Kartzela, zaintza eta emakumea*

  • Lurgatz talde feministak Villabonan mahai-inguruan bildu zituen kartzelatik pasatako lau emakume: Maite Ortiz, Katia Reimberg, Maite Aranalde eta Nekane Txapartegi. Bizipenetatik laukote aberatsa osatu zuten, gaia ertz anitzetatik lantzeko: garai ezberdinetan eta Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta Suitzako kartzeletan egondakoak dira, hauetako batzuk torturak jasandakoak, hauetako batzuk ama izanik preso sartu zituztenak, hauetako batzuk preso migranteak...


2020ko azaroaren 08an
Irudia: Joseba Larratxe.
Irudia: Joseba Larratxe.

Kartzela pertsona suntsitzeko instituzioa dela eta gizonentzako pentsatua dagoela azalduz egin dio mahai-inguruari sarrera Esti Amenabarro moderatzaileak: "Gizarte neoliberal eta patriarkalak ez du aurreikusten emakume batek ezer txarrik egin dezakeenik, beraz, espetxea ez da emakumeentzako". Katia Reimberg sortzez Brasilgoa da eta Martuteneko kartzelan egona da bost urtez. Ez dagoela emakumeen kartzelarik azaldu du, kartzela barruetan emakumeentzako moduluak baizik, eta hori ezberdina dela: "Kartzelak emakumeentzat egokitu egiten dituzten espazioak dira, ez dago emakumeentzako kartzelarik. Sexismoa dago eta ezberdina da kartzelan gizona edo emakumea izatea. Guri ematen dizkiguten materialak beti-beti dira gizonezkoei sobratu zaizkienak... Martutenen emakumeen modulutik gizonen modulu batera pasatzea, harategira sartzea bezala zen: gizonek piropoak oihukatzen dizkizute, etengabeko erasoa jasaten dugu emakume gisa". Maite Aranalde Poitiers-eko kartzelan egona da eta gogoan du han emakume presoek ezin dituztela gizonezkoen azpiegiturak erabili: "Gizonek futbolean jolasteko aukera zuten eta guk ezin genuen patio gris txiki batetik atera".  Nekane Txapartegi Zuricheko kartzelan sartu zuten 2016an eta han emakumeek modulurik ere ez daukatela dio: "Emakumeen modulua ez, 'modulo berezia' izena zuen eta hor geunden emakumeak, trans pertsonak eta arazo psikologikodun gizonak: alegia, gizarte heteropatriarkal horretan sartzen ez direnak, espetxe barruan ere zokoratuak".

Maite Ortizek zortzi hilabete egin zituen 1987an Carabancheleko kartzelan, eta garai hartan egoera bestelakoa zela kontatu du: "Estatuko emakume preso politiko guztiak elkarrekin geunden. ETAkoak, autonomak, galiziarrak, katalanak eta GRAPOkoak. Gure gorabeherak bagenituen ere, ongi eramaten ginen. Ni atera nintzenean dispertsioa hasi zen. Politikoki diseinatu zuten kolektiboa zatitzeko eta kartzelak jada ez ziren gauza bera: emakume denak batera egotetik dispertsatuta egotera pasa ziren, binaka edo bakarka, arau oso zorrotzekin. Aldaketa latza izan zen. Nire esperientziak ez zuen zerikusirik izan ondoren nire kideek bizi behar izan zutenarekin".

Lurgatz talde feministak urriaren 14an Villabonan antolatu zuen mahai-ingurua. Oholtzan ezkerreko mahaian, Maite Ortiz eta Esti Redondo. Pantailan Nekane Txapartegi (bideokonferentziaz). Eta eskuineko mahaian, erdian Katia Reimberg eta eskuinean Maite Aranalde (ezkerrean, Reimbergi itzulpena egin ziona). Argazkia: Gorka Rubio / Foku.
Emakumeak hezteko enpeinua
"Poitierseko kartzelan uneoro sentitzen
nuen emakumeok zigortzeaz batera hezi egin behar gintuztela. Emakume errebeldea oso zigortua dago", Maite Aranalde

Emakumeen kasuan kartzelak funtzio gehigarria duela azaldu du Txapartegik: "Espetxeak presoak txikitzeko sortu ziren, baina emakumeen kasuan korrekzionario moduan ere bai. Hezi eta zigortu nahi gaituzte, emakume bezala guregandik espero ziren rolak hautsi ditugulako. Kartzelak guretzako duen mezua hori da: 'Zuek esaneko eta otzan bihurtu behar duzue'". Aranaldek Poitiersen bizi izan zuenetik berretsi du: "Uneoro sentitu nuen emakumeok zigortzeaz batera hezi egin behar gintuztela. Emakume errebelde asko psikiatrikora eramaten dituzte, oso zigortua dago emakume eredu hori".

Txapartegik azaldu du kartzelak emakumeak "hezteko" erabiltzen duen bideetako bat, "bergizarteratze" izenpean lan oso markatuak ematea dela: "Ematen dituzten lan aukerak guztiz heteronormatiboak dira, patriarkalak. Badirudi etxeko andre onak izateko hezi nahi dituztela emakume presoak". Reimbergek azaldu du justu zaintza lana dela emakumeek kartzelan egin dezaketen bakarra: "Emakume presoen lanak kartzelaren zaintza lanetara mugatuta daude, garbitzea zaintza lana baita". Eta gehitu du preso askok bizirauteko lan egin beharra daukala kartzelan, justu bera zanpatzen duen kartzela sistema zaintzen: "Migrantea izanik kartzelan bazaude, ez daukazu inor kafea hartzeko 80 zentimo bidaliko dizkizunik eta lan egin behar duzu, dauden lanpostu horietan. Hilabeteko biziraupen kit bat ematen dizute, eta hortik aurrerako guztia nonbaitetik atera behar duzu. Kartzeletan gehiengoa gizona da eta emakumeak gutxiengo gara. Lan produktibo bat sortzen denean gizonei ematen diete, emakumeoi geratzen zaiguna geratzen zaigu, eta dagoenean! Nora joango zara? Sukaldera, kartzela garbitzera edo arropa garbitzeko gunera. Sistema zaintzeko lan hori kastigu bat da, zuk parte izan nahi ez duzun kartzela zaintzen ari baitzara! Baina ez duzu beste biderik, biziraupen kontua da".

Maite Aranalde. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.
Espetxe kanpotik egiten den zaintza, emakumeen esku batik bat

Presoaren zaintzak bi zutabe dituela azaldu dute mahaikideek: kartzela kanpotik egiten dena, eta presoen arteko elkar zaintza. Lurgatz talde feministak antolatu duen ekitaldiak aitortza eta ikusgarritasuna eman nahi izan dio modu desorekatuan emakumeek kartzela kanpotik betetzen duten zaintza funtzio horri. Aranaldek bere esperientziatik berretsi du: "Euskal preso politiko gisa eta emakume gisa, ni zaindu nauena ama izan da, emakumea. Kartzelari aurre egiteko presoak dituen moduak izan daitezke irakurtzea, kirola egitea... eta horretarako beharrezko den guztia ere kanpotik sartzen dizute. Bisitak kanpotik antolatzen dizkizute... dena. Presoarentzako ezinbestekoa den zaintza lana, kanpokoentzako zama bat da: maitasun guztiarekin eta harro egiten dena, eta egiten jarraituko dena, baina hor dago. Segur aski zaintza hori gizonek egingo balute, beste ikusgarritasun bat emango zitzaion. Emakumeek egiten dute gehienbat".

Ortizek ederki daki zer den kartzela kanpotik zaintza lana egitea, izan ere, lehenik senarra izan zuen preso eta orain semea: "Kartzelatik irten ondoren, zaintzailearen papera tokatu zitzaidan. Pello (senarra) erbestean zegoen eta bera bisitatzera joaten nintzenean hilabete pasatzen nuen berarekin. Horretarako, gure alaba Virginia, nahiz eta oso gaztetxoa izan, denda zaintzen geratzen zen nire koinatuarekin. Pellok hamaika urte pasatu zituen erbestean; ondoren, Espainiari entregatu zioten eta hamabost urte pasatu zituen kartzelan. Bisitak, paketeak, hilero bis a bisak... edozein egoeretarako, ni nintzen erreferentea. Gure seme Oskarrek 18 urte daramatza barruan. Eta bere emazte Rosi da arduratzen dena bere eta bien alabaren zainketez. Hilabetero 1.100 kilometro egiten jarraitzen dugu. Bada garaia dispertsioa amaitu dadin".

"Kartzelan ez dut bisitarik izan. Eta kartzelako nire lana lokutorio guztiak garbitzea zen! Kartzelak minik gehien duzun lekuan kastigatzen zaitu” Katia Reimberg

Aranalderentzat, kanpotik egiten den zaintza kartzelan irauteko "ezinbestekoa" da: "Ezagutu dut preso egonik kanpoko zaintza eta elkartasuna izan ez duen jendea eta aurrera egin duena. Baina iruditzen zait zaintzarik gabe ia ezinezkoa dela, gaizki irauten dela kartzelan". Horretan preso politikoen eta sozialen artean dagoen aldea handia dela azaldu du: "Preso politikoek duten babesa, herri oso bat eta borroka bat dagoelako da. Patioan ikusten nituen preso gehienek ez zuten hori, askotan ikusten nuen jendea bakarrik. Guk astebururo genuen bisita bat eta hauek ez zeukaten bisita bat sekula!". Reimberg sortzez Brasilgoa da eta ez zuen borroka politikoak eraman kartzelara: "Kartzelan egon naizen denbora osoan ez dut bisitarik izan, ezta bis a bisik ere. Hori gutxi ez, eta kartzelako nire lana kastigu bikoitza zen, zeren bis a bisak eta lokutorio guztiak garbitu behar nituen, eta presoak bisitetan ikusi, nik batere jasoko ez nuenean! Kartzelak min gehien duzun lekuan kolpatzen zaitu, kastigua kastiguaren gainean ezartzen du".

Presoentzat bikote harremanak babes handia izan ohi dira, eta Aranaldek azaldu du horretan ere ez dela berdin gizon edo emakume izatea: "Bikote harremanei eustea askoz zailago izan dugu kartzelan egon garen emakumeok. Datuek adierazten dute askoz emakume gehiagok eusten eta zaintzen dituztela kartzelan dauden beren bikote gizonak. Emakume presoon artean argi dago, edo bilatzen duzu kartzela barruan dagoen mutil lagun bat, edo ahaztu. Txorakeria dirudi baina ez da. Barruan ere sentitzen dugu, bizitzen dugu, eta gai garrantzitsua da". Reimberg: "Kartzelan askotan ikusi izan dugu hori: gizona sartzen denean, emakumea hilero joaten zaio ikustera. Emakumea sartzen denean gizona desagertu egiten da, hasieran badoa, baina ez du irauten, bikote harremana bukatu egiten da".

Katia Reimberg.
Presoen arteko elkar zaintza
"Komisariatik xixko eginda iristen zinenean, beste kideek besarkatzen zintuzten eta hori arindu
handia zen” Maite Ortiz

Aranaldek kartzela barruko elkar zaintza nabarmendu du: "Barruan ere elkar zaintza badago, eta kartzela presoen arteko elkartasuna, atxikimendua eta maitasuna momentuoro mozten, zapaltzen eta zigortzen saiatzen da. Barruan egiten dugun elkar zaintzak min handia egiten die". Ortizek ere kartzelan egindako laguntasunaren balioa azaldu du: "Norbait momentu txarra pasatzen ari bazen, hor zeuden kideak zaintzeko. Kidetasun handia zegoen, horren oso oroitzapen ona dut eta esan dezaket kartzelan egiten den laguntasun harremana berezia dela. Komisariatik xixko eginda iristen zinenean, bost axola zitzaizun kartzelara joatea, komisariatik ateratzea zen nahi zenuen bakarra. Besteek besarkatzen zintuzten eta hori arindu handia zen".

Txapartegik azaldu du 1999an torturatu zutenean berak ere osatzeko beste presoak izan zituela babes: "Nahiz eta dispertsatuta egon, Soto del Realen beste euskal preso politikoekin batera nengoen eta oso beharrezko izan nuen komisarian bost egun torturatua izan ostean kideekin elkartzea eta osaketa egiten hastea. Beraiek ere antzekoa jasan izan zuten, eta haien artean babestuta sentitzen nintzen, zerbaiten parte, ulertua; konturatu nintzen ez nintzela tortura sexista jasan zuen bakarra, egitura oso bat dagoela emakumeon gorputza guda-zelai gisa erabili duena. Hor egiten diren harremanak betiko geratzen dira". Reimbergek horrela azaldu du preso guztien arteko zaintza: "Kartzeletako egunerokoan erresistentzia txikiak egiten ditugu eta bizirauteko estrategia asko erabiltzen dira. Elkartasun handia dago, bakardade handia ere badagoen arren". Aranaldek kartzela barruko indarra agerian jarri nahi izan du: "Adierazi nahi dut sufrimenduaz eta zapalkuntzaz gain, kartzelan errebeldia handia dagoela, iluna da eta tristea baina badago bizirik mantentzen gaituen zerbait".

Txapartegik kontatu du kartzelaldi gogorrena Zurichen isolatuta eduki zutenean bizi izan zuela, eta egoera horretan zaintza norberaren buruari eusteko moduak bilatzea dela: "Nola egin aurre bakarrik, egunean 23 ordu isolatuta egonik? Asilo politiko eskaera egiteko hitzez kontatu behar izan nituen Espainiako komisarian jasandako torturak eta erabat "birtraumatizatuta" nengoen, torturen zauria irekita... Non heldu? Kirolik egiteko aukerarik ez nuen, alaba besarkatzea ere debekatzen zidaten, nirekiko guztia zeukaten politizatua eta kriminalizatua, ezin nuen euskaraz hitz egin, ezta abokatua deitu ere... Non heldu? Nola biziraun asmatzea zen eguneroko borroka, subjektu izaten jarraitzeko: lehen aldiz margotzeari eman nion. Neukan arma bakarra hitz egitea zen, eta ezin nuenez telefonoz egin, paperean hasi nintzen, marrazki bidez edo poesiak eginez.

Maite Ortiz. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.
Presoa ama denean

Aranaldek hitza jarri die kide preso askorengan ikusi duen egoerari: "Emakumea kartzelara sartzean, zaintzailea da kartzelan dagoena. Askotan umeak ditu, eta familiaren zutabea erortzen da. Hori ikusi izan dut emakume presoen artean, beraiek zaintzen zituzten pertsonak zaintzarik gabe geratzen zirela. Hori sufrimendu handia izan da emakume presoentzat eta bete-betean harrapatu ditu". Ortizek bere bizipenetatik kontatu du: "Ni atxilotu nindutenean, senarrak herbestera egin zuen eta gure alaba Virginiak 14 urte zituen eta seme Oscarrek 13. Nire ama Pilarren zaintzapean geratu ziren. Nire kezka zen horrek nola eragingo zien gure seme-alabei: nola egingo zioten aurre amonarekin bakarrik geratu beharrari, beren aita herbestean eta ama kartzelan egonik. Baita ere kezkatzen ninduen nola egongo zen senarra, ez baitzen posible inolako informaziorik izatea. Oso une gogorrak izan ziren".

Txapartegik ere bizi izan zuen alabarengandik bereizia izatea, 2016an kartzelan sartu zutenean: "Suitzan amatasunarekin oso gogor jokatzen du estatuak, eta berehala kentzen zaio umeari ama ikusteko aukera, instituzioek dakitelako zer den ama ona izatea eta zer ez. Hori oso gogorra egin zitzaidan eta argi neukan ez nuela onartuko nire alaba zigortzea eta are gutxiago ni zigortzeko erabiltzea. Hori izan zen nire lehen borroka handietakoa, lehenengo hiru hilabeteetan debekatu egin zidatelako alaba ikustea eta besarkatzea. Ez nekien alaba non eta nola zegoen, eta kezka hori erabiltzen zuen kartzelak nire aurka: atxilotu nindutenean esaten zidaten ez banuen kolaboratzen, ez banuen beraiek nahi zutena egiten, alaba umezurtz-etxera eramango zutela".

Aranaldek presoen amatasunari lotutako beste min bat publikoki agertu du: "Ez da hitz egiten ama izan nahi eta ezin izan duten emakume presoez. Kideengan ikusi dut zer drama eta sufrimendu den, bai Espainiako kartzeletan, eta batez ere Frantziakoetan, orain gutxi arte ez zegoelako eskubiderik sexu harremanik izateko: beraz, Espainian zaila bazen, Frantzian ezinezkoa zen".

Nekane Txapartegi.
Zaintza kolektiboa, espetxeak abolitu arte
"Migranteen kasuan saretze kolektiboa falta da, emakume preso bakoitza indartzeko, kartzela sistemari aurre egiteko. Euskal preso politikook jaso dugun babes eta kolektibotasun hori zabaldu dezagun”, Nekane Txapartegi

Preso guztien zaintza kolektiboa indartzeko deia egin du Txapartegik: "Euskal preso politikook badaukagu kolektibo bat, badaukagu herri bat eta Suitzan kolektibo feminista da nire gunea eta babesa, horregatik egin ahal izan dut aurrera, eta baita ere familia eta lagunei esker, beti etorri direlako Suitzara nahiz eta bisitak astegunez izan, horrek dakarren guztiarekin. Baina migranteen kasuan saretze kolektiboa falta da, emakume preso bakoitza indartzeko, kartzela sistema patriarkal kapitalista horri aurre egiteko eta ez sistema horretan lan egin behar izateko. Horretarako kolektiboki preso denei tresnak eman behar zaizkie. Nire deia hori da, guk jaso dugun babes eta kolektibotasun hori zabaldu dezagun". Reimbergek zaintza kolektiboa zabaltzeko bidean hauxe proposatu du: "Ekintza egin nahi duenak, bada bat oso erraza eta txikia: gutuna idaztea inoiz gutunik jasotzen ez duten presoentzat. Animoak eman behar dira gutun horretan, 'aupa hi!' eta horrelako mezuak jarri. Manifestazioetatik Martutenera iristen ziren testuak niretzako idatzita baleude bezala hartzen nituen, horregatik esaten nuen 'ateratzen naizenean ongi-etorri batera joango naiz!'. Ez dut euskara ikasi baina ikasi dut 'presoak Euskal Herrira' esaldia. Testu eta orri horietan hartzen nituen animoak, horri heltzen nion. Berehala ekintzaren bat egin nahi duenak, hor dauka bat, idatzi gutun txiki bat: aldatuko ditu gauzak". Beretzat feminismoa da kolektiboki antolatzeko gunea: "Emakumeok daukagun espazio seguru eta konfiantzazko bakarra feminismoa da. Dolores Julianok salbatu dit bizitza kartzelan, mugimendu feministak bizitzak salbatzen ditu".

Ortizek gizarteari eskatu dio "presoak ez ahanzteko": "Elkartasunari eutsi diezaiogula, eta gutunak idatzi: preso batentzat poz handia da eskutitzak jasotzea, horrek esan nahi duelako pertsona hori zutaz gogoratu dela. Politikoei eskatu behar diegu presoen gaia etengabeko exigentzia izan behar dela".

Kartzela barruetan gertatzen denaren berri kalera ateratzea "ezinbestekoa" dela esan du Aranaldek: "Eta askotan ez da egiten. Euskal preso politikoena egiten da baina beste dena ez, berandu jakiten dugu Zaballan preso bat hiltzen denean eta gehiegi isiltzen da gaia". Txapartegik azaldu du Zuricheko kartzelan 23 orduz isolatuta izan zutela eta egoera horretan kartzelako berri kanpora ateratzea izan zela bere borrokatzeko modua: "Zuricheko Lora irrati librearen bidez lortu nuen isolamendu harresiak etetea. Nik kanpora ateratzen nuen informazioa, irratiak zabaltzen zuen. Hori janaria zen niretzat eguneroko borrokarako, nik kanpora mezua emateko eta kanpotik barrura jasotzeko. Izan ere, nire familiak eta lagunek deitu zezaketen irratira ni agurtzeko, elkartasuna adierazteko. Irratiak kanpoko munduarekin eta borrokarekin lotzen ninduen eta euskara entzuteko aukera bakarra ematen zidan. Migrante presoen kasuan irrati libreak tresna indartsua izan daitezke, kanpoarekin erlazio afektiboak mantentzeko, norberaren ama hizkuntzan". Azaldu du orain irratsaio feminista egiten parte hartzen duela, bertatik presoen salaketei oihartzuna emateko eta elkartasuna adierazteko: "Batzuetan joera dago zapalkuntzak hierarkizatzeko, eta nik zapalkuntza guztiak batera borrokatu nahi ditut eta batera askatu: klase, genero, identitate politiko... mugimendu feministak egin dezakeena hori da, horrelako ekimenak praktikara eramatea, eta preso bakoitzari tresnak ematea subjektu politiko izateko, espetxeak abolitzeko".

Horretan ados daude mahaikide guztiak: "Kartzelek ez dute lekurik izan behar". Reimbergek gai horrekiko bere jarrera aldaketa azaldu du: "Kartzelak sistemaren barruan existitu beharko lukeela pentsatzen nuen nik ere, delituren bat egin zuten pertsonek eta pertsona txarrek kartzelan egon behar zutela. Egun batean zure burua ikusten duzu kartzela barruan. Kartzela sistemaren barruan aldatzen saiatzen zara eta 'bergizarteratzeko' egiten duzun lan guztiarekin zaplakoa hartzen duzu, 'bergizarteratzea' ez delako existitzen". "Bergizarteratzea" kartzela justifikatzeko erabiltzen den hitz polita dela azaldu dute, baina gezurra dela. Kartzela abolitzeak gizarteko hainbat egitura aldatzea ere eskatzen duela azaldu du Aranaldek: "Jendarte bat eraiki behar dugu kartzelek lekurik izango ez dutena. Horretarako kapitalismoa eta patriarkatua bukatu behar da. Eta justizia feministaz pentsatu behar dugu, kartzela ez dezagula tresna gisa erabili bortxaketen eta abarren aurrean".

 

  Publikoarekin batera bertso hauek elkarrekin abestuz eman zioten amaiera Lurgatz talde feministak antolatutako ekitaldiari.

 

Ekhiñe Eizagirrek Sarerentzat egindako "Poltsa bete kontu" dokumentala ikusiz eman diote hasiera mahai-inguruari. Bertan, presoen zaintzaren ardura daramaten emakumeek hitz egiten dute. Lotura hauetan ikus dezakegu dokumentaleko Gotzone Ijurkoren elkarrizketa, Esti Amenabarro, Oihana Etxebarrieta eta Edurne Epelde-rena.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude