"Intxaurrondo eta bankuaren artean berezko erlazioa dago"

  • Ibilbide luzeko kazetaria da Oriol Malló Vilaplana (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1967). Ipar Irlandako eta Yugoslaviako gatazken berri eman ondoren eta memoria historikoa, ekonomia eta nazioarteko gaien gaineko ikerketak burutu ostean, El libro negro del BBVA (BBVAren liburu beltza)  (Txalaparta, 2020) argitaratu berri du. Bankuaren barrunbeak irekitzen dizkigu, honen jatorri bilbotarretik hasi eta egungo hedapen globaleraino. Mallóren hitzetan, “denak balio du” esaldiaren adibiderik gertukoena da BBVA.

"Munduko kapital flotatzailearen ametsa betetzen ari da botere finantzarioa: arau guztien gainetik egotea” (Argazkia: Jordi Borràs)

Luzaroan eduki duzu liburu hau kutxa batean gordeta, argitaratu ezinik. Nolatan?

Labur-labur: kazetari batek saldu ninduen, bankuak prestatzen ari nintzena jakin zuen eta esklusiba galdu nuen; jendearengan konfiantza gehiegi izatea izan zen nire akatsa. BBVAk zituen kontu sekretuen auziari buruzko informazio guztia neukan, ustekabeko lekuko batekin hitz egitea falta zitzaidan soilik. Geroago, argitaletxe garrantzitsu batean argitaratzekotan egon nintzen, baina BBVAk diru-laguntzak ematen zizkien eta bertan behera gelditu zen. Txalaparta argitaletxera bidali nuen arte. Kontu sekretuen auziaz harago, liburua osatzea proposatu zidaten.

Ibilbide bat egiten duzu historian zehar. Frankismoa, Bizkaiko desindustrializazioa, langileen borrokak, euskal oligarkiaren sorrera…

Korrupzioaren gaia ondo dago, baina azken finean korrupzio itsaso baten erdian gaude, betekada hartu dugu, jada ez du inor harritzen. Bilbo saltzea erabaki zutenen oroigarria izan nahi du liburu honek, Bizkaiko industria hondatzea erabaki zutenena, hain zuzen ere. Argi utzi behar da banku honek erabat estutu zuela hiria eta guztiz abandonatu zuela gero, bere adiskidea, Espainiako Gobernua, errepresioaz arduratzen zen bitartean. Getxoko eta Neguriko familiek Bilbo saldu izanak industria sektorearen galera ekarri zuen, langile klaseak ordaindu zuena. Pedro Luis Uriarte BBVko presidente ohiak mafia baten biktima izan zela dio orain, baina… tira, inork ez du negarrik egiten mafien arteko istiluak direla eta.

BBVAk izan nahi zuen botere horren isla ikus daiteke arkitekturan, liburuan azaltzen duzun bezala. Zein izan da Bizkaia Dorrearen bilakaera?  

“Diruaren arkitektura” deitutakoaren arabera, bankuak hirien sinbolo izango ziren. Bizkaia Dorrea hiri zibilizatu eta burgesaren monumentu bihurtuko zen, etorkizun oparoaren ikur. Francisco Gonzalez BBVAko presidente izendatu zuten unean galdu zuen zentzua Bizkaiko Dorreak, botere guztia Madrilera eskualdatu zutenean. Ironikoa da orain, besteak beste, arropa denda merke bat hartuko duela bere baitan, euskal langile klaseak duen diru-ahalmenaren isla. Bizkaiko Dorreak izango zuen boterea erakusten du orain Iberdrola Dorreak; 165 metroko eraikina hirian nork agintzen duen argi izan dezagun.

Argazkia: Jordi Borràs

Jersey irlako kontu sekretuen gaian, zein da gakoa?  

Jerseyko kontu sekretuen kasua show mediatiko bihurtu zen 2002. urtean. Iruditeria kolektiboan geratu zen ideia nagusia izan zen Neguriko familiek BBVAren boterea galdu zutela. Fokua beste toki batean jarri beharko genuke ordea; berezko erlazioa dago Itxaurrondo eta bankuaren artean. José Manuel Villarejo terrorismoaren aurkako komisarioa edota Félix Sanz Roldán, Espainiako Inteligentzia Zentroko buru ohia izandakoa –orain Iberdrolan dagoena– horren erakusle; nahi zuten guztia egiteko inpunitatea zutela bazekiten, bai komisaldegietan zein bankuen kudeaketan. Espainiako estolden aurrean ezikusiarena egiten zuen sistema antolaketaren zutabe dira.

Paradoxikoki, Baltasar Garzón epailea izan zen inpunitateari argi berdea eman ziona.

BBVAko kontu sekretuen kasuak aurrekari juridiko bat sortu zezakeen zigorgabetasunaren aurrean. Ez zen gertatu. Garzón arduratu zen kasuarekin behin betiko amaitzeaz, Juan Carlos I eta José María Aznarren enkarguz. Jakin bazekiten informazio horretatik tiraka argitara atera zitekeela nola sartu ziren legez kanpo multinazional espainiarrak Latinoamerikan, beraz ezin ziren arriskatu. Ondorioz, Neguriko familien narratibaz eta “iraultza zergaren” istorioaz harago badirudi ezer ez zela gertatu.

Bankuek beti irabazten dute?

Denok dakigu nola determinatzen dituen guztion bizitzak geroz eta indartsuagoa den bankuen botereak, gobernuen gainetik. Prekarietatearen kapitalismoa da, bankuak milioika herritar harrapatzen ditu; lan duinik gabe, ondasun publikorik gabe, bizi-baldintza duin eta egonkorrik gabe. Munduko kapital flotatzailearen ametsa betetzen ari da botere finantzarioa: arau guztien gainetik egotea etxebizitza bezalako funtsezko ondasunak bereganatuz. Bestalde, bankuen erabateko digitalizaziora hurbiltzen ari gara pixkanaka, laster ez da ia bulegorik egongo, langileak kaleratuko dituzte eta erabiltzaileak abandonatuko dituzte. Baina hori ez da berria…

Zein alternatiba du orduan langile klaseak? Banku publikoa aukera bat izan daiteke?

Caixabank-Bankia bat-egitearekin gertatzen ari dena lotsagarria da. Banku publikoaren eztabaida mahai gainean jartzen ari den arren, Europako Batasunak beti eragotziko du. Izan ere merkataritza askeko itun hedatua da, merkatu askea defendatzeko betebehar basatiak inposatzen dituena, enpresa handien, korporazioen eta monopolioen alde egiteko. Zaingo ekonomikoa izugarria da, dena dago baldintzatuta pribatizazioen alde. Ez dakit zein den alternatiba, baina argi dagoena da EB klase bat defendatzeko jaio zela eta bere menpe gauden bitartean oso zaila izango dela banku publiko bat izatea.

Kontu-garbitzea
“Ustelkeriaren aurkako fiskal batek eta BBVAko abokatu batek emandako informazioan oinarrituta, kronika beltz hau idazteko aukera izan nuen. David Martinez Madero fiskalak bazekien Baltasar Garzón ez nuela batere atsegin –1992an, Olinpiar Jokoak hasi aurretik, independentismoaren aurkako operazio batean atxilotu ninduten–, horregatik jo zuen nigana. Jakina, argitara eman nahi nuen kontu sekretuen kasuan Garzónek jokatutako paper tristea. Liburu honi esker, gainera, laurogeiko hamarkadara egin dut atzera, ezagutu nuen Bilbo intsumiso harekin berriro ere topo egiteko”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: BBVA
Espoliazio frankista
Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]


BBVAk 1.846 milioi euro irabazi ditu lehen hiruhilekoan, iaz baino %40 gehiago

Espainiako Estatuan 541 milioi euro irabazi ditu, duela urtebete baino %9,5 gutxiago, 225 milioi euro ordaindu baititu bankuei ezarritako zerga berriagatik. Hala ere, mundu osoko negozioak kontuan hartuta, ia 2.000 milioi irabazi ditu, iaz baino nabarmen gehiago.


Inflazioa ez da fenomeno meteorologikoa, baina zure soldata urtuko du hipotekatan

Inflazioa %6,1era igo da otsailean Hego Euskal Herrian, eta azpiko inflazioa %7,7. Prezioen gorakada gelditzeko, interes tasak igo eta eskaria apaltzea da ordoliberalismoaren betiko guardasola. Baina inflazioa ari du esatea zein punturaino da zehatza?


BBVAk 6.420 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz, 2021an baino %38 gehiago

Irabazien %47, 3 milioi euro, akziodunen artean banatuko dute, eta akzio bakoitzeko urteko dibidendua %39 igotzeko asmoa dute.


2023-01-11 | ARGIA
Bilboko familia batek hamazazpi egun egin ditu gas eta argindarrik gabe, BBVAren higiezinen agentziak etxetik bota nahi dituelako

Bi ume eta haien ama etxetik kaleratzeko agindua emana du BBVAren higiezinen agentziak, alokairua ez ordaintzea egotzita, baina epaileak uztailera arte eten du kaleratze hori, familia egoera zaurgarrian dagoela argudiatuta. Horren aurrean, Gabon egunean familiari gasa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude