Kuotatik harago, ateak zabaltzen ari dira?

  • Urte askoan bakanak izan dira Espainiako merkatuan tokia egitea lortu duten euskal idazleak. Obabakoak-ek 1989an Sari Nazionala lortu ondotik, Bernardo Atxagak bete zuen hamarkada oso batez euskarazko kuota; Unai Elorriagaren saria etorri zen gero (2002) –aparrari luzaz eutsi ez zion arren–, eta Kirmen Uriberena segidan (2009) –Espainian kolpetik kontsakratzeaz gain, munduko merkatu zabalerako tranpolin modura balio izan ziona–. Bien bitartean, euskal letretako kalitatezko ahots askok Espainian tokirik gabe jarraitzen zuten –Ramon Saizarbitoriaren kasua da deigarriena–. Zerbait aldatzen ari dela dirudi, ordea. Azken bospasei urteetan euskal idazle dezente –horietako asko emakumeak– hasi dira Espainiako merkatura jauzi egiten. Nola azaldu daiteke joera aldaketa hau? Auziaz aritu dira Katixa Agirre eta Iban Zaldua, eta Frantziako panorama zertan den azaldu du Itxaro Bordak.

Eider Rodriguezek, Karmele Jaiok eta Iban Zalduak lehenbizikoz argitaratu dute Espainiako argitaletxe indartsu batekin berriki –Random House, Destino eta Galaxia Gutenberg, hurrenez hurren–. Horiei gehituz gero, esaterako, Katixa Agirreren Amek ez dute-ren itzulpena (Tránsito) gaztelaniazko merkatuan izaten ari den arrakasta, edota, oso handiak izan gabe ere, beren zirkuitutxoa daukaten argitaletxe esanguratsu batzuetan ateratzear diren zenbait liburu – Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan (Blackie Books) edo Uxue Alberdiren JenisJoplin (Consonni), adibidez–, joera aldaketa bat sumatzeko aski zantzu badirela ematen du. Horretan da Agirre: “Azken urteetan antzeman da irekitze bat, eta gurean jada ezagunak ziren zenbait idazle ari dira Espainian haien publikoa eskuratzen”.

Ez da idazle zerrenda luzerik behar, halere, Espainiako merkatua zabaltzen ari delako irudipena edukitzeko. Azken 30 urteetan, bakanak izan dira merkatu horretan tokia egitea lortu duten euskal idazleak. Zalduaren ustez, auziak zerikusi zuzena du Espainiaren artikulazio politikoarekin. “Trantsizioko deszentralizazioak hizkuntza ‘periferikoen’ eremu instituzionala indartu zuen, eta, baita haien literaturena ere: literatura ‘periferikoak’ egile eta titulu berrien arrantzagune bihurtu ahal izan ziren, modu mugatuan bada ere”. 1989an Obabakoak-ek jasotako Sari Nazionalaren ondoren, Bernardo Atxagak bete zuen hamarkada oso batez Espainian euskal literaturari onartzen zitzaion kuota mugatua. Aho biko ezpata izan zen Atxagaren saria: euskal literaturari Letren Errepublikarako bidea irekitzen zion, baina talaia hartan berarentzat bakarrik zegoen tokia, beste egile asko itzalean utziz –belaunaldikideak ez ezik, Tropelekoak ere bai–. Eta beste paradoxa bat: 70eko hamarkadan literaturaren autonomiaren defentsan sutsuen aritutako autorea saritzean, ibilbide kontraesankor bat hasten da, Atxagak sariaz geroztik emandako pausoei erreparatuz gero. “Ez da detaile txikia Ediciones B-tik Alfaguarara egin zuen transfer-a, Soinujolearen semea-ren itzulpenarekin, oraindik edizio kontratuen oparotasun urteak indarrean zeudela”, dio Zalduak. Pixkanaka Espainiako –eta nazioarteko– merkatuaren legeei men egitea leporatu izan diote bere kritikoek Atxagari, euskal esparruari muzin eginez. Neurri batean, bere ibilbide propioak deuseztatuko luke gaztaroan literaturaren autonomiaren alde egindako aldarria.

Zerikusirik ez Unai Elorriagaren kasuarekin. Polemikaz inguraturik jaso zuen 2002an Sari Nazionala –saria eman ondoren jakin zen nobelaren bi kapitulu bakarrik zeuzkala itzulita, eta epaimahaiaren erabakia auzitan jarri zuen datu horrek–. Hasierako aparraldia gorabehera –bitxikeria modura, Un travía en SP hizpide izan omen zuten Zapaterok, Felipe Gonzalezek eta Alfonso Guerrak afalondo batean, eta hiruei izugarri gustatu omen zitzaien–, Elorriagaren arrakasta apaltzen hasi zen pixkanaka. Hala dio Zalduak: “Kalitate literarioaren ikuspegitik interesgarriagoa bihurtzen hasi den unean, Iazko hezurrak eta Iturria-rekin, utzi dio idazle profesionalaren karrera jarraitzeari –espainiar merkatuan zeukan presentzian oso oinarrituta zegoena–, eta itxi zaizkio, oraingoz, gaztelaniazko merkatuaren ateak, argitaletxe handi baten eskutik joanda, behintzat”.

Iban Zaldua: "Zer bilatzen du euskal arrantzagunearen kupoan Espainiako argitalpen sistemak? Saldu dezaketen gaiak"

Kirmen Uribe, azkenik, hala mintzo zen 2009an, Sari Nazionala jaso berritan: “Hizkuntza txiki batean idazten dut, Dakarreko, Madrileko edo Bostongo irakurleentzat”. Harena izan zen, ziur asko, Espainiako bitartekaritzarik gabe zuzenean Munduko Letren Errepublika anglosaxoira jauzi egiteko ageriko lehen saiakera. Zalduari iruditzen zaio, oraindik –New Yorkeko egonaldiekin-eta– horretan jarraitzen duen arren, apustu hori doitu beharra izan duela: “Betiko bideari lotu zaio azkenean, hots, espainiar merkatuaren bitartekaritzari, PRISAk Atxagaren ordezko pieza bezala hautatu izanak islatuko lukeen bezala”.

Merkatuak exotismoa nahi du

Espainian arrakasta lortu duten euskal idazleen ezaugarri komunez galdetuta, kostunbrismoa aipatzen du Itxaro Bordak: “Itzulia den literatura herri baten irudiaren estereotipora egokitzen dena da. Obabakoak eta gisako nobelek Euskal Herriaren irudi nekazariena, xaloena, mitikoena ematen dute”. Agirrek kuotaren logikan ulertzen du hori: “Euskal literaturaren ordezkari bakarra aukeratzen baduzu, zuk nahi duzun moldekoa izango da. Kuota zabaltzean mugak apurtzen dira, eta ahots gehiagorentzako tokia egiten da. Baina bakarra sartu badaiteke, logikoa da Euskal Herri klixea irudikatzen duena aukeratzea, eta ez beste bat”. Ikuspegiok bat egiten dute Atxagak aspaldian jaso zituen zenbait kritikarekin. Adibidez, 1997an Pako Aristik leporatu zion konformista izatea, eta “gazteleradunen komunitateari beste errealitate bat deskubritzen lagundu beharrean, komunitate horrek aurrez baduen ikuspegi epel bat bermatzea”. Joseba Gabilondok eta Ibai Atutxak ere antzerako zerbait esan izan dute Atxagaz eta Uribez: Euskal Herria irudikatu beharrean, haren irudi subordinatu bat eraikitzen dutela beren obretan. Atxagaren Obaba eta Uriberen Bilbao bi paisaia probintziano lirateke, oso salgarriak Espainiako merkatuan. Atxaga minduta azaldu zen euskal mundutik jasotako iruzkin batzuekin, eta adierazi zuen erdal mundura ez pasatzeko “benetako indarra” eduki behar dela, eta ideia batzuk buruan ere bai, baina bestela pasatuko litzatekeela, euskal mundutik baino “gozotasun gehiago” jasotzen delako. Urte luzez iraun zion sumin horrek, eta euskaraz idazten jarraitzeko arrazoi sendo baten bila zebilela esan izan zuen behin eta berriro.

Zalduak ere uste du espainiar literatur sisteman sartzea errazten duen ezaugarri bat dela exotismoa, baita komertzialtasuna ere: batzuetan bata, besteetan bestea, eta inoiz bata zein bestea –salbuespenak salbuespen–. Exotismoa, erruralismoarekin edo tipismo kutsuarekin identifikatuta, eta egun “terrorismoaren literaturarekin” lotuta; komertzialtasunak berriz, “nobela literarioaren” ildoan asmatzearekin izan dezake zerikusia haren ustez, midcult mailako produktu salgarri bat eskaintzearekin. “Zer gertatzen da Saizarbitoriarekin? Ez duela ez baldintza bat ez bestea betetzen”. Sari Nazionaleko finalista izan zen 1996an Los pasos incontables-ekin –Hamaika pauso-ren gaztelaniazko itzulpena– eta 2013an Martutene-rekin, baina ezer eskuratu gabe. Kontuak izan dezake azalpenik: haren nobelek, exotismotik urrun, Euskal Herriaren irudi europar eta garaikide bat erakusten dute, partikularitate batera mugatu ezin daitekeen gizarte moderno bat. Eta, bestalde, Zalduaren ustez, erabaki editorial “ez bereziki egokiak” hartzeak ere ez zion lagundu: “Inpresioa daukat Saizarbitoria hobeto moldatuko zela Espainian Madrilen edo Bartzelonan kokatutako argitaletxe batekin –are txikia izanik–, zilegitasun osoz Ereinen alde egin zuen apustuarekin baino, mesede gutxi egin diona zentzu horretan, azal terrible horietatik hasita”. Dena dela, argitaletxe handiekin probatu izan du inoiz –Guárdame bajo tierra (Alfaguara, 2002; Gorde nazazu lurpean-en itzulpena)–, eta ezta horrela ere.

Zalduari deigarri egiten zaio nola Harkaitz Canok ere espainiar merkatuan “lurruzteko” zailtasunak izan dituen. Haren ustez, euskal literaturaren mugen erakusle da hori, “gurean duen prestigio ikaragarria han erreplikatzea lortu ez duelako”. Hain justu, Canoren bi liburu berrienak –Twist eta La voz del Faquir, Seix Barralekin argitaratuak biak– euskal gatazkarekin daude lotuta bete-betean. Hori ote Espainian ez funtzionatzeko motiboetako bat? Zalduaren ustez, “Euskal Gauzari” buruzko nobelek arazoak planteatu izan dituzte Espainian, diskurtso jakin batzuekin hornituta egonez gero. Baina hori guztiz irauli du Patria fenomenoak, “mota horretako literaturaren merkatu-eskaera handitu duelako, eta horrek aukera eman dielako euskal idazle batzuei idatzita zeukatena edo idazteko zeukatena espainiar merkatuan kokatzeko, merkatu-nitxo bat aurkitzeko”. Aipatzen duenez, Patria-z gerora, gatazka bihurtu da “gure exotismo berria”, eta, era horretara, Jokin Muñozek “Gauzaren literatura”-ri opa zion patua bete da, “gure esportazio literariorako gai nagusia bihurtzea, une batez gutxienez, eta Espainiari begira, noski”.

Berriki Euskadi Saria irabazi duen Karmele Jaioren azken eleberria Planeta multinazionalaren zigilu batek publikatu du gaztelaniaz (argazkia: Alex Larretxi).

Minoriak plazara

Gatazkaren exotismoak ez du erabat azaltzen, ordea, euskal idazle sorta berri bati Espainiako merkatua ireki izana, bestelako gaiak jorratzen baitituzte horietako gehienek. Gauzak horrela, galdetu daiteke: 2011n ETAk armak uzteko hartutako erabakiak ekarri ote du paradigma aldaketa bat Espainiako literatur sisteman? Eta hala balitz, paradigma berri horrek zer lotura luke hango merkatuan euskal idazle sorta berri horri egin zaion tokiarekin? Zalduaren ustez, irekitze hori, neurri batean, literatura feminista baten eskutik etorri da, “exotikotzat hartu ezin daitezkeen ezaugarri batzuen eskutik, alegia”. Hor kokatzen ditu, aipatutako Rodriguez, Agirre eta Jaioz gain, Uxue Apaolaza eta Miren Agur Meabe ere. Auzi honetan, aipagarria da Jasone Osorok Seix Barralekin atera zituela bi liburu –Desnudos (2002) eta Greta (2007)–, nahiz eta ziur asko zehatzagoa litzatekeen egungo ildo feministaren aurrekari bezala baino literatura “femenino” baten erakusgarri modura katalogatzea. Bordaren ustez, berriz, paradigma berriak zerikusia luke auzi zabalago batekin: ez feminismoaren soilik, ezpada minorien plazaratzearekin –emakumeek, beltzek, migratzaileek, homosexualek eta, oro har, identitate zapalduek testuinguru jakin batzuetan bizi lezaketen ikusgarritasunarekin–.

Random House argitaletxe handiak publikatu du gaztelaniaz Eider Rodriguezen azken ipuin liburua (argazkia: Batiste Ezeiza).

Galderari erantzuteko goizegi izan daitekeen arren, baliteke kanonaren aldaketa baten aurrean egotea. Hori bai, balizko kanon berriaren zakuan euskal idazle gehiagorentzako tokia legoke”. Amaitu da lehen idazle batek betetzen zuen kuota hori. Orain ez da aski pertsona bakarraren laginarekin, izen gehiago kabitzen gara”, dio Agirrek. Bere kasuan, gaztelaniarako itzulpenaren ondoren etorri zaizkio frantseserakoa eta ingeleserakoa. “Oraindik ere, gaztelania zubi hizkuntza da. Sistema normalizatu batean ez luke beharko, baina gure kasuan hala da”. Hala ere, aipatzen duenez, gaztelaniara itzultzea ez du bizi beste edozein hizkuntzetara itzultzea bezala: “Nire hizkuntza ere bada, eta, periferiatik bada ere, hor nago. Etengabeko feedback-a jasotzen dut, sare sozialen bitartez, hitzaldietarako deitzen didate… liburuaren bigarren bizitza oso bat hasten da itzulpenarekin”. Gaztelania hiztunek ere irakurria izango dela jakiteak idazterakoan eragiten ote dion galdetuta, ezetz dio: “Ni saiatzen naiz niretik idazten, euskaratik eta hemendik”. Argitaletxeen irizpideak, berriz, “misteriotsuak” iruditzen zaizkio Agirreri, eta zaila egiten zaio egungo irekitze horren arrazoiak zeintzuk diren aletzea. Bi bururatzen zaizkio: bata, egoera politikoa baretu dela; bestea, kalitate handiko idazle mordoa dagoela euskaraz eta, hortaz, logikoa dela inguruko literatur sistemek haiek arrantzatzea.

Zalduarentzat, kalitatearen irizpideak beti izaten du tokiren bat halakoetan, baina bahe nagusia beste bat da: salgarritasuna. Baita feminismoaren egungo ildoari dagokionez ere: “Zer bilatzen du euskal arrantzagunearen kupoan Espainiako argitalpen sistemak? Saldu dezaketen gaiak, boladan daudenak, eta horiekin lotutako egileak eta lanak”. Aipatzen duenez, kontraesanak sortzen dira orduan –edozein literatur merkatutan sortzen diren berberak–. “Zergatik Uribek saltzen du gehiago Saizarbitoriak baino, bigarrenaren nobelak hobeak badira? Lehenarenak ‘errazagoak’ direlako, ‘exotikoagoak’, eta bultzada komertzial egokiagoa dutenak. Zergatik ditu edizio gehiago Karmele Jaioren nobelak Eider Rodriguezen ipuin liburuak baino, azkena hobea bada? Kasu horretan bultzada komertziala antzekoa da, biak kaleratu direlako etxe handien eskutik, baina, berriz ere, Jaiorena literatura ‘irisgarriagoa’ da, eta Rodriguezena, gainera, ipuin liburua, okerrago saldu ohi dena betiere”. Arrazoi askoren konbinazioak leudeke halako prozesuetan, hortaz. Azken gogoeta batekin amaitu du: “Batzuek ondorioztatzen dute, demagun, estatu  propio bat edukiko bagenu, zuzenean Munduko Letren Errepublikara jauzi egingo luketen lan eta egile gehiago izango genituzkeela, jauzi hori errazagoa litzatekeela euskal idazleentzat. Ziurrenik kasu gehiago izango genituzke… baina askoz ere gehiago? Txikiak gara, gutxiegi gara demografikoki, are gutxiago linguistikoki. Eta konpentsatuko luke horrek euskal literaturak Espainiako merkatuan –gure ‘atzerriko’ merkaturik handienean– izango lukeen ondorengo presentziaren murrizketa ia segurua? Ez dakit ba”.

Frantzia, beste sagardotegi bat

Uriberen Bilbao-New York-Bilbao Gallimardek argitaratu zuen 2012an. Atxagaren obra nagusiak ere argitaletxe esanguratsuetan atera dira frantsesez. Hortik kanpora? Deus gutxi. Zalduak dioenez, “Hegoaldeko euskal idazleek kupo hori daukate, Kontzertu Ekonomikoaren nolabaiteko baliokide izan daitekeen Kontzertu Literario moduko bat: Ipar Euskal Herrikoek, ezta hori ere”. Kupo horri esker, Hegoaldeko gutxi batzuk gaztelaniazko merkatura igarotzen dira eta, hortik, beste hizkuntzetara, tartean frantsesera. Iparraldekoek, gehienez ere, inguruko argitaletxe txikietan argitaratzen dute frantsesez, baina Frantzia guztiko merkatura jauzi egiteko aukera amiñirik gabe.

Eskualde hizkuntzak “biziki gaizki ikusiak” dira Frantzian, Bordaren ustez: “Gure hizkuntzak ez dira literatur hizkuntzatzat hartzen. 100% basque itzuli nuelarik, argitaletxe frantses batzuei bidali nien, eta erantzun zidaten interesgarria zela, baina ea zergatik ez nuen frantsesez zuzenean idazten. Hala eginez gero, argitaratuko zidatela. Nik, bistan denez, ezin dut beti zuzenki frantsesez idatzi –nahiz eta noizean behin idazten dudan–”.

Bada Borda kezkatzen duen beste auzi bat ere. Iruditzen zaio euskal sistematik sarri “traizio bezala” hartzen dela frantsesera itzulia izatea. “Gai bereziki interesgarria da, zeren hori Iparraldean bakarrik pasatzen da. Hegoaldean naturaltasunez hartzen dira itzulpenak”. Halere, itzulpenaren labelarekin itsutu gabe, norbere lana kanpoko literatur sistemen arabera ez jujatzearen aldekoa da. “Arazoa litzateke euskaraz idazten dugunok, frantses sisteman sartu ezin dugula eta, geure buruak idazle txartzat hartzea. Euskal Herrian bada ideia hori. Badirudi zure testua ona delako itzultzen dutela. Baina itzulpena ez da sari bat bakarrik, da politika bat, da eginkizun kultural bat”.

Aurrera begira, hiru erronka bururatzen zaizkio: lehena, itzulpenaren eskema horiek burutik kentzea; bigarrena, Euskal Herrian itzulpena sustatzea; eta, hirugarrena, Frantziako eskualde-hizkuntzetako idazleen testuak frantsesez argitaratuko lituzkeen argitaletxe bat sortzea, “zabalkunde handikoa eta transbertsala”. Hortik etor daitezke aukera berriak.


ASTEKARIA
2020ko urriaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Eguneraketa berriak daude