Etxebizitza eraikin batek zinta beltz eta zuriekin osatzen du bere fatxada. Deskribapen honek gertuko etxebizitza bloke baten irudia ekartzen digu denoi gogora, berdin dio Hego Euskal Herrikoa izan edo espainiarra. Hainbeste ugaritu dira halakoak, ezen “zebra eraikina”ezizenarekin bataiatu dituela publikoak. Etxebizitza promozio askoren irudi erakargarria omen da zuri-beltzezko marraduna, eta salmenta marka gisa erabiltzen ari dira higiezinen marketinekoak, moderno itxura eraikitzeko. Arkitekturarik ez, eta sinatzen duen arkitektoa arkitektura egin gabe eraikitzen, sustatzailearen morroi.
Zebra eraikinena ez da soilik auzi estetikoa, etxebizitza eraikuntzaren beste drama baten erakusle ere bada. Modu azkarrean eraikitzeko estilo bat da. Eta horren ondoan dator eraikuntzaren kalitate konstruktiboaren maila baxua, etxebizitzaren garestitzeari beste egoera larri bat gaineratuz. Etxebizitza politikek etxebizitza berriak behar direla diotenez, etxebizitzak txurroen makinarian sartu dira. Eta etxebizitza-sustatzaileen diru-goseak mugarik ez duenez, arkitekturan aurrezten den bezala, eraikuntza-epeetan ere murrizketak egiten dira. Inkluso administrazioak goraipatzen du etxebizitza eraikin baten eraikuntza epe azkarra, lan on baten parametro bat bailitzan. Eraikuntzan gabiltzanok ondo dakigu zer esan nahi duen eraikuntza-epeen laburtzea: espazioen kalitatea beheratzea modu esponentzialean eta eraikuntzako langileen lan baldintzen prekarizazioa (migratzaile askoren ogibidea). Eraikuntza lan onak denbora behar du, arkitekturaren helburuak zehazteko testuinguru eta erabilera jakin baterako, diseinua garatzeko ondoren, eta eraikitzeko.
Inoiz ez da hainbeste eraiki hain material kalitate txarrarekin. Zentzugabeko prezioak ordaintzen ari gara inoiz baino kalitate txarragoko etxebizitzengatik. Baina eraikuntza-arazoak ez dira epe laburrean etorriko; etorkizuneko belaunaldiek aurre egin beharko diote etxebizitza parke eskas honen oinordetzari.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.