Geopolitikak zanpatu ditu kurduak: AEB ez, Errusia da orain nagusi Ekialde Hurbilean

  • Lider kurduei entzun zaie 2019ko urrian: “Aukera bakarrak baldin badira edo Assadekin tratua egitea edo gure herriaren genozidioa, dudarik gabe hautatuko dugu gure herria bizirik jarraitzea”. Rojavako iraultza eta Siriako Kurdistan  autonomoa likidatu ez baditu, ataka estuan jarri ditu potentzia handien talkak. Siriari dagokionez, zortzi urtetan milioi erdi pertsona hil ostean, lurrikara eragin duten plaka tektonikoek oreka berria lortu dute. Hurrengo astindua arte.

Kobanen, soldadu siriarrak beren bandera eta Assaden erretratoa erakusten YPG kurduaren bandera horiaren ondoan.
Kobanen, soldadu siriarrak beren bandera eta Assaden erretratoa erakusten YPG kurduaren bandera horiaren ondoan.

Europako agintarien kezken erakusgai izan daiteke Der Spiegel alemanaren erredakzioak urriaren 18an Siriako debakleak zer esan nahi duen Ekialde Hurbilarentzat eta Europarentzat” analisian idatzia: “Hona egoera zertan den Sirian: iparramerikarrek alde egin dute, turkiarrak sartu dira, kurduek ihes egin dute eta errusiarrak saiatzen ari dira turkiarren aurrerakada geldotzen. Damaskoko diktadoreak pozik izan behar du, Moskuren laguntzarekin laster Siria berriro kontrolpean edukiko duelako XXI. mendeko masa-hiltzailerik handienak. (...) AEBek alde eginik Siriaren ipar aldetik eta eskualde horretako erabakiak Putin, Erdogan eta Assad autokraten esku daudela, Europaren ortzemugan arriskuak ageri dira”.

Nazioarteko aktualitatean interesatua den herritarrari oso gutxitan tokatuko zaio ikustea urriko egun horietan egokitu dena bezalako gertakizun kate azeleraturik. Soldadu yankiek Siria iparraldeko posizioetatik alde egin eta ordu gutxitara Turkiako soldaduek ekin eskualdea erasotzeari, honen eraginez YPGko miliziak –ordura arte AEBen babesa eduki zuenak– dei egin Baxar al Assadi negoziazio eske, eta berehala Errusiako militarren zaintzapean hasi eta burutzea negoziaketa.

Asko aipatu da amerikarren erretiradaren irudiak bildu dituen bideo bat, Mambij ondoko base militarrean filmatua: hondar koloreko oihal-etxolak basamortuan eta bertan militarrek presaka alde egitean bere hartan utzitako instalazioak, komunak, izotzgailuak, Coca Cola latak, erregai upelak... eta diesel motorrak piztuta martxan! Biharamunean AEBen hegazkinek bonbardatu omen zuten basea, horrelako irudi umiliagarri gehiago ez jasateko.

Aldiz... zenbait adituk aurreratu du gertakizun kate osoa aurretik prestatutako gidoi baten arabera jazo dela, gatazkan esku hartzen duten lau indar nagusiek oreka berria finkatu eta aldi berean Erdogani, Putini, Assadi eta Trumpi berari egin beharreko mugimenduak justifikagarri egiteko. Orriotan lehen ere aipatu izan dugun Moon of Alabama bloga da tesi hori defenditu dutenetako bat, sinesgarritasuna duena gertatu baino dexentez lehenagotik ari zelako aurreratzen nondik nora joango ziren tiroak.

Moon of  Alabama-k –Elijah Magnier eta beste zenbait adituren ildoan– iragarria zuen  abian zegoela “Win-win-win-win plan“ (lauak garaile) bat eskualdean, asteen joanean berretsi dena: “Turkiak Siriaren ipar-ekialdea inbaditzea pentsatuta zegoen Trumpi arrazoi bat emateko AEBen tropak erretira zitzan. Pentsatua zegoen ere indar kurduei presio egiteko, Siriako Gobernuaren agintea onar zezaten. Errusiak aurretik antolatuta zeukan kurduen indarrak Damaskoko tropez ordezkatzea, eta hauen mugimenduak AEBen militarrekin koordinatuak zituen. Turkiak onartua zeukan Siriako Gobernuak eskualdea berriro kontrolatzea bazela aski berme bai gerrilla kurduak eta bai bere mugan proto-estatu kurdu batek eraginten zioten kezka lasaitzeko”.

Analisi honen arabera, denak gustura win-win-win-win egoerarekin. Erdoganek erakusten du arrakastaz aurre egin diela PKKri eta mugan proto-estatu kurdu bat sortzeko ahaleginari. Trunpek bete dezake AEBetako tropak alferrikako urrutiko gerretatik etxeratzea, hauteskundeetan agindu bezala.  Siriak ipar-ekialdeko lurraldea berreskuratzen du, horko baliabide oso handiak barne. Errusiak prestigioa irabazi du munduan eta eragina handitu Ekialde Hurbilean, AEBetako armada boteretsua handik kanporatuta.  Denak pozik, salbu eta kurduak. Hauek dira jokaldi honetan galtzaile nagusiak eta berriro itzuli dira abiatu ziren puntura.

Baina nola lortu du Errusiak Ekialde Hurbilaren zaindari nagusi geratzea, duela gutxi arte inperio gaindi ezina ziruditen AEBei beldurra galduta? Esplikazioa egon daiteke urteotan AEBetako armada ahalguztidunari aurre egiteko batik bat Errusiak eta hein batean Txinak eta Iranek ere garatu dituzten arma eta estrategia berrietan.

Putin eta Assad Siriako Hemeimeem base errusiarrean 2017an. (Argazkia: Mikhail Klimentyev)

AEB-en misilak pasa ezin direnean

Urteotan askotan aipatu den bezala AEBek militargintzan teknologia aurreratuenekin egindako jauzi iraultzailearen aurrean –Revolution in Military Affairs–, potentzia txikiagoek ere egin dituzte gerra prestakizunetako beren etxeko lanak. Justu hauek ari dira lorten Andrei Martyanovek The (Real) Revolution in Military Affairs bataiatu duena.

Armada sobietarrean ofizial aritu eta gaur AEBetan bizi den Martyanovek dio benetako iraultza ez AEBek baina Errusiak egin duela armagintzan, amerikarrek menderatu ezin dituzten arma berriak sortuz. Eta AEBek lehengo nagusitasun militarra galduz, nagusitasun geopolitikoa ere galdu dutela.

Garai berrien tonua irailaren 16an eman zuen Vladimir Putinek Ankaran Erdoganekin eta Irango Rouhanirekin batera eskainitako prentsaurrekoan, bideozko irudiek jaso zutenez. Yemeneko matxinoek eraso berria zuten Saudi Arabiako petrolio findegi handiena. Ikusi galdera-erantzunak:
–Kazetaria: Errusiak aurreikusita dauka Saudi Arabiari laguntza ematea?
–Putin: Prest gaude Saudi Arabiari beharrezko laguntza emateko, beren buruak defenditzekotan. Buruzagi saudiek hartu behar dute erabakia, Iranekoek S-300 misil sistemak erosiz eta Erdogan lehendakariak gero Errusiaren hegazkin-ontzien aurkako S-400 Triumph sistema erosiz egin zuten moduan. Saudiarren azpiegiturak bermez babesteko balioko lukete.
–Rouhani: Beraz... saudiarrek erosi beharko lituzkete S-300 edo S-400ak?
–Putin: Haiek erabaki behar dute.

Eta hiruek barre egin zuten kontuarekin.

Izan ere, AEBek Saudi Arabiari saldu dizkioten arma garesti eta sofistikatuak garatuta daude amerikarren estrategiarako, erasorako balio dute baina ez kanpoko erasoei aurre egiteko: beren babes sistemak ez ziren gai izan Yemendik matxinoek bidalitako drone eta jaurtitako misil askoz merkeagoak ez hauteman eta ez suntsitzeko. Aldiz, Sirian bertan ikusi da errusiarrek ekoiztutako babes sistemak eraginkorrak zirela, horiei esker dirau boterean Assadek.

Baina, gainera, Errusiak are arma berri sofistikatuagoak aurkeztu zituen 2018an, hipersonikoak, funtsean arerioenak baino abiadura handiagokoak. Errusiako defentsa ministroak azaldu zuen AEBen estrategiatik bereizten zituena: “Guk ez ditugu hegazkin-ontziak behar, horiek hondoratzeko armak dira behar ditugunak”. Eta bide batez, Txinari eskaini dizkio elkarlanean aritzeko.

Sirian ikusten ari garenez, indar harreman militarretan aldaketa handiren bat jazo da munduan eta orain hori geopolitikan ari da islatzen. Europari ere egokituko zaio birkolokatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude