Frantziako poliziaren arrazakeriaren gaia aktualitatean kokatzea lortu du Egia eta Justizia Adamarentzat izeneko komiteak. Poliziak Adama Traore hil zuen 2016ko uztailak 19 hartaz geroztik, etengabean, hiriz hiri, auzoz auzo, pertsonaz pertsona egindako jakinarazte lan alimalearen emaitza da gaur egun Frantziako kaleetan iragaiten ari dena. Borroka antiarrazistaren “amerikartzea” dela erratea, arazoaren parean itsu izaten segitzea da. Frantziako Estatuan hemeretzi lagun hil eta beste 117 larriki kolpatu zituen poliziak iaz. Eta hiri inguruetakoek eguneroko ogi dituzte polizia gehiegikeriak eta arrazakeriak.
20.000 lagun batu ziren Parisko Auzitegiaren aitzinean ekainaren 2an eta hortik bi astetara berriz ere beste hamarnaka mila, Egia eta Justizia Adamarentzat Komitearen (Comité Vérité et Justice pour Adama) deiari erantzunez, Parisez gain, manifestazioak beste hirietan ere burutuz. Ezohikoa eta historikoa da Frantziako Estatuan gertatzen ari dena: arrazakeria sistemikoaren kontrako mezua periferiatik atera eta erdigunean kokatu da, hots, bazter auzoetatik hiri erdigunera pasa da, boteredunek aipatu beharrekoen zerrendan sartzeraino –izan agintari politikoena zein mainstream komunikabideena–.
2016ko uztailaren 19an, Val d´Oise Parisko hiri inguruko jendarmerian hildako Adama Traoren heriotzari buruz egia eta justizia exijitzen dabil kolektibo hau. Assa hildakoaren arrebak egindako lan handiari esker, anaiaren hilketaz haratago, Frantziako Estatuan den arrazakeria mekanismoa argiratzeko eta desmuntatzeko grinarekin dabiltza borrokan. Egiturazko zapalkuntza horren garro batean zentratzen da komitea: polizia indarkeriaren arrazakerian.
Bataz beste, urtero hamabi pertsona hiltzen dituzte Frantziako poliziek ala jendarmeek. Iaz hemeretzi izan ziren eta beste 117 larriki kolpatu. Datu horrek ere gora egin du COVID-19ari aurre egiteko konfinamenduan –Frantziako polizia ala jendarmeengatik, hamabik dute bizia galdu apirilaren 4tik maiatzak 10eko tarte laburrean!–.
Hilketei gehitu behar zaizkie indarkeria fisikoak, kontrolak, presioak zein irainak, eta zenbaki guztiak bat datoz ondorengoa ondorioztatzeko: banlieue-tan, hau da, Frantziako hiri inguruetan dira gehiengoan bideratzen. Hots, jatorriz kanpokoak –baina usu hiru edo lau belaunaldi Frantzian pasatako familiakoak– dira biktimak. “Enplegua, etxebizitza, hezkuntza ala beste, egoera kaskarra pairatzen dugu, baina guzti horrek oinarri bera du: arrazismo estrukturala dago Frantzian”, azaltzen zion ARGIAri Louisa Yousfi arrazismoaren aurka dabilen gazte militanteak Poliziaren gehiegikeriak Frantziako auzo txiroetan erreportajean. Horri gehiturik poliziak bideratu indarkeria, egoera jasanezina leherkorra ere da aspaldian. Eskubideen Defendatzailea deitu egitura administratibo ofizialak dio: Frantziako Estatuan beltzek eta arabiarrek poliziaren partetik kontrolatua izateko hogei aldiz arrisku gehiago dute.
Arazoa ez da berria eta noski, berdin-berdin arazoarekin bukatzeko aldarria. Egia eta Justizia Adamarentzat-ek burutu bi manifestazio historikoen gisara, 1983an ere 100.000 lagun batu ziren Parisen, “Berdintasunaren aldeko eta arrazismoaren aurkako martxa” kari. Orduan ere, poliziak tirokaturik ospitalean zegoen Toumi Djaidja gaztearen ahotik atera zen protestarako deia. Marseillatik hamar bat lagun abiatu eta ehun mila batu ziren Parisko azken kilometroetan. Tartean ia 40 urte pasa dira eta arazoak bere hartan dirau. “Polizia auzitan jartzea Errepublika auzitan jartzea da. Eta Frantzian, Errepublikaren sakralizazio batean izateaz gain, arraza-osagaia erabat falta da”, dio Rokhaya Diallo arrazakeriaren kontrako militante eta kazetariak. Hori horrela da, liberté, égalité, fraternité trinitatea itsuki errepikatzen eta iragan kolonialari amnesiko bailitzan bezala dabilen Frantzian.
Nahiko deigarria da mainstream komunikabideek Frantzian gertatzen ari denaz duten irakurketa. Salbuespenak salbuespen, aho batez dabiltza arrazakeriaren kontrako haserre popularra AEBetako George Floyd afroamerikarren heriotzari lotzen. Noski, gertakizun horrek hauspotu zuen sua –Traore ere Floyden gisara zendu zelako eta bien azken hitzak “itotzen naiz” izan zirelako–, baina pindarrak hor ziren aurretik. Tartean, konfinamendu garaian biderkatu polizia gehiegikerien bideo bortitzak sortu ezinegona.
Komunikabide hauen diskurtsoaren azterketa irakur daiteke www.arretsurimages.net webgune independenteko Antiarrazismo frantsesa amerikartu al da? (l´antiracisme français s´est-il américanisé?) artikulu mamitsuan. Adibideen artean, Le Point komunikabideko editorialaren pasarte hau: “Arrazialistek lortu dute Frantziako egoerarako amerikar irakurketaren inposatzea, eta sinestaraztea Minneapoliseko polizia txuri batek odol-hotzean hildako George Floyden gisako heriotzak eta gutxiengoen eskubideen zangopilatze sistematikoak ohikoak liratezkeela Frantzian. Tetelekeria”. Borroken “amerikartzeko” joera hori ez dute berria eta jada genero eta sexu identitateen aldeko borrokentzat ere berdina leporatzen zuten urte batzuk lehenago.
Hamarkadetan zehar martxan den borrokaren osagaiei ez begiratzeko eta AEBetako aktualitateari lotzeko joerak Frantziako Estatuak goraipatzen duen “unibertsalismoarekin” lotzen ditu artikuluak. Modelo unibertsalistaren arabera, guztiak gara herritar eta frantses eta edozein izanik ere gure berezitasun kulturalak, eskubide berak ditugu. Nonbait, zentzu berera doaz Emmanuel Macron presidenteak ekainaren 15ean plazaratu zituen hitzak. Bi egun lehenago Parisen egindako manifestazio historikoa ez bazuen zuzenki izendatu ere, arrazismoaz mintzo zela, ondokoa adierazi zuen: “Separatismorik” eta “komunitarismorik” ez duela onartuko. Boterearen logikari segi, unibertsalismoan ez dagoelako bereizkeria estrukturalik eta beraz, elkarbizitza hau kritikatzen dabiltzanak berez multzoa hautsi eta bereizi nahian dabiltzalako. Irain gisa hartu zituen adierazpen hauek Egia eta Justizia Adamarentzat komiteak.
Bazter hirietako herritarrek jasandako gehiegikeria salatzerakoan “ez dago kerik surik gabe” ukan dute sistematiko erantzun gisa. Postura hori oraindik presente baldin bada ere, gutxituz doa. Sare sozialei esker, lekukoen bideoak hor direlako froga gisa, eta nola ez, bazter hirietan burutu ohi zena hiriguneetako errealitate bihurtu delako. Jaka Horiek zein mugimendu sozialek jasandako errepresioa oso bortitza izaten ari da Frantzian.
“Borroken konbergentzia” ez baina “ukaldien konbergentzia” izendatzen du egoera hau Eric Fassen soziologoak: “Polizia indarkeriaren esperientzia partekatua”. Salbuespenak salbuespen, bi mugimenduen bateratzerik ez da eta egitekotan, –bai ala bai– zuri gisa dituzten pribilegioei buruz beharko dute gogoetatu Jaka Horiek. Pobrezia, diskriminazioa eta polizia indarkeria biek pairatzen badute, sistema arrazializatuan ez direlako alde berean.
UPNk salatu du Nafarroan eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeria aztertzen duen batzordeak ia edonor hartzen duela biktima gisa. María Chivite lehendakariak erantzun dio Poliziak egindako abusuen salaketak asko izan direla eta denboran hainbat garaitan... [+]
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]
“Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia-indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena”, salatu dute. Bestalde, azken boladako diskurtso eta eraso arrazisten gorakadaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute Irun eta Donostiako... [+]
Arrazekeriaren aurkako eragilearen arabera, pertsona baten aurka piperbeltz espraia erabili du Poliziak, eta hainbat lagun identifikatu dituzte. Foruzaingoak eta Udaltzaingoak baieztatu dute pertsona bat atxilotu dutela, "ez laguntzeagatik eta aurre egiteagatik".
Kasuan "inpunitatea gailendu ez dadin" egingo du lan, "Poliziaren berezko izaera salatzearekin batera". Hiru aldarri zehatz egin ditu: foam balak eta jaurtigaiak debekatzea, polizien identifikagarritasuna bermatzea, eta brigada mugikorraren desegitea.
17 urteko gazteari tiro egin zion Frantziako poliziak bere nahia bete du, eta Ipar Euskal Herrira ekarri dute lanera. Polizia gehiegikeriaren ondorioz hildako Merzouken kasuak mobilizazio eta protesta ugari eragin zituen Frantziako Estatuan.
Apirilean gertatu zen, Etxarri II gaztetxearen desalojoan, eta tiroaren ondorioz barrabila galdu zuen Iker Aranak. Aranak berak emandako materialetik identifikatu dute ertzaina.
Rosa Zarraren hilketaren 30. urteurrena da ekainaren 30ean. Ekainaren 29an, biolentzia polizialaren biktimaren omenaldian, hainbat eskakizun egin zituen Egiari Zor fundazioak. Zarraren familiak Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu ohiari barkamena eskatzea galdegin dio.
Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher... [+]
Lagun marika batek deitu dit galdetzeko nola salatu dezakeen hurrengoa: joan zen Akarlandara, EHUren parean dagoen parkera, eta komun publikoetan bi tiporekin zegoela, udaltzainen bizpahiru kotxe agertu ziren super azkar, poliziak sartu ziren komunera borrekin hormak kolpatzen,... [+]
‘Sanfermines de 1978. Los victimarios’ liburua kaleratuko du Txalaparta argitaletxeak. German Rodriguezen heriotzaren erantzule eta arduradunak biltzen ditu.
Bilboko hooligan inbasioari buruz idatz nezakeen, baina herri txiki batean bizi naiz ni eta ez dut sufritu. Euskaraldiari buruz idatz nezakeen, eskerrak emateko euskarari bizkarra ez ematen lagundu gaituzuenoi, baina ez da hori gorputzak eskatzen didana.
Egunak daramatzat gai... [+]
2023ko abuztuan, Bilboko Kale Nagusian, saltzaile ibiltari baten defentsan Poliziari aurre egin zion emakumeari hiru urteko espetxe zigorra eskatzen dio udaltzain batek. Bideo batek Poliziaren kontakizuna ezbaian jartzen du.
Ertzain talde bat bi gazte jipoitzen ileapaindegi batean. Lokal barrura sartu dituzte, San Frantzisko kaleko segurtasun kamerek polizia gehiegikeriak filmatu ez ditzaten, baina seguruenik ez zuten espero negozio horrek ere segurtasun kamera zuenik. Bilboko Kontseilu... [+]