Xuri gorri

Herriko bozak, diotenez, hauteskunderik itsusienak ohi dira. Urte osoa elkarren ondoan iragaten duten herritarren arteko tirriak agerian uzten dituztelako, baita, dudarik gabe, azpi jokoak. Denak haizu dira hauteskundeetan irabazle gertatzeko. Batzuek arrakastaz bete dute, eta besteek eztanda egin dute bidean. Nahasmen ederra sortuz.

Nahasmena ez da gaurkoa, segur. Dena hasi zen kontatu zigutelarik sistema barnetik aldatu behar zela. Laster, teknikari postuak zirenean administrazioan, ez omen genuen gehiago dudatu behar, hartu behar genituen. Zalantza genuelarik ea han ez zitzaigunez oztopo zenbait jarriko, ez gintuztenez uztarri pean atxikiko, ezkortzat gintuzten. Lanaldiak lortu zituzten zenbaitzuk. Pixka bat berantago, hasi ziren batzuk pentsatzen hauteskundeetan aliantzak egin behar zirela, konpromisoetara heldu, boterean egoteko eta ez oposizioan. Estrategia ona iritzi zitzaion. Artean, noski, armak utzi behar ziren, gero dena posible bihurtzen baitzen. Eta ondotik lurralde elkargo baten mentura izan zenean, ahoberoenek erreparazio historikoaren mailan jarri zuten, dena errazagoa eta hobea zekarrelakoan. Momentukoz, hitzemandakoaz urrun gara. Azkenik, kronologikoki, herrietako hauteskundeak izan dira. Eta hor, beste behin, batzuk ez dugu deus konprenitu.

"Mundua aldatzekotan zirenak Etxetorekin, Etxegarairen bilanak zuritzen zituztenak aho beteka, gizon profetiko moldean aurkeztu zituztenak"

Ez ditut herri guztietakoak segitu, bozkatzen dudan herri horretakoak baizik, Baionakoak, aski izan nituen, auzora begiratu gabe. Baionakoengatik, ez da lotsagarriak izan zirela, ez, urrundik ere, anitzez piesagoak izan ziren. Hor nahasi zirelako interes publiko eta pertsonalak, herriaren erronka eta Elkargoarena. Munduaren banaketa itxurak hartu zituen eta nork irabazi ala galdu azpitik jokatzen den kontua dela iradoki. Lehen itzulia baino asteak lehenago iragar zitekeen desastrea zetorrela. Orduan jadanik, hasiak baitziren bazter guztietatik euskaldun eta abertzale etiketak zituztenak kanpainak egiten abertzale ez zirenen alde, zela Enbata-ko zutabeetan, zela sare sozialetan, zela ostiral arratsetako aperitifetan. Eta ez ditut hemen aipatzen Etxeto, Berger edo Etxegarairen listan aurkeztu ziren abertzale supituki auto-proklamatu oportunistak. Aipatzen ditut euskalgintzako jendeak, preso ohiak, alderdi abertzaleen mahaietan egonak, Baionan bozkatzen ez dutenak, martxoan jadanik ahantzia zutenak zerrenda abertzale bat zegoela hautagai Baionan, mundua aldatzekotan zirenak Etxetorekin, Etxegarairen bilanak zuritzen zituztenak aho beteka, gizon profetiko moldean aurkeztu zituztenak. Hori guzia, ororen buru, ez deus aldatzeko. Sinesgaitza, berpiztu zen xurien eta gorrien garaia, kontzeptu arras depasatua zelakoan. Teorizatu zen anitz abertzaletasunaz, konpatibilitateaz, izan daitekeela abertzale, ezkertiar, eskuindar, nahi dena batera. Bi gaitzetatik zein zen mendreena esplikatzeko, hamaika zutabe.

Batzuek diote abertzalearen definizio zaharkitua dudala. Baliteke. Baina nondik defenda daiteke herri bat, ez bada menperatzen duenaren bestelako aldetik? Nola libra gaitezke ez bada isilarazten gaituen klasearen parean jarriz? Zergatik behar ote ditugu besarkatu besteenak diren proiektuak guhaurrenak eraiki ditzakegularik? Zertarako behar dugu hautatu betikoa ala betikoa mantentzea?

Berdin da jada. Amaitu da txanda. Mundua, karguak eta aulkiak banatu dira, nik zuri eta zuk niri, batzuk irri, besteek negar, bakoitza bere lekuan da berriz ere.

Ufa. Ez da ia deus aldatuko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-06-19 | Tere Maldonado
Lehiakortasuna hezkuntzan

Saldu eta erosi giza jarduerak dira batik bat. Merkatuak eta azoka txikiak espazio publiko zalapartatsu eta biziz beteak dira, soziabilitate-lekuak, non behar ditugun gauza baliotsuak topatzen ditugun (janaria, arropa, tresneria), bidezko prezio baten truke. Bertan, gizaki... [+]


Eragin esferak eta soberania

Europako Parlamentuko hauteskunde kanpainan geundela, Iñaki Galdosek Berria-n artikulu interesgarria idatzi zuen azalduz EH Bilduk iragarri zuela Hego Euskal Herriak 1986ko erreferendumean NATOri emaniko ezetza defendatuko zuela Europan. Ondoren, Galdosek herrialde... [+]


Eguneraketa berriak daude