Alez ale

Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019) | Juanjo Olasagarre | Alai, 2020.
Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019) | Juanjo Olasagarre | Alai, 2020.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hasiera batean irudi luke ur handitan sartu dela Juanjo Olasagarre antologoa Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019) honekin (Alai, 2020). Hitzaurrean berak argitzen du asmoa, ostera: “Galde diezaiogun geure buruari itaun potolo hau: Zer da poesia? Milaka dira definizioak, baina definizio horren ertz batekin denok egingo genuke bat: asko irakurtzen ez den generoa dugu poesia; eta oraingoz, egotz diezaiogun horren errua poesiari berari, alegia, zeinua eta esanahia bata bestetik gero eta gehiago urrunarazi dituen artearen ildo historikoari, zeinak, bestalde, arte guztiei eragin baitie”.

Eta guztiz kontra egon arren hitzaurrean esaten direnekin, pozarren naiz. Asmo okerrek batzuetan gauza ederrak dakartzate. Olasagarrek antologia bat ondu du leun-leun eroan nauena azken mende erdi luze honetako pieza ederrenetan barna, biolentoenetan barna, finenetan barna. Poesia ez baita, guk ere hala sinetsi dugun arren, gutxi irakurtzen den generoa gurean. Poesiak inoiz ez dio utzi zeinuarekin eta esanahiarekin jolasteari. Poesia ez da gizartetik urrundu, poesiarekin gozatu egin dugu, poesia indartsu dago, euskal poesia da Antonio Casado da Rocharen puncha, Castillo Suarezen zeta, Pako Aristiren yang-a, Luigi Anselmiren harlandua, Beatriz Chiviteren ekialdeko haizea: “Zortzi t’erdiak dira/ biak berandu dabiltza/ alaba azkarragoa da.// Bere esku txikiarekin/ bulzatzen du aita”.

Eta Bideko hitza irakurriz otu zait gero eta hobeak garela, gero eta aberatsagoak direla gure erregistroak, eta lehengo existentzialista vs. liriko dikotomiaz harago gure literaturak emariak dituela milaka, hibridazioak, Angel Erroren ironia, Luis Berrizbeitiaren perfekzioa, Joseba Sarrionandiaren duintasuna, Jose Luis Otamendiren elokuentzia: “Gu munduarenak gara/ baina mundua ez da gurea/ gu euriarenak gara/ jendearenak gara/ baina mundua ez da gurea”.

Eta harrotasun pentsamenduak erabili ditut antologia hau bukatu ahala, ikusi dudanean ni ere bertan naizela, nire bi poema kuttunekin. Olasagarrek egin du selekzio bat maisu batena. Ederrenak hautatu ditu: bere bihotzean durundu handiena egin dioten azken ia zazpi hamarkadetako uzta oparoaren ale doratuenak. 


Irakurri gehiago: Poesia Kultura Literatura
Poesia kanalean gehiago
2026ko urtarrilaren 19
Barra warroak
Ez gatoz Paristik

2025eko ekainaren 9
Mahai ingurua: Aurelia Arkotxa eta Rakel Pardo
Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.