Euskararen jatorria, Pello Mari Otañoren biloba "Beltxak" azaldutako zientzia fikzioa

  • Azaroaren 29an aurkeztu zuten Zizurkilen Gu ta gutarrak ipuina, Euskaraldiaren barruan. Argentinako zientzialari handienetako bat zen Magdalena Moujan Otañok 1965 aldera idatzi zuen eta Xalbador Garmendiak itzuli. Aukera baliatu dugu Joxin Azkue eta Julian Arrastoarekin biltzeko: hauek dira Pello Mari Otañoren Argentinako garaia argitu eta haren bertso ondarea berreskuratu dutenak.


2018ko abenduaren 09an
Joxin Azkue eta Julian Arrastoa, Hernandorena elkarteko kideak. Argazkia: Dani Blanco.

Magdalena Moujan Otaño 1926an jaio zen Argentinako Pahuajón herrian. Pello Mari Otaño bertsolari ospetsuaren biloba zen, bertsolariaren alaba zaharrena zen Teresaren alaba bakarra. Aitonarekin harremanik estuena hiru bilobek izan zuten, eta haren herrimina eta Euskal Herriarekiko maitasuna jaso zituzten hauek, baita haren ondare literarioa zaindu ere. Aitonak ezizen berezi bana jarri zien: Magdalena etxekoentzat Beltxa izango zen, Susana Ardanaz Otaño Txuri eta Héctor Ardanaz Otaño Nere.

Magdalena Moujan Otaño zientzia munduko eminentzia bat izan zen Argentinan. Matematikan doktorea zen, hainbat unibertsitatetan Honoris Causa, ikerlaria eta Energia Atomikoaren Batzorde Nazionalean zein Buenos Aires probintziako Energia Zuzendaritzan lan egin zuen. Argentinaren programa nuklearra osatzeko kalkulu matematikoak berak egin zituen. Baina izen handia lortu zuen, baita ere, literaturan: zientzia fikzioa idazten zuen. Bere lanak Argentinako hainbat antologietan argitaratu dira, besteak beste, Jorge Luis Borgesenen alboan. Gu ta gurarrak ipuinak 1968ko Argentinako zientzia fikzio alorreko ipuinen Sari Nagusia eskuratu zuen.

Ipuinaren ibilbidea zentsuran barna

Herrialde Katalanetan kokatutako zientzia fikzio eta fantasia aldizkaria zen Nueva Dimensión eta 1970ean argitaratu nahi izan zuen Gu ta gutarrak ipuina. Inprentatik aleak atera eta banatzeko zorian zirela, Manuel Fraga Iribarne Informazio ministro frankistak zenbaki hori bahitu egin zuen, “Espainiaren batasunaren aurkako atentatu egitea” egotzita. Ia 50 urtera, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak ipuina argitaratu du eta Zizurkilgo Udalaren laguntzaz, etxe guztietara helaraziko dute. Aiurri hedabideak ere Aiztondo bailarako bere harpidedunen artean banatuko du. “Hori da guk Euskaraldiari egin diogun ekarpena”, azpimarratu dute Hernandorena elkarteko kide Joxin Azkue eta Julian Arrastoak. Liburua alde batetik euskaraz irakur daiteke, eta atzealdetik hartuz gero gazteleraz, Moujan Otañok idatzitako jatorrizko ipuinari leku egin
baitiote. Liburuaren itzulpena zendu berri den Xalbador Garmendia Etxeberriak eginikoa da eta Maria Altuna Lizarragaren ilustrazioek jantzita dago.

Gu ta gutarrak ipuinarekin batera, liburuan bildu dituzte Moujan Otañok bere bizitzako azken urtean euskarari idatzi zion maitasun gutuna. Euskararen jatorriaz zientzia fizkiozko ipuin umoretsua Gu ta gutarrak ipuinak umore handiz lantzen du euskararen jatorriaren enigma. Bikote euskaldun batek Malagako Palomaresera egingo du eztei-bidaia, eta bete-betean blaituko ditu AEBetako armadako hegazkinak isuritako hidrogeno-bonben erradiazioak. Ipuina zentsuratuko zuen Fraga Iribarne bera
ere bainatu zen bertako hondartzan, herritarrak arriskurik ezaz konbentzitzeko. Fragari ez dakigu baina ipuineko protagonistei onerako eragin zien erradiazioak, eta beren seme-alabak super-gaituak aterako dira: neurriz gora indartsuak eta neurriz oso gora
adimentsuak. Haietako batek denboraren makina asmatuko du, eta Orioko Altxerri koba inguruetan, garaiz garai atzera eta atzera egingo dute familiak, proiektu zientifiko horretako langileek eta Txuri, Beltxa eta Nere txakurrek, euskararen jatorriaren bila. Ipuinaren amaiera biribilak sorpresan harrapatuko du irakurlea. Ipuina erreferentzia historikoz josia dago, eta kristautasunarekiko debozioa ere oso modu agerian adierazten du. 

Otañotarren ondarea

Hernandorena Kultur Elkarteko kideek berreskuratu dute Pello Mari Otañoren Argentinako ondarea. Antonio Zavalak bi liburuki marduletan jaso zuen Zizurkilgo bertsolari sendiaren berri. Baina jakina denez, Pello Mari Otañok Argentinara jo zuen eta hango lorratzak jarraitzea argentinarren esku utzi zuen Zavalak. Azkueren ustez, “Otañok Zizurkildik Donostiara alde egin zuen bere familia liberala zelako eta hemen gaizki ikusia zegoelako. Handik Ameriketara joan zen, desertore moduan. Eta Argentinan, bizitzan zehar, ideologikoki bilakaera izan zuen. Liberal izatetik, Kubako gerran espainiarren aldeko izatetik, Sabino Aranaren lanak ezagutu ostean abertzale internazionalista bukatu zuen. Bera hil ostean argitaratu zen bere azken bertsoan, Argentinak
lortutako Espainiarekiko independentziaren lehen mendeurrena goraipatu eta ‘Euskal Lurra eta katibu dauden guztien’ askatasuna aldarrikatu zuen Pello Mari Otañok”.
Hara nola ekin zioten Otañoren Argentinako berri bilatzeari, Azkueren hitzetan: “Gure alaba Argentinan ari zen ikasten, eta suertez jakin genuen Otañoren biloba bat bizirik zegoela. 2009an joan ginen Argentinara, Susana Ardanaz Otaño Txurirengana. Hasieran oso jarrera formala erakutsi zuen, ‘nire garaia pasa da, Euskal Herrian izan naiz pare bat aldiz baina dagoeneko horiek denak hil dira...’. Oso ulergarria, ordurako 80 urte zituela kontuan hartuta, baina pixkanaka ireki zen eta gaiarekin erabat bero bukatu zuen, biok seme moduan zaindu gintuen. Familiarekin hitz eginda dokumentuak lortu zituen, eta pixkanaka puzzlea lotu genuen. Otañok Argentinan bizi izandako urte horiek argitara ekarri genituen”.

Lau liburu historikorekin egin zuten topo Argentinan: Bat Oroimenak zen, Otañok bere bertsoak bertan idazten zituen. Bitxia da familiarentzat liburu horren izena El Libro Atado (lotutako liburua) zela, sokaz bildua zegoelako, eta liburu historikoa zen familiarentzat. Otañok liburu horretan 1894an idatzi zuen lehen bertsoak argi adierazten du bere asmoa:

Ikusirikan ugaritutzen
dijoazkidala lanak
eta ahaztutzen dirala noizbait
izkribatzen ez diranak,
liburu hontan jarri nahi ditut
gogoratzen zaizkidanak,
gaur edo bihar nere semak
ikasi ditzaten danak.

Bigarren liburua aurkitu zutenekoa ez du ahazteko Arrastoak: “Pello Mari Otaño euskara irakasle aritu zen Argentinan. Txurirekin paper zaharrak begiratzen ginela, halako batean paper bat atera zuen. Begiratu, eta deklinabide bat! Liburuxka bat zen, berak idatzitako La Cátedra del Bascuence, deklinabide osoa zuena, atalka. ‘Si yo hubiera podido ser’ gazteleraz, eta ondoan baliokidea euskarazkoa. Gaztelera ere ederki menderatzen zuen hark. Eta klaseak ere markatuta zituen: abenduak 4, ikasgai hauek, ‘superlatibo...’. Abenduak 7, beste hauek. Euskara irakasteari utzi omen zion, ikaslerik joaten ez zitzaiolako. Ez da harritzekoa, irakasteko modua ikusita. Guretzako zaila bada, haientzako zer behar zuen...”.

Beste bi liburuak Buenos Airesen argitaratuak ziren: 1904ko Alkar, bere olerki hautatuen bilduma eta Poesías Vascas, Argentinako La Euskaria elkarteak 1906an antolatutako literatura lehiaketan aurkeztutakoa. Txuri hil zenean, bertsolariaren oroimenak Argentinako ondorengoetan segidarik ez duela ikusita, familiak Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen esku jarri zuen Pello Mari Otañoren ondarea; lau liburuak eta Gu ta gutarrak ipuina. Ahalik ongien kontserbatzeko eta herritar denen eskura jartzeko, Koldo Mitxelena Dokumentazio Zentrora eraman zituzten.

PELLO MARI OTAÑOREN ONDOAN HOBIRATUA

Magdalena Moujan Otaño Beltxak azken urteak Mar de Platan egin zituen eta 2005ean hil zen, 79 urterekin. La Platako hilerrian hobiratu zuten. Hura izan zen pista Azkuek eta Arrastoak Pello Mari Otañoren gorpua aurkitzeko. Izan ere, ordura arte Euskal Herrian inork ez zekien non zeuden bertsolari handiak Zizurkilgo bere jaiotetxearen aurreko gaztainondoan utzi nahi zituen
hezurrak. Horrela kontatu dute Azkuek eta Arrastoak hilobia aurkitu zutenekoa:

“Pello Mari Otañok Argentinan mila ofizio egin zituen. Langosta izurritearen kontrako lan bat egitera joan zen Rosariora, gaixotu, eta hil zen. Rosarion lurperatu zuten, han hil zelako. Rosarioko Euskal Etxearekin jarri ginen harremanetan eta esan ziguten familiako norbaitek eramana zuela handik beste hilerriren batera. La Platan begiratzea erabaki genuen, bere ondorengo familia han bizi baitzen (Txuri, Beltxa, Nere...). La Platako hilerria mundu bat da, handia. Fitxategian fitxaz fitxa bilatu behar genuen. Noizkoa zen galdetu ziguten. Noiz hila zen bagenekien, baina La Platako hilerrian noiz sartu zuten ez. Halako batean gogoratu ginen Beltxak bere aitonaren ondoan lurperatu nahi izan zuela. Beltxa noiz hil zen bagenekienez, bere fitxa begiratu genuen, eta
horrela topo egin genuen otañotarren nitxo-hormarekin. Batean dago Beltxa, eta beste batean dago ‘aitona eta amona’ jartzen duena”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zientzia-fikziozko literatura
2022-07-31 | Diana Franco
Teknologia
Udako kosmogenesia

Garai ezberdinetan gizakion kulturek aldaketak barneratu dituzte, kulturak inguruarekin sinbiosi batean bizi dira, jakinik inguru gisa ulertzen duguna gauza asko direla: espazio fisikoa, birtuala, gizakion artean harremanak egiteko moduak (inguruan eta munduko beste gizaki eta... [+]


Santi Leoné
"Erdi-sekretuak edo bazterrekoak diren testuak gustatzen zaizkit"

Ekaineko arratsalde batez dugu hitzordua Santi Leonérekin (Iruñea, 1972) Liztor mutanteak ipuin liburuaz hitz egiteko. Formazioz historialaria eta ogibidez euskara irakaslea Iruñeko Hizkuntza Eskolan, gure panorama kulturalean ezaguna zen aurretik saiogile,... [+]


2020-11-22 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


Literatura COVID-19 garaietan
Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako... [+]


Arrate Hidalgo. Zientzia fikzioa aktibismo gisa
"Konplize sarea eratuz, zientzia fikzioa oso une polita bizitzen ari da Euskal Herrian"

Zientzia fikziozkoa zirudien errealitatea izan da gure elkarrizketa. Bilbiko Xake espazioan ezagutu genuen elkar, pandemia-aurreko garaian, gai distopikoak ardatz zituen bertso-saio baten aitzakian. Eta orain pandemia mundial baten testuinguruan pantailatik pantailara hitz egin... [+]


Eguneraketa berriak daude