“Topikoek beren eragintxoa dute talde bakoitzaren inkontziente kolektiboan”

  • Altzan jaioa 1948an. Hogeita lau urtez idazle profesional moduan aritu zen Irigoien, Elkar argitaletxearen bitartez. 2013an, osasun arazoak zirela-eta –esklerosia du– erretiroa hartu zuen. Jarduna gutxitu arren, baina, idazten jarraitzen du. Horren froga dugu bere hamabosgarren eleberria: Derbia umorezko kontakizuna, futbolaren munduan girotua. Reala eta Athletic, Athletic eta Reala. Hainbeste erokeria egin ditzakegu talde kuttunaren izenean!

Joan Mari Irigoien, Altzan, 2015ean.
Joan Mari Irigoien, Altzan, 2015ean.Juan Carlos Ruiz
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Futbolzale bikote bi dira eleberriko protagonistak. Realaren aldekoak dira Txefe Biain eta Klara Idarreta. Athleticen aldekoak, berriz, Genoveva Aizpurua eta Telmo Uriona. Donostiako Kross auzoko plaza berean bizi dira, baina ezin dute elkar ikusi, kolore batzuekiko sentimendu bortitzek itsututa. Futbolari lotutako sentimendu sarri ero horiez galdetu diogu Irigoieni, baita bere sorkuntzaz ere. E-postaz bidali dizkigu erantzunak.

Ezkerreko intelektual edota eragile zenbaitek futbola kritikatu izan dute, herriaren opioa delakoan.

Futbola opioa baldin bada, zer ez ote dira Botere Gorenari darizkion boterekeria guztiak: tratu txarrak, torturak, gerra geroz eta deuseztatzaileagoak...

Beti dago gerraren bat piztuta munduko bazterren batean, eta euskal armagintza-industria lehen mailako hornitzailea da gerra horiek elikatzeko. Bereziki kezkatzen zaituen gaia da armagintzarena, sarritan adierazi izan duzunez. Arma, tiro, bammm! edo Pistolak eta epistolak lanak dira lekuko.

Nazka ematen didate armek… nahiz eta, neska bat bortxatzen ari den matxista zikin baten kasuan, gustura hartuko nukeen… baita tanke bat bera ere… eta bammm! eta bammm! Nazka ematen didate, halaber, gerren kontura negozioak egiten dituzten arma-saltzaileek: Espainiako erregeaz gain, Euskal Herrian ere baditugu aleka batzuk.

Gizartea noraezean doala esatea gehiegikeria al da?

Gure (?) munduan, herri aberatsetako boteretsuak ditugu jaun eta jabe, diru zikinaren izenean mota bateko eta besteko gerrak asmatzen dituztenak. Nagusi diren heinean, gainera, beraiek nahi dituzten bideetatik garamatzate: galbidean jartzen gaituzte, beraz.

Zure lanetan gai sakon eta transzendentalak aukeratzen dituzun arren, sekula ez da umorerik falta!

Eta, hala ere, umorerik gabeko bizitza ezin izan daiteke ez sakona, ez transzendentala, nik uste.

Umore zirikatzailea barra-barra Derdia-n. Joseba Etxeberria afera al da, liburuan gertatzen den moduan, azken urteotan errealzale eta athleticzaleen artean izan den ika-mika iturri nagusia?

Nik baietz esango nuke. Deigarriena behintzat bai.

Liburuan, futbolak bezainbesteko presentzia du ia sinismenak. Fedea eta futbol talde batekiko atxikimendua… oso lotuak ikusten al dituzu?

Gauza bera dira funtsean, nik hala uste. Atxikimendu horrek, izan ere, gure amets aseezinei erantzuten die, era batean edo bestean. Aspaldiko berria da Betiseko jarraitzaile sutsu batek bere errautsak bota zituela globo txuri-berde batetik, atera hortik kontuak…

[Hain justu, Sevillako taldeak, beste hainbat klubek bezala, jarraitzaileen errautsak gordetzeko nitxoak ditu bere estadioan]
Eleberrian irakurri dugu, Telmo Urionaren ahotik oker ez bagaude, Athletic zentroan dagoela eta Erreala bazterrean.

Errealzaleen gutxiagotasun konplexua ere aipatzen da… Topiko hutsak al dira?

Topikoak dira, baina ez eraginik gabekoak, sinetsia bainago horrelako kontuek beren eragintxoa dutela, talde bakoitzaren inkontziente kolektiboan. Esan nahi dizudana da aldetxoa dagoela, bai, Bilbon jaiotzetik Donostian jaiotzera, alderantziz ere bai: bakoitzak bere astoari arre.

Txefe Bianek, bestalde, “ohorea eta harrotasuna” aipatzen ditu Realaz mintzo denean. Futbolzaleek maiz haizatzen dituzte horiek, baita neurriz kanpo demostratu ere batzuetan. Zenbait jenderen ustez erabat absurdua da futbol talde batekiko atxikimendu estu-estu hori, ulertezina erabat...

Bizpahiru kontutxo esango dizkizuet. Umetan, kirol batzuk praktikatzen ditugu, gugan –oroimenean eta buru-bihotzetan, nagusiki– arrasto sakon bezain ezabagaitzak uzten dizkigutenak; seinale edo oroitzapen horiek, berriz, kanta edo himno batzuen forma har dezakete, edo kolore batzuen baitan proiekta genitzake, edo kontakizun epiko batzuen formapean hedatu, zeintzuk familietan edo auzoetan belaunez belaun transmititzen zaizkigun, tribu batekiko identitatea eta pertenentzia ziurtatuz, bide batez. Kirola, bestalde, lehia da funtsean, Garaipen Jainkoa jomuga duena, halako moldez, non Garaipen Jainkoa bere egiten duenak berarekin baitu jainkozko Ohorearen Kopa Ahalguztidunetik edateko pribilegioa, jarraitzailerik xaloena ere super-heroi bihur dezakeena, txalo eta alabantza guztien jopuntu.

Ez genuke inozoak izan behar, kirolen su artifizal horien azpian –irabazitako kopen eta txapelen azpian, alegia–, beti azaltzen baitira sentimendu ustez laudagarriok lohitzen eta zikintzen dituzten faktoreak: alde batetik, arau-hausteak ditugu –nik, futbolaren esparrura mugatuz, ukonkadak eta oin- eta orpo-zapalketak txartel gorriarekin zigortuko nituzke–, bestetik, dirua, ustelkeria gehienen iturria dena.

Zer iritzi dudan kolore batzuenganako maitasunaz? Bada, haserre bizian eta sutan jarri beharrean halako gehiegikeria baten aurka, irri errukitsu batez erantzungo diot galderari, nobelako protagonistak —Klara eta Txefe, Geno eta Telmo— aintzakotzat hartuz behingoz. Nor senti daiteke, izan ere, gure mundu honetan inor baino gehiago, jakin badakigunean horizontalak berdinduko dituela gizakion amets guztiok...?

“Ez deitu horri matxismoa, baizik eta ob-jek-ti-bi-ta-te-a!”, dio Telmok, emakumeen futbolaz mintzo. Zein egoeratan ikusten duzu emakumezkoen futbola?

Ni guztiz nago nesken eta emakumeen alde, edozein kiroletan parte har dezaten, amateur gisa ez ezik, profesional gisa ere. Pentsatzea, hala ere, emakume futbolariek beren helburua gauetik egunera gauzatuko dutela –emakumezkoek gizonezkoek adina diru irabaziko dutela, alegia–, ameskeria iruditzen zait. Eskubideen aldeko borrokaldietan, baina, ahaltsuagoak ikusten ditut emakumeak gizonak baino, borondatetsuagoak ere bai, eta egingo dute eta egingo dugu, bai, bidea. Lehenengo pausoa behintzat –eta ez nolanahikoa!– emana dute eta emana dugu, Realeko jokalariek bereganatu baitzuten erreginaren kopa; geurea dugu, halaber, Donostian txapeldunei egin zitzaien harrera jendetsua, estadioak jendez gainezka…

Bere garaian ingeniaritza ikasitakoa, futbol jokalaria izandakoa... Nola murgildu zen Joan Mari Irigoien letren munduan?

Aita futbolzalea genuen, halako eran, non, Unibertsitatean medikuntza ikasten zuen bitartean, Real Club de Fútbol de Valladolid-en jokatu baitzuen, atezain. Literaturazale porrokatua ere bazen, eta ezagutzen duzu esaera zaharra: hazia nolako, ezpala halako.

Beste idazle askok aitortu izan duten moduan, idazle hegoamerikar zenbaiten eragina izan zen zure idazketaren akuilu.

Bai. Gaztetan, batean futbola zela eta bestean estudioak, oso lanpetuta egon nintzen. Venezuelara joan nintzenean, ordea, zegozkidan klaseak emateaz gain –Fisika eta Matematikakoak–, orduak eta orduak aurkitu nituen neure afizioa asetzeko: liburuak eta liburuak irakurri nituela, alegia, idazle latinoamerikarren maisulanak bereziki: Pedro Páramo, Doña Bárbara, Cien años de soledad, Yo el Supremo, Sobre héroes y tumbas, La ciudad y los perros, Ríos profundos eta abar. Gero, nire afizio hura ofizio bihurtu nahian, idazten hasi nintzen: hortik sortu ziren Oilarraren promesa eta Poliedroaren hostoak. Hala ere, ez dut uste idatzi ditudan nobela guztiak boum-eko maisuen obren eraginpean idatzi nituenik: Udazkenaren balkoitik eta Arma, tiro, baaam! liburuek, esate baterako, ez dute zerikusirik errealismo magikoarekin.

Euskal Herriko historiaren garai ezberdinetako irudi bukolikoak nobelara eramaten maisua zara, Babilonia-n bereziki. Zure obraren ezaugarria al da hori?

“Irudi bukolikoak” esan didazue, eta ez zait gustatu. Bizitzak, izan ere, badu bukolikotik zerbait, baina baita tragikotik eta ankerretik ere. Nik, berriz, halakoetan, bi mundu horiek islatzea izaten dut atsegin, elkarren osagarri jotzen ditudanez gero. Egia da, adibidez, amona Roxalik eta Margarik beren elkarrizketa poetikoak dituztela, baina egia da, halaber, Trinidok Feliziano akabatzen duela, eta Margarik bere haur jaioberria. Nirea izango da problema agian, bukolikoa esan ahala biguna baitatorkit burura, eta bigunkeriak, literaturan, ez zaizkit gustatzen.

Babilonia zure obraren gailurra izan dela esan izan da. Lan hura gainditu nahi edo beharraren presioa sentitu al duzu zure ondorengo lanak biribiltzeko orduan?

Idazle hasiberria nintzen garaian, izan liteke halako errezelo batzuk edukitzea, baina, bizitza ia osoa euskal letrei eskaini ondoren, ohitu nintzen eta ohitu naiz egoera horietara. Beste era honetan ere erantzun diezazueket, zuek hala nahi baduzue: gaur egun, txakur adintsu bat bezala sentitzen naiz, eta, haiek bezala, ez zaunk eta ez maunk.

Gainerakoan, Babilonia nire nobela onentzat hartu duzue, eta ez dakit, bada… Nik hiru titulu emango dizkizuet, ez baitakit hirurotatik zein den onena –edo zein den txarrena, jakina!–: Babilonia, Lur bat haratago edo Orbetarren trilogia. Garai batean, hala ere, elkarrizketa egiten zidan kazetariari beti erantzuten nion modu berean: “Hurrengoa izango da nire Everest!”,eta orain ere… Hitz bertsuekin ihardetsiko dizuet, zer arraio! Tximista baino bizkorrago ez banabil, ordea, RIP argitaletxean publikatu beharko dut, hori bai...

Bi urtetako kronika fakultatiboa lana idaztea eritasunari aurre egiteko idazle batek izan dezakeen modurik eraginkorrena izango zen...

Tira, hura ere egin nuen. Ordainean, irakurle gutxi batzuk etorri zitzaizkidan, aitortu zidatenak ezen liburua makulutzat hartu eta asko lagundu zietela. Sekula horrelako ordainik...!

Cruyff, Guardiola...

Zure ustez, bereziki zertan aldatu da futbola azken hamarkadetan?

“Cruyffek eta Guardiolak futbolari beren ukitutxoa eman ziotenean –ukitu erraldoia, alegia–, zeharo egin zuen ikuskizunak gora.

Taldeen mailari dagokionez, lehen motelago jokatzen zen, patxada handiagoarekin: gaur, berriz, presioa eta abiadura dira futbolaren elementurik inportanteenak, baloiaren kontrola eta ondoko pasea ia batera egitera behartzen zaituztenak.

Garai batetik hona, erosoago egoten dira ikusleak futbol-zelaian, diferentzia baitago partida bat zutik ikustetik eserita ikustera.

Entzuten dudanean zenbat kobratzen duten futboleko izarrek, sutan jartzen naiz, ez baitago eskubiderik. Okerrena da berri horiek normalak iruditzen zaizkigula, eskandalu hutsa behar zutenean.

Emakumeak ere futbolean aritzea, aurrerapauso izugarria iruditzen zait gizakion historian”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Ikusi Mikusi festibala
Haur eta gazte literaturak Sara hartuko du gaurtik aitzina

Bosgarren edizioa ospatuko dute ostiral eta larunbat honetan. Gaur eskolen eta profesionalen eguna izanen da eta publiko zabalagoari irekiko dizkiete ateak bihar. Euskara hutsezko azoka horren baitan, hamahiru euskal argitaletxe eta 60 bat animazio topatuko ditu bertaratzen den... [+]


2025-10-09 | ARGIA
Erraldoi eta buruhandiek lagunduta aurkeztuko du ARGIAk 'Abentura erraldoia. Hegan' liburua

Bidasoako erraldoi eta buruhandien kalejira eta dantza ostean aurkeztuko dute Adur Larrea eta Gorka Bereziartuak Abentura erraldoia. Hegan liburua Irunen, urriaren 18an (larunbata), 17:30ean.


Unai Elorriagak, Karmele Mitxelenak eta Maite Rosendek irabazi dute literaturaren Euskadi Saria

Elorriagaren 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima', Mitxelenaren 'Aitona Floren' eta Rosenderen 'Traba' saritu ditu aurten Eusko Jaurlaritzak. Sari banaketa azaroaren 26an egingo da.


1977-80ko kritiken bilduma
Sarrionandia: "Gauza asko behar genituen garai hartan, eta zineak eman zigun leiho hori"

Zeruko Argian eta Anaitasuna-n idatzi zituen zinema kritikak Joseba Sarrionandiak 1977 eta 1980 urteen artean, 20 urte inguru zituela. Horien bilduma eginda, Pamiela argitaletxeak argitaratu du liburua, Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980). Josu Martinezek egin ditu... [+]


Ezberdinak eta antzekoak

Umea hemen, Umea han
Chuck Groenink. Itzulpena: Nagore Perez
Ibaizabal, 2025

---------------------------------------------------------------------

Historiaurreko istant bat du azpi izenburu liburu honek, eta horixe da, hain zuzen, egileak kontatu nahi diguna, istant... [+]


Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza literatur bekari, CAF diru-emaile delako

"Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu", adierazi du Saioa Alkaizak komunikabideetara igorritako oharrean. BDZk txalotu egin du Alkaizaren erabakia, eta Elkar argitaletxeari gonbita luzatu dio, "erabaki ausartak... [+]


2025-09-03 | June Fernández
Aixa de la cruz
"Jainkorik gabeko belaunaldia gara, eta bi aukera eman dizkigute: kontsumoa eta lana"

2020ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Cambiar de idea (Ideiaz aldatu) autofikzio feministarekin. Emakume idazleek literatura kanon patriarkalera egokitu beharra kritikatu zuen liburu horretan. Todo empieza por la sangre (Dena odoletik hasten da) bere seigarren... [+]


Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.


Agustin Kardaberaz
'Euskararen berri onak': dagoenean dale, ez dagoenean bale

Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]


2025-07-05 | Ikusgela
Joxe Azurmendi ulertzeko gakoak
MULTIMEDIA - erreportajea

Joxe Azurmendi Otaegi euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren eta, orokorrean, filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko plazaratu ditu.

  • Eduki arduraduna: Haritz... [+]

Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria hil da

Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Joxe Austin Arrieta. Irabazlearen errelatoaren aurka
"Memoria-ariketa da 'Palinpsestoa', ahal izan dudan zorrotzena eta zintzoena"

Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


Eguneraketa berriak daude