Babestu oraindik dauzkagun ondasunak, berreskuratu mendeotan hondatu ditugunak eta hori guztia egiteko lanak diruz hornitu –ingelesez Protect, Restaure, Fund diotena–. Horiek bederen beharrezkoak dirateke mundua eta mundutarrok klimaren zoratzetik eta izaki bizidunen extintzio masibotik onik ateratzeko. Gaizkiaren kontrako protestak ez baitu zertan oztopatu ongiaren aldeko borroka, oihanen biziberritze ahalegin baten oihartzuna zabaldu da Ugandatik.
Klima aldaketari eta extintzio masiboari aurre egin eta gizadiak biziraun nahi baldin badu, erregai fosilak erretzeari uztea soilik ez du aski izango, dio Greta Thunbergek zabaldu berri duen bideoan. Zer gehiago egin? Hasteko, landatu zuhaitzak, “aireari karbonoa kentzen dioten makina oso merke eta bere kasa hazten diren” horiek.
Urriaren 11n Ugandako Mbale eskualdean hamar milioigarren zuhaitza landatu zuen Leah Namugerwa, alboan zituela Makunda herriko eskolako gaztetxoak. Egun eta ordu berean handik urrun, Britainia Handiko Galesen, beste zuhaitz bat ari zen aldatzen Mark Drakeford lehen ministroa. Mbaleko basoberritze programa galestarren diruz lagundua baita, horrela ospatzen zuen Galesek eremu deforestatu bat lehengoratzeko ahaleginean lortutako arrakasta.
Kronika berezia merezi luke 14 urte dauzkan Leah Namugerwak, halako oihartzuna lortu du Afrika erdialdean, Suedian Thunbergek abiatutako Fridays for Future mugimenduaren ildoan. Urtebete darama Namugerwak ostiralero klimaren alde eskolari opor egiten. Sare sozialetan hedatzen dituen mezuetan ageri da gizarte gai bero guztiez –homofobiatik plastikoen kutsadurara– kezkatutako neska ausarta. Ugandako deforestazioaren kontra daraman borrokari laguntzeko sustatzen du jendearen urtebetetzeetako oparia izatea zuhaitzen landaketa.
This is my best #Birthdaytrees activity. Dad and daughter planting a tree together.
— Leah Namugerwa (@NamugerwaLeah) October 28, 2019
Show some love to your child by planting a tree together pic.twitter.com/4HVdC7e8qI
Argazkietan ikus daitekeenez, Namugerwaren ondoan ospakizunean parte hartzen zutenek hurrengo helburua aldarrikatzen zuten: 15 milioi zuhaitz landatzea. Mbale Trees (Mbaleko zuhaitzak) programaren webean irakur daitekeenez, ondo bidean 2025erako gaindituta eduki beharko lukete 25 milioi zuhaitzen langa.
Mbale Trees programa Ugandako eskualde hartako elkarteen, Galesko Gobernuaren eta herritarren arteko elkarlanaren emaitza da. Ugandako ekialdean, Elgon mendiaren inguruan dagoen Mbale eskualdea baso berriz hornitzea da plana. Elkarlanari ikusgarritasuna emateko-edo, Galesen sortzen den –edo adoptatzen den– haur bakoitzeko, gobernuak bi zuhaitz landarazten ditu: bata Galesen eta bestea Mbalen.
Programako milioika zuhaitzok Mbalen bertako jendeak kudeatutako 39 mintegitan hazten dituzte. Hauetako gehienak agro-oihangitzarako espezieetakoak dira, zuhaitzak eta laboreak uztartzen dituen nekazaritza eredurako egokiak. Baina azkar hazten diren zuhaitz landareak ere ekoizten dituzte, lekuko jendeak eguneroko bizitzan dauzkan beharra asetzeko, funtsean sutarako egurretarako.
“Zuhaitzok –dio antolakuntzak– eskainiko dute janaria, erregaia eta eraikuntzako materiala, baita diru sarrera bat ere, txirotasuna arintzeko. Baina, gainera, jendeak babestuko ditu deforestazioaren ondorioz hilgarriak gertatzen ari diren lubizietatik”.
450.000 biztanle –kilometro koadro 850, Bizkaiak 522 ditu, pentsa...– daukan Mbale distrituan lubiziok gero eta maizago gertatzen dira. Aurten ekaineko euriteek eragindakoek sei herritar hil eta beste 600 utzi zituzten etxe barik. 2018ko urrikoak are latzagoak suertatu ziren, 120tik gora hildakorekin.
Eskualdeko nekazarien elkarteek osatutako Mt. Elgon Agroforestry Communities Cooperative da Galestik finantzatutako basoberritze programaren lekuko partaide nagusietakoa. Hiru mila laborari biltzen ditu, gehienak Arabica motako kafe primerakoa ekoiztu baina, aldi berean, saltzeko neke handiak dituztenak: “Gure herrixkak oso urrunduak daude eta zail egiten zaigu gure kafea munduan zehar ezagutaraztea”.
Urruntasunaz gain klimaren aldaketaren kalteak ere nozitu dituzte Elgon mendiaren magaletako baserritarrok, euriak aldatu egin dira, ekaitzak gogortu eta ugaritu, eta lubiziek etxalde asko hondoratu dute. Labore bakarrean, kafean, apustu egin izana ere pairatu dute, aurreko kooperatibak porrot egiteraino. Horregatik orain esportatzeko kafeaz gain lekuko merkaturako ekoiztu nahi dituzte bananak, barazkiak, esnea, eztia, eta abar, agro-oihangintza ereduan soroak zuhaitz eta basoekin indartuta.
Gure etxea adinako beste bat zaindu
Ugandako basoberritzea sustatzen duen proiektu europarra Size of Wales deitzen da ingelesez eta Maint Cymru galesez: euskaraz esango genuke Galesen tamaina edo Gales adinakoa. Alegia, bi milioi hektareako azalera daukan Galesek bere gain hartu duela munduko beste nonbait beste bi milioi hektarea oihan tropikal babesteko ardura.
Galesek historian zehar eten gabe ikusi ditu bere oihanak murrizten eta azken urteotan ari da ahaleginean zuhaitz eta hesi landaketan. “Hala ere –diote proiektuko arduradunek– bai klimaren aldaketaren eta bai txirotasuna murriztu beharraren ikuspegitik, munduarentzako benetako kezka tropikoetako oihanen suntsitzeak eragiten du, horrek bertan bizi diren jendeen elikadura, bizileku eta bizi mailan dakarzkien kalteekin”.
2010ean Galesko Gobernu autonomoak fundaziotzat sortu zuenetik Afrika eta Latino Amerikako hogei proiekturi lagundu die Size of Walesek, tartean Ugandako Mbale Trees programari. Galesen azalera adina hektarea oihan babestea aipatzen dute: bi milioi hektarea, bestela esanda, bi milioi errugbi zelai. “Baina planetako oihan tropikalen galerak abiadura beldurgarrian jarraitzen du, urtean 12 milioi suntsitzen dituzte, 4 milioi Afrikan bertan”.
Size of Walesek ez du oihan tropikalik erosten, ez erosketarik sustatzen: “Benetan uste dugu bertan bizi den eta bizimodua oihan horietan daukan jendeari lagundu behar diogula haiek zaindu ditzaten eta beren umeei pasadu diezaizkieten, ez dizkiegula erosiz kendu behar”.
Basoen suntsitzeak klimaren aldaketan daukan eraginaz bezala zuhaitz landaketek arazoa erremediatzeko –karbonoa atmosferatik ateratzeko– daukaten ahalmenaz asko eztabaidatu da azken denboretan. Joan den uztailean Science aldizkari zientifikoak plazaratu zuen “The global tree restoration potential“ ikerlana, hedabide nagusiek CBS-rena bezalako tituluekin laburbildu zutena: “Bilioi bat zuhaitz landatzea litzateke klimaren aldaketarentzako ‘konponbide eraginkorrena’, dio ikerketa batek”. Bilioi bat zuhaitz... lekutan gaude!
Oihan landaketa masiboen mugez eta alde eztabaidagarriez asko ikasi da urteotan, batik Afrikako Sahelen eta Txinan frogatutako esperientzietatik. Size of Wales asmoaren ahuldadeak ere –diru urritasuna barne– nabarmenak dira. Baina ideiak badu bere indarra euskaldunontzat: elikagaiak bezala natur baliabide ia denak kanpotik dakartzagunok, ez al dugu basoberritu behar gure lurraldea eta gurea adinako beste bat... gutxienez?
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]
Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira nitrogeno dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]
Copernikusek eta Munduko Meteorologia Erakundeak urte hasierako ikerketak berretsi dituzte: Europak bero errekorra hautsi du. Gutxienez 413.000 kaltetu eta 335 hildako izan ziren iaz ekaitz eta uholdeengatik, Europan.
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.