Hizkuntz indarberritzea eta politika erradikalak

  • Artikulu honetan, Gerald Rochek esango digu hizkuntzen indarberritzea prozesu edo ekintza erradikala dela, statu quo globalari erronka egiten diolako. Kontua ez da hizkuntzak indarberritu ahal izateko munduan azaleko aldaketak egitea, baizik eta mundu berria sortzea. Politika erradikalen hainbat elementu aztertu ditu, besteak beste, ekintza politiko zuzena. Hizkuntza zapalkuntza beste zapalkuntza mota batzuk ikertzen diren antzera aztertzea proposatzen du.
    Gerald Roche La Trobe Unibertsitateko (Melbourne, Australia) irakaslea da, antropologoa. Language on the move (hizkuntza mugimenduan) webgunean idatzi berri du ondoko lerroetara euskaraz ekarri dugun artikulua.

Gerald Roche:
Gerald Roche: "Nik idatzi dut nola hizkuntza zapalkuntza iker daitekeen beste zapalkuntza mota batzuk ikertzen diren antzera, adibidez, arraza, nazio, etnia eta erlijioari loturiko zapalkuntzak bezala".

Will Indigenous Languages Survive? (Biziraungo dute hizkuntza indigenek?) 2005. urteko artikuluan, hizkuntzen indarberritzea “sakonki politikotzat” hartu zuen Michael Walsh-ek. Euskararen mugimendua aztergai duen ikerlanean, hizkuntzen indarberritzea “politikatik ezin dela banandu” adierazi du Jacquelin Urla-k.

Baina, hizkuntzen indarberritzea politikoa bada, zein politika mota da?

Ruth Kinna eta Uri Gordon-en Routledge Handbook of Radical Politics (Politika Erradikalen Routledge Gidaliburua) oinarri hartuta, hizkuntzen indarberritzea politika erradikal moduan irudikatu nahi dut artikulu honetan.

Hasteko, zer dira politika erradikalak?

Kontzeptuaren hainbat definizio ematen dituzte erradikalek. Nik ulertzen dudan moduan, erradikaltasuna kontrakotasunean errotzen da eta oinarrien eraldaketa du helburu –gainazaleko elementuena baino–, hainbat menderatze moduren abolizioaren bitartez. Zentzu horretan, hizkuntz indarberritzea erradikala da, statu quo globalari erronka egiten baitio: hizkuntzak zapaltzeko sistema, gaur egun, munduko hizkuntzen erdia behintzat ezabatzen ari da.

Mendekotasunaren kritikarik gabeko gorespenek, Daniel G. Solorzano eta Dolores Delgado Bernal-en arabera, "erresistentzia konformista" dakarte

Hizkuntzen indarberritzeak ez du egungo mundua aldatu nahi, berria sortu baizik, non botere egiturek hizkuntza guztiak loratzea ahalbidetuko duten. Horrek eskatzen du gaur egungo gizarte eta politika planak errotik eraldatzea. Izan ere, plan horiek herri indigenak desagerraraztera bideratuta daude, baita arraza, etnia, erlijio eta leinuaren araberako taldeak etengabe menpean izatera ere.

Eraldaketa hori ekintza politiko zuzenen bitartez lortu nahi dute politika erradikalek. Kanpainak, lobby lanak, kontzientzia-hartzeak eta bestelako ekintza politiko aurrerakoiak erradikaltasunaren baliabideen kutxan dauden arren, garrantzitsuagoak dira desobedientzia zibila, etenaldiak, protesta, hacktibismoa, eta beste.

Hizkuntzak indarberritzeko mugimenduen aurrekariak izan dira, beti, ekintza zuzenez osaturiko jarduerak. Mugimendu horiek eskubide eta askatasun gehiago duten eta menperakuntzak behera egin duen testuinguruetan baino ez dira izaten, eta testuinguru hori borroka eginda lortzen da.

Australia, Amerikako Estatu Batuak, Kanada eta Zeelanda Berria kolonizatutako herrialdeak horren eredu garbiak dira: borroken eta bestelako ekintza zuzenen bitartez lorturiko eskubide zibilak ziurtatu ondoren sortu dira indarberritze mugimendu handiagoak. Estatuek ez zituzten gogo onez eman eskubideok; herri indigenen berariazko ekintza zuzen eta koordinatuei esker eskuratu ziren, tokian toki borrokan eta globalki sareturik aldi berean.

Badago hizkuntzak indarberritzearen eta ekintza zuzenen arteko bestelako lotura bat. Onartzen badugu gaur egungo gizarte eta politika planen ondorioz hizkuntza batzuk desagerrarazten direla, hizkuntza horiek erabiltzea zuzeneko ekintza modu bat da. Jenny Davis antropologo eta chickasaw hizkuntzaren aldeko ekintzailearen arabera, hizkuntzen indarberritzea “erresilentzia-, biziraute- eta arnasberritzen duen erresistentzia-ekintza” da.

Ekintza zuzenaz gain, hizkuntzen indarberritzeak politika erradikalen beste elementu bat erakusten du: prefigurazioa. Prefigurazioak, edo aurrez irudikatzeak, esan nahi du saiakerak egingo direla justizia ereduak sortzeko, egiturazko eraldaketa lortu bitartean. Hau da, eraiki nahi dugun mundua prefiguratu, aurreikusi. Beraz, hizkuntzen indarberritzeak prefigurazioan dihardu, eraldaketa globala gertatu baino lehen, munduaren eta komunitateen hizkuntzak berrezartzen ditu, eta mundua nolakoa izan litekeen, eta izan behar lukeen erakusten du.

Erradikaltasunak badu, ekintza zuzenaz eta prefigurazioaz gain, beste alde garrantzitsu bat: kritika. Menderatze sistemak izendatzen, deskribatzen eta azaleratzen ditu, eta horien eragileak eta kalteak azpimarratzen ditu. Ondorioz, politika erradikalak ‘anti’ izan ohi dira: antifaxista, antirrazista, antikapitalista, antimilitarista, antikoloniala, anti-inperialista eta antipatriarkala.

Orain arte, mota horretako ikuspegi kritikoak zeregin mugatua besterik ez du izan hizkuntzen indarberritzean. Hizkuntzen indarberritzearen aldeko diskurtsoak –irudimen orokorrean bereziki– Jane Hill-ek ‘baliozkotze hiperboliko’ deituriko tropoen mende egon dira; hau da, hizkuntzen gehiegizko gorespenen pilaketa. Mendekotasunaren kritikarik gabeko gorespenek, Daniel G. Solorzano eta Dolores Delgado Bernal-en arabera, ‘erresistentzia konformista’ dakarte. Justizia sozialari tiritaren moduko konponbideak besterik ez dizkio eskaintzen, eta arazo sistemiko sakonagoak ez ditu jorratzen.

Hizkuntzak indarberritzeko mugimenduak eskubide eta askatasun gehiago duten eta menperakuntzak behera egin duen testuinguruetan baino ez dira izaten, eta testuinguru hori borroka eginda lortzen da

Hala ere, ondo funtsatua den ikuspegi kritikoa agertzen ari da hizkuntzen indarberritzean. Esaterako, Alice Taff eta bere lankideek ‘hizkuntza zapalkuntza’ terminoa darabilte ondokoa deskribatzeko: “Hizkuntza galtzera behartzea koertzio fisiko, mental, sozial eta espirituala baliatuta”. Nik idatzi dut nola hizkuntza zapalkuntza iker daitekeen beste zapalkuntza mota batzuk ikertzen diren antzera, adibidez, arraza, nazio, etnia eta erlijioari loturiko zapalkuntzak bezala. Indigena akademikoak, hala nola Wesley Leonard, Jenny Davis eta Michelle M. Jacob, hizkuntzen indarberritzea kolonialismoaren kritikari lotzen ari dira gero eta gehiago. Feargal Mac Ionnrachtaigh-ek, egungo Ipar Irlandako preso politikoen hizkuntza politika erradikalez egindako azterketan, horien hizkuntzaren indarberritze lanak kolonialismoaren eta globalizazio neo-kolonialistaren aurkako borrokarekin lotzen ditu. Australian, Kris Eira-ren arabera, “hizkuntza galtzen da pertsona talde batek beste talde bat mendean hartzen duenean”. Ondorioz, hizkuntzen erabilerak deskolonizatzea aldarrikatu du Kris Eirak, Tonya Stebbins eta Vicki Couzens-ekin batera.

Kolonialismoaren kritikan arreta ipintzea eta deskolonizazio proiektu baikorra garatzea politika erradikalen muinean daude gero eta gehiago, politika erradikalak intersekzionalak izan daitezen nahi baita. Horrek esan nahi du egitasmo erradikalek askotariko zapalkuntza eta menderatze formek elkar nola eragiten duten aztertzen dutela, eta, hala nola, arraza-kapitalismoaz, ingurumen-kapitalismoaz eta deskolonizazio-deskarbonizazio loturaz eztabaidatzen da. Gainera, egitasmo erradikalak saiatzen dira ziurtatzen, batzuentzat justizia bila ari diren bitartean beste inorengan bidegabekeriarik ez eragiten, adibidez, zapalketaren aurkako politiken bidez.

Politika erradikalek intersekzionalak izan nahi dutenez, elkartasuna bereziki garrantzitsua zaie: mugimendu barruan, mugimenduen bidez, eta mugimendu artean. Bere izaera komunitarioa dela-eta, lehenengo elkartasun mota oso garrantzitsua da hizkuntzen indarberritzean. Elkartasuna adostutako helburuen ezarpen eta koordinatutako ekintza gisa irudikatzen badugu, badirudi hizkuntzen indarberritzean maiz gertatzen diren gatazkak kudeatzeko modu onuragarriagoa eskaintzen duela, baldin eta ‘argitze ideologikoa’ lortzeko interesekin alderatzen badugu.

Mugimenduen bidezko elkartasunak mugimendu batetik kanpo daudenek mugimendu horrekiko izan ditzaketen askotariko jarrerak adierazten ditu: aliatu, abokatu, kide edo konplize. Nik, adibidez, hizkuntzen indarberritzean jarduten duen norbanakotzat baino, hizkuntza justiziaren aldeko aliatutzat dut nire burua. Nire iritziz, aliatuok egin dezakegun gauza bat da hizkuntzen indarberritzea lagunduko duten espazio seguruak sortzea. Ruth A. Deller-ek gidaliburuan azaltzen duen moduan, espazio seguruak “baztertutako taldeetako kideek elkartzeko erabili ditzaketen espazioak dira, non hitz egiteko eta baliabideak elkarbanatzeko aukera izango duten”, fisikoki edo birtualki. Berdin dio zein elkartasun motari heltzen diogun, ezinbestekoa da elkartasuna nola dekolonizatu hausnartzea; nola saihestu hizkuntza zapalkuntza sustatzen duten botere eta erlazio egiturak errepikatzea.

Hirugarren elkartasun mota, mugimenduen artekoa, ikuspegi kritikoz aztertzeak, Routledge gidaliburuaren ahulgune bat agerian uzten du. Bizikletez ari den politika erradikalei buruzko kapituluan eta musika zerk egiten duen erradikal aztertzen duen beste batean, hizkuntzaz aipamenen bat baino ez dute egiten. Intersekzionalitatea eta dekolonizazioa ardatz dituen liburu batean hizkuntzaren inguruko ia eztabaidarik ez egoteak esan nahi du, politika erradikalak zer diren jakiteko ikuspegi barneratzaileagoak eta hedatzaileagoak behar ditugula. Akademiko eta ekintzaile erradikalekin elkarlana areagotzeko aukera ematen die horrek hizkuntzen aldeko ekintzaile, aliatu eta abokatuei. Hizkuntza, menderatzeko eremu gisa eta emantzipaziorako bide bezala aztertu ezean, zapalkuntzaren analisi oro osatugabea izango dela frogatu behar dugu. Era berean, politika erradikalen filosofia eta jardunei estuago helduz gero asko daukagu irabazteko.


ASTEKARIA
2020ko otsailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude