Desparekotasuna ala indarkeria?

Begirada ohitu egiten omen da indarkeria ikustera. Maiz, gaztetxoek eskuragarri dituzten bideo-jokoetan, telesail eta filmetan, telebistako notizietan… Nonahi agertzen diren eta oharkabean barneratu ohi ditugun bortxazko irudiak askotarikoak dira. Haatik, bada indarkeria fisikoaz gain bestelakorik ere, begi-bistakoa ez dena, isilekoa, minsorra, baina sakoneko zuloa uzten duena.

Urte honen hasieran, Oxfam erakundeak mundu osoko desparekotasunak azaleratzen dituen txostena argitaratu zuen. Bertan, hainbatetan aipatu diren mundu osoko aberastasunaren banaketan dauden desoreken datuak aipatzen dira. Hala ere, desoreka horietan zaintza lanek hartzen duten protagonismoa azaleratu nahi izan du ikerlanak. Zaintzarentzat denbora, titulu horrekin aurkeztu du erakundeak aipaturiko txostena. Munduan, zaintza lanei dagozkien eta ordaindu gabekoak diren 12.500 milioi ordu estimatu dira, eta kalkuluen arabera, gutxienez, 10,8 bilioi dolarretako ekarpena egingo liokete ordu horiek guztiek ekonomiari, lanorduak dirutan jarriko balira. Gai honen inguruan ohikoa den datua ere azpimarratzen du txostenak: ordaindu gabeko zaintzaren hiru laurdenak, eta ordaindutako lanaren bi herenak emakumeen gain daude.

Norbere etxeko lanez gain, etxez etxeko langileen egoera ere aztertzen da. Dirudienez, mundu osoan egoera horretan dauden hamar lagunetatik batek bakarrik du lan legediaren babesa. Are gehiago, lanordu mugari dagokionean, langileen %50 baino gehiagok ez omen du estaldurarik. Zinez datu dramatikoak direla ezin uka daiteke, bereziki, etorkizunari begira aurreikusten diren datuek osasun zerbitzuak sendotzea eta gizarte zerbitzuen hobekuntza beharko direla azpimarratu dutelako. Izan ere, Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 2030ean 1.000 milioi pertsona nagusi eta 6-14 urte bitarteko 100 milioi haur gehiago egongo dira.

Gu ere munduko estatistika horien parte gara modu batera edo bestera. Jakina da zaintzaren alorrean dabiltzanen aldarrikapenen oihartzuna nabarmena izaten ari dela azken garaiotan. Bizkaiko egoitzetako olatu berdeak sortutako bulkadak ekarri du hein handi batean Gipuzkoako zahar-etxeetako langileen greba, eta etxez etxeko lanetan dihardutenen gehiegizko lanorduak eta hainbat kasutan jasotzen dituzten soldata iraingarriak ere plazaratu izan dira komunikabideetan.

Emakume eta gizonezkoen arteko soldata arrakalaz hitz egin da hainbatetan, eta baita lan baldintza duinak izatearen eskubideaz ere. Oxfamek argitaratutako txostenak argi adierazten du hau guztia. Dena dela, mota honetako datuak esku artean ditudanean, hainbatetan, Pierre Bourdieu soziologo frantsesak planteatutako indarkeria sinbolikoaren ideia datorkit burura. Badira jendartean bidegabekoak diren praktiken bidez mendean hartuta dauden kolektiboak, eta, oro har, normalizatutako egoerak bailiran jokatzen dugu. Ez dira indar fisikoaren eraginagatiko markak ikusten, baina ez da enpatiazko esfortzu handirik egin behar modu internoan kontraturik gabe hamalau orduko lanaldiak egiten dituen pertsonak jasan ditzakeen egoerak ulertzeko. Urtarrilaren 30eko greba orokorrean oso presente izan ziren egoera honetan dauden lagunak, eta gerturatzen ari zaigun martxoaren 8an ere protagonismoa izango dute zalantzarik gabe. Izan ere, kontrakoa esaten duenik bada ere, aldarrikapen hauek guztiz ulergarriak, justifikatuak eta arduratsuak dira.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude