Heteropatriarkatuaren espazio eta denborez harago

  • Zer gertatuko litzateke politikari teokrata talde batek kolpe militar bidez boterea hartuko balu, eta emakumeak estatuaren ondasun izatera pasako balira? Galdera horretatik abiatuta idatzi zuen Margaret Atwood-ek The Handmaid’s Tale eleberria 1985ean, duela ez asko telesail formatura egokitu dutena, sekulako ospea lortuz. Zientzia fikzio feminista osasuntsu dagoela dioten baieztapenak zuzenak direla adieraztera datorren seinale nabarmenetan nabarmenena.

Atwoodek sortutako distopian patriarkatuak diktadura fundamentalista itxura hartzen du, emakumeak eskubiderik gabe utziz eta beraien eginkizuna erreprodukziora mugatuz. Aire kutsadurak gehiengoa antzutu duen gizartea izanik, ugalkorrak diren emakumeak mirabe izatera pasa dira ondorengo biologikoak izan ezin dituzten klase altuko familien zerbitzura, eta etengabe bortxatzen dituzte. Telesailaren arrakasta alokairuko sabelen gaineko eztabaida gori-gorian dagoen momentuan etorri izana ez da, seguraski, inolako kasualitatea.

Jen Green eta Sarah Lefanu idazleek Despatches from the Frontiers of the Female Mind liburuan argi zioten: “Zientzia fikzioak emakumearen gaur egungo egoera ikertzea ahalbidetzen digu, egoera hobeto fokuratu eta argiztatzeko generoaren metafora propioak erabiliz; hau da, etorkizunari buruz idatzi dezakegu, baina egiatan orainaldiari buruz idazten ari gara”. Hala bada, Atwooden lanak arrakasta izan badu, zentzua dauka pentsatzeak gizarte garaikidean emakumeek bizi duten egoera aztertzeko daukan gaitasunari esker izan dela.

“Zer gertatuko litzateke…?” galderatik abiatu ohi denez, zientzia fikzioak gogoeta eta irudimenari ateak zabaltzen dizkio. Ate horrek, orainaldia aztertzeko aukera ez ezik, etorkizunaren gainean espekulatzeko parada ere eskaintzen du. Zientzia fikzio feministaren kasuan, zehazki, emakumeek bizi dituzten bazterketa eta zapalkuntzen gainean hausnartzeko eta hauek gainditzeko espazioa ahalbidetzen du generoak. Pamela Sargent zientzia fikzio feminista idazlearen hitzetan, “soilik zientzia fikzioak eta fantasiazko literaturak erakutsi ditzakete emakumeak giro guztiz berri edo arrotzetan. Gure bizitzetan eragiten duten murrizketak desagertuta, zer izatera heldu gaitezkeen iragarri dezakete, edo azaleratu daitezkeen arazo eta muga berriak erakutsi”. Ildo berean egin zuten hurrengo adierazpena Greenek eta Lefanuk ere: “Zientzia fikzioak emakumeei ezarritako rol murriztaileetatik harago begiratzea ahalbidetzen du, gure ametsak zein amesgaiztoak deskribatzeko aukera luzatuz”. Dirudienez, zientzia fikzioa lur emankorra da feminismoarentzat.


Hasieratik emakumeen esparru


Hizpide dugun generoaren eta emakumeen arteko harremana ez da kontu berria ordea. Are gehiago, emakume bat dugu zientzia fikzioaren sortzaile: Mary Shelleyk erditu zuen generoa 1818an, Frankenstein eleberriarekin. Shelleyk, zientzia fikzioak egin ohi duenez, existitzen ez den baina zientziaren bidez sortu daitekeen izaki bat aurkezten digu, eta beronen sorkuntzak ekar ditzakeen ondorio sozialetan jartzen du arreta.

Generoari ekarpenak egin dizkioten emakumeen artean, Charlotte Perkins Gilman eta Thea Von Harbou aurkitu ditzakegu Shelleyren atzetik. Perkinsek Herland idatzi zuen 1915ean, soilik emakumeek osatzen duten jendarte bat hizpide duen utopia. Von Harbouk Metropolis kaleratu zuen 1925ean, haren senarrak zinemara eraman zuena eta zinema mutuak eman duen lan onenetarikotzat jotzen dena. Oraindik ere meritu guztia Fritz Langi –senarrari, alegia– aitortzen diote askok, ideia originala eta gidoia Von Harbourena diren arren.

Emakume bat dugu zientzia fikzioaren sortzaile: Mary Shelleyk erditu zuen generoa 1818an, Frankenstein eleberriarekin

XX. mendeko bigarren hamarkadaren ostean hutsunea dago zientzia fikzioari ekarpenak egin dizkioten emakumeei dagokionez. Hasierako egoera alderantzikatuta, generoa gizonezkoen monopolio izatera igaro zen 70eko hamarkada ingurura arte. Feminismoaren bigarren olatuak egoera irauli zuen ordea, eta bat-batean agertu ziren emakume idazleek errotik aldatu zituzten zientzia fikzioaren ordura arteko kode eta genero topikoak. Zientzia fikzio feminista jaiotzear zen.

“Zientzia fizkioan sexu-rolak espazio-ontziaren kroskoko metala bezain aldaezinak dira, eta emantzipazioa, hitz ezezaguna”, zioen Sam Lundwallek 1971an, egoera aldatzear zela ohartzeke oraindik. Lundwallek bazituen ezkorra izateko arrazoiak, ordura artean etorkizun liluragarri eta guztiz ezberdinak irudikatzeko aukera ematen duen generoaren baitan edozer eraldatu ohi zelako, generoa izan ezik. 70eko hamarkadako emakume idazleek goitik behera aldatu zuten panorama ordea, eta erdigunera ekarri zituzten sexuen arteko erlazioak zein genero-rolak, irudimenezko jendarte konplexuetan gertatzen ziren istorioetan. Astindu ederra, espazioko abenturetara eta rol pasibodun emakumezko pertsonaietara ohitutako generoarentzat.

Ursula K. Le Guin jo izan da garai horretako erreferente nagusitzat, gizonezkoen eremu batean ezustean sartu eta ordena irauli zuelako. Berari egozten zaizkio generoaren baitako obra garrantzitsuenetariko zenbait, aipatuena The Left Hand of Darkness (1969) bada ere. Lan horretan generoa eta sexualitatea dira hizpide, hermafrodita bilakatu diren eta sexuz aldatzeko gaitasuna daukaten biztanleek osatzen duten planeta batera heldu berri diren lurtarraren ikuspuntutik. Le Guinen atzetik etorri zen gai eta ikuspuntu berriei bide eman zion emakumezko idazle belaunaldi oso bat. Lisa Tuttle, Vonda McIntyre, Marion Zimmer Bradley, Octavia Butler edota James Tiptree Jr. aurkitu ditzakegu, beste askoren artean, belaunaldi horren baitan. Harrobi horretako hainbatek esplizituki feminista bezala aurkeztu zuten euren burua, Joana Russ kasu. Russek kontraesan, zalantza eta identitate arazoak dituzten protagonistak aurkezten ditu bere idatzietan, emakumezkoen rol sozialaren gaineko hausnarketa feminista bultzatu asmoz. Zientzia fikzioaren planetan bandera morea behin iltzatuta –urrats txiki bat emakumearentzat, urrats handi bat humanitatearentzat–, berezko genero bezala egonkortu zen zientzia fikzio feminista.

Jen Green eta Sarah Lefanu: “Zientzia fikzioak emakumeei ezarritako rol murriztaileetatik harago begiratzea ahalbidetzen du, gure ametsak zein amesgaiztoak deskribatzeko aukera luzatuz”

Ordutik, generoari ekarpenak egin dizkioten lanen emariak ez du izan etenik. Urteetako ibilbideak eman du eboluziorako paradarik ere, lantzen diren gai eta ikuspuntuetan nabaritu daitekeenez. Istorioak geroz eta konplexuagoak bilakatzen joan dira, eta identitate anitzak aurkezten dituzte bateko eta besteko pertsonaiek. Hain anitzak, ezen feminismoaren bigarren olatuarekin talka egitera ere heldu izan diren. Pauso bat harago, zientzia fikzio queer eta dekolonialaren korronteak ere sortu dira.


Zientzia fikzioa gurean


Euskal Herrira ere heldu da zientzia fikzio feministaren eragina, horren adierazle ZFFZ! eta AnsibleFest. Lehena irakurle talde bat da, eta izena ematen dioten siglek ez dute azalpenik behar: Zientzia Fikzio Feminista Zarautzen. Talde honetan generoaren queer korrontea ere lantzen dute, eta Arrate Hidalgok gidatzen du. Gidari berbera dauka irailaren 21ean eta 22an Bilbon egingo den AnsibleFest zientzia fikzio feminista, queer eta dekoloniala jorratuko dituen jaialdiak, Laura Lazcano, Laura Huelin eta Laura Gaelx-ekin batera baitabil Hidalgo antolakuntza lanetan.

Pikara Magazine aldizkari feministan, La Nave Invisible proiektuan, Aqueduct Press argitaletxean eta Sangre Fucsia irratsaio feministan aritzen dira, beste hainbat konturen artean, AnsibleFesteko tripulazioko kideak. Feminismoarekin eta zientzia fikzioarekin etengabeko harremanetan, generoaren “profesionalak eta zaleak” direla aitortu dute. Bizitoki ezberdinak dituztenez, elkarrekin erlazionatzeko daukaten era ere nahiko gerturatzen da hainbeste estimatzen duten generora, azaldu dutenez “telematikoki” komunikatzen baitira kontuak kudeatu eta erabakiak hartzeko. Soilik Hidalgo eta Gaelx batu dira aurrez aurre, eta bilkura horretan sortu zen jaialdia egiteko ideia. “Sare sozialetan eta aldizkarietan ematen ari diren eztabaidak biltzeko topaketa presentzial bat zabaldu nahi genuen”, azaldu dute.

AnsiblreFest-eko kideak: “AnsibleFest euskarazko zientzia fikzioarekin zer gertatzen den hausnartzeko espazioa izatea espero dugu”

Jaialdiaren antolatzaileen gehiengoa espainiarra denez, zientzia fikzioak bertan bizi duen egoera zein den aztertua daukate: “Feminismoaren ikusgarritasunaz eta emakumeek idatzitako zientzia fikzioaz hitz egiten badugu, dudarik gabe funtsezko momentu bat bizitzen ari gara. (…) fanfictionetik, bideo-jokoetatik, rol jokoetatik eta eremu editorialaz haragoko beste esparru batzuetatik datorren LGTBI+ kolektiboko jende asko dago energia askorekin eta gauzak egiteko gogoz”. Euskal Herriari dagokionez, ordea, zelaia arakatzear daukate, baina “AnsibleFest euskarazko zientzia fikzioarekin zer gertatzen den hausnartzeko espazioa izatea” espero dute. Zientzia fikzioa euskaraz “zeintzuk idazten duten, Mayi Pelot bezalako autore gehiago zergatik ez dagoen, eta egon daitezen zer egin behar den” hausnartzeko beharra ikusten dute –duela bi urte Miarritzen hil zen idazlea aitzindaria izan zen euskaraz ipuin futuristak idazten–. “Hemendik pare bat urtera euskarazko zientzia fikzio feministaren panorama bestelakoa izatea espero dugu… bidean diren pare bat proiekturen berri badaukagu, eta esan daiteke zuzen goazela baieztatzen dutela”, diote baikor.

Ursula K. Le Guinen omenez, beronen Rocannon’s World (1966) eleberritik hartu dute Ansible terminoa jaialdiari izena emateko, argi-urteko distantziak gaindituta berehalako komunikazioak ezartzeko aukera ematen duen gailu edo dispositiboari izena ematen dion hitza. Zientzia fikzio feminista erakusten ari den denbora-espazio mugak zeharkatzeko ahalmenari erreparatu ezkero, gailua fikziozkoa den duda egiten du batek.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zientzia-fikziozko literatura
2022-07-31 | Diana Franco
Teknologia
Udako kosmogenesia

Garai ezberdinetan gizakion kulturek aldaketak barneratu dituzte, kulturak inguruarekin sinbiosi batean bizi dira, jakinik inguru gisa ulertzen duguna gauza asko direla: espazio fisikoa, birtuala, gizakion artean harremanak egiteko moduak (inguruan eta munduko beste gizaki eta... [+]


Santi Leoné
"Erdi-sekretuak edo bazterrekoak diren testuak gustatzen zaizkit"

Ekaineko arratsalde batez dugu hitzordua Santi Leonérekin (Iruñea, 1972) Liztor mutanteak ipuin liburuaz hitz egiteko. Formazioz historialaria eta ogibidez euskara irakaslea Iruñeko Hizkuntza Eskolan, gure panorama kulturalean ezaguna zen aurretik saiogile,... [+]


2020-11-22 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


Literatura COVID-19 garaietan
Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako... [+]


Arrate Hidalgo. Zientzia fikzioa aktibismo gisa
"Konplize sarea eratuz, zientzia fikzioa oso une polita bizitzen ari da Euskal Herrian"

Zientzia fikziozkoa zirudien errealitatea izan da gure elkarrizketa. Bilbiko Xake espazioan ezagutu genuen elkar, pandemia-aurreko garaian, gai distopikoak ardatz zituen bertso-saio baten aitzakian. Eta orain pandemia mundial baten testuinguruan pantailatik pantailara hitz egin... [+]


Eguneraketa berriak daude