"Konplize sarea eratuz, zientzia fikzioa oso une polita bizitzen ari da Euskal Herrian"

  • Zientzia fikziozkoa zirudien errealitatea izan da gure elkarrizketa. Bilbiko Xake espazioan ezagutu genuen elkar, pandemia-aurreko garaian, gai distopikoak ardatz zituen bertso-saio baten aitzakian. Eta orain pandemia mundial baten testuinguruan pantailatik pantailara hitz egin dugu zientzia fikzioaz eta bere balioaz. Izan ere, pentsamendu espekulatiboa, askapenerako tresna gisa ulertzen eta erabiltzen du Arrate Hidalgok.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Arrate Hidalgo Sánchez. Bilbo, 1987

Arrate Hidalgok ingeles filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta erdi aroko literaturan egin zuen espezializazioa Leeds-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua). 2014tik zientzia fikzio feminista editore da Aqueduct Press argitaletxe estatubatuarrean, eta itzultzaile, idazle eta kultur aztoratzaile gisa aritzen da, besteak beste, Qué haría Barbarella podcastean, AnsibleFest Zientzia Fikzio Feministaren inguruko festibalean, eta Zientzia Fikzio Feminista Zarautzen (ZFFZ) irakurle taldean. Berriki itzuli ditu Ursula K. Le Guin-en Neska basatiak eleberri laburra (Las niñas salvajes, Virus argitaletxea) eta Octavia Butleren Odolezko Alaba ipuin bilduma (Hija de sangre, Consonni argitaletxea).

Zientzia fikzioaren inguruan egiten duzu lan azken urte mordoxka batean. Nola iristen da bat zientzia fikziora, edo hobeto esanda, nola iritsi zinen zu?
Irakurle gisa, ni bi pausotan iritsi nintzen. Lehenengo ohiko zientzia fikzioa ezagutu nuen: Ray Bradbury, Arthur C. Clarke, Isaac Asimov... Beti gomendatzen diren horiek. Eta Bradburyrekin ikusi nuen zientzia fikzioa poetikoa izan zitekeela. Oso lirikoa. Eta hori gustatu zitzaidan. Eta bigarren pauso batean, jakin nuen bazegoela gauza bat zientzia fikzio feminista esaten ziotena. Eta hor bai, hor maitemindu egin nintzen. Joanna Russ irakurtzean konturatu nintzen bazegoela zientzia fikzio bat niretzat une hartan berebizikoak ziren gaiei buruz idazten zuena. Eta literatura horrek asko lagundu zidan nire kontzientzia feminista garatzen.

Zientzia fikzioaren bidez egin omen zinen feminista. Nola gertatu zen hori?
Ba begira, gaur egungo feminismoarekin talka egingo lukeen liburua da esan dizudan Joanna Russ-en liburua, The Female Man (Gizon emea). Baina nik irakurri nuenean ez neukan kontzientzia oso konplexua feminismoari zegokionez. Eta hain da liburu oldarkor eta erradikala inpresio izugarria izan zuela nigan. Hortik beste istorio batzuk irakurtzera iritsi nintzen, eta batez ere, izateko beste aukera batzuk eskaintzen zituzten liburuak aukeratzen joan nintzen, esaterako The Left Hand of Darkness (Iluntasunaren ezker eskua), Ursula K. Le Guin-ena. Nire queer izatearen garapena irakurtzearen bidez gertatu zen, eta nire kontzientzia feministarekin batera sortzen joan nintzen liburuen bidez. Zeren garai hartan ez neukan sare bat, edo komunitate bat, feminista queer aktibista zenik. Liburu hauei buruzko informazio bilaketan ezagutu nituen liburu hauei buruz hitz egiten zuten pertsonak, liburuok argitaratzen zituztenak, eta hor hartu zuen nire feminismoak forma solidoagoa. Horregatik zor diot nik zientzia fikzioari feminista izatea. Eta horregatik ikusten dut garrantzitsua nire lana ere. Zeren batzuetan pentsatzen dut: “Zergatik ari naiz honetan lanean? Zertarako balio du? Hainbeste arazo munduan eta ni hemen, jendeari asmatutako istorioak irakurrarazteko ahaleginean...”. Baina nire bizitzan erabakigarria izan zen, eta hortik dakit eragin handia izan dezakeela.

Zientzia fikzio feminista, queer-a eta dekoloniala lantzen dituzu. Zer da zientzia fikzio feminista, zer querra eta zer dekoloniala? Zergatik dira interesgarri?
Badago zientzia fikzio bat patriarkatua ezezik zis-heteronorma eta neokolonialismoa zalantzan jartzen dituena. Elkarrekiko loturan garatu dira bide horiek, eta gaur egun ezin dira erabat bereizi. Zientzia fikzio feminista, hasiera batean, feminismoaren bigarren olatuan idatzi zen zientzia fikzioari deitu zitzaion, eta idazle jakin batzuekin lotzen da gehienbat –Ursula K. Le Guin, Pamela Zoline, James Tiptree, Jr...–. Gero zientzia fikzio queer-a garatu zen. Arlo horretan Samuel R. Delany da erreferentzia nagusietako bat. Berak pertsonaia queer-en bidez bere garaiko New Yorkeko bizimoduak eta arazoak agerrarazten zituen bere testuetan. Adibidez, esaten da berak egin ziola lehenengo erreferentzia hiesari literaturan –literatura zabalean, ez zientzia fikzioan soilik–, bere Flight from Nevèrÿon (Hegaldia Nevèrÿondik) liburuan. Gaur egun, dena dela, hamaika forma hartu ditu queer literaturak ere eta autore horietako asko dekolonialitatearekin ere lotzen dira. Zientzia fikzio dekolonialak zientziaren definizio mendebaldarra bera jartzen du hankaz gora eta horrekin batera, naturalizatu ditugun beste hainbat kontzeptu eta kategoria. Horrek egiten du bereziki interesgarri eta garrantzitsu, nire ustez. Adibidez, kultura indigenetatik edo kultura antikolonial edo postkolonialetik idazten duten idazleek agerian uzten dute zientzia, etorkizuna, denbora eta horrelako kontzeptuak irudikatzeko gure modua modu jakin bat dela, Mendebaldeko ikuspegira mugatua. Eta alternatibak proposatzen dituzte, kontzeptu tradizional edo berrien bidez. Eta ikuspuntu horiek lotuta daude, ezinbestean, feminismoarekin, bat egiten dutelako, hain zuzen, kontzeptu horien ulerkerak eta mundu ikuskera jakin bat zalantzan jartzeko helburuan.

Argazkia: Dani Blanco

Halako problematikei buruz serio hitz egiteko gehiago irudikatzen dira saiakerak zientzia fikziozko nobelak baino…
Le Guinek esan zuen zientzia fikzioa idazten duzunean errazagoa dela irakurleak pentsatzea irudikatzen duzun hori ez dela egiazkoa, eta beraz, ez daukala harremanik bere errealitatearekin. Batek erne egoteari uzten dio, eta hortik, ideiak modu zeiharrago batean iristen zaizkio irakurleari. Horretan oinarritu da zientzia fikzio feminista asko, hau da, rolei buelta ematean. Emakumeekiko zapalkuntzak, esaterako, itxura erridikulua hartzen du zapalkuntza bera gizonen kontrakoa bihurtzen denean. Eta begi-bistakoa bihurtzen da zein absurdua den jendea bi generotan banatzea eta banaketa horrek hainbeste min sortzea.

Zuri irakurri dizut Walidah Imarisha idazle eta aktibista estatubatuarrak esana dela aktibismoa bera zientzia fikzioa dela, etorkizunera begira espekulatzean oinarritzen delako. Alderantziz ere esan liteke? Zientzia fikzioa aktibismoa izan daiteke?
Bai, uste dut baietz. Zientzia fikzioak balio digu inspiratzeko, ideia berriak ezagutzeko, edo entretenitzeko –zergatik ez–, errealitateak gainezka egiten digunean. Eta plazererako. Baina hori baino gehiago ere bada. Zientzia fikzioa sortzen dugu gugan badagoelako errealitatea eraldatzeko eta hankaz gora jartzeko gogo hori. Borrokatzeko gogoa, azken finean. Zientzia fikzioa da borroka horrek hartzen duen beste forma bat.

Egia esan behar badizut, ezjakintasunetik, zientzia fikzioa esan eta idazle gizonak baino ez zaizkit etortzen burura. Eta genero bezala ere uste dut bereziki maskulinotzat irudikatu izan dudala…
Emakumeek beti idatzi dute zientzia fikzioa. Hasieratik. Kontua da jende askok duen zientzia fikzioaren irudia erabat lotuta dagoela 40-50eko hamarkadetan -“urrezko aroa” esan zaion garaian- idatzi zen zientzia fikzioarekin. Garai hartan AEBen eta SESBaren arteko Gerra Hotzaren harira garatzen ari ziren aurrerapen teknologikoen eta bultzada inperialisten inguruko zientzia fikzio pilo bat ekoitzi zen, teknologian eta zientzia teorietan oinarrituta. Hor pertsonaiak ez ziren inportanteak eta emakumeak ziren emazteak, alabak edo pertsonaia sexi eta enigmatikoak, merkatu hori gizonezko irakurleei zuzenduta zegoelako. Baina emakumeek zientzia fikzioa irakurtzen zuten, noski, eta baita idatzi ere, batzuek ezizenak edo inizialak erabiltzen zituzten arren. Hala ere, emakumeek idatzitako zientzia fikzioak ez zuen agerikotasunik berreskuratu 60ko hamarkadan Gerra Hotzaren testuinguru politiko eta soziala lausotu zen arte. Orduan, zientzia fikzioa gizonen arloa dela esatea ez da gezurra, baina esan genezake batez ere eremu sozialean izan zela horrela: elkarteetan, sarietan, konbentzioetan... argitaratzaileak ere gizonak ziren. Baina horrek ez du esan nahi emakumeak ez zirela ari idazten eta argitaratzen.

Zientzia fikzioa, nobela errealistaren aldean, genero literario gisa bigarren mailakotzat jotzen da maiz.  Zergatik gertatzen da hori?
Balio literarioa ez da literatura errealistaren ezaugarria ere, aitor dezagun. Nobela errealista, gainera, zientzia fikzioaz geroztikakoa da. Zientzia fikzioa sortu zen ilustrazioko literaturari kontra egiten zion nobela gotikoaren baitan, XVIII. mende bukaeran eta XIX. mende hasieran. Erromantizismo bete betean, nobela gotikoak ilustrazioaren printzipioen aurka egiten zuen argiki, kaosaren eta irrazionaltasunaren alde, ordena eta arrazionaltasuna ukatuz, estetikoki zein kontzeptualki. Mary Shelley-ren Frankenstein da, Asimoven hitzetan, zientzia fikziozko lehen nobela. Eta zergatik ez da nobela gotiko hutsa? Istorioaren eta gatazkaren mamia Shelleyren garaiko ikerkuntza zientifikoan oinarrituta dagoelako, besteak beste. Esan daiteke Frankenstein bigarren mailako nobela bat dela? Nobela errealistaren eta ez errealistaren arteko bereizketa hori, gainera, orain dela gutxiko kontua da. Le Guinek dio imajinatzeak, asmatzeak eta horrekin gozatzeak ez dakarrenez bere horretan etekinik, joera puritano bat egon dela, imajinazio hori kamusteko, batez ere gizonei –emakumeei, ez direnez hain arrazionalak, utzi izan zaie erromantzeak irakurtzen, eta abar–. Hori fikziozko edozein sorkuntzarekin gertatu da. Niretzat oso arrotza da Le Guinek orduan esaten zuena gaur egun nobela literarioarekin lotzea, orain duen prestigioagatik. Baina momentu hartan, 70eko hamarkadan, Le Guinek Tolstoi eta Tolkien esaldi berean jartzen zituen. Izan ere, zientzia fikzioari gertatzen zaio badirudiela ez duela ezertarako balio. Badirudielako existitzen ez den zerbaitez hitz egiten duela, nahiz eta zientzia fikzioak ere, berez, orainaldiko errealitateaz hitz egiten duen.

Zein da euskarazko zientzia fikzioaren egoera? Badago emakumeek idatzitakorik? Zientzia fikzio feministarik?
Badago bai. Mayi Pelot ez da nahikoa aipatzen. Nire kuttuna da. Badaude beste autore batzuk bere aurretik ere, baina [80ko hamarkada hartan] Mayi Pelotek sekulako konpromisoa erakutsi zuen zientzia fikzioarekiko. Zientzia fikzioa idatzi zuen ia soil soilik. Poesia eta saiakerak ere bai, baina batez ere zientzia fikzioa. Politena da berak euskara 23 urterekin ikasi zuela, eta berak idazteko erabiltzen zuen euskara batua zela. Garai hartan euskara batua zientzia fikziozkoa zen, azken batean: artifizialki sortua, etorkizunera begira. Mayi Pelot aitzindaria izan zen euskara batuan zientzia fikziorako lengoaia bat sortzen. Hala dio Itxaro bordak Sareinak taldeak eta Maiatz argitaletxeak atera duten Peloten lanen berrargitalpenean. Biziki inspiratzen nau horrek.

Zer ari da gertatzen euskarazko zientzia fikzioan gaur egun?
Gazte literaturan Garazi Albizua eta Yolanda Arrieta, dauzkagu, esaterako. Eta nola ez aipatu Itxaro Borda! Atera berri du Kripton 85, zientzia fikzio klimatiko anti-nuklear, queer eta feminista. Gustura ari naiz irakurtzen, Elhuyar hiztegiarekin batera. Eta badago proiektu oso polit bat, Zirriborroak eta gero izenekoa, Azala Kreazio Espazioak bultzatuta Araban garatzen ari direna. Lurralde zehatz horretan gaur egun martxan dauden alternatiba politiko-sozialen inbentarioa egin, eta, abiapuntu horretatik, alternatiba horietako bat etorkizunean proiektatzera gonbidatu dituzte hainbat idazle. Katixa Agirrek, Danele Sarriugartek eta Iban Zalduak idatzi dituzte ipuinak oraingoz, eta Karmele Jaiok idatziko du hurrengoa. Ana Morales ere beti egon da hor, Xerezaderen artxiboa literatur podcasta elikatzen, besteak beste. Orain dela gutxi Magdalena Moujan Otaño-ren Gu ta gutarrak ipuina grabatu dute podcasterako. Berak gazteleraz idatzi zuen, –Argentinan jaio zen 1926an–, baina Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren biloba zen. Familia bati buruzkoa da. Kide guztiak oso azkarrak dira, eta denboraren makina bat asmatzen dute euskaldunen jatorria zein den deskubritzeko. Bikaina da, oso barregarria. 1968an, Argentinako zientzia fikzio alorreko ipuinen Sari Nagusia eskuratu zuen eta Espainian Fraga Iribarnek, informazio ministro frankista zenak, zentsura ezarri eta editatuta zegoen ipuina baitu zuen, “Espainiaren batasunaren aurka atentatzen zuelako guztiz”. Honetaz guztiaz gain, AnsibleFest zientzia fikzio feministaren inguruko festibala ere hor dago, eta hor hamaika egitasmo mamitzen da... Orokorrean oso momentu polita bizitzen ari gara Euskal Herrian zientzia fikzioari dagokionez. Konplize sarea eratzen ari gara.

Irakurri dizut zientzia fikzioari esker euskararekiko inoiz izan ez duzun harremana duzula orain. Horrek ere zientzia fikzioa dirudi…
Mayi Peloti eta Zarauzko irakurle taldeari zor diet hori. Peloten lanaren haritik tira egin eta lagun berriekin aurkikuntzak partekatzen joan ahala, nire euskararekiko harremana berpiztu zen. Euskarazko zientzia fikzioa irakurtzen zuten edo irakurri nahi zuten pertsonak ezagutu nituen, eta pixkanaka, elkarrizketaz elkarrizketa sareak sortuz joan ginen. Euskarazko bizimodu bat aurkitu dut zientzia fikzioaren jiran. Oraintxe bertan zurekin berbetan baldin banago, Danele Sarriugarterekin zientzia fikzio bertso saio feminista bat antolatu genuelako da. Ni kanpora atera nintzen zientzia fikzio bila, nirekin ekarri dut Euskal Herrira, eta bere bidez iritsi naiz euskarara berriro.

Argazkia: Dani Blanco

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zientzia-fikziozko literatura
2022-07-31 | Diana Franco
Teknologia
Udako kosmogenesia

Garai ezberdinetan gizakion kulturek aldaketak barneratu dituzte, kulturak inguruarekin sinbiosi batean bizi dira, jakinik inguru gisa ulertzen duguna gauza asko direla: espazio fisikoa, birtuala, gizakion artean harremanak egiteko moduak (inguruan eta munduko beste gizaki eta... [+]


Santi Leoné
"Erdi-sekretuak edo bazterrekoak diren testuak gustatzen zaizkit"

Ekaineko arratsalde batez dugu hitzordua Santi Leonérekin (Iruñea, 1972) Liztor mutanteak ipuin liburuaz hitz egiteko. Formazioz historialaria eta ogibidez euskara irakaslea Iruñeko Hizkuntza Eskolan, gure panorama kulturalean ezaguna zen aurretik saiogile,... [+]


2020-11-22 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


Literatura COVID-19 garaietan
Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako... [+]


2020-05-31 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Normaltasun berria

Badirudi hasi garela argia ikusten tunelaren bukaeran. Fasez fase, baina pixkanaka irekitzen ari da, primaderako lilia nola, etxealdia –gurea etxealdia izaten ari baita, ez inondik ere itxialdia, pasa den asteko ARGIAn irakurri ahal izan genuen bezala; eta ez dakit nola... [+]


Eguneraketa berriak daude