Olatukoop sarearen baitan, emakume migratzaileentzako zaintza lanen kooperatiba sortu nahian dabiltza Hiritik At, Talaios eta Parean elkarte irundarrak. Bide horretan informazioa eta eztabaida zabaldu asmoz, jardunaldiak antolatu ditu Olatukoopek eta beren esperientzia kontatzera gonbidatu dituzte Mercè Panyella eta Sandra Martínez Díaz, Cuidem Lluçanes Kataluniako zaintza kooperatibako kideak.
Noiz eta nola jaio zen kooperatiba eta zein unetan zaudete orain?
M. Panyella: Lluçanes eskualdean bizi gara; oso eskualde txikia da: 400 kilometro koadrotan sakabanatuta dauden hamahiru herri, guztira 7.500 biztanle. Bertako partzuergotik azterketa bat egin zen eta ikusi zuten eskualdean emakume ugari zegoela langabezian edo beltzean lan egiten, baita biztanleria zahartzen ari zela ere, eta proposatu zen zaintzan eta garbiketan oinarritutako kooperatiba sortzea. Duela kasik bi urte izan zen hori.
S. Martínez: Partzuergoaren laguntzaz, hamar laguneko talde bat jo eta su aritu ginen bederatzi hilabetez, eta bidean aholkularitza jasota, duela urtebete inguru zerbitzu kooperatiba sortu genuen. Sei pertsonak osatzen dugu kontseilu errektorea eta zazpi langile ari dira kontratu bidez lanean, horietatik bi kontseilu errektoreko kideak gara (ni koordinatzaile ari naiz, behar izanez gero garbitzera ere joaten naiz, eta kontseiluko presidentea familia-langile aritzen da). Kontseilu errektoreko kide izateagatik ez dugu inork ezer kobratzen eta langile bakoitzak lanaldi erdia kobratzen du, baina puntualki norberak dituen beharren eta sartu nahi eta ahal dituen orduen arabera pixka bat aldatu daiteke ordu eta diru kopurua.
MP: Helburua da etorkizunean denak bazkide izatea, baina horretarako hilero bakoitzarentzat 400 euroko gutxieneko bat segurtatu behar dugu lehenengo. Oraingoz, batzuk langile huts dira, beste batzuk langile eta kooperatibako bazkide eta beste batzuk bazkide baina ez langile.
SM: Izan ere, kontsumitzaile-bazkide figura ere badaukagu: zerbitzu bat jaso nahi dutelako hilero 20 euroko kuota bat ordaintzen duten Lluçaneseko biztanleak dira, 180 bazkide guztira. Horietako batzuek gure zerbitzuak jasotzen dituzte, beste hainbat egin dira bazkide etorkizunean zerbitzuok jaso nahiko dituztela pentsatzen dutelako, eta bada proiektuan sinesten duelako bazkide egin denik ere.
Pedagogia lan handia egin behar dela diote elkarrizketatuek, zaintza lanetan aritzen direnak prekarietatera daudelako ohituta, "aginduak jaso eta txintik ez esatera, batez ere migratzaileak diren emakumeen kasuan"
Jardunaldien izenburuak dio: “Elkar zaintzeko kooperatzen dugu? Generoa, zaintza lanak eta migrazioa”. Elkarri lotuta egon ohi dira generoa, zaintza eta migrazioa. Zuenean ere hala al da?
SM: Ia denak emakumeak gara, bai. Gizon bat dugu kontseilu errektorean eta beste bat haurrak eskolara laguntzeko eskaintzen dugun zerbitzuan, baina ditugun beste bi zerbitzuetan, garbiketa lanetan eta zaharren zaintzan, emakumeak dira langile guztiak. Eta horietako bi migratzaileak dira.
MP: Lan feminizatua da zaintza, baliorik ematen ez zaiona, betitik emakumeek etxean egina, edo beltzean egiten dena.
Prekarietatea eta esplotazioa ere lotzen ditugu zaintza lanekin. Horren aurrean, zer ematen dizue kooperatibak?
MP: Hasteko, gurean zaintza bi norabidetan doa: zerbitzua jasotzen duenaren zaintza eta langileon arteko zaintza, norbere egoera pertsonala, kontziliazioa, beharrak… kontuan hartuz.
SM: Egiten dugun horretan aitortuak, errespetatuak eta zainduak sentitu gaitezela langile guztiok. Eta bestela agian izango ez lituzketen eskubideak ere ematen dizkie kooperatibak emakume langileei. Bestalde, kooperatibaren filosofia barneratzea ez da denentzat erraza, ez delako kooperatiba mundutik datorren jendea eta pedagogia asko egin behar da. Prekarietatera daude ohituta, aginduak jaso eta txintik esan gabe bete behar izatera, beltzean lan egitea da eurentzat normalena eta konfiantza falta sortzen die hasieran gurea bezalako proiektuak. Adibidez, lan harremanak aldatzeko zailtasunekin egin dugu topo, hierarkiekin, batez ere migratzaileak diren emakumeen kasuan: “Zu zara nagusia, zuk erabakitzen duzu” esan izan didatenean, itzuli egin diet ardura hori; “zerbitzu hau atera da, egin nahi duzu? Nik ez dizut lana antolatuko, zuk erabaki”. Noizbehinka beraiekin batera aritzen naiz garbitzen. Finean, berdinen arteko harremana da, baina hainbati zaila egin zaio ulertzea.
Eta lortu duzue erabakimen eta ardura horiek bere egitea langileek?
SM: Bai. Langileetako bati esaterako beste lan bat eskaini diote, ordu gehiago eta diru gehiago, eta ezetz esan du, hain gustura dago enpresa molde honetan. Orain gehiago inplikatzen dira, eurena sentitzen dutelako kooperatiba, eurena ere badela ulertzen dutelako. Dena ongi joan dadin kezka eta ardura dutela agerikoa da.
Ahalduntzeko tresna ere bada kooperatiba, orduan.
SM: Erabat. Hasieratik dugun helburua da eta indarkeria matxista jasan duten emakumeak ahalduntzeko taldeak ere baditugu. Izan ere, zerbitzuen eskaintza zabaltzen joan nahi dugu: dolua lantzeko taldeak, migratzaileentzako katalan ikastaroak…
MP: Beti ere, pertsonak zaintzea izanik eskaintzen ditugun zerbitzuen abiapuntua. Hasieran adibidez, enpresetan garbiketa lanak eskaintzea genuen buruan, eta probatu genuen, baina ikusi genuen ez zihoala gure filosofiarekin bat, ez genuela hori nahi. Gauza bat da etxe batean sartu eta bizitzaz beteta dagoen etxe hori garbitzea, lan hori egin ezin duen horri laguntzea, eta beste bat enpresa handi bateko hoztasunean aritzea. Probatu genuen eta ez zuen funtzionatu; enpresa eta negozio txikietan, familiarretan bai, garbitzen dugu.
Enpresa handi bihurtuko bagina, hurbileko tratu hori galduko genuke eta hori ez da nahi duguna
Txikitik aritzea nahiago duzue, hortaz.
SM: Enpresa handi bihurtuko bagina, hurbileko tratu hori galduko genukeela uste dut eta hori ez da nahi duguna. Hiri handiagoetan aritzeko eskaintzak izan ditugu, baina ez da gure ideia. Bizi garen landa eremuko neurrira pentsatutako kooperatiba da gurea. Gainera, bezeroarenganako tratuan ere nabari da landa eremukoak garela, erraza da bizilagunaren etxera sartu eta harremanak behar bezala zaintzea. Oraindik ate joka gabiltza: bisita egiten diegu zerbitzuaren kontsumitzaile izan daitezkeenei, haien etxeetara goaz solastatzera. Menpekotasuna asumitzea ez da erraza, eta landa eremu honetan, payés baserritarrei maiz are zailagoa zaie laguntza onartzea. Lan hori ere egin behar da.
Nola ulertzen duzue zaintza?
MP: Guretzat zerbait sakona da, pertsona artatzetik harago doana, eta aldi berean, modu xumean ulertzen dugu. Begiradan dago gakoa, besteari nola begiratzen diodan, ume nahiz zahar berdinetik berdinera, parekoa minusbaliatu ordez. Gorputzarekiko dugun ikuspegia ere garrantzitsua da: nola tratatu gorputz bat errespetutik, nola garbitu, genitalekiko dugun jarrera (ez banago gustura, hala helaraziko dut ezinbestean)…
SM: Gure garaiko erronka handia da zaintza. Zahartzaroa, menpekotasuna, heriotza… mahai gainean jartzea eta horretaz guztiaz hitz egitea ere bada gure helburua. Nola nahi dut zahartu eta nola hil; menpeko bihurtzen naizenean zein bide egin nahi dudan, zahar etxean bukatzetik edo emakume migratzaile bat etxean egun osoan ni zaintzeko izatetik harago badirelako alternatiba hobeak.
Zuen hitzaldian, zein mezu helarazi nahi diozue Euskal Herriko jendeari?
MP: Zaintza kooperatiba batek gai batzuei irtenbidea bilatzen diela, baina ez denei, hainbat gai legal eta politikori ezingo diogulako aurre egin. Hala ere, hobe da sinesten dugun horretan aurrera egitea, eta behar izanez gero, desobedientziatik.
SM: Trabak daude eta errealitatea frustragarria da hainbatetan. Gestorian negarrez amaitu nuen egun batean, asmo onez beterik ari zarelako eta sistemak zapaldu egiten zaituelako sarri, baina bide zidorrak asmatzen goaz, aurrera segitzeko. Egia da egunerokoa ero samarra dela, dena koadratzea eta puzzle lana ongi egitea, eta bilatzen dugun gertatutasuna mantentzeak ere denbora eskatzen duela; koordinazio lana adibidez ez baitut paper gainean egiten, langileok elkar entzuten dugu, baten eta bestearen etxean eztabaidatzen dugu kafe bat hartuz… baina nire pasioa dira harreman pertsonalak. Pasiorik gabe ez ginateke halako zerbaitetan sartuko.
Hernaniko San Joan jaietan magrebtarren kontrako eraso gehiagoren berri eman dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak. Salatu dute herrian asteak daramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak" bizitzen, eta ohartarazi dute: "Hau... [+]
Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.
Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]
Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.
Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.
Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua".
María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]
Beethovenen 'Missa Solemnis'
Aurrez, Plentziak, Alkizak eta Gernikak euskal errepublikaren parte izatea erabaki zuten. Baztanekin, dagoeneko Euskal Herriko lau herriek hartu dute erabakia.
Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.
-------------------------------------------------------
Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]
Duela urtebetetik duen aldi baterako harrera proiektua eten diote familia bati, eta bestea joan den astean etxegabetu zuten, inolako jakinarazpenik jaso gabe. Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldia egin du ostegunean Txagoko Komunitate Sarearekin eta Federico Baraibar... [+]
Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.
Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua... [+]
Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]
2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.