Erantzun zaila duten galderak: zeren arabera esan daiteke liburu bat ona den edo ez? Nola ezartzen da kalitatezko literaturaren labela? Testuei bakarrik begiratu behar zaie ala testuinguruari ere bai? Obra garrantzitsua zein den eta zein ez erabakitzeko orduan, zer pisu du gizartearen eraginak? Goi mailako literaturatzat hartu izan diren liburuak kanonaren parte direla esan ohi da. Aurtengo urrian hil da Mendebaldeko literaturaren kanona ezartzeko saiakera garrantzitsuena egin zuen kritikaria: Harold Bloom. Heriotza horren uberan, aspaldikoa bezain aktuala den eztabaidari heldu diogu.
Harold Bloom literatur kritikaria urriaren 14an hil da, Yale unibertsitatetik gertu dagoen ospitale batean. Katedratikoa zen unibertsitate horretan eta sei hamarkada baino gehiago eskaini zizkion irakaskuntzari. 89 urterekin, osasun oso txarrarekin ere, eskolak ematen jarraitu zuen eta hain ziren preziatuak haren irakaspenak, klasera joateko gorputzaldirik ez zeukanean ikasleak haren etxera joan ahal izateko autobusak jarri zituela unibertsitateak. Hil baino lau egun lehenago eman zuen azkenekoa, haren emazteak heriotzaren berri ematean The New York Times egunkariari esan zionez.
Hil ondoren ia aho batez txalotu dute mundu osoan kritikari estatubatuarrak egindako ekarpena, baina haren ibilbidean alde ilunak ere badira: 1990ean GQ aldizkarian publikatutako artikulu batek salatu zuen emakumezko ikasleekin “harremanak” izaten zituela. “Uste dut iraganeko kontua dela. Gorroto dut esatea, baina gauza horietaz harro agertu zen, beraz ez zen urte askoan oso sekretupeko gauza izan”, azaldu zuen handik lau urtera R. W. B. Lewisek, Bloomen lagun eta biografoak. Harreman horietako batzuk behintzat, ordea, ikasleen onarpenik gabekoak izan zirela pentsatzeko arrazoiak ematen ditu 2004an Naomi Wolf idazleak kontatutakoak: 1983an, ikaslea zela, Bloomek eskua izterraren barrualdean jarri ziola salatu zuen artikulu batean –irakasleak ukatu egin zuen salaketa hori–.
Hil ondoren ia aho batez txalotu dute mundu osoan kritikari estatubatuarrak egindako ekarpena, baina haren ibilbidean alde ilunak ere badira
Ez da Bloom inguratu duen polemika bakarra, baina bizitzan zehar eragin zituen eztabaida gehienak esparru literariokoak dira. Eta horietatik ez gutxi, 1994an argitaratu zuen Kanon mendebaldarra liburuari zor zaizkio. Lan horrek mundu osoko literatur kritikari eta zaleen artean eragin zuen debatea gaur egun zertan den jakin nahi izan dugu, horretarako bi literatur kritikari eta EHUko irakasleri iritzia eskatuz. Bloom deskribatzeko eskatu diogunean, Beñat Sarasolak azaldu du Mendebaldeko kanon literarioaren defendatzaile sutsua izateagatik zela ezagunena, “nahiz eta bere ibilbidean hori baino askoz gehiago egin duen”.
Akademiatik harago ere eragina izan zuen kritikari estatubatuarrak. Iratxe Retolazaren ustez, gaur Bloom publiko orokorrarentzat ere ezaguna bada hiru arrazoi nagusirengatik da: erabili zuen diskurtso-motak irakurle ez hain trebatuetara heltzeko gaitasuna izan zuelako; kultur joera eta ikuspegien ugaritzeak ekarri zuelako gizartearen sektore bat erreferente bila hastea, aniztasunak noraeza zekarrelakoan; eta arrazoi politikoengatik: “Azken batean literatura ulertzeko modu eta ikuspegi baten ikur eta zaindari bilakatu zen Bloom, mendebaldeko literatur kanona defendatzearekin batera, mendebaldeko balioen defendatzaile ere bilakatu baitzen. Hain zuzen ere, balio horietan erroturik zeuden (eta daude) botere-egitura gehienak”.
Gaur-gaurko eztabaida
Kanon mendebaldarra-k argitaratu zenetik 25 urtera gaurkotasunik ba ote duen galdetuta, Retolazak adierazi du “zoritxarrez” baduela, “oraindik ere eragin handikoa delako”. Bere ustez, saiakera horretan proposaturiko literatur ikuspegia “ezbairik gabe eta ñabardurarik gabe” gailentzen da literatur diskurtso askotan, nahiz eta ikuspegi hori, bere aburuz, oso eztabaidagarria den: “Liburu horretan balio estetikoak irizpide neutraltzat hartzen dira, eta kalitate literarioa irizpide unibertsaltzat hartzen da. Bloomek kalitate literarioa sozializaziotik kanpo ulertzen zuen. Euskal literaturan ikuspegi hori erroturik dago literatur eragile batzuen artean. Ez da kontuan hartzen irizpide literario oro ideologikoa eta soziala dela, literatura hitzarmen soziala baita”.
Sarasolaren esanetan, “literaturarekiko interesak jarraitzen duen heinean, liburu horrek ez du gaurkotasunik galduko”. Bloomek obra horretan erakutsitako autoreen eta obren ezagutza handia azpimarratu ditu, “zeinen ezagutza sakona gainera, bertikalki (autore bakoitzarekiko) zein horizontalki (autoreen arteko harremanean)”. Liburua oso mendebaldarra dela onartuta, galdera bat jarri du mahai gainean: “Nor da gai tradizio horren barruko hainbeste lerrotan arakatzeko?”. “Besterik da liburuaren hitzaurre famatua”, gaineratu du. “Susmoa dut zaharrak jo duela testu hori. Sakonean dagoen literaturaren autonomiaren ideiarekin nahiko bat nator, baina aski modu zipotzean egin zuen defentsa hori”.
Izan ere, Bloomek “erresuminaren eskola” etiketapean sartuz gaitzetsi zituen kritika marxista, feminista, teoria kritikoa, ikasketa afroamerikarrak edo postestruktularismoa, besteak beste, haren ustez ikuspegi horietatik egindako kritikek ekar zezaketelako balio literario apaleko lanak sartzea irakurri beharreko literatur lanen artean, irizpide politikoak literarioen aurretik jarriz. Sarasolaren ustez, beste kritikari batzuk erridikulizatzen saiatzeko balio izan zuen etiketa horrek. Ez zuen lortu ordea: “Nola ukatu, adibidez, Raymond Williams, Edward Said edo Susan Sontagen lan kritiko bikaina? Erresuminaren saldokoak dira? Eztabaida estupidoa da”, adierazi du.
Beñat Sarasola: "Eztabaida kritiko zabal baten ordez, gaur egun daukaguna da eztabaidarik eza eta ‘berdin du kale edo bale’ politika bat. Egintza burutuen kanon bat
ekartzen du horrek"
Hori bai, Retolazaren ustez, aspektu politikoak lehenesten dituen kritika-ildoek indarra hartu dute gizartean. “Batzuetan testu literarioen interpretazioak batez ere gizarte-diskurtsoen ikuspegi hutsetik egiten dira. Halakoak interesgarri eta beharrezko izan daitezke une batzuetan (kasuan kasu aztertu behar), baina, garrantzitsua da literatur esparrutik eta literatur logikatik garatzea joera kritiko feministak, postkolonialistak, marxistak, ekologistak eta abar”. Eta alde horretatik, uste du joera horietatik garatutako metodologiak, kontzeptuak eta tresnak gutxi ezagutzen direla.
Euskal literaturaren kanona(k)
Gaia euskal literaturara ekartzean ere, eztabaidak eragiten ditu. Eta akaso, gabezia asko agerian geratzen dira. 2002an Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburua argitaratu zen –Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandia ziren liburuko protagonistak–, eta zenbaitek ariketa kanonizatzaile baten traza hartu genion. Liburuko idazle guztiak gizonezkoak ziren. Handik lau urtera, emakume idazlez osaturiko antzeko liburua publikatu zuen Ana Urkizak –Zortzi unibertso, zortzi idazle: Arantxa Urretabizkaia, Mariasun Landa, Aurelia Arkotxa, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Yolanda Arrietari egindako elkarrizketak jaso zituen–. Kritikarien lanak izan ez arren, elkarrizketa-liburuak baizik, publiko orokorrarentzat erreferentzia argi batzuk ematen zituzten, debaterako aukera zabalduz: zergatik idazle hauek nabarmendu eta beste batzuk ez?
Alegia, nola osatu beharko litzateke euskal literaturaren kanona? Badago halakorik? Egon beharko luke? “Kontu honetan niretzat interesgarriena eztabaida da, eztabaida kritikoa literatur eta kultur eredu, forma, molde eta abarri buruz. Kontua da hemen ez dagoela apenas halakorik. Kanona dibertsifikatu edo ez, hori ez da aurretiaz planifikatzen den zerbait, ezin da aditu talde bat edo kluster bat edo dena delako bat bildu erabakitzeko: diseinatu dezagun kanon perfektu bat. Zenbat eta eztabaida kritikoa zabalagoa izan, orduan eta kanon xehe, konplexu eta aberatsagoak izango ditugu. Baina horren ordez daukaguna da literatur eztabaida kritikorik eza eta ‘berdin du kale edo bale’ politika bat. Begiratzea besterik ez dago zeintzuk dauden instantzia kanonizatzaile nagusietako batzuetan; kasu batzuetan komikoa da kasik. Errazena da paso egitea, eta ondorioz, orain daukaguna dugu, aukera guztietan kaskarrena: egintza burutuen kanon bat”, adierazi du Sarasolak.
Retolazaren ustez, “sekula ez dago kanon bakarra, ezta kanonizatze-prozesu bakar bat ere, hainbat geruzatan eta diskurtsotan eraikitzen baitira kanonak, eta garai jakin batean literatur eragileen arteko inolako arrakalarik gabeko adostasuna egotea ezinezko baita”. Beraz, hartu-emanean jarri du azpimarra: “Literatur errepertorio eta ereduen inguruko elkarrizketetan, negoziazioetan eta igurtzietan definitzen dira kanonak. Kanonizatze-prozesuak tentsio etengabean bizi dira. Uste dut askoz ere interesgarriagoa litzatekeela kanonez jardutea, edo kanonizatze-adarrez jardutea, kanon hertsi eta arauemaileaz baino. Azken batean, edozein garaitan literatur eragileen artean literatura ulertzeko hainbat modu izaten dira, kontrajarri ere egin daitezkeenak, eta literatur ikuspegi horietariko bakoitzean gailentzen da kultur eredu jakin bat, mundu ikuskera jakin bat. Interesgarriena ikuspegi-geruza horien guztien berri eman lezaketen kanon geruzatuak irudikatu ahal izateko bideak topatzea litzateke, elkarrizketa zein tentsio horiek ikusgarri egin ahal izateko (eta literatura on / txar logika hierarkizatzaileari iskin egiteko)”.
Denbora kontua
Baina horretarako beharrezkoak liratekeen eztabaidak nekez gertatzen dira euskaraz. Sarasolak horren kausetako bat seinalatu du: kritikari gehienak akademia-sistemaren estutasunen menpe dabiltzala. “Zenbat literatur saiakera argitaratu dira azkeneko hamarkadan? Zenbat monografia-artikulu akademiko eta abar? Bloomengandik ikas dezakegun zerbait da literatur ikerketa ez dela kontu tekniko bat, ezin dela literatura ikertu biokimika ikertzen den bezala, baina justu kontrako norabidean ari gara. Maite ditut bizitza guztian literatura irakurtzen pasa eta irakurketa sakon eta zabal horietatik idazten duten kritikariak, horiengandik ikasten da literatura maitatzen, baina egungo sistema unibertsitarioan hori penalizatu egiten da”.
Iratxe Retolaza: "Askoz interesgarriagoa litzateke kanonez jardutea edo kanonizatze-adarrez, kanon hertsi eta arauemaileaz baino"
Retolazak beste ahulgune bat ere nabarmendu du: “Garaikidetasuna dela literaturaz jarduteko irizpide nagusia, eta hortaz, dinamika historikoak aztertzeko joera gutxitu dela literatur-kritikarien artean. Ondorioz, kanonizatze-prozesu dinamikoak sortzeko tresna gutxiago sortu dira, eta idazle kanoniko gutxi batzuen inguruko diskurtsoak edo lehiak nagusitu dira kritika-diskurtsoetan (esate baterako, Joseba Gabilondok Kirmen Uriberen eta Ramon Saizarbitoriaren autoretzak alderatuz egin zuen saioa, New York-Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz)”.
Denborak ere badauka, bistan denez, kanonaren auzian zeresanik: kritikarien denbora faltarengatik, batetik; eta azkenaldian argitaratutako liburuak lehenesteak perspektiba tenporal zabalago batetik begiratuta ikusiko liratekeen autore eta obra asko behar bezala ez baloratzea ekar dezakeelako, bestetik. Harold Bloomen heriotza seinale bat izan da, akaso: hiper-azeleratutako garai hauek eztabaida sinplifikatua eskatzen dute, hemengoa eta oraingoa, “bai” ala “ez” esatekoa; erreportaje honetan elkarrizketatu ditugun kritikariek premiazkotzat jotzen duten debate sakon eta aberatsaren antipodetan dagoen zerbait, alegia.
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde
Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]
Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]
Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]
Mainz (Alemania), 1454. Johannes Gutenbergek eskala handian inprimatutako lehen liburua argitaratu zuen, Berrogeita bi lerroko Biblia izenez ezagutzen dena. Gutenbergek ez zuen inprenta asmatu; dakigula, Txinan, 1040an, Bi Shengek asmatu zuen inprimatzeko lehen makina... [+]
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Itzulpena: Garazi Ugalde
Igela, 2022
-----------------------------------------------------
Batek baino gehiagok askatu ezin duen ideia faltsua da Europa jende berdinez soilik dagoela eraikita. Eta ez bakarrik faxistek. Egiatan, gutako... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
2024an sortu zuten Kontalaritza Eskolari buruz hitz egiteko elkartu gara Ane Gebara, Ane Arrugaeta eta Itziar Rekalde ipuin kontalariekin. Kontalaritzaren izaera artistikoaz, bat-batekotasunaz, formakuntzaz, emanaldiez eta abarrez mintzatu dira. Besteak beste, eskolak eman dien... [+]
Carmilla
J. T. Sheridan Le Fanu
Itzulpena: maialen berasategi
Erein, 2025
------------------------------------------------------------------------
Literatura unibertsala bilduman argitaratu berri dute J. T. Sheridan Le Fanu irlandarraren 1872ko Carmilla. Maialen... [+]
Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.
Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean... [+]
Agur Karibu
Marian Porcel
Elkar, 2025
Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen –Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia–, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez... [+]
Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]
Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]