Ametsen heriotza eta utopien pizkundea

Joan zen uda eta negua heldu da. Horrela sentitu dugu askok egunotan, azaroa heltzearekin batera, arazoa erraldoi bihurtzen ari baitzaigu. Iragarri zuen Gabriel Arestik negu gorriaren etorrera, eta egun buru gainera abaildu zaigu pisutsu,  berunezko presente honetan, poeta-profeta bilbotarraren sententzia.

Kazetaritza bikainaren egitekoa da, nonbait, errealitate biluzia herritarron begien aurrera aurkeztea, eta bere horretan praktikatzen du ofizioa José Mari Pastor kazetarien maisuak. Aresti ametsen hilerrian artikulu zorrotza eskaini zigun lehengunean Berria-n. “Non dago Euskal Herri askatu eta sozialistaren ametsa?”, galdetzen zigun  hildakoen egunaren bezperan, hilerriak bisitatzeko sasoian, galderan bertan erantzun inplizitua iragarriz.

Galdera modu zabalagoan ere plazara daiteke: non dago Euskal Herria?  Hildako ametsa da ala gauzatzeko dagoen utopia?   
Euskal Herria, “herri nahi eta ezina”, zioen Gandiagak. Kontua da “ezina ekinez egina” goiburu hartuta saiatu dela gure aurretik

"Euskal Herria erakunde politiko demokratikoaren utopia hortxe dugu, guztion begien aurrean, baina etxegile zintzoak eta eraikuntza material egokia behar ditugu"

belaunaldi osoa, eta herri zigortua ia ezabatuta zegoen zulo beltz hartan, nazio proiektu osatua diseinatu zuen.  Belaunaldi horretako partaide zen, bai, Gabriel Aresti, baina harekin batera Joxe Azurmendi edota Koldo Mitxelena zein Txillardegi, era aipagarrian. Arestik nazio zaharberritu baterako etika soziala eta estetika liberatu modernotua ekarri zituen; Joxe Azurmendik, bere aldetik, euskal etxearen oinarri filosofiko eta teoriko-politiko sakonak; Mitxelenak kultur sistema propioaren orube den hizkuntzaren arkitektura. Txillardegik  aurreko atal guztiak elkarlotu eta pragmatikara ekartzeko lehen ahalegin serioa.

Euskal Herriaren nazio-antolaketa demokratikoa, edo horren diseinu zehaztua, guztion begien aurrean jarri zuten. Ez zegoen, orduan, etxearen diseinu orokorraren inguruko zalantzarik. Argi esan digu Joxe  Azurmendik berak Aresti eta biak zertan ari ziren: “Sozialismorako bide euskaldun bat, hori zen gure ametsa orduan”.

Hor zegoen, beraz, diseinu argia. Zer gertatu da ondoren?  Arkitektoek ez zuten huts egin, baina etxegileek bai. Alde batetik, planoak gaizki interpretatu dituztelako: nazio propioa eraiki nahi duzunean, ezin zara beste mega-nazio baten azpian eraikitzen saiatu, eta gainera besteen etxe barruan maizter izatea ontzat ematen duzunean, jabea zaren plantak egiten ibili. Bestalde, Orwell-en Animal farm ezagunean gertatzen zen moduan, nagusien etxaldean bizitzetik, nagusien moduak eta antza hartzen amaitzen duzulako; nagusien ukuiluan ematen duzu denbora gehiago,  hango arazoez “parlamentatzen” eta adosten, bertoko ortuak lantzen baino.

Parabola orwelliar hori etorri zitzaidan gogora lehengunean, Madrilgo kongresu hartako eztabaidan Pablo Iglesiasi, zuzenean,  hauxe aditu nionean: “Guztiok dakizue ni errepublika zalea naizela, baina orain, gobernu honetako presidente-ordea naizenez, monarkiari errespetua exijitu behar dizuet”.  Horrek laburbiltzen du parabola osoa.

Euskal Herria erakunde politiko demokratikoaren utopia hortxe dugu, guztion begien aurrean, baina etxegile zintzoak eta eraikuntza material egokia behar ditugu. Une honetan ez dugu trazatu oraindik plangintza estrategiko zehatzik obra horretarako, etxearen orubea euskara dela ez dugu aitortu nahi; eraikuntzaren dimentsioak ez ditugu Euskal Herriaren dimentsio osoarekin bateratu; eraikuntza-epeak ez ditugu zehaztu. Ezinbesteko tresnak (komunikabide-sare propioa, unibertsitate beregaina…) falta zaizkigu. Horrela gabiltza oraindik. Ez gara hain onak benetan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude