Eskolaren arrakalak agerian

  • Egun batetik bestera telematikoki i(ra)kasteari ekin zion hezkuntza komunitateak, eta ez da txikia izan batzuek eta besteek egin duten ahalegina, egoera berrira egokitzeko. Ikasle batzuen eta besteen artean gero eta handiagoa den arrakala –baliabide teknologikoak eta etxeko egoera tarteko–, lan zama gehiago duten irakasleak, eta seme-alabak eskolako lanez gainezka dituzten gurasoak ari gara ikusten. Maiatzaren atarian, ikasturte amaiera nola gauzatuko den dute denek buruan.

Garbi du Iñigo Beristain Bastidako ikastetxe publikoko zuzendariak –Bastida izan zen eskolak itxi zituen Euskal Herriko lehena, martxoaren 9an–: “Eskola 2.0 delakoa proban jarri du krisi honek, ez hori bakarrik, hezkuntza sistema osoa jarri du proban, eta dugun hezkuntza eredua ebaluatzeko eta birplanteatzeko balioko du. Ikastetxe barruan baliabideak eta konektagarritasuna bermatuta daude, baina ekosistema horretatik atera eta ez ordenagailurik ez konektagarritasunik ez duten familiak aurkitu ditugu. Eta horri soluzioa emateak du lehentasuna. Etxean egon daitezkeen hutsuneak orekatzen lagundu ohi du ikastetxeak, baina egoera berri honetan familia batzuetan hutsuneak areagotu dira, esaterako bi gurasoak lanera badoaz edo seme-alabari laguntzeko gaitasunik ez badute. Batik bat horietan jarri behar dugu fokua”. Premia berezia duten ikasleei ere bereziki eragin die egoerak.

Hala, hainbat ikasle atzean geratzeko arriskua areagotu du pandemiak eta batzuk zuzenean desagertu egin dira teleikasketatik. Ikastetxeek ere, ezberdin erantzun diote egoerari, eskolako baliabide teknologikoak utziz hainbatetan, komunikazioa eta harremana indartuz askotan. Batzuetan, kanpotik iritsi da laguntza –Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboak, esaterako, konexioa eskaini die etxean internetik ez daukaten haur eta gazteei eta Errenteriako eta Elgetako udalek ikasle guztiek konektagarritasuna eta ordenagailua izatea bermatu dute–. Bastidako ikastetxearen kasuan, familiekin telefonoz aritzen dira maiz, batez ere ikasle eta gurasoekin alde emozionala lantzeko. “Komunikazio hori funtsezkoa da –dio Beristainek–, ikaskuntza pertsonalizatu sakonagoa egiteko eta ikasle bakoitzak bere erritmoa duelako. Eskolak ezin du izan jakintzaren transmisio hutsa, irakasleon ekarpena da ikasleei eta familiei eskaintzea faktore humano eta emozionala, eta jakitea bakoitzaren egoerara eta zirkunstantzietara egokitzen. Guraso guztiek ezingo dute seme-alaben ondoan laguntzen aritu, eta enpatikoak eta ulerkorrak izan behar dugu egoera guztiekin”.

Teknologia berriak, eskema zaharrak
Edukiekiko menpekotasunetik askatzea, erritmoa pausatzea eta bestelako beharrei erantzutea aldarrikatu dutenak asko diren arren, kasu ugaritan ez da hala izaten ari. Irakasleei ez zaie administrazioarengandik agindurik iritsi, curriculuma erlaxatu dezaten, eta aurrera segitzen dute. Guraso bat baino gehiago berriz, kexu da, seme-alabek eskolako lan gehiegi dituztela-eta. “Curriculumarena krisi honetatik harago doan gaia da eta koronabirusak erakutsi digu sistema hau berdiseinatu behar dugula, curriculumean zer den inportantea bereizten hasi behar dugula, egungo curriculum amaigabeetan gai asko oso azaletik baino ezin baitira landu, denbora mugatua dugulako, eta aldiz ikasketetan sakondu egin beharko genuke, gaitegia murriztuz –dio Beristainek–. Eskolak beste erritmo bat behar du, bestela badirudielako eskolara doazela haur eta gazteak gauza pila bat produzitzera, baina ikasketa sakonagoetara bideratu beharko genuke denbora”.

Zer ikasten den bakarrik ez, nola ebaluatzen den ere eztabaidaren erdigunera ekarri du krisiak. Bestelako planteamenduak egiten ari diren irakasleak badiren arren, azterketa memoristiko klasikora jo dutenak ere ikusi ditugu. Edukiak ez, hainbestetan aipatzen diren konpetentziak ebaluatu beharko liratekeela uste dute hezkuntza munduko adituek, eta horretarako hobe dela ikasleei erronkak planteatzea, dituzten ezagutzekin erronkari aurre egin diezaioten, ezagutza horien gaineko etsamina memoristikoak egin beharrean. “Kontuak kontu –gehitu du Bastidako ikastetxeko zuzendariak–, ebaluazioa kalifikazioarekin lotzen dugu eta ebaluazioak beste zerbait izan behar du: ikaslea zein puntutan dagoen jakitea eta egingarriak zaizkion erronkak jartzea”.

Irakasleentzat, lan karga handiagoa
Lanordu gehiago eta lan karga handiagoa ekarri die pandemiak irakasleei, bereziki DBH eta Batxilergokoei, hala ondorioztatu du Hego Euskal Herriko hezitzaileen artean egindako ikerketak. 1.500 irakaslek hartu du parte Steilas sindikatuak bidali dien galdeketan. Egun batetik bestera telelanera egokitu beharra, materialak moldatzea eta ikasleen formakuntza falta –eta horrek sortzen dituen buruhausteak– dira, besteak beste, horren arrazoiak. Ikasleekin harreman zuzena bermatzeak ere denbora eskatzen du, eta horri gehitu behar zaio kontu eske ari den administrazioarentzako gestio lana eta burokrazia. Administrazioak gauzak erraztu beharrean, hezitzaileak gestio lanak egiten jarri dituela kritikatu du Steilasek, “euren jarduna kontrolatzeko”.

Gurasoentzat, lan hirukoitza
Gurasoei ere galdeketa bidali die EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak eta 8.500 lagunek erantzun dute. Oro har, etxean lan hirukoitza uztartu beharra azpimarratu dute, hau da, familia, lana eta eskola. Aurretik aipatu ditugunak ere azaleratu ditu ikerketak: guraso guztiak ez daude prestatuta seme-alabei laguntzeko, denek ezin diete denbora bera eskaini, baliabideak ere ez dira berdinak etxe guztietan… Eta lehentasunak ere, beti ez dira berdinak: “Familia batzuek esaten digute honelako egoera berezian seme-alaben beste gaitasun batzuk landu nahi dituztela, euren ardura nagusia haien ongizate emozionala delako”, dio Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak.

Ebaluazio berdinzalea ala klasista?
Aurretik aipatu moduan, eskola etxetik jarraitu behar izan denez hazi egin da ikasleen arteko arrakala akademikoa, eta erakunde publikoek ez diote hasieratik eutsi arrakala hori gainditzeak eskatzen duen planteamenduari eta inbertsioari.

Bakoitzak hain baldintza ezberdinetan aritu behar izan duenean, bidezkoa al da denei proba bera jarri eta berdin exijitzea? "Ez erlaxatzea", "notarik ez oparitzea" eta "merezimenduak" aipatzen dituzte aurtengo ikasturte bukaerako ebaluazioa pandemiarik gabeko orain arteko ebaluazioen ahalik berdinena izatea nahi dutenek. Zorrotz itxurako jarrera horren atzean ez ote dago arrakala are gehiago handitzea baliatzeko gogoa, eta egoera zaurgarrienean dauden ikasleak klase sozialen arteko mailaketan koska bat beherago uzteko asmo ezkutua?

Erakunde publikoek ez diote hasieratik eutsi ikasleen artean areagotzen ari den arrakala gainditzeak eskatzen duen planteamenduari eta inbertsioari

Ebaluatzeko moduarekin auzitan dagoena ez da hutsala: bere etxeko egoera sozioekonomikoa edonolakoa izanik ere guztiek ikasketetan aurrera egitea, edo egoera ahulenean daudenak ikasketetatik kanporatzea dago jokoan. "Promozioa" da guztiek aurrera egiteko bidea, hau da, bakoitzak nota ezberdinak jaso arren, ikasturtea errepikatzea salbuespena izatea. Ahulenak ikasketetatik kanporatzea dakar, aldiz, ebaluazio irizpideak zorrozteak, ikasturtea errepikatzeko ohiko baldintzei eusteak –bi edo hiru ikasgai gainditu ezean ezin hurrengo ikasturteari ekitea– eta batez ere galbahea estutzeak DBH4 eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 2. mailetan: izan ere, horrek ekarriko luke ikasle asko eta asko, gehienetan egoera sozioekonomiko txarrenean daudenak, titulaziorik gabe geratzea. Zer egoeratan geratuko lirateke titulatu gabeko ikasle hauek, ikasketekin jarraitu ahal izateko? eta zein lan motatan aritzeko aukera zabalduko lieke horrek etorkizun oso laburrean?

Ipar euskal herrian, azterketarik ez
Frantziako Hezkunde Nazionalaren parte den Bordeleko Errektoretzatik iritsi da Ipar Euskal Herriko ikastetxeetara hirugarren hiruhilekoko ebaluazioa pasatzeko moldearen berri: ezin denez segurtatu azterketak baldintza onetan egin ahal izatea, ekaineko azterketa guztiak bertan behera utzi dituzte, frantsesezko ahozkoa salbu. Azterketa hau Batxilergoko 1. mailako ikasleek pasatzen dute, eta testu literario bati buruzko ahozko azalpena eta solasaldia egitea da proba.

Ikastetxeek espero dute apirila bukaeran jasoko dituztela ebaluazioari buruzko jarraibide zehatzak Hezkunde Nazionaletik. Oraingoz dakitenaren arabera, hirugarren hiruhilekoan ebaluazioa jarraitua izango da eta ikasturte bukaerako nota zehazteko aurreko bi hiruhilekotan jasotako notak baino ez dira aintzat hartuko. Hirugarren hiruhilekoaren notak eman ahalko zaizkie ikasleei, hauei azalduz irakasleen eskakizunetan non kokatzen diren, baina ezingo dira ofizialki kontuan hartu ikasturte osoko notarako.

Unibertsitaterako sarbidea den baxoa azterketa ere bertan behera geratu da. Uztailaren 3an bukatuko dira eskolak eta ikasleen dosierrak aztertu ostean, espero da uztailaren 7an jakinaraziko dutela zein ikaslek gainditu duten baxoa eta zeintzuek ez. Hego Euskal Herrian, aldiz, selektibitate azterketei eutsi zaie.


Nafarroan, ikasturteak uztartu eta promozioa arau orokor
Nafarroako Gobernuak apirilaren 17an jakinarazi ditu ikasturte bukaerarako irizpide orokorrak, eta Espainiako Gobernuak proposatu duen markoaren barruan kokatzen da. Alderdi bera bietan agintean egonik, ez da harritzekoa. Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok nabarmendu du "ezin dela bermatu ikasleen arteko aukera berdintasunik hiruhileko honetan" eta ebaluazioaren oinarrizko irizpidea honela zehaztu du: "Ikasleek ez dute ikasturtea galduko koronabirusagatik. Inor ezin da horregatik atzean geratu, eta inor ezin da kaltetuta atera pandemiak ikas prozesuan izan duen eraginagatik". Klaseak ekainaren 19an bukatuko dira eta promozioa izango da araua etapa guztietan. Hau da, ikasturtea errepikatzea oso salbuespenezkoa izango da, sendo argudiatu beharko da eta Espainiko Gobernuak ezarritako marko orokorrak dioen bezala, plan zehatz bat ere eraman beharko du, ikasturtea nola errekuperatu daitekeen adieraziko duena.

Azken ebaluazio irizpideak egokitu egingo dira eta hauek oinarrizko ikaskuntzetan zentratuko dira. Eta ebaluazio honetako curriculuma malgutu egingo da. Aurtengo ikasturte bukaera eta hurrengoaren hasiera uztartzea da Nafarroako Gobernuaren plana, horretarako bi ikasturteetako curriculumak uztartuz. Hau ez da egingo etapa amaierako urteetan, hau da, 4. DBH, eta Batxilergo eta Lanbide Heziketako 2. mailetan.

EAE-n, "burujabetza"?
Artikulu hau idatzi denean (apirilak 18) oraindik ez du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ikasturte amaierari buruzko zehaztapenik eman. Apirilaren 16an "plan propioa" duela iragarri zuen, eta autonomia erkidegoaren eskumenean jarri zuen azpimarra. Esanguratsua da EAEko Eskola Kontseilua ez dela bildu prozesu honetan guztian zehar: Espainiako eta Nafarroako Eskola Kontseiluek aldiz parte hartu dute gobernu horiek egindako prozesuetan eta onartu dituzte gobernu horiek ikasturte bukaerari buruz egin dituzten planteamenduak.

Ikusteko dago Uriartek egindako adierazpena ahuntzaren gauerdiko eztula izan ote den eta Espainiako Hezkuntza sailak planteatu duen markoan kokatuko den Jaurlaritzak prestatu duen plana, ñabardurak ñabardura, promozioa izanik arau eta ebaluazio irizpideak egokituz. Ala Espainiak planteatutako markotik kanpoko zerbait ote duen prestatuta Jaurlaritzaren planak, eta hori iragartzeko jotako kukurrukua ote diren Deia egunkariak Hezkuntza sailetik jasotako adierazpenak: "Euskadin inork ez du ikasturtea errepikatuko koronabirusagatik, baina horrek ez du esan nahi ikasle guztiek ikasturtea gaindituko dutenik. Ikasturtearen bi heren presentzialki eman dira dagoeneko eta horri gehitu behar zaio hilabeteotako lana. Klaustro bakoitzak, duen esperientzia eta irizpide profesionalarekin, erabakiko du zeinek gainditzen duen eta zeinek ez". EAJk "burujabetza" praktikara eramango luke justu klase sozial indartsuenen onurarako eta arrakala handitzeko denean. Esperotzekoa da gizarte eta hezkuntza eragileen erantzuna piztuko lukeela horrek. Ba ote du Jaurlaritzak gogorik eta indarrik zurrunbilo horretan sartzeko?


ASTEKARIA
2020ko apirilaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


Eguneraketa berriak daude