Amesgaiztotik ezin esnatu

  • Ehunka hildako eta ehunka milaka iheslari utzi ditu Turkiaren azken erasoaldiak Rojavan. Giza krisia handitu heinean, galderak ere pilatzen hasiak dira Siriako kurduen etorkizunaz.

Neskatila bere hartzatxoarekin bala-zuloz beteriko paretaren aurrean, Tel Nasri herrian, frontetik kilometro gutxira. (Andoni Lubaki)
Neskatila bere hartzatxoarekin bala-zuloz beteriko paretaren aurrean, Tel Nasri herrian, frontetik kilometro gutxira. (Andoni Lubaki)

Hitzordua 14:00etan zen baina familiak aspaldi heldu dira. Tirbespiye-ko hilerrian agur esango diote gaur Yousif Ahmadi: bertan jaio zen duela 28 urte, eta bertan hilobiratuko dute. Shehid namirin, oihu egin du jendeak, “martiriak ez dira inoiz hiltzen”, laukote batek Ahmadiren hilkutxa furgoneta batetik atera duenean. Shehid namirin, berriz, hilerriko eskaileretatik jaistean. Ahmadiren aita, ama, anaia eta arreba, baina, isilik daude, negarrari eusten. Iragan urriaren 9an, Turkiak bere azken erasoaldia burutu zuen Siriako iparraldean. Bake-iturria izeneko operazioan airez bidali zituen droneak eta jaurtigailuak, eta lurrez jihadista andana. Armak eta uniformeak gutxi ez, eta izen bat oparitu die Ankarak Al Kaeda eta gertuko milizien artean erreklutatutako borrokalariei: “Siriako Armada Nazionala”. Mugan zehar, lur esparru bat menderatzea zuten helburu, baita Siria iparreko autobide nagusia ere, M4 izenekoa. Tirbespiyen diote Yousif Ahmad "errepidean" hil zutela.

Tel Tamer eremuan aire eraso batean hildako gerrilari baten ama hiletan negarrez. (Andoni Lubaki)

2018ko urtarrilean, Ankarak Afrin eskualde kurdua hartu zuen mendean, aire-indar eta jihadistez osatutako Blitzkrieg taktikaz. “Olibondo adarra” deitu zioten orduan. Azken erasoa egiteko aitzakia ondokoa izan da: Siriako Indar Demokratikoak-SDF (kurdu, arabiar eta kristauez osaturiko kontingente armatua) mugatik kanporatzea. Ankararen aburuz, “estuak” dira SDF eta PKKren arteko loturak. Hiru hilabete igaro dira ordutik eta bertako GKEek diote ia 300 zibil hil direla, eta Nazio Batuen Erakundeak 200.000 desplazatu baino gehiago. Serekaniye eta Gire Spi mugako eskualdeek osatzen dute “zero gunea”. Ihes egitea lortu dutenek, beste nonbait bizi diren senideengana jo dute. Gehienek, baina, abandonatutako eskoletan bukatu dute, edo Washokaniko errefuxiatu gunean.

Labirinto bat

Lokatz eta plastikozko itsasoa da Washokani. Bertan, dozena erdi bat zulakarik dihardute lanean, gau eta egun. Honaino iristen den giza isuriari nekez eutsi ahal zaio. Kanpalekuaren sarreran, etxe prefabrikatu baten barruan, Ilargi Erdi Gorri Kurduaren arduradun batek dio 4.000 pertsona daudela bertan. “Egunero beste familia bat datorkigu”, gaineratu du. Erraza da plastiko zuriko denden labirintoan galtzea. Askotan ur-depositu gorriak hartu behar dira erreferentziatzat, edo denden artean eskegitako arropa. Bestela, beti jo daiteke kanpalekuaren erdian dagoen karpa handira. Ospitalea da eta, ezinezkoa dirudien arren, Ayan, Mahmud eta Suriya han jaio dira berriki.

Etorkizunak zer ekarriko duen jakin arte, zibilak egunero inprobisatzera behartuta
daudela dirudi

Handik gertu, Ranyak dio Serekaniyetik oinez egin zuela ihes bere bi semeekin. Ez zegoen ibilgailurik. Senarra 2013an galdu zuen, hiria Jabhat al Nusraren (Al Kaedaren adarretako bat Sirian) setiopean zegoela. “Gorriak ikusi arren, etxean gelditu ginen orduan. Baina oraingo honetan desberdina izan da dena”, dio 37 urteko emakume kurdu honek. “Airetik, toki guztietatik iristen ziren proiektilak. Eta gero jihadisten mehatxua zegoen... Beren eskuetan eroriz gero, bagenekien bortxatu egingo gintuztela; gutako askok aurpegia lokaztu genuen, edertasun izpi oro estaltzearren”. Asko eta asko, ez zituen salbatu horrek. Ranyaren pareko dendatik, Hozamek keinu egin digu gerturatzeko. Gurekin hitz egin nahi du. “Bizilagun arabiar batek esan zidan mertzenarioek den–dena eraman dutela nire etxetik kamionetetan: telebista, hozkailua, altzariak... Argindarraren kableak ere ostu dituztela diote”, azaldu du 53 urteko nekazaria izan zenak. Hainbat lursailen jabea ez ezik, elikadura denda bat ere bazeukan Hozamek Serekaniyen. Egun pasaportea besterik ez zaio gelditzen. Eskuan du denbora guztian. Halako batean, ireki egin du, bera ere noizbait Serekaniyekoa izan zela argi gera dadin.

YPG gerrilako soldadu bat, Tel Nasri-ko checkpointean, yihadista eta turkiarren aurkako frontetik kilometro gutxira. (Andoni Lubaki)

Labirintoari ekin diogu berriro. Aminak eta Alanek ere etxea galdu dutela esan digute. Eta Hozamek. Denek. 82 urteko Hamuden etxeari teilak ere kendu dizkiote. “Paretak besterik ez omen dira gelditzen. Jende honek ez dio beldurrik jainkoari”, esan du. Etzanda dago hiru mantaren azpian. Gaixorik eta nekatuta dagoela dio.

Zenbat testigantza jaso behar dira errefuxiatu gune batean? Nola aukeratu jendea? Zilegi al da aleatorioki egitea? Zer pentsatzen dute gutaz hitz egin gabe gelditu direnek? Eta hitz egin dutenek?

Jarraitu dugu. Hiyamek dio “behi bakar batekin” konformatuko zela. 15 zituen Serekaniyen baina, etxearekin gertatu bezala, denak ostu zizkioten okupatzaileek. Abu Yousefen kasuan traktorea da. “Mertzenarioek 3.000 dolar eskatu dizkidate trukean baina ez nintzateke, inondik ere, berriz etxetik pasako. Jende asko bahitzen ari dira”, azaldu du Gire Spiko gizasemeak. Antza, iheslari batzuek dirua eskaini diete jihadisteei beren etxeetan sartzen uzteagatik. Batzuk ez dira bueltatu. Istorio hori ere entzun genuen Hassakako eskola batean. Handik, Garibak esan zigun 100.000 dolar eskatzen dizkietela bere koinatua askatzeagatik. Familiak ez dauka ez diru kopuru hori, ezta bahitua bizirik dagoenaren seinalerik ere.

Testigantza gordin hauek jaso ditu Human Rights Watch nazioarteko erakundeak, besteak beste. Iragan azaroan, GKEak “zibilen exekuzioak, arpilatzea eta desplazatuen bidea moztea” leporatu zizkien Turkiaren babesa duten miliziei. Erasoaldia hasi eta egun gutxira “gerra krimenak” salatu zituen Amnistia Internazionalak.

Ziurgabetasuna

Gerra ez da itzali. Su-etena adostu zen Washington eta Ankararen artean urrian, baina ia egunero errepikatzen dira kurduen eta islamisten arteko borrokak. Bestalde, Turkiak eta Errusiak patruila amankomunak egitea adostu zuten. Ibilgailuen konboia kurduentzat iraingarria izateaz gain, Erdoganek indarrez lortutakoa aitortzen du Moskuk modu horretan. Mugan dagoen Derbesiyetik maiz igarotzen dira. Turkiak eraikitako harresiaren itzalpean dagoen herri hau bortizki bonbardatu zuen Ankarak urrian. Jendeak ospa egin zuen, Nadja Rihak tartean. Emakume kurdu honek 11 seme-alaba ditu, eta aiton amonak ere beraiekin bizi dira. Familiak Hassakako eskola batean baino ez zuen aterpea bilatu. Ikasgela batean hilabete eman ostean, Derbesiyera bueltatu ziren abenduan, jihadistarik ez baitago han egun.

“Dena erreta aurkitu genuen”, kexu da Riha. Antza, jaurtigailu batek etxeko argi-sorgailua jo zuen, baita alboan zeuden gasolio bidoiak ere. Suntsipena, alabaina, ez da aldaketa bakarra izan azken hilabeteotan Derbesiyen. Nadjaren etxetik berrehun metrora Siriako Armadaren kontrol postua dago egun. Erasoaldiaren ondorengo hamaika akordioren artean, Damasko Rojavara bueltatzea ere adostu zen. Erabakiak kezka handia sortu zuen kurduen eta atzerritarren artean; eskualdetik ospa egin zuten nazioarteko kazetari eta GKEko langile askok. Ia denak Irakeko Kurdistandik sartu ohi dira azken zortzi urteotan, pasaportean Siriako bisarik gabe.

Erregimenaren presentzia agerikoa bada ere, armada Turkiako mugan zehar baino ez da zabaldu. Rojava eta Irakeko Kurdistan arteko muga-igarobidea kurduen kontrolpean dago oraindik; hauxe izan da, hain zuzen, kurduen “zilbor hestea” Siriako ipar-ekialdean. Proiektu politikoa dela eta, de facto administrazioak jarraitzen du eskualdea kudeatzen. Petrolioaren etekinez baino ezin dira mantendu bertako segurtasun indarrak, ordezkariak, administratzaileak, irakasleak –eskola eta unibertsitatekoak–, gidariak, kale-garbitzaileak, itzultzaileak... Sare hau noiz arte mantenduko den da galdera errepikakorrenetako bat Rojavan. Karwan, esaterako, Irakeko kurdua da baina bertako emakume batekin ezkondu zen duela lau urte. Bikoteak arropa denda bat ireki zuen Kamixlo hirian, eta beldur dira aurki itxi beharko ez ote duten.

ISISek suntsitutako eliza baten barnean haurrak futbolean jolasten, Tel Nasri herrian. (Andoni Lubaki)

“Gure negozioa erabat legala da hemengo administrazioarentzat baina Damaskok ez du honen berririk, ez da paperetan existitzen”, dio Karwanek. Dendaria Siriako presidente Bashar al Assad “erabat” bueltatuko delakoan dago. “Azken zortzi urteotan irekitako dendak, te etxeak, ile-apaindegiak, hotelak eta abarrekin zer gertatuko den inork ez daki oraindik”, dio gizonak.

Siriako telebista publikoan emandako elkarrizketa batean, Assadek honela iragarri zuen: “Armak berehala entregatuko ez dituzten taldeak egon arren, gure azken helburua gerra hasierako egoerara bueltatzea da”. Esanguratsua zen, dena den, Siriako mandatari gorenak “kurdu” hitza hogei aldiz baino gehiago errepikatzea. Analista askoren ustez, ez da Assaden interesekoa SDFren kontra borrokatzea. Gerra luze eta bortitzak gogotik jo du bere indar armatuetan, eta Damaskok inoz berrekuratu nahi baditu Turkiak oraindik mendean dituen Idlib, Afrin, Jarabulus eta Serekaniye eta Gire Spi eskualdeak, SDFren laguntza beharko du.

Etorkizunak zer ekarriko duen jakin arte, zibilak egunero inprobisatzera behartuta daudela dirudi. Bajtiarrek, adibidez, Alepon bizi diren aitona-amonekin utzi ditu bere hiru seme-alaba, “egoera argitu arte”. Auto mekanikaria da, eta irekita dauka bere Kamixloko garajea oraindik.

“Zure ustez zer gertatuko da hemen?”, galdetu digu. Ez da galdera erretorikoa, erantzunaren zain dago.  

Erreportaje hau Euskal Fondoak babesturiko “Exodoa, hondakinen artean ihesi” inbestigazioaren aurrerapena da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude