“Glosadore batek beti mugarantz egin behar du, baina muga pasaz gero, galdu du”

  • Gorputz hezkuntzako irakasle ikasketak egin zituen lehenik (Universitat de les Illes Balears), eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatu zen gerora (Institut Nacional d’Educació Física de Catalunya). Gaztetxotatik boleibolera emana bizi zen –jokalari, entrenatzaile, arbitro…–, baina 29-30 urterekin glosarekin egin zuen tupust, eta liluraren liluraz baloiak eskuetatik alde egin zion. Gaur egun Lehen Hezkuntzako irakasle gisa egiten du lan, baina, batez ere, plazaz plazako glosaldiek bizi dute.

Argazkia: Pau Riera
Argazkia: Pau Riera
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Maribel Servera Matamalas, Manacor, Mallorca, 1981

Severeta glosadore ezaguna eta ezagutua da Mallorcan ez ezik Herrialde Katalanetan ere. Beste glosakide batzuekin batera –Mateu Matas Xurí, Pau Riera Rierol, Miquel Servera Boireta, Macià Ferrer Noto edo Catalina Eva Canyelles Sollerica, besteak beste–, Mallorcako ahozko inprobisazioa biziberritu duen belaunaldiko erreferentziazko kide da. Orain dela urte batzuk bertsolaritza ezagutzera Euskal Herrira etorri zenean ezagutu genuen elkar, Donostiako Rekalde tabernan. Eta oraingoan Mallorca barnealdean egin dugu topo, Sineu herriko igerilekuko ostatuan. Glosa-afaria hasi baino ordu pare bat lehenago elkartu gara, grabagailua eskuan. Galderak trumilka ditudala, nik. Egiteko denak banan-banan, berak. Eskuak airean dantzan, bai erantzun ere. Bukatu dugunerako hasierako agurra kantatzeko ordua da.

Zer gertatu zen ba glosa ezagutu zenuenean?
Ba, saio arrunt bat izan zen, baina, nire bizitza hankaz gora jarri zuen. Sant Antoni gaua zen, eta festa horietan, hemengo zenbait herritan, glosa oso bizirik dago, modu oso herrikoian. Alegia, glosak ez dituzte soilik oholtzara igotzen diren glosadoreek inprobisatzen: jendeak parte hartzen du, modu espontaneoan kuarteta bat edo beste kantatuz. Ez dira denak inprobisatuak, noski, herriko jendeak prestatuta ere ekarri ohi ditu han kantatzeko. Oso ohikoa dela esan dizut, baina, orduan oso bazterrekoa ere bai. Pentsa, nik ez nekien glosa bazenik ere! Eta han nengoen ni, eta ez nekien zer ari zen gertatzen. Ezin nuen sinetsi. Jende hura kantak asmatzen ari zen? Zirraragarria egin zitzaidan. Batek kuarteta bat aldamenetik, besteak handik erantzun… Eta estrofen egituran jarri nuen arreta. Han egon nintzen ordu erdiz nire buruan esaldiak bihurritzen, hitzak neurrira behartu eta nik ere bat kantatu nuen arte. Eta gero beste bat, ederki kostata, hura ere. Inork ez zidan esan bukaera pentsatu behar nuenik! Orduan, esan nahi nuen hura sartzen nuen nola hala moldean, eta gero zer esan jakin gabe gelditzen nintzen. Eta segi egin behar, errimatuz, gainera! Erabat harrapatu ninduen, ordea, ariketak berak, giroak, jendearen parte hartze hark...

Orduz geroztik, Mallorcara etortzen nintzen aldiro saioren batera joaten saiatzen nintzen, eta saio bakoitzeko hazi egiten zen nire kuriositatea. Zera baino astunagoa nintzen; han azaltzen nintzen antolatzen ziren guztietan. Hegaldi bat ere aldatu nuen behin. Larunbatean nintzen Mallorcara joatekoa asteburua bertan pasatzera, eta jakin nuenean ostiral iluntzean saio bat zegoela, hegaldia aldatu eta han agertu nintzen, ehun euro gehiago ordainduta.

Eta nola bihurtu zinen glosadore? Oharkabean izan zen, ala erabaki egin zenuen?
Oharkabean ez. Hamar urte dira orain glosadore izatea erabaki nuela. Sant Antoniko festa hartatik hiruzpalau urtera –2010ean– ni Bartzelonan nintzela Mallorcako glosadore batzuk etorri ziren hirira, eta Bartzelonako inprobisatzaileekin batera saio bat antolatu zuten. Han aditu nituen lehen aldiz Bartzelonako inprobisatzaileak, haien instrumentu eta guzti, eta saioa bukatu ondorenean inprobisatzen jarraitu zuten. Eta ni han, tarteka kantatzera ausartuz, etxerako batere gogorik gabe, ezin glosa gosea ase. Magikoa izan zen. Goizeko ordu txikitan etxera iritsi nintzenerako argi neukan: nik glosadore izan nahi nuen. Hura zen nirea. Behin izarartean ere ezin nion glosan pentsatzeari utzi, eta gogoan dut izugarri kosta zitzaidala gau hartan lokartzea. Geroztik ez diot inprobisatzeari utzi.

Zein zen glosaren egoera garai hartan?
Nik glosa ezagutu nuenean, bazegoen jende gazte mordoxka, glosaren inguruan ibiltzen zena eta inprobisatzen zuena. Baina, nahiko mugimendu berria zen. Bost-hamar urte atzera, adineko hiruzpalau glosadore baino ez ziren gelditzen. Oso noizean behin antolatzen zituzten saioak, entzuleak zaharrak izan ohi ziren, eta glosa bera ere aski kalitate txarrekoa. Umore astakirten samarra, gaitegi errepikakorra… Entretenitzeko baino ez zuen balio glosamolde hark.

Lehenago glosa aldarrikatzaile eta kritikoa egiten zen, eta oso arrakastatsua zen mallorcarren artean. Baina, bi faktorek hondoratu zuten: frankismoak, alde batetik, eta bestetik, aldaketa sozialak, demografikoak, eta oro har, bizimodu aldaketak. Hiruzpalau glosadore haiek mundu zahar baten azken lekukoak ziren. Baina, ustekabean, Mateu Matas, Xuri, gaztea agertu zen, hasi zen plazetan kantari, eta glosadore zahar horiek izan ziren hari glosarako aukera eman ziotenak, gazte gehiago sortu arte. Bidea leuntzen saiatu ziren zahar haiek. Aurreko garaietan, beharbada, glosadore batek ez zion beste bati aterik zabalduko oholtzara jauzia eman zezan. Asko ziren garaian lehia ere handia zen, eta norberak bere bidea egin behar izaten zuen. Baina, behin horretaraz gero, glosadore heldu haien lehentasuna glosak berak bizirautea zenez, Mateu beso zabalik hartu zuten. Eta bera izan zen plazetan kantari ikus zitekeen gazte bakarra, urte askoan.

Kontua da 2004an Mateu bera hasi zela glosa ikastaroak antolatzen han eta hemen, gazteen elkarguneetan saioak antolatzen, eta jende gazte bat erakarri zuela glosaren mundura, eta ordura arteko fosilizazio eta folklorizazio prozesuak pikutara bidali zituztela. Eta ni gazte haiengana hurbildu nintzen, arraina uretara nola. Orain hogeita hamar bat gara, elkarte batean saretuta gaude, eta ia astero izaten dira ikuskizunak Mallorcan zehar.

Argazkia: Pau Riera

Nolakoak dira saio horiek? Nola irudikatu behar ditugu?
Euskaldun bati azaltzea nahiko erraza da. Saioak antolatzen dira tabernetan, plazetan eta antzokietan ere bai, tarteka. Noiz edo noiz ekitaldi politikoetan ere bai, omenaldietan, edo inork eskatuta urtebetetze edo bestelako ospakizunetan. Guk ere a capella kantatzen dugu, eszenaratzea antzekoa da, soila, gehixeago mugitzen gara, baina, ez askoz gehiago, eta lehen eserita inprobisatzen zen, baina, orain zutik. Eta guk ere binaka edo hirunaka kantatzen dugu, gehienetan, nahiz eta bakarka ere egiten dugun. Tonada edo doinu jakin batzuetan inprobisatzen dugu, silabak neurtuz eta errimatuz. Baina, ez zuenean bezala errima bakarrarekin,  -ara errima hartuz gero hasieratik bukaerara -ara errimatu behar! Guk bi errima tartekatzen ditugu aldian-aldian, ABAB edo ABBA egiturak osatuz, eta horrek askatasun gehixeago ematen digu. Eta guk gai librean egiten dugu erabat! Ez zuek bezala, gaiak jarrita. Orain dela lau urte zuek ikusi zintuztegunetik egin izan ditugu tarteka saioak gai eta guzti, geuk antolatuta, probatzeko, eta oso ondo pasa izan dugu. Baina, oso ezberdina da ariketa eta ikasketa prozesu bat eskatzen digu. Gai bakoitzeko hiruna estrofa botako baditugu, gaia ireki eta itxi behar da, eta estrofa bakoitzeko momentu jakinean ideia aski indartsua bota… Ez da mekanismo bera. Ikasiko dugu horretan ere, baina gu, onak, librean gara.

Eta doinukera aldetik?
Egunaren arabera, saio batean bi, hiru edo lau tonada erabili ohi ditugu gehienez. Lehen mallorcar glosa tradizionala esaten zaion doinuan baino ez zen inprobisatzen. Lerro kopuru infinitua izan dezake, melodia elastikoa delako, baina, batez beste 8-10 lerroko estrofak kantatu ohi dira, txandan-txandan. Ohiturazkoa horixe da, eta hamarretik bederatzi saio doinu honekin hasten dira. Baina, gizartea aldatzen joan ahala doinu berriak ere erabiltzen hasi gara. Oraindik badago esaten digunik doinuak aldatzen ditugula ez garelako betiko doinuan ordu eta erdi irauteko gauza. Eta gai bagara, baina ez dugu jasaten ez guk eta ez entzuleak ere. Gaur egun bizitza azkarrago doa eta arreta atxikitzeko doinu aldaketa beharrezkoa da.

Horretarako hemen inprobisatzeko erabiltzen ez ziren Menorcako eta Ibizako glosak geureratu genituen, alde batetik, eta kanta herrikoi gisa ezagunak ziren beste doinu batzuk inprobisatzeko erabiltzen hasi ginen. Publikoak oso ondo erantzun zuen. Doinu berri hauetatik egitura berriak ere sortu dira, noski. Doinu batzuk laburragoak izanik, esaterako, kateaturik kantatzen ditugu, bat bestearen atzetik. Nik hiru edo lau kantatuko ditut, eta zuk zure txandan beste hiru edo lau. Errima aldatzeko aukera ematen du, luzera mantenduz, oraintxe ABBA eta oraintxe CBCB, libreago zara nahi duzuna esateko. Errima aldatu ahal izateak mezu konplexuagoak eraikitzen laguntzen du. Ez zaude errima zerrenda bakarrera mugatuta, eta zerrendatik zerrendara jauzi egin dezakezu, konbinazio posibleak biderkatzen dira, eta zure ideiak ez daude hain oinen menera.

Tradizioa eta berrikuntza txirikordatze horretan sortzen al da debaterik glosazaleen artean?
Bai, noski! Etengabekoa da eztabaida. Gurean, Katalunian ez bezala, glosa tradizional hutsarekiko haria ez da eten, eta, beraz, berrikuntzek eztabaida sortzen dute. Katalunian, katea eten izanak askeago egiten ditu berrikuntzarako, baina, aldi berean, oinarri areatsuagoak dituzte. Gurean, zuenean bezalaxe, bada berrikuntzarekiko uzkur jokatzen duen jendea, eta bada berrikuntzari berrikuntza hutsagatik balioa ematen dionik ere. Baina, oreka nahiko argia topatu dugu gure artean, eta eztabaida antzu batzuetatik ere ihes egitea lortu dugu.

Glosadorea jaio ala egin egiten den, adibidez?
Adibidez! Lehen glosa ikastaroak egin zirenean nahikoa barre egin zuten batzuek. Glosadore zaharrenek esaten zuten alfer alferrik zela eta ez zuela ezertarako balioko. Eta kontu hark lehen emaitzak eman zituenean, hots, inprobisatzen ikasi zuten lehen gazteak kantuan hasi zirenean, orduan esan zutena izan zen “horiek glosadoreak dira, berez”, alegia, ikastaroan parte hartu ala ez, berezkoa zutelako egin zirela glosadore. Behin ikastaroen kontua normalizatu denean, glosadore direnak eta ez direnak bereizten ditu jende batek. Baina, berez izatearen kontua tranpatia da. Glosadorea dela aitortzen diogu ezaugarri zerrenda jakin bat betetzen duenari, eta besteei, berriz ez. Baina, kontua ez da hori. Kontua da tradizioz, zure belarriak ohituta dauden horretara daudela ohituta eta zuri glosadore jakin batzuk iristen zaizkizula eta beste batzuk ez, edo ez hainbeste. Eta hori zergatik da? Batzuk glosadore direlako eta beste batzuk ez? Batzuk ikasiak direlako eta batzuk berezkoak? Nik ikastaroetan parte hartu dut eta ikasien multzoan koka dezaket nire burua. Nik ez dut txikitan etxean jaso. Baina etxean jaso duena ere ikasitakoa da. Eta aldi berean, nik egin dudan lanaren %90 nire kasara egin dut, ikastaroetatik kanpo.

Muga horrek ez du zentzurik. Kontua da glosadore batek beti mugarantz egin behar duela, umorean, kritika sozialean, zein poetikan; badago muga bat, eta horretara zenbat eta gehiago hurbildu, hobe, baina, muga pasaz gero, galdu du. Kontua da norberak bere muga propioak dituela, entzule gisa ere. Eta zuri baten edo bestearen glosakera gustatuko zaizu edo ez, muga horien arabera. Hori nola arrazionalizatzen duzun, hor dago gakoa. Iristen zaizun hori glosadorea dela, berez? Ba, zure belarrirako, baliteke. Baina, glosadore bakoitzak du bere kantakera, bere gauzak esateko modua, bere mundu erreferentziala eta bere intentzionalitatea. Eta zuri iritsiko zaizu ala ez, baina, ez dago marra argi bat glosadore direnen eta ez direnen artean.

Hemen ere, kasualitatez, glosarako gaitasuna berezkoa zuten horiek Mallorcako eskualde jakin batzuetakoak, landa eremukoak, eta gizonak izan ohi ziren. Nola bizi izan duzu zuk emakume gisa eremu honetan sartzea?
Gizon gehiago egon izana mende askoan, ez da harrigarria. Glosa publikoa, gaueko kontua zen, tabernetakoa. Eta emakumeek ez zuten eremu horietarako sarbiderik. Etxeetan emakume asko zegoen glosak inprobisatzeko gai zena, baina emakumea ez zen publikoki azaltzen. Ni hasi nintzenean hiru emakume baino ez zeuden, ni baino helduagoak, eta horietako bat baino ez zen plazaz plaza maiz samar ibiltzen. Baina, ni hasi nintzenean, ez nintzen ohartu ere egin gizonen mundu batean sartu nintzenik. Gerora galdetu izan didatenean ohartu naiz. Nik naturaltasun osoz bizi izan dut. Eta orain beste bi emakume ere hasi dira, eta lehengo bik jarraitzen dutenez, izango gara bost bat. Gero eta presentzia handiagoa dugu, eta gure gaietaz ere hitz egin dezakegu, gero eta naturaltasun handiagoz.

Egia da oraindik emakumez soilik osatutako saioak salbuespenak direla erabat, eta gehienbat Martxoak 8ko ekitaldiei lotuak. Hogeitik gora glosadore gizon baldin badaude eta bost glosadore emakume, atera kontuak. Baina, glosa gaztetu eta modernizatu den bezalaxe, emakume gehiago sartzen ari da mundu honetan ere. Garapen erabat normala da. Zergatik ez den oraindik parekidea? Tradizioak eta gizarteak beren pisua dutelako. Baina, ikastaroetan gizon adina emakume dabilela esango nuke. Entzun izan dugu Euskal Herrian haurren bertso-eskoletan erdiak neskak izan ohi direla, baina, gero plazarako jauzian mutilen proportzioa askoz handiagoa dela. Hemen helduentzako ikastaroak baino ez ditugu antolatzen, eta hasi diren emakume guztiak heldu gisa hasi dira. Eta emakumeak duen presio gehigarria argia da, publikoki kantatzeko erreparoari –eta epaiari– dagokionez, zaintza lanen kargari dagokionez… Erreferentzia urritasuna ere hor dago, noski. Haurrentzat ikastaroak antolatzeko aukera dugunean, ea zer gertatzen den. Bitartean, kantuan jarraitzeko arrazoi bat gehiago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ahozko inprobisazioa
2025-06-16 | Bertsozale.eus
Unax Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa
Arantzan izan da saioa eta herrialde guztietako 13 bertsolari aritu dira kantuan. Bertsozale asko gerturatu dira eta giro ona gailendu da.

Bertsularien Lagunak elkartearen sortzaileetan izandako Mixel Itzaina zendu da, 92 urte zituela

Bertsozalea zen, eta hamarkada luzeetan aritu da bertsoaren plazako zereginetan: epaile eta gai-jartzaile lanetan, saio antolaketetan eta Bertsularien Lagunak elkartearen betebeharretan ere bai. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 1967an, eta ohorezko 2014an.


2025-06-11 | Paula Amilburu
V. Señora Sariketa
Itzulera bat: señorak eta señoritak

Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun. 


Urdulizen hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, irailaren 28an; eta Bilboko Casillan amaitu

Hamahiru urtean lehen aldiz, finalaren kokagunea aldatu du txapelketak, arrazoi koiunturalak medio: Bilbao Arenatik Casillara. Azken bi txapelketetako txapeldunak, Nerea Ibarzabalek, ez du parte hartuko aurtengo edizioan.


2025-05-19 | Bertsozale.eus
Maiatzaren 23an eta 30ean jokatuko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako sailkatze saioak

Iruñean eginen da lehen saioa, maiatzaren 23an, eta Jauntsaratsen bigarrena, maiatzaren 30ean. 12 bertsolarik hartuko dute parte, aurreko txapelketan aritu ez zirenak. Horietatik, sei sailkatuko dira urrian hasiko den txapelketara.


2025-05-14 | Estitxu Eizagirre
“Galdu eta irabazi” Iñaki Artolaren bertso jarriak, Altunarekin ARGIAn izandako solasalditik etorriak

Hamabi bertsoko sorta dotorea jarri du pilotariak, galtzeari eta irabazteari buruz. Inspirazioa 2024an Larrun aldizkarirako egindako mahai-inguruak piztu zion, Jokin Altunarekin gai horri buruz aritu baitzen gogoetan. Bertso sorta musikatuta entzun daiteke Bertso Ikasgela... [+]


Unax Aizpurua eta Aroa Arrizubieta izan dira Gaztetxeak Bertsotan finaleko txapeldunak

Martxoak 14an Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean hasitako sei saioko ibilbideak maiatzaren 3an izan du finala Gernikako gaztetxe okupatu berrrian. Egurre Gazte asanbladaren laguntzaz egun osoko egitaraua izan zen larunbatean. Finaleko bigarren fasera, Maddi Aiestaran eta... [+]


2025-04-30 | Bertsozale.eus
Babes Kutxa: urrats txiki bat sortzaileen baldintzak duintzeko bidean
Administrazio publikoak baditu mekanismoak soldatapeko langileen ezintasun puntual edota behin-behinekoen aurrean erantzuteko. Kultur sortzaileen kasuan, ez. Babes Kutxarekin egoera horri erantzun nahi dio Bertsozale Elkarteak.

2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-08 | Bertsozale.eus
Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

2025-03-19 | Bertsozale.eus
Maiatzean jokatuko da Udabarria Bertsotan

Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.


'Gaztetxeak Bertsotan'
“Gazteon ahots kritikoa entzunarazi nahi dugu, txapelketaren formak determinatu gabe”

Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]


Eguneraketa berriak daude