Nola atera bizirik espetxeko infernutik

  • Santi Cobos Fernándezek 51 urte ditu. Horietarik 26 zigortuta eman ditu giltzapean, zazpi daramatza baldintzapean “aske”, eta 2029 arte ez du behin betiko askatasunik berreskuratuko. FIES galerietan urteak eman zituen, “espetxe barneko espetxea”, bere hitzetan. Cobosen bizitza hotzikara eragiten duen kartzela sistema demokratikoaren kronika da. Baina bada borroka kolektibo baten historia ere. Eta garaipen pertsonal baten lekukotasuna: bizitza osoa barrote artean emanagatik aske izateko gaitasuna galdu ez duen pertsona da Cobos.

Argazkia: Dospordos.

Leonen jaio zen Santi Cobos, ingurune behartsuan. Bera jaio aurretik gurasoak gurdiarekin ibiltzen ziren azokaz azoka: “Jendeak baztertu egiten zituen eta Guardia Zibilak jazarri, mezatara joaten ez zirelako edo bizileku finkorik ez zutelako”. Jaio zenerako autotxokeen negozioa zuen familiak. Udaran dirua egiten zuten herriz herri, eta negua Leon hirian ematen zuten.

Giltzapeko lehen esperientzia hamahiru urterekin izan zuen. Erreformatorioan bi urte eman zituen: “Ihes egiten nuen ahal bestetan. Adingabeentzako epaitegiaren eskuetan nengoen, eta hezitzaileek gutaz abusatzeko eskuak libre zituzten”. Kalekumea izaki, erreformatoriotik irtetean gurasoengandik aparte hasi zen bizitzen, bere kasa. 80ko hamarkada zen: “Bizimodua bilatzen nuen, beste askok bezala. Behar handia zegoen garai hartan”. Hamasei urterekin espetxeratu zuten lehenbizikoz hamabost egunez, eta ondoren urtebete eman zuen preso, lapurreta txikiengatik beti ere. 1989an, hogei urterekin, sei urteko kondena betetzen hasi zen Leongo espetxean, “familia barneko liskar baten ondorioz”.

Errebeldia eta askatasun sena

Bidegabekerien aurrean matxinatzen den horietakoa zen Cobos, jarrera politizatu kontziente baten ondorioz baino, sen hutsez. Izan espetxearen “abusu etengabeen” aurka, izan “patio kontuengatik”: “Gaztetxo heldu berri bati zapatilak lapurtu behar zizkiotela ikusi eta… nik ez nuen balio horrelakoak ezer egin gabe pasatzen uzteko”. Askatasun sena ez zuen txikiagoa: “Murruek ito egiten ninduten, hasieratik pentsatu nuen ihesean”. Sei urterako sartu zen espetxean Cobos, baina barruan ia beste 70 urteko zigorrak pilatu zituen.

“Murruek ito egiten ninduten, hasieratik pentsatu nuen ihesean”

90eko hamarkadaren hasieran oinarrizko eskubideen inguruko borrokak, mutinak eta ihesaldiak ohikoagoak ziren espetxeetan. Testuingurua ez zen batere adeitsua, borroka ere ez: “Mundu oso bortitza zen, odoltsua. Aldarrikapen bat egiteko hamabost lagunek batera besoetan  ebakiak egiten genituen, edo misilak [puntadun objektuak] sabelean sartu”. Azken hori egin zuen behin Cobosek, ospitalera atera eta handik eskapada egitea helburu: “Lortu nuen korrika ihes egitea, baina isuritako odolaren ondorioz hain nengoen ahul konortea galdu nuela ospitaletik irten orduko”.

Ihes egiten dozena bat alditan saiatu dela dio Cobosek, inongo harrokeriarik gabe. “Gehitu horiei prestaketen erdian etendako saiakerak”. Valladolid eta Zamorako espetxeetako mutinetan parte hartu zuen. Bietan funtzionarioak bahitu zituzten presoek. Mutinak ihes saiakerak ziren gehienetan, helburua ez zutenean lortzen bihurtzen ziren mutin. Zenbat eta saiakera gehiago egin orduan eta zailagoa zen ihes egitea. “Hasieran ihesaldi garbiak egiten saiatzen nintzen, murrua saltatu eta kito. Giltzarrapo gehiago jarri ahala, gehiago arriskatu beharra nuen, desesperazio handiagoz”. Testuinguru horretan kokatzen du Cobosek 1995ean gertatutakoa. Epaile bati mehatxuzko gutunak idatzi zizkioten berak eta Juan Redondo presoak, epaituak izateko epaitegira atera zitzaten gero handik ihes egiteko. Lortu zuten epaitegira heltzea, baina ez ihes egitea: polizia bat hil zuten presoek, Cobosek tiroa jaso zuen buruan eta Redondok birika bat galdu zuen beste tiro baten ondorioz. Ordurako, hiru urte zeramatzan Cobosek FIES infernuan bizitzen.

FIES: infernu instituzionalizatua

Jarraipen Bereziko Barne Fitxategiak [FIES] 1991n sortu zituen Espainiako Gobernuak, Felipe Gonzalez buru zela. Bost FIES mota zeuden, egotzitako delitu motaren arabera. Cobos Zamorako mutinaren ondoren sartu zuten FIES 1ean: “Minbizitzat gintuzten 50-60 preso sozial aukeratu zituzten: ihesean saiatutako pertsonak, matxinoak, mutinen sustatzaileak, idatziz salaketa asko egiten zituztenak, nolabaiteko lidergo gaitasuna zutenak…”.

Espetxe barneko espetxe bezala definitu izan da askotan FIES erregimena. Zenbait espetxe hautatutan ziega gutxi batzuetako aparteko galeriak eraiki zituzten, espetxe araudiak berak ere onartzen ez zituen bizi-baldintzak ezarriz: “Ziega indibidualak, ate bikoitzarekin eta dena mekanizatua –orduan berritasuna zen–. Jantzi bakarra langile buzoa, inongo objektu pertsonalik ez, zigarroen tamainako zulotxoak zituen txapa bat leihotzat. Erabateko isolamendua eta ordubeteko patioa, ateratzen bazintuzten. Patiora bakarrik irteten ginen, eskuak eskuburdinekin lotuta eta funtzionarioen etengabeko mehatxupean. Bisean bisekorik ez. Posta kontrolatua, asteko gutun bakarra orri txiki bakarrean eta letra larriz idatzita, idazten zizkidaten gehienak ez zitzaizkidan heldu ere egiten”.

Salamancako topas espetxea. Preso sozial eta politikoak modulu arteko pilota partida jokatu ostean (2007ko iraila). Ezkerretik eskuinera: Victor Peco, Asier Otxoa, Jon Crespo, J.R. Mtz. de Lafuente (Txoritxu) eta Santi Cobos. Argazkia: Asier Otxoak utzia.

 

Torturak eta suizidioak “mafiaren” eskuetan

FIES araudia gordina bazen, errealitatea are gordinagoa. Funtzionarioen umiliazioak eta tratu txarrak gogoratzean begirada gogortzen zaio Cobosi. Eguneroko ogia ziren, bere hitzetan: “Lehen unetik ‘akabatuko zaitugu, putakumea’, geure buruak urkatzera animatzen gintuzten… Koltxoiarena: gauez etorri eta koltxoia kentzen zizuten, ordu betera berriz ere esnatu eta bueltatu, beste ordubete eta kendu, hurrengoan berriz bueltatzera etorri eta ‘ez dut koltxoi madarikatua nahi, zuentzat’ esan, eta orduan jipoia jaso. Atea irekitzen zen bakoitzean jipoiaren beldur, bostetik hirutan edo lautan horrela baitzen. Psikosia zen gauzen egoera naturala”.

“Suizidioa Elixir erakargarria zen ihesbide bezala, guztiek izan genuen buruan uneren batean edo bestean”, aitortzen du Cobosek. Zenbait presok egin zuten bere buruaz beste. Kasuren batean, suizidioaren eta hilketaren arteko muga lanbrotu egiten da: “Moi [Moisés Caamánez] kartzeleroek atea ireki ziotenean urkatu egin zen haien aurrean. Eta jende horrek zer egin zuen? Korrika irten ziren, beren hitzetan izara mozteko laban baten bila, eta 15 minutura bueltatu ziren. Noski, Moi hilda zegoen ordurako”. Ernesto Barrot lagun mina zuen Cobosek: “Leihoko barroteetatik urkatu zen maindireak erabilita, Valladoliden. Eskegirik zegoen baina maindireekin ezin zen ikusi hankak airean zituela. Funtzionarioak bizpahiru erratz makil lotu eta atearen bestaldetik gorputza bultzatzen aritu ziren. Izan ere, bazekiten zer egiten ziguten, eta aldi berean beldur handia ziguten horregatik. Azkenerako ezkutu eta borrekin sartu ziren eroen pare oihuka. Tarte bat eman zuten gorpua jipoitzen, harik eta hilik zegoela ohartu ziren arte”. Suizidio horien bitartean ondoko ziegetako batean zegoen bera, metro batzuetara, gertatzen ari zena entzuten eta irudikatzen. Isiltasuna egiten da une batez. “Nik garai hura bahiketa bezala definitzen dut. Ez zinen preso bat sentitzen, mafia batek bahitua baizik”, borobiltzen du Cobosek.

“Nik garai hura bahiketa bezala definitzen dut. Ez zinen preso bat sentitzen, mafia batek bahitua baizik”

FIESetan zeuden beste preso batzuek burua galdu zuten. Batzuek nahita, dio Cobosek: “Infernuari ihes egiteko beste modu bat da”. Cobos salbuespena da: bizirik irten zen eta kalean bizitza berria eraikitzeko gai izan zen.

Gorrotoa helduleku

Horri guztiari aurre nola egin dakiokeen galdetu diogu Cobosi. Ez darabil zurikeriarik: “Animalia  bihurtu behar zinen bizirauteko, zure gizatasunari uko egin. Gorrotoa pultsio huts bilakatu zitzaidan. Gorrotoa funtzionarioei, espetxeari, zuzendaritzari, arduratu ere egiten ez zen zaintza epaileari, kriminalizatzen gintuzten komunikabideei, jendarte osoari. Ez ziren egunak izan, urteak baizik. Gertatzen ari den bitartean, ez zara kontziente. Errespetua galtzen diozu guztiari dena lapurtu dizutelako, zure freskotasuna, zure gizatasuna”. Hamazazpi urte eman zituen Cobosek FIESean sailkatuta, ez denak hain baldintza gordinetan. Aldi berean sentimendu eta printzipio jakin batzuk mantendu zituen: “Espetxean borroka garrantzitsuena horiek ez galtzea da, beraiek nahi duten hori ez bilakatzea, espetxe produktu bat ez bihurtzea”.

Erabateko despertsonalizazioa helburu, ispilurik ere ez zuten FIES galerietako presoek. Cobosek gogoan iltzatua du bizpahiru urteren ondoren bere burua berriz ere ispilu aurrean ikusi zuen aldia: “Ni neu ez nintzen pertsona bat ikusi nuen. Haurtzaroko irudiak ekarri zizkidan, familiarenak... Negarrez hasi nintzen, ume bat bezala. Oso une tristea izan zen”. Oso antzeko pasadizoa utzi zuen idatzita Patxi Zamoro FIES preso historikoak A ambos lados del muro liburu gogoangarrian.

Salamancako Topas espetxeko pilotalekuan, 2003an. Argazkia: Santi Cobosen familiak utzia.

 

Infernutik purgatoriora, borrokatuz

Urte batzuk igarota hasi ziren FIES galerietako baldintzak hobera egiten. Oso pixkanaka, eta borrokaren ondorioz. Lehen urteetan, borroka espetxe barrukoa eta ia indibiduala izan zela dio Cobosek. Batetik, presoak bakartuta zeudelako. Bestetik, PSOE gobernuan egonik horrelakorik sinestea ezinezkoa egiten zitzaiolako askori: “Salatzen genuenarekiko ukazio  handia zegoen”. Denborarekin, ordea, borroka murruetatik kanpora irten zen: “Elkarte batzuek salaketa eta mobilizazio kanpainak hasi zituzten, atera zen presoren bat gertatzen ari zena kontatzen hasi zen, euskal preso politikoek salaketa idazkiekin lagundu ziguten... azkenean, baldintza batzuk leuntzen joan behar izan zuten”.

Funtzionarioen sindikatuek leuntze horren aurka egin zuten hasieran. Ondoren hurbiltze prozesu bat hasi zuten zenbait espetxezainek, presoetako batzuekin pertsonalki hitz eginez. “Zer aldarte genuen ikusi nahi zuten, ia burutik nola geunden... Min handia egin ziguten, gorroto asko genuen eta bazekiten desaktibatzea zaila zela”. Espetxezain gorrotatuenetako batzuk ordezkatu zituzten, eta preso batzuk FIES galerietatik lehen graduko modulu arruntetara atera zituzten. “Urte batzuk horrela eman ostean, gutako batzuei planteatu ziguten espetxe erregimen arrunterako trantsizioa egiteko aukera”.

Bigarren gradura pasa zen Cobos 2007an. Sei urterako sartu zen gazteak ia 20 urte zeramatzan preso ordurako, baina espetxealdian gehitutako kondenekin ia 70 urteko zigorra zuen gainean. “Bizi guztiko kartzela zigor ezkutua nuen”. Eta bera ez zegoen hori onartzeko prest. Egoera nolabait bideratzen ez bazioten, gose grebak eta bestelako protestak abiatuko zituela jakinarazi zion espetxeari. Garai berean, abokatuek esan zioten egoera aldatzeko aukerak bazirela. Botere judizialeko eta espetxe sistemaren zuzendaritzetako pertsona batzuek ez zutela begi onez ikusten haiekin egiten ari zena, eta Cobosek egoki erantzuten bazuen urratsak eman zitezkeela, oso-oso pixkanaka. Espetxeko hezitzaileak ere animatu eta asko lagundu zion. “Finean, burua jan zidaten eta murruaz ahazten joan nintzen”, dio barre artean.

Funtzionarioen herra aseezina

Irteteko lehen baimena lortu zuen Cobosek azkenik, Salamancako Topas espetxean. 2008. urtea zen. Eguneko baimena, lotara espetxera bueltatu beharrarekin. “Arraroa izan zen: Salamancako Plaza Nagusian nengoen hezitzailearekin eta moja batekin, korrikaldi bat egitea nahikoa nuen... Denetatik pasa zitzaidan burutik”, gogoratzen du irribarre bihurriz. Tentazioari eutsi zion, ez zuela ihes egingo hitza jende askori emana ziolako eta batzuek bera laguntzeko arriskuak hartu zituztelako. “Inflexio puntua izan zen”.  

Funtzionario batzuk ez zeuden prest Cobosi aukera ñimiñoena ere emateko, ordea. Salamanca eta inguruko herriak bere irteerarekin “arriskuan” egon zirela salatu zuten prentsan. Alarma piztu zen, eta afera gobernadore zibilarengana eta espetxeko zuzendariarengana heldu zen. “Zuzendaria etorri zitzaidan beste pertsona batzuekin. ‘Hara, Santi, saiatu gara, baina ez dut arrisku gehiagorik hartuko’ esan zidan”. Geldialdia izan zuen prozesuak.

Urtebetera, Cobosen egoera are gehiago larriagotu zen. Preso bat hil zuten espetxeko patioan, eta beste preso batek Cobos salatu zuen. Bere aurkako prozedura judiziala abian zela, Cobosen abokatuak salataria kontraesanetan harrapatu zuen galdeketa batean, eta orduan aitortu zuen salatariak funtzionarioek agindu ziotela Cobos egiteko erantzule. “Horren ostean Langraitz espetxera lekualdatzea eskatu nuen, Topasen zer eginik ez nuela ikusirik”.  

Onartu zioten aldaketa, eta Gasteizko elkarte zenbaiten laguntzarekin irteerak lortu zituen berriz ere. Hilabete batzuk igarota, ordea, Leonera lekualdatuko zutela jakinarazi zioten, eta horrek prozesua etetea ekarriko luke. Lana lortu zuen orduan Gasteizko liburu denda batean, lekualdaketa geldituz. Ez Langraitzeko funtzionario batzuen azken saiakera gabe: “Liburu dendako arduradunarekin hitz egin zuten beldurra sartzeko, ea ba ote zekien nor kontratatu zuen, zeinen arriskutsua nintzen...”. Ez zuten emakumea kikiltzea lortu.

Arabako Langraitz espetxean, 2010. urte inguruan. Argazkia: Santi Cobosen familiak utzia.

 

“Desarmatu” kalean bizitzeko

2012an baldintzapeko askatasuna lortu zuen Cobosek azkenik. Irteteak beldurra eman zion galdetu diogu: “Noski baietz”. Espetxea kode propioak dituen mundua da eta presoek horretara moldatzen dute izaera. Irtetean dena kolokan jartzen da. “Kartzelak zure okerrena ateratzen du odolez eta gorrotoz. Armatuta ateratzen zara kalera, barruan bizirauteko eta defenditzeko garatu dituzun armekin. Armategi bat, kalean balio ez duena baina ariman sartuta daukazuna. Kontua da ia behin kalean desarmatzeko gai zaren”.

Kostata eta pixkanaka desarmatu zen Santi Cobos. Zenbait pertsonaren laguntza eta aitortza jaso zuen, kalean sufritzen zuen jende gehiago ere bazela ikusi zuen, bere familiaren eta presoen senideen minekin enpatizatu zuen... “Horrek guztiak lagundu zidan. Baina salbuespena da”. Barre artean, Euskal Herrian dagoen poliziarenganako gorrotoa eta preso egon direnekiko estigmatizazio txikiagoa ere eskertu zituela dio. “Guardia Zibilarekiko edo tratu txarrekiko ikuspegi bera duen jendearekin topo egitea, begiradaz ‘ez duzu azaldu beharrik sinesten zaitut’ adieraztea... chapeau”.

Damoclesen ezpata lepoan...baina libre

Baldintzapeko askatasunean zazpi urte daramatza Cobosek, eta beste hamar ditu aurretik. Asko bidaiatu du Espainiako Estatuan zehar lotarako prestatua duen furgonetan. Leonera maiz hurbiltzen da, familiarenera, baina sozialki bere erreferentziazko tokia Gasteiz dela dio: “Jendea ezagutzen dudan tokia da, maitasuna diot Gasteizi”.  Libre sentitzen den galdetzean, baldintzapeko askatasunean edozein tontakeriak arazoa ekar diezazukela nabarmendu du. “Damoklesen ezpata hor dago beti, batzuetan preso sentitzen naiz”. Zaballan urteko bosgarren presoa agertu da hilik, eta horrelakoak entzutean gorputz erdia espetxean duela iruditzen zaio.

Hala eta guztiz ere, poza antzematen zaio. “Atzera begiratu eta irribarrea ateratzen zait. Nire burua espazio irekietan ikustea, desioak gauzatu ahal izatea: egingo dut edo ez baina jakitea nahi izanez gero ate hori zeharkatu edo garagardo bat har dezakedala, hori da askatasuna. Baldintzapen guztien gainetik, libre sentitzen naiz”.

OHARRA: Erreportaje hau zabalagoa da. "Preso sozial eta politikoen arteko mundu txikia" elkarrizketak osatzen du lana.

 


ASTEKARIA
2019ko abenduaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


"Badira hartzea merezi duten arriskuak, genozidioa gelditu behar dugu"

Hiru militante euskaldun itsasoratuko dira Gazara bidean apirilaren 21ean, Turkiatik irtengo den Askatasunaren Ontzidian: Pili Revilla, Agur Gorbea eta Mikel Zuloaga ‘Mikelon’. Ostegunean hartu dute Bilbotik Istanbulera eraman dituen hegaldia, eta bi egun lehenago... [+]


Eguneraketa berriak daude