"Abdón euskal gauza guztien faktotuma izan zen Madrilen"

  • Euskarazko lehenengo komiki-aldizkariaren eragilerik kartsuena izan zen Abdón González de Alaiza Azazeta (Musitu, 1876 – 1926). Hura hilagatik ere, bizian iraun du haren espirituak familiako suaren beroan eta, oraindik orain, haren oinordeek berri gehiago ikasi dutelarik, zazpi bazterretara zabaldu dute su hura. Amaia dugu lekuko.

Amaia bere amarekin, Abdónen iloba, Magdalena González de Alaiza, Abdónen jaiotetxean bertan bizi dena, etxe atarian. (Arg.: Zaldi Ero)
Amaia bere amarekin, Abdónen iloba, Magdalena González de Alaiza, Abdónen jaiotetxean bertan bizi dena, etxe atarian. (Arg.: Zaldi Ero)
Amaia Urrea González De Alaiza. Musitu, 1970

Amaia Urrea González de Alaiza (Musitu,1970). Abdónen hereniloba. Gaztetandik aditu zituen, familiaren gerizan, Musituko etxean jaio, Madrilen bizi eta, heriotzako orduan, gaixo handi, habiara itzuli zen birraitaitaren istorioa. Etxeko fatxadan ageri den idazkunak eta hilerriko hilarri bereziak ere horixe ziotsaten Amaiari, Abdón González de Alaiza Azazeta nor izan zela. Oraindik orain, haren biografia berrosatu dutelarik, erantzunik ez zuten hamaika galdera erantzun dizkio Amaiak bere buruari.

Abdón González de Alaizaren oinorde zaitugu, askazi.
Bai, gure amamaren osaba izan zen Abdón. Urrun xamar gelditzen da, baina, aldi berean, oso etxekoa dugu. Hain da hori horrela, Musitun, gure etxean, plaka bat baitago fatxadan. 1933an jarri zuten, Abdón omendu zuten egunean. Horixe esaten du plakak, Abdón etxe honetan jaio eta hil zela. Alabaina, oraindik orain jakin dugunez, baliteke Abdón etxe honetan ez jaioa izatea, hor bertan dagoen kortatxoan baizik... Euzko Ikasle Batzak sinaturik dago plaka, eta egia da Abdón Musitun betiko etxean jaio eta hil zela, baina bizimodu osoa Madrilen egin eta gero itzuli zen sortetxera, oso gaixorik, hiltzera. Etorri, bizpalau hilabete bertan egin, eta hil. Alde horretatik, oso itzulera dramatikoa izan zen.

Etxearen fatxadan ageri den plaka hori ez beste lekukotasunik bada zuen etxean? Hura ezagutu zutenen testigantzak, istorioak...
Gure amak, adibidez, bere amari aditutakoak dakizki. Oso gauza urrutikoak. Kasik oroitzapen zahar batzuen oihartzunak dira. Bestalde, ordea, badugu lehengusu bat, Jordi Quera, eta hark gehiago daki, edo istorio gehiago bildu ditu, bere amama Elvirari galdetuta. Elvira hori, González de Alaiza, Abdónen anaia Justoren alaba izan zen, eta Jordik kontatzen duenez, amama Elvira oroitzen zen Abdón aldiro etortzen zela Musitura, liburuak ekartzen zituela, lauburuak ere bai, gau-arrantzan ibiltzen zela nor edo norekin, guardia zibilen kontrako komentarioak egiten zituela... Horrelako kontuak. Beste inork ez daki besterik, nahiz osaba Luisek edo nire neba Josuk beren esperientziak ere badituzten fatxadan jarrita dagoen plaka horren kontura.

Zer esan nahi duzu? Zer esperientzia?
Gure osaba Luisek kontatzen du gerra ondoan plaka fatxadatik kendu zutela, eta ezkutatu egin zuela Gasteizen, gurasoen etxean. Etorri omen zen egun batean Gasteiztik, eta biharamunean, goizean goizik hartu lehenengo trena, Vasco-Navarro-a, eta Gasteizko etxera eraman zuela plaka. Kontatzen du Dato kalean barrena joan zela, plaka zaku batean sartuta, buru gainean zeramala. Brontzezkoa da, eta oso pisua. Hamabost edo hogei urte egin zituela plaka horrek haien etxean Gasteizen. Gero, Franco hil eta gauzak pixka bat normaldu zirenean, plaka hartu, txukun-txukun leundu eta atzera lehengo lekuan jarri zuen gure neba Josuk, dotore-dotore. Istorioa, baina egiazkoa.

"Hasi da polizia Madrilen ere delako Tarratón horren bila, baina ez zen inon azaltzen. Jakina, ez zen Tarratón, Alaiza’tar Aton baizik. Gure Abdón!”

Euskarazko lehenengo komikia sortu zuen Abdónek: Txistu.
Horixe uste genuen guk, baina oraintsu jakin dugu inork ez dakiela hori. Alegia, badakigu Abdón tartean zegoela, hura hil zenean horixe idatzi zuten-eta orduko Argia aldizkarian: Txistu argitaratzea asko atzeratu zela, besteak beste proiektuaren “eragile sutsuena” hil zelako. “Eragile sutsuen” hori Abdón izan zen, Madrilgo lagunek esan zuten.

Zer dela-eta bizi izan zen Abdón Madrilen, zer dela-eta egin zuen bizimodua han?
Musitu nekazari herria da, ez dago mendia besterik. Erdi Aroan toki garrantzizkoa izan omen zen, hala ere, Nafarroatik eta Errioxatik arabar Lautadara eta Espainiako Kantabriara joateko bidegurutzean zelako. Eta irin-errotek ere ospea eman zioten Musituri. Hortxe dira oraindik, adibidez, Igoroingo errotaren hondakinak, 1561eko errota!... Kontua da XIX. mendearen bukaeran, Abdón jaio zenean, 1876an, horrelakorik ez zegoela, eta bizimodua ez zegoela erraz. Gainera, zazpi seme-alaba izan ziren Abdónen etxean, anaia gehiena etxean geldituko zen, eta gainerakoek etxetik kanpora joan beharko zuten lanera. Uste dut horrela izango zela. Seguru dakigu, hala ere, Abdónen bi ahizpak, Juanita eta Elvira, Madrilen ari zirela lanean, zerbitzatzen, eta bi ahizpa zaharragoak Madrilen zeudela joan zela Abdón ere hara. Gazterik joan zela pentsatzen dugu, datu askorik ez badugu ere.

Zer datu dituzue, adibidez?
Bada, esate baterako, 1899an Madrilen zegoela dakigu, euskal orfeioaren inguruan ageri da-eta. Hori zierto dakigu. Handik lau urtera, berriz, Bilboko Athletic futbol taldearen Madrilgo sukurtsala sortzen ere parte hartu zuen. Oraingo Atletico Madrid ekipoa, alegia. Hori dokumentatua dago. 1902an futbol partida bat jokatu zuen Bizkaia taldeak Bartzelonaren kontra, Madrilen, eta hipodromotik irten eta Castellana hiribidean barrena zihoazela, Athleticen filiala sortzeko ideia izan zuten euskaldun batzuek. Tartean zegoen Abdón.

Arg.: Zaldi Ero

Txistu-ren sortzaileetakoa, futbolean ere sartuta,...
Bai! 1903ko apirilaren 8an lehen Errege kopa eta Espainiako Txapelketa jokatu zituzten Athleticek eta Madrilek. Bilbotarrek irabazi zuten, eta horrek bihotz eman zien Madrilgo euskaldunei. Aurreko urteko ideia hartu, eta biharamunean bertan fundatu zuten Bilboko ekipoaren filiala. Zuzendaritzakoa izan zen Abdón. Horrelaxe! Hil zenean, Manuel Irujok esan zuen, Madrilen egosten ziren euskal lan eta saltsa guztietan buru-belarri sartuta ibili zela beti Abdón. Politikan, kulturan eta behar zen guztietan, euskaldunei laguntzen ibili zen beti.

Zer ibili zen politikan? Eusko Alderdi Jeltzalekoa izan zen?
Ez dakigu alderdian militatu zuen edo ez, baina EAJkoak ziren bere lagun asko eta asko. Abdóni berari dagokionez, haren lagunek idatzi zutelako dakigu, adibidez, 1909ko azaroaren 28an mitin abertzalea egin zela Madrilgo Lavapies auzoan, Abdónek hautatu zuela toki hura, eta bi baserritar ere eraman zituela bertara, baina baserritar jantzita! Ramon Bikuñak kontatzen du Abdónek lan handia egin zuela garai hartako prentsa abertzalea Madrilen zabaltzen. Aberri, Patria eta Gipuzkoarra aipatzen ditu Bikuñak. Mitinak eta omenaldiak antolatzen zituela, arrantzaleen seme-alaba zurtzei edo Uztaritzeko seminarioari laguntzeko diru-biltzeak egin zituela... Ikaragarria izan behar zuen Abdónek, nonbait ere! Eta EAJkoa zen, ez zen, ez badakigu ere, jendea abertzaletu zuela ere esaten dute. Hor bada anekdota polit bat Abdónen izena dela eta ez dela...

Zer anekdota?
Roman Berriozabalek idatzita dakigu 1908ko urtarrilaren lehenengoan ekitaldi berezi bat egin zela  Gasteizko batzokian. Agintari abertzale batek hitzaldia egin zuen, eta gobernadore zibilaren ordezkariak, han baitzegoen, oharrarazi egin zion. Kontua da iskanbila sortu zela, eta jendea berotu egin zela “Gora Euzkadi!”-ka, eta poliziak hizlari abertzalea atxilotu egin zuela eta, biharamunean, baita abertzale gehiago ere. Orduan, protesta jo zuen jendeak, eta gutunak idatzi ere bai. Haietako bat, posta-txartela, Tarratón-ek sinatu zuela iruditu zitzaion poliziari;  Madrildik bidalia zen. Hasi da polizia Madrilen ere delako Tarratón horren bila, baina ez zen inon azaltzen. Jakina, ez zen Tarratón, Alaiza’tar Aton baizik. Gure Abdón!

Hara! Alaiza’tar Aton, Abdón González de Alaiza. Sabino Aranaren jarraitzaile zen horretan.
Bai, bada! Eta, gero, 1919an Eusko Ikaskuntza sortu zenean, eta Anjel Apraiz Madrilen zegoela baliatuz, erakunde berri horri buruzko lehen eskuko informazioa izan zuen Abdónek. Esaten dute, hala ere, inor ez zela Abdón bezainbeste saiatu Eusko Ikaskuntzaren alde Madrilen, bazkideak egiten, erakundearen berriak han zabaltzen... Gutun mordoxka kontserbatzen dira, Abdónek Eusko Ikaskuntzari idatzitakoak.

Dena dela, oraindik oraintsu arte, Txistu sortzen ibili zelako zen ezagun Abdónen izena.
Bai. Horixe esaten zuten. Baina badakigu ez zela bera bakarrik ibili Txistu sortzen. “Eragile sutsuena” izan zela idatzi zuten, eta egia izango da, beste informaziorik ez dugu-eta gaur-gaurkoz. Orduko Argia aldizkarian idatzita dagoenez, Madrilen arkitektura ikasten ari ziren ikasleak ere tartean ibili ziren, baina ezin jakin. Abdónen izena besterik ez dakigu, eta, orain arte, Txistu-ren sortzailea Abdón izan zela esan dute batzuek eta besteek.

Komikiaren alerik ez zela gorde ere esan izan da, eta halaxe ageri izan da oraintsu arte han eta hemen. Haatik, denak gorde dira...
Bai. Publikatutako 16 aleak! Urte askoan inork ez du jakin aldizkaria inon bazegoela. Horixe esaten zuten denek, ez zela alerik kontserbatu. Orain dela bizpalau urte, ordea, Anartz Gorrotxategi –Arraia-Maeztuko alkatea–, eta Javier Díaz Noci irakaslea harremanetan jarri ziren, han eta hemen begiratu zuten, eta jabetu ziren Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ale guztiak zituztela, digitalizatuta. Antonio Zavalaren funtsetan agertu zen Txistu. Bilduma osoa!

Omenaldia aipatu duzu lehen. Zer omenaldi egin zitzaion Abdóni?
1933an, ekitaldi handi bat egin zen Musitun. Herri txikia da, baina 1933ko uztailaren 16an jende multzo handia bildu zen hemen, Abdón omentzeko asmotan. Euzkadi egunkariak egunaren kronika egin zuen, ia orrialde oso batekoa, eta han irakurri dugu nola izan zen egun hura. EAJren agintari ezagunak etorri ziren, Manuel Irujo, Xabier Landaburu, Doroteo Ziaurriz eta Ramon Bikuña. Meza izan zen lehenengo, eta, gero, hilarri berezia jarri zuten Abdónen hilobian, eta plaka etxeko fatxadan. Hitzaldiak ere egin zituzten, eta txistulariak ere izan ziren. Oso egun berezia. Orduan esan zuen, bada, Irujok Abdón euskal gauza guztien faktotuma izan zela Madrilen.

Faktotuma?
Bai, Bikuñak esan zuen Abdón Madrilgo euskal gauza guztien “ardatz, giltza, sustatzaile eta animatzaile” izan zela. Madrilera joaten ziren ikasleak orientatzen zituena, hango euskaldunak bata bestearekin harremanetan jartzen zituena, lanik ez zutenei lana bilatzen ziena. Hango euskaldunen errolda ere egin zuen Abdónek, eta Madrilen lanean ari ziren neskameen eta dendarien arteko harremanak eta ezkontzak ere sustatu zituen. Kultura eta politika lanak, eta denetarik.

1926an hil zen Abdón, Musitun, bizi guztia Madrilen egin ondoren. Zuk, arestian, “itzulera dramatikoa” esan duzu.
Abdón hil zenean, Odon Apraizek ohar bat publikatu zuen egunkarian, esanez hil baino astebete lehenago Madrildik alde egin zuela Abdónek, hilzorian etorri zela etxera. Omenaldiaren eguneko kronikan diote, berriz, inori ezer esan gabe alde egin zuela Madrildik. Madrildik irten eta Musitura etorri zela, eta bi hilabeteren buruan hil zela. Ez dakigu astebete lehenago etorri zen, edo bi hilabete lehenago, baina kontua da etxean hil nahi izan zuela, eta etxean hil zela. Madrilgo lagunei ezer esan gabe etorri zen, hilzorian... Dramatikoa iruditzen zait. zitekeela.

Amaia Urrea, Abdónen hilobian. (Arg.: Zaldi Ero)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (II)
Zer diosku kilkerrak belarrira?

Uxue Alberdiren ibilbide literarioa aztertu genuen aurreko artikuluan. Helduen prosazko literaturaz aritu ginen orduan, eta gaurkoan, liburu hibridoez arituko gara, album ilustratuez, bertso ilustratuez eta komikiez. Sarritan, helduak aurreiritziei emanda bizi gara eta, material... [+]


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


Eguneraketa berriak daude