Sistemaren pisupean itota

  • Bideo bati esker ezagutu dugu kasua, eta horrek piztu du herriaren haserrea. Gizonezko beltz bat lurrean, polizia zuria bere lepo gainean ia hamar minutuz, haren erreguei entzungor. Sistemaren pisua gainean zuela hil zuten George Floyd, itota. Erorien egunean galdu zuen bizia, AEBetako jairik handienean, askatasunaren eta nazioagatik bizia emandakoen omenezko egunean; segurtasun indarren belaun batek arnasa mozten ziola. Bere heriotzak hautsak harrotu ditu AEBetan, protestak estatu denetan orokortu dira eta nazioartera zabaldu. Ezin dutela arnasik hartu salatu dute, arrazakeria sistematikoak George Floyd eta izenik ez duten beste asko itotzen jarraitzen duelako.

Sutan dagoen Minneapoliseko Poliziaren egoitza aurrean protestan, maiatzaren 28an.
Sutan dagoen Minneapoliseko Poliziaren egoitza aurrean protestan, maiatzaren 28an.

Floyden azken hitzak lelo bihurtuta, “arnasa hartu ezinik” daudela salatu du askok. Poliziaren arrazakeriak ito egiten dituela, eta sistema bera errotik aldatu beharra dagoela diote manifestariek. Baina hitz horiek, Floydi entzun aurretik, Eric Gardnerri entzun genizkion; 2014an polizia zuri batek itota hil zen beste gizon afroamerikar bat. Bi irudien artean, sei urte eta beste mila izen gabeko biktima, beste askorik ez da pasatu.

George Floyd zerrenda luze, amaiezin bateko izen bat gehiago baita. Baina sarri gertatzen den bezala, bere izena xanpain botilaren kortxoa izan da; presioz, amorruz atera diote kortxoa. Eta behin hori eginda atera dira atzetik jada ahaztuak zeuden izenetako batzuk.

“Ezin dugu hau gertaera isolatu moduan hartu. Eraikinak ez daude sutan gure anaia George Floydengatik soilik. Sutan dago dena, hemengo jendea, Minnesotakoa esaten ari delako herrialde osoari: nahikoa da!”, adierazi du Tamika Mallory AEBetako Emakumeen Martxako kideak.

Herrialde osoko biztanleriaren %13a baino ez dira beltzak, eta hala ere, poliziak tirokatutako gizatalde ugariena dira; milioiko 30 beltz hil ditu poliziak tiroz 2015etik, zurien bikoitza baino gehiago. Eta hori, kontuan hartuta armarik ez izateko probabilitaterik altuena duen komunitatea dela beltzena. Are gehiago, beltz gazteen artean, heriotza arrazoi ohikoenen artean dago poliziaren indarkeria. Datuok The Washington Postek jaso ditu bere webgunean, poliziak ez baitu beren eskuetan hildakoen daturik ematen.

AEBetako komunitate beltza ez da polizia indarkeriaren biktima bakarra, gainontzeko komunitate arrazializatuek ere zuriek baino aukera gehiago dute poliziek tiro eginda hiltzeko. Komunitate latinoan, adibidez, milioi bat lagunetik 23 hil ditu poliziek, 13 zurien kasuan.

Floyden heriotza, azken finean, beltzek herrialdean bizi duten errealitatearen isla baino ez da izan askoren begietara. Esaterako, zuriek baino hiru urte eta erdi laburragoa dute bizi esperantza beltzek. Pandemiaren garaiotan ere, bereziki eragin die birusak: hildakoen %24a beltzak izan dira, osatzen duten biztanleriaren ehunekoaren ia bikoitza, The COVID Racial Data Trackerren arabera.

Rayshawn Ray Marylandeko unibertsitateko Soziologia irakasleak adierazi bezala, kolektiboaren esku ez dauden faktoreek eragiten dute egoera hori: pobreziak edota kirola egiteko aire libreko gunerik eta janari osasuntsua erosteko dendarik ez izateak, besteak beste. Beltzek jasotzen duten osasun arretaren kalitate eskasa agerian utzi zuen Evelyn J. Patterson soziologoak 2010ean kaleratutako ikerketak: espetxeratuta zeuden beltzen osasuna kalean zeudenena baino hobea zen, atera kontuak.

50 urteko protestarik handienak
Kaleak moztuta, jendea zaldi gainean ukabilak airean Lakotak bailiran, komisaldegiak eta saltokiak sutan. Black Lives Matter mugimenduak hauspotuta, herritarrek kaleak hartu dituzte hiri askotan, pandemiak eta sistemak ahoa estalarazi badie ere. Justizia aldarrikatzen dute, Floydentzat eta komunitate beltzarentzat. Minneapolisen hasi baziren ere, herrialde osora zabaldu dira, 50 estatuetara.

Martin Luther King 1968an hil zutenetik, herrialdeak ikusi dituen protestarik jendetsu eta orokortuenak direla diote egoera ezagutzen dutenek. 500 urteko erresistentzia borrokan, ehunka altxamendu zenbatu ditu The Decolonial Atlasek, baina aurtengoak ezberdinak direla dio The New York Times egunkariak. Adibide aipagarria da Seattlekoa, herrialdeko industriaren sinboloa den hirian “Capital Free Zone” delakoa sortu dute, kapitaletik “askatutako” eremua. Beren egunerokoa alde batera utzi eta kalera atera dira manifestariak.

Protesta gehienak baketsuak izan direla nabarmendu dute bertakoek. Zenbait hiritan gertatu diren iskanbilak batez ere zuriek eta poliziak hauspotuak izan direla ere salatu dute batzuek. “Polizia mugimendu politiko eta protestetan infiltratzea ohikoa da. Baina nork edo zerk bidali du jendea hirietara iskanbila sor dezaten?”, galdetu du Moon of Alabama agerkari estatubatuarrak.

“Indarkeria zuriengandik ikasi dugu”
Hain juxtu, indarkeriaren erabilera bihurtu da eztabaidagai, beste behin. Mugimendua bortitza dela eta horrek arrazoia kentzen diola esaten dutenei erantzun die Tamika Malloryk: “Zuek ordaindutako jendea ari da gazteak eta haserre dagoen jendea probokatzen, harriak botatzen, kristalak apurtzen eta eraikinak erretzen. Egin ezazue, zuen hitzetan herri honek ordezkatzen duen hori; pertsona askeen lurraldea, denontzako. Ez da hala izan beltzontzat. Eta nekatuta gaude. Ez hitz egin lapurretez. AEBek lapurtu egin diete beltzei, AEBek lapurtu egin diete indigenei, eurak direnean ona iritsi ziren lehenak. Beraz, lapurreta da zuek egiten duzuena. Zuengandik ikasi dugu. Indarkeria zuengandik ikasi dugu. Eta oso erraza da indarkeria hau geratzea; atxilotu poliziak, inputatu poliziak!”.

Guardia Nazionala kaleetan, militarrak kaleratzeko mehatxua presidentearen ahoan. Hamar hildakotik gora protestetan, 9.000 atxilotu. “Nire administrazioak George eta bere familiarentzako justizia bilatzen lagunduko du, bere heriotza ez da alferrik izango.  Baina ezin dezakegu utzi protesta baketsuak jendetza haserretu batek kakaztu ditzan. Iskanbiletako biktima handienak komunitate pobreenetako biztanleak dira, eta beren presidente bezala, beraiek babesteko borroka egingo dut” adierazi zuen Donald Trumpek Floyd hil berritan. Istiluek zabaltzen jarraitu zuten.

Hurrengo egunean armada kalera ateratzeko mehatxua egin zuen, eta bi egunez mantendu, AEBetako Defentsa idazkariak ideia hori baztertu zuen arte. Trumpek Matxinadaren Legea probestu nahi zuen armada kalera atera ahal izateko, Defentsa idazkariak, ordea, XIX. mende hasierako lege hori “muturreko egoera larrietan eta azken baliabide bezala” erabili beharko litzatekeela argudiatu zuen.

Dena den, AEBetako armadako erreserbistek osatzen duten Goardia Nazionala dago kaleetan. 2005etik, Katrina hurakanaz geroztik, Goardia Nazionalaren erakustaldi handiena egiten ari dira: 67.000 soldadu erreserbistak hartu dute parte 23 estatutan –estatu bakoitzeko gobernadorearen esku baitago Goardia Nazionalaren presentzia onartu ala ez–.

Etxe Zuria itzalirik, Trump bunkerrean ezkutatuta. Washingtonera ere heldu ziren protestak, Trumpen etxe ofizialera. Jendetza bildu zen St. John’sen eliza inguruetan; AEBetako presidente guztiak joaten dira bertara. Manifestariek baten bat zuten atzetik bultzaka, eta jende pilaketak sortu ziren. Elizan esnea zuten gordeta, poliziak botatako gasetik babesteko. Baina H kaletik istiluen aurkako polizia olde bat zetorkien gainera, eliza inguruetako jendea bertatik kentzeko.

“Manifestariak ez ziren konturatu azkeneko poliziak, eliza alboan zegoenak, gomazko pilotadun pistola jendeari zuzendua zuela etengabe. Istiluen aurkako poliziak bere armak horren agerian uzten baditu mezu argi bat zabaltzen duelako da: hortik ez bazoaz zure aurka erabiliko ditut. Orduan hasi ziren gomazko pilotak eta zorabiatzeko granadak botatzen. Atzean geratutakoren bat edo, batez ere, kazetariren bat aurkitzen bazuten bultza edo jo egiten zuten”, idatzi zuen Pablo Pardok handik bertatik El Mundon.

Polizien mugimendu horrek guztiak arrazoi bati erantzuten zion: bunkerretik atera zen Donald Trump, eta Biblia erakutsi zuen elizaren parean jarrita. Elizak berak kritikatu du ekintza: “Argazki propagandistikoa” dela eta “eliza dekoratu bezala” erabili duela leporatu dio Mariann Budde Washingtongo gotzain episkopalak.

Bien bitartean, bere gotorlekutik, Bigarren Mundu Gerra aurretik Alemanian sortutako Antifascist Action talde antifaxista erakunde terroristatzat jo du presidenteak –Twitterren bere ohiko estiloan bidalitako mezu baten bidez–, eta kaleko istiluen erantzule bihurtu du.

Trumpik ez Kongresuan, mugimendu antifaxista terrorista. “Defund the Police” irakurri daiteke kaleetan, Poliziari aurrekontua kentzeko eskatuz gobernuari. Kaleetako aldarria Kongresura eraman du Alderdi Demokratak, bere erara. Poliziek “gehiegizko indar erakustaldiak” eta “bereizketa arrazistak” egitea debekatzeko eskatu du. Herrialdearen historia garaikidean egindako lege proposamen zabalena da Polizia gehiegikeriari dagokionez, eta poliziak “identifikatzea eta fiskalizatzea” ahalbidetuko luke.

Presidenteari “herrialdea zatitzea” egotzi diote demokratek, baita zenbait errepublikarrek ere, hartu dituen erabakiek istiluak lasaiarazi baino hauspotzen dituela argudiatuta. Dena den, oraindik ikusteko dago demokratek aurkeztutako lege proposamenari babesik emango ote dioten errepublikarrek.

Arrazakeriaren eta poliziaren biolentziaren aurka Bartzelonan egindako protesta.

Inpunitate sistematikoa
“Jendearen zerbitzurako eta babeserako direla suposatzen da, baina ez nuen inor ikusi atzamarrik ere mugitzen Floyd bere bizitzagatik erregutzen ari zen bitartean. Inork ez zuen ezer egin berari laguntzeko”. Horra Geogre Floyden lehengusinaren hitzak. Floyden heriotzan lau poliziak izan zuten zerikusia; lepo gainean bakarra bazuen ere, beste hiru zeuden han. “Animaliei baino tratu txarragoa eman zioten”, gehitu du hildakoaren arrebak.

Heriotza gertatu bezain pronto, Floyd ito zuen Derek Chauvin polizia eta bera geldiarazteko ezer egin ez zuten hiru lankideak kaleratu zituzten. Floyden hilketa lau poliziei leporatzeko eskatu zuen arrebak. Hasieran Chauvini hirugarren graduko hilketa eta hilketa zuhurtziagabea leporatu zioten. Hau da, nahi gabe eragindako heriotza bat izan zela, eta gehienez 25 urteko kartzela zigorra ezarri ziezaioketen. Fiskaltzak bigarren graduko hilketara igo du akusazioa, nahi gabe hil baina minak eragiteko asmoz egindako kasuetan ezartzen dena; gehienez 40 urteko kartzela zigorra ezarri diezaiokete. Epaiketaren aurretik aske geratu nahi badu 1,24 milioi dolarreko fidantza ordaindu behar du, zenbait baldintza beteta milioi batean geratu daitekeena. Horrez gain, beste hiru poliziei, Tou Thaori, J. Alexander Kuengi eta Thomas Laneri, Chauvin zirikatzea eta laguntzea leporatu diete. Erabaki hori ospatu du Floyden familiak, “justiziara bidean pauso garrantzitsua” dela iritzita.

Minneapoliseko Udal Kontseiluak, gainera, Polizia desegiteko mozioa onartu du. Hamabi kidetik bederatzi bat etorri dira Polizia Saila desegin eta komunitatearen ikuskaritzan oinarritutako segurtasun publikoa ezartzearekin. Beren zaintza eta segurtasun publikoko sistemak AEBetako komunitateak “babesten ez dituela” adierazi du Udal Kontseiluko lehendakariak, eta erreformak aurrera egingo duela baieztatu du.

Floyden kasua salbuespena da, ordea. AEBetan gertatzen diren polizia gehiegikeria kasu gehien-gehienetan poliziek ez dute bide judizialik jasaten. Mappingviolence.com web orrialdeak jasotako datuen arabera, 2013 eta 2019 artean poliziek hil dituzten pertsonen (7.666 pertsona) kasuen %99an ez diote hilketa inori leporatu.

Hain zuzen ere, inpunitate hori izan zen Black Lives Matter protestak martxan jarri zituena, 2012an Trayvon Martin 17 urteko gazte beltza poliziak tiroz hil eta gero. Hilketa leporatu bazioten ere, George Zimmerman polizia absolbitu zuen epaileak, bere buruaren defentsan egin zuela argudiatu eta gero.

Iruñeko Txantrea auzoko omenalditik bereziki hunkituta atera zen jendea. Senegalgo komunitateak salatu du Ndiaye Iruñeko komisarian hil izana ez duela inork ordaindu. Poliziaren sindikatu batek berriz, iragarri du ekimen legalak abiatuko dituela omenaldi horren aurka (argazkia: Euskalerria Irratia)

Nazioarteko oihartzuna
AEBetan hasi bazen ere, jada ez da estatubatuarren kontua soilik. Mundu zabalera hedatu dira protestak, George Floyd polizia gehiegikeria sistematikoaren biktima bat gehiago baino ez dela gogoratuz. Atlantikoaren alde batean zein bestean, baita Ozeano Barearen beste aldean ere, beren estatuetako segurtasun indarren eskuetan hildako komunitate arrazializatuetako biktimak ekarri dituzte gogora.

Amerikako kontinentean 500 urte baino gehiago daramatzate erresistentzian jatorriko herriek lehenik, eta esklabo eraman zituzten milioika lagunek ondoren. Horiek eta orduko sistema jasan dutenen ondorengoak gogoan, sistema errepikatzen dutenen aurka jo dute hainbat lekutan, sinbolikoki. Hala, sistema esklabista eta koloniala bultzatu zuten pertsonaien estatuak eraitsi dituzte eta esaterako, uretara bota dute Bristolgo esklabista famatu baten estatua, XVII. mendeko Edward Colstonena. Anberesen (Flandria) Leopoldo II.aren estatua kendu du Udalak, manifestarien pinturak jaso eta gero. “Kolonialista” eta “arrazista” hitzak ikusi dira munduko ehunka tokitako estatuetan idatzita.

AEBetan bezala, arrazakeria sistematikoa dela adierazi dute munduko beste hamaika tokitan. Floyd hil zuen poliziaren jarrera berean, eta Colin Kapernick futbol amerikarreko jokalariak egiten zuen bezala, belauna lurrean jarrita bildu da jendetza mundu osoko plazetan. “Justizia Adama eta Georgentzat” aldarrikatu dute Parisen, 2016an poliziaren eskuetan itota hil zen beste gazte beltz bat gogoan.

Gurean, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean deitu dituzte mobilizazioak. Horietako hainbatetan, 2016an Iruñean Poliziaren komisarian zela hil zen Elhadji Ndiaye izan dute gogoan. Australian aborigenen eskubideen aldeko aldarriak batu zaizkie protestei, eta ohikoa duten hakaz (aborigenen errituala) agurtu dituzte protestak. Miloika lagun batu dira poliziak hildako eta gizarteak baztertutakoen izenak ahoskatzen.

Hiru aste pasatu dira lehen protestetatik, “time for a change” aldaketarako ordua dela aldarrikatzen. Protesten etorkizuna ez dago argi, ahots ezkorrenek diote hasi ziren bezala amaituko direla, ezer ez dela aldatuko. Baikorrenentzat, inoizko mugimendurik handienak izaten ari dira, jendearen haserre biziaren isla zuzen.

Izan ere, George Floyd beste biktima bat baino ez da izan, polizia gehiegikeriaren zerrenda luzerako. Baina sarri gertatzen den bezala, geroko xanpain isuriari atea zabaldu dion kortxoa izan da, eta ikusi beharko da isuria noiz bukatuko den.

Ezker-eskuin: Derek Chauvin, Tou Thao, J. Alexander Kueng eta Thomas Lane, Floyd hiltzea egotzita espetxeratuta.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
Pertsonon datu-pribatutasuna ezbaian, delinkuentziaren aitzakian

Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.


2025-04-23 | El Salto-Hordago
Arun Kundnani: “Arrazakeriak gizarteko baliabideen banaketarekin du zerikusia”

Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.


Instituzioek preso atzerritarren birgizarteratzea oztopatzen dutela salatu du Salhaketa Nafarroak

Elkarteko Andoni Burguetek nabarmendu du espetxean dauden presoek egindako delitu gehienek behar sozioekonomikoekin lotura dutela.


Segurtasuna, etorkinak eta beldurra

Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.

Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


Gasteiz Anitza sortu dute, auzoetako arazoak integrazioaren bidez konpontzeko

Hainbat kolektibo daude Gasteiz Anitzaren atzean. Egoera larrien aurrean "soilik poliziaren esku hartze gehiago" eskatzen duen eta "eskubideen urraketei entzungor" egiten dion ereduaren aurrean, beste praktika eredu bat egiteko saiakera dela adierazi dute... [+]


2025-03-25 | Euskal Irratiak
Giza-kate bat Baionan, arrazismoaren eta faxismoaren goititzearen kontra

Hirurehun bat pertsona hurbildu ziren jende katea osatzeko Marengo eta Pannecau zubien artean.


Trintxerpetik hasita, “auzo seguruen alde”

Trintxerpen hasi eta Donostian bukatu da hainbat kolektibok deitutako XXVIII. Arrazakeriaren Kontrako Martxa.


2025-03-19 | June Fernández
Meloi saltzailea
Black lives matter

Hurrengo ariketa egin ezazu zure lantokian, euskaltegian edo gimnasioan:

Altxa eskua Minneapoliseko George Floyd nor den dakizuenok.

Altxa eskua Madrilgo Mame Mbaye nor den dakizuenok.

Altxa eskua Barakaldoko X nor den dakizuenok.

Mame Mbaye manteroa duela zazpi urte... [+]


‘Seguru? Auzo seguruen alde’ leloa izango du aurtengo arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako martxak Donostian

1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Poliziak 69 lagun hil zituen apartheidaren kontrako manifestazio baketsu batean. Ordutik, egun hori Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Nazioarteko eguna ospatzen da, aldarrikapenez beteta. SOS Arrazakeriak urtero gai ezberdin bat lantzeko... [+]


2025-03-18 | Gedar
Eraso arrazista bat izan da Lekeition

 Lau turistak eraso zieten jatorri pakistandarreko hainbat langileri, Lekeitioko Gazte Asanbladak salatu duenez.


2025-02-17 | Euskal Irratiak
Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]


Ustezko ezkerra migratzaileen sarekadak egiten (eta harro) Erresuma Batuan: 4.000 atxilotu sei hilabetetan

Agintean dagoen Alderdi Laboristak atxiloketen eta deportazioen irudiak erakutsi ditu, eta urtarril honetan "errekorra" egin duela esan du, harro-harro.


Eguneraketa berriak daude