Allenderen espiritua ikasleriak gorpuztu du Txilen

  • Ekonomia neoliberalean murgildua den Txilen bada munduko beste herrialdeentzat erreferente den subjektu politiko bat: ikasleria. 2019a istiluekin hasi dute, eta ikasturte beroa iragartzen duenik ere bada, gobernua kinka larrian jartzera ere iritsi baitira.

Herritar askoren iruditegian iltzatuta geratu da Salvador Allenderen azken urteetako figura, fusila eskuetan. Hala ere ez da hain ezaguna gazte garaian ikasle mugimenduaren ordezkari garrantzitsua izan zela.

1921ean, bigarren mailako ikasketak amaitzen ari zela, Juan Demarchi zapatari anarkista ezagutu zuen Valparaíso hirian. Xakean jolasten erakutsi zion gizonak, eta Allendek berak onartu zuen bere influentzia nagusienetariko bat izan zela, orduz ibiltzen baitziren xakean jolasten eta hitz egiten. Allendek Demarchiren eskutik jaso zituen lehenengoz testu marxistak, eta horrek jada piztua zuen kontzientzia soziala indartzen lagundu ziola onartu zuen.

Kartzelan zela, bere aita hil zen, eta bere ideien aldeko borroka muturreraino eramango zuela zin egin zuen.

1926an medikuntza ikasten hasi zen Allende Txileko Unibertsitatean, eta ikasle mugimenduko agente aktibo izan zen urte luzez. Bertako hainbat lagunekin Grupo Avance taldea sortu zuen, eta Txileko Ikasleen Federazioko lehendakariorde izatera iritsi zen; bertatik Carlos Ibáñezen diktaduraren aurka borroka egin zuten. 1932an hiru hilabete eskas iraun zuen Txileko Errepublika Sozialistan aktibo izan ziren pertsonek errepresio gogorra pairatu zuten ondorengo gobernu aldian, eta Allende atxilotu egin zuten urte hartan. Kartzelan zela, bere aita hil zen, eta bere ideien aldeko borroka muturreraino eramango zuela zin egin zuen.

Txile 1973ko estatu-kolpetik hona politika neoliberaletan murgilduta egon da, eta Hego Amerikako AEBen aliatu nagusia izan da urteetan. 1990ean Augusto Pinocheten diktadura amaituz geroztik gobernu ezkertiarrek eta eskuindarrek boterea elkarbanatu dute, baina Felipe Portales ikerlariak salatzen duenaren arabera, Txilek inoiz ez du benetako demokraziarako trantsizioa egin. Horren adibide, diktadorearen lege batzuk indarrean daudela gaur egun. Ekonomian Chicago Boys deiturikoek diseinaturiko jardun liberalizatua nagusi da herrialdean. Politika neoliberal horri ikasleria kontrajarri izan zaio subjektu aktibo gisa, eta urteetan klase politikoari etengabe hortzak erakutsi dizkio.

“Aberriak ez du itxarongo!”

1987an Txileko Unibertsitateko errektore Roberto Sotok unibertsitateko goi karguak modu demokratikoan hautatzeko pausoak eman zituen. Begi txarrez ikusi zuen hori Pinochetek, eta kargutik kendu zuen Soto. Estatuaren jabetzako enpresetan kargu garrantzitsuak bete zituen José Luis Federici zibila ezarri zuen haren ordez errektore errektore. Ikasleriak berehala erantzun zuen, aukeraketa berria unibertsitatearen demokratizazioaren aurkakoa zela ulertu baitzuten. Federici hautatu eta egun gutxira, irakasle eta ikasleek zilegitasuna ukatu zioten eta greba deitu zuten.

Diktadorearen krudelkeria presente izan arren, Txileko hiri nagusietako kaleak ikaslez bete ziren egun horietan, eta herritar askoren laguntza jaso zuten. Irailaren 24an protesten etorkizuna guztiz baldintzatu zuen gertaera bat jazo zen. Unibertsitatetik hasi zen manifestazio bat Udal Antzokira gerturatzen ari zela, karabinieri batek (Txileko polizia militarra) buruan tiro egin zion manifestari bati eta berehala atxilotu egin zuten, “polizia-agente bati eraso egitea” egotzita. Teleanálisis izeneko hedabide alegal batek, baina, gertaera grabatuta zuen eta grabazioek erakutsi zuten manifestariak ez zuela inongo erasorik egin, arrazoirik gabe egin ziotela tiro. Hedabide ofizialen bertsioa hankaz gora jarriz, hauek diktadurarentzat betetzen zuten funtzioa agerian geratu zen, eta ondorengo egunak guztiz baldintzatu zituen.

Argazkia: Paulo Slachevsky.

Gertaera horrek mugimenduaren polarizazioa ekarri zuen, eta ikasle batzuk gose greban hasi ziren. Manifestazioak biderkatu egin ziren Txileko hiriburuan, eta honek grebalarien eta diktaduraren aldeko talde erreakzionarioen arteko liskarrak eragin zituen.

Protestaldi hauen amaiera Santiagoko Zuzenbideko Fakultatean gertatu zen. Hiriburuko kaleak ikaslez gainezka zeudela, Federicik Zuzenbide Fakultateko dekanoa aldatu eta Pinocheten aldeko abokatu bat ezarri zuen. Ikasleen haserrea eragin zuen horrek, eta dekano berriaren bulegoan sartu eta suntsitu egin zuten. Pinochet bera unibertsitatera bertaratu zen, eta egoeraren larritasuna ikusita, urriaren 29an Federiciri dimititzeko eskatu zion.

“Borroka hau amaieraraino eramango dugu. Hemen ez dago berdinketarik, dena irabaziko dugu ala dena galduko dugu”

Greba hauen ondorioz sektore ugaritako herritarrek diktaduraren aurka elkarrekin borrokatu zuten: langileak, ikasleak, irakasleak eta zibilak. Herritarren gehiengoak orduko sistemarekiko zuen iritzia mahai gainean indarrez jartzea lortu zuten. Garai hartakoa da “ogia, lana, justizia eta askatasuna!” lemapean egin zuten greba orokorra. Germán Quintana garaiko Txileko Ikasleen Federazioko presidenteak Teleanálisis hedabideari luzatutako hitzek argi uzten dute egun horietako tentsioa noraino iritsi zen: “Borroka hau amaieraraino eramango dugu. Hemen ez dago berdinketarik, dena irabaziko dugu ala dena galduko dugu”. Pinochetek Juan de Dios Vial filosofoa ezarri zuen Federiciren karguan, eta oposizioak garaipen handitzat hartu zuen hau. Horrez gain, Pinocheten aldeko talde erreakzionarioen eta militarren eragiteko gabeziak agerian geratu ziren.

Pinguinoen Iraultza

Txileko ikasle mugimenduak azken hamarkadetan estatuarekin izan duen gatazka nagusia Pinguinoen Iraultza edo Pinguinoen Mugimenduarena izan da, 2006an. Ikasleen uniformeek hegaztiarekin duen antzekotasunari erreferentzia egiten dion mugimendu hau XX. mendean munduan izan den ikasleriaren mobilizazio masiboena da askorentzat. Ez bakarrik mugitzeko gai izan zen ikasle kopuruagatik, estatuari egin zioten ofentsibaren neurriagatik batez ere. Txileko politika eta egunerokotasuna erabat determinatu zuen fenomeno honek, eta nazioartean sona izan zuen.

Hasiera batean mugimendu honek bigarren mailako irakaskuntzaren azpiegiturak hobetzea aldarrikatzen zuen. Hala ere mobilizazioek beste funts bat ere bazuten: maila guztietako hezkuntzaren kalitateaz eta estatuak hezkuntzan izan behar duen paperaz eztabaida agenda politikoaren erdigunean kokatzea. Eta lortu zuten.

2006ko apiriletik urrira arte luzatu zen borroka epe hau. Apirilean unibertsitatean sartzeko proba eta eskola garraioa doakoa izatea eskatuz mobilizazioak egin zituzten ikasle batzuek, eta 47 ikasle atxilotu zituzten istiluetan. Mobilizazio horiek nahiko marjinalak izan ziren arren, ondoren etorriko zenaren aurrekariak izan ziren. Maiatzean ikasleak antolatzen hasi ziren, eta hilaren 26an ustekabean 100 eskola baino gehiagotan greba egin eta kalera atera ziren milaka ikasle. Hilaren 30erako Ikasle Greba Nazionala deitu zuten, eta 700.000 ikasle atera ziren kalera 19 milioi biztanleko herrialdean. Gobernuaren alarmak piztu zituen gertakariak, eta hurrengo egunean Michelle Bachelet presidentea, egoera baretzeko asmotan, ikasleen alde agertu zen prentsaurrekoan: “Ikasleek haien eskakizunak jakinarazi dituzte, eta justu eta zilegiak direla deritzot, hezkuntzaren hobekuntza nahi baitute”. Ondorengo egunetan greba gehiago zeuden deituta, eta aurreko deialdiak izandako arrakasta ikusita, desaktibatzen saiatu zen: “Deituta dauden greba deialdiak, egun, ez dira beharrezkoak”, esan zuen.

Mugimenduak baina, berehala hartu zuen dimentsio handiagoa, eta LOCE hezkuntza legea indargabetzeko eskatu zuten. LOCE Pinocheten azken lege-proiektu nagusia izan zen, diktaduraren azken egunean onartu baitzuen. Beste esparru askotan bezala, diktadoreak hezkuntza liberalizatu eta sektore pribatuaren esku utzi zuen. 2006ko protesta hauetan ikasleek hezkuntza estatuaren eta inbertsio publikoaren esku egotea eskatzen zuten, hezkuntza publikoak zituen arazoak konpontzeko.

Ikasleek hezkuntza estatuaren eta inbertsio publikoaren esku egotea eskatzen zuten, hezkuntza publikoak zituen arazoak konpontzeko.

Ondorengo asteetan grebek eta mobilizazioek aurrera jarraitu zuten, baina mugimendua higatzen hasi zen, sektore erradikalen eta moderatuen arteko kontraesanek barne haustura ekarri baitzuten. Hortik aurrera, ikasleriaren parte batek mobilizatzen jarraitu zuen, baina mugimenduak ez zuen gehiago izan hasierako batasun maila eta indarra. Hala ere, eragin handia aitortzen zaio mugimenduari, handik bi urtera LGE Hezkuntzaren Lege Orokorra onartu baitzen, indar politikoen eta Kongresuaren arteko akordio transbertsal baten ostean.

Parisko Gobernantzaren inguruko Ikerketa Institutu batek 2007an egindako ikerketa batean garai hartan 17 urterekin Pinguinoen Mugimenduan murgilduta ibili zen Natalia Núñezen inpresioak irakur daitezke, haren ustetan mugimenduaren indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren.

“Mugimendua herrialde honetan gertatu den fenomeno onena izan da. Batez ere lortu zen batasunagatik”, dio Núñezek ikerketan, gizarteak egoera puntualetan borrokarako duen indarra azpimarratuz. Gobernuarengan presio handia eragin zutela dio, eta horrek, aldi berean eskakizunak benetan lortu ahal izatea ekarri zuela. Eskaerak, baina, gehiegizkoak zirela uste du, eta horrek seriotasuna kentzen zuela, politikariei “ikasleria infantilizatzeko eta desprestigiatzeko” aukera emanez. Bestalde, gehiegizko eskakizunek mugimenduaren barruko giroa nahastu zutela dio, eta barne hausturen arrazoietako bat izan zela ziur da.

2006ko Pinguinoen mugimendua borroka handia izan zen ikasle txiletarrentzat, eta gazte askoren lehen esperientzia politikoa izan zen.

'Aula Segura' legea ikasleen aurka

Sebastian Piñera independentea buru duen Gobernuak ikasleriaren aurkako neurri berri bat hartu du 2018an, borrokatzen duten ikasleen aurka zuzen joz. Aula Segura du izena legeak, eta ikastetxeetako zuzendariei erraztasunak ematen dizkie “biolentzia kasuetan” murgilduta dauden ikasleak kanporatzeko. Honek 2011ko martxen eta greben ostean itzalita zegoen ikasle mugimendua berpiztu du.

Azken urteetan Txileko hainbat lizeotan jazotako “biolentzia kasuekin” amaitzea du helburu Aula Segura legeak, eta ikasle mugimenduko hainbat eragilek eta hezkuntza komunitateko instituzio batzuek gogor kritikatu dute. Educación 2020 eta Txileko Hezkuntza Politiken Behatokiko bi adituk legea “egonarri gutxirekin eta asko pentsatu gabe” egin zutela salatu dute, ikasle talde batzuekin jazotako ezbehar batzuei “irteera bizkorra” bilatu nahian.

Ikasleriak berehala identifikatu zuen neurri hau eraso zuzen gisa, eta antolatzen eta mobilizatzen hasi dira. Egoera horretan, 2019a mobilizazio eta grebekin hasi dute bigarren mailako eta unibertsitateko ikasleek, eta polizia militarrarekin liskarrak izan dira manifestazioetan. Apirilaren 25ean 20.000 ikaslek kaleak hartu zituzten Txileko Ikasleen Federazioak antolatutako martxetan, eta karabinierien aurkako liskarretan 35 ikasle atxilotu zituzten. Sei ikasle adingabe beren etxeetan atxilotu zituzten, irakasleen aurka “bonba pizgarriak” erabiltzea egotzita.

Belén Larrondo Txileko Ikasleen Federazioaren bozeramaileak salatu du ikasle mugimenduak egiten dituen eskakizunei gobernuak ez dietela erantzuten: “Gobernuak ez du erakutsi gaizki ezarri diren neurriak hobetzeko borondatea, doakotasuna adibidez, eta hutsuneak estaltzeko neurriak hartzen ari da etengabe. Neurri hauek, baina, ez dute Txileko hezkuntza errotik aldatzeko xederik”.

Aula Segura legearen aurkako protestek ez dute Pinguinoen Iraultzak mobilizatu zuen ikasle-masa mugitzeko indarrik izan, baina Txilen ikasle mugimenduak tinko jarraitzen duela erakusteko balio izan dute, eta etorkizunean estatuari benetako desafioa egitea posible izan daitekeela ere erakutsi dute. Azken finean, Allenderen filosofia barneratuta dauka Txileko ikasle mugimenduak: inoiz ez errenditzea, nahiz eta garai batzuetan jende gutxiago mugitzeko gai izan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txile
Kissinger eta Pinochet: dokumentuak argitara, kolpista guztien lotsarako

Augusto Pinochet diktadoreak Txilen estatu-kolpea eman zuela mende erdia bete denean, hamaika berba entzun dira herrialdeak bizi duen zatiketaz. Hamazazpi urtetako diktaduraren errepresioa ukatzea da zenbait eskuindarren egungo arma, negazionismo gisa ulertu den diskurtsoarekin... [+]


2023-09-10 | Estitxu Eizagirre
Mari Paz Aedo Zuñiga
"Txiletarrok gara mundu osoaren elektrifikazioa ordainduko dugunak"

"Egun on" baino gehiago "larrialdi" hitza erabiltzen dugun honetan, Mari Paz Aedoren hitzek lagunduko dizute ikasturte honetako zure utopien lanketei gogotsu eta pozetik ekiten. Txilen, Santiagon jaio zen duela 45 urte. Gatazka sozioekologikoak aztertzen ditu... [+]


2023-08-29 | Ilargi Manzanares
AEBek Txileko estatu kolpearen inguruko dokumentuak desklasifikatu dituzte

1973ko estatu kolpea gertatu baino lehen Nixon garaiko AEBtako presidenteak jasotako dokumentuak argitaratu ditu Washingtonek ostiralean, Alexandria Ocasio-Cortez AEBtako Ordezkarien Etxeko kideak Txileri egindako bisita ondoren. Ocasio-Cortezek gardentasuna eskatu du,... [+]


Eguneraketa berriak daude