu hori, erreala zein sinbolikoa, adierazten duena zer erakusten den dendan eta zer ezkutatu dendaostean, lotura egiten duena kontatu eta gorde dutenarekin. Horri loturik azaleratu da, adibidez, bortxaketarena: narratzaileetako batek berrogeita hamar urtean inori kontatu gabeko zerbait, ezta ahizpari ere. Narratzaile horrek esan didan gauzetako bat da konturatu dela bortxaketa emakume guztiok mugatzeko eta kontrolatzeko tresna bat dela, eta kontatu egin behar dela. Gure bizitzetan bortxaketa beti dago hor, emakume bati luzaz jartzen baldin badiozu grabagailua beti agertzen den zerbait da, gertatu zaiolako edo berari, edo ahizpari, edo lagunari, edo bizilagunari…  eta hori ere bada mugimendua mugatzeko beste mekanismo bat. Zentzu horretan, asko gustatzen zait nola narratzaileak horri aurre egiten dion mugimenduaren bitartez: lau urte ia etxetik irten gabe pasa ostean erreakzionatzen du ordura arte eragin dion egituraren, elizaren, amaren kontra, eta gorputzaren mugimenduaren bitartez ahalduntzen da, parrandaren, dendaren, mendiaren bitartez, beste gizon batzuekin batera baita ere. Sarri helarazten zaigun mezuak dio bortxatzen bazaituzte ez duzula gaindituko, etxean geratuko zarela, geldirik… hemen kontrakoa erakusten da.

Marx eta mertzeria, josteko makinak eta diskoak, kontrakultura eta tradizioa nahasten zituen koktel lehergarri modura zabaldu zuten Pitxintxu 70eko hamarkada amaieran. Brodatzeari eta josteari muzin egin gabe, horiek ogibide gisa hartuta, baina itotzen zituzten joskurak errematatzen ziharduten bi emakume ageri zaizkigu; tradizioaren eta garai berrien arteko oreka bilatzen arituko bailiran.

Beraiek ez diote uko egiten ezeri. Jostea eta brodatzea ez da zerbait lotsagarria beraientzat, ikasi dutena da eta gainera diote inoiz ez direla kexatu, gustura egin duten eta egiten duten zerbait dela. Baina aldi berean eman diote beraiek nahi zuten lekua, eta ez diote uko egin irakurtzeari, beren burua janzteari, beste gauza batzuk egiteari, eta niretzako inportantea dena: dibertsioari. Zeren badaukat sentsazioa batzuetan borroka batean sartzen garenean ematen diogula halako zentralitatea eta garrantzia, arintasunez mugitzea ahazten zaigula. Eta beraiek lortu dute arintasuna mantentzea, eta niretzako hori ikasbide handia da.

“Dendaria zarenean ezin zara jendearengandik aldendu”, dio protagonistetako batek. Arreta gutxi jartzen zaion lanbide horrek humanotik zenbat daukan ere erakusten du liburuak.

Etengabe neukan buruan izan behar zela liburu bat oso humanoa. Jendetasun hori bilduko zuena, eta hortik kontatuko zuena atentatu bat, edo ikastolen publifikazioa, edo atxiloketak, edo torturak, edo suizidio bat, edo bortxaketa bat, edo pobrezia, edo aberastasuna, edo baita migrazioa ere. Pintzelada txikietan baina kontatzea humanotasun horretatik eta denda horretatik.

"Ez du edozein lekuk edozertarako balio. Zeren ez zara sartuko Mapfreko dendaostera filosofiaz hitz egitera, ezta?"

Liburuaren azken orrietan taula bat dago, 1978an Pitxintxu ireki zutenean Elgoibarko San Frantzisko kalean zeuden denden inbentarioa dena, eta horien tokian gaur zer dagoen jasotzen duena. Garaiekin batera emandako komertzio motaren eta herriaren eraldaketa islatzen du, ezta?

Adierazten du norentzako herriak sortzen ditugun. Higiezinen-agentziez, aseguru etxez beteta dagoen kale batean jende batek jada ez dauka lekurik. Iruditzen zait 78ko haiek jende guztia sartzeko moduko lokalak zirela, ogia edo egunkaria edo ikatza saltzen zuten eta hori bazen jende ororentzako. Narratzaileetako batek esaten du marka batek etxe bat erosten duenean, eraikin horrek uzten diola herriarena izateari, paisaia bera erosten dutela. 78ko paisaia horretan leku gehiago zeuden etxeko zapatiletan jaisteko modukoak. Ez du edozein lekuk edozertarako balio. Zeren ez zara sartuko Mapfreko dendaostera filosofiaz hitz egitera, ezta?

Eraldaketa horretan taberna-zuloak ere desagertu dira, jada ez dago ezkutukorako lekurik. Agian trapitxeo txikia desagertu da, baina hor badira beste mugimendu batzuk… Itxura txarra ematen duen “zikina” kendu da nolabait, baina baliteke egungo espazio modernoek erakusten duten distiraren atzean dagoen zikina handiagoa izatea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskal literatura  |  Feminismoa  |  Euskal Herria

Euskal literatura kanaletik interesatuko zaizu...





ASTEKARIA
2020ko azaroaren 15a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude