Nola egin aurre munduko boteretsuenei?

  • Lapurdi militarizatu du Frantziako Gobernuak “munduko zazpi herrialde garatuenetako” agintarien bisitaren harira. Urtebeteko lanaren ostean, kontra-gailurra antolatu dute kapitalismo gordinenari aurre egin nahi izan dioten herritarrek. Milaka poliziaren erdian, ez da batere erraza izan. ARGIA bertan izan da egunotan, kontatzeko bertan bizitutako pozak, tristurak, ezinak, ekinak, tentsioak eta elkartasun keinuak.

Herriko etxeetan kendutako Macronen potretak erakutsi eta klima aldaketaren aurrean neurriak hartzeko exijitu diote ehunka lagunek, tartean Susan George ekintzaile ezagunak. (Dani Blanco)

Asteazkena, abuztuak 21, goizeko hamarrak. Hasi dira hitzaldiak Irungo Ficoban, lehen oihal etxeak muntatzen ari dira Urruñako kanpalekuan eta kanpotik indartsu bertaratzen ari da Bidasoaldera goi bilerarekin ados ez dagoen jendea. Hasi da kontra-gailurra Euskal Herriko G7 EZ eta Frantziako Estatuko Alternatives G7 plataformek elkarlanean antolatuta. Baina ofizialki kontra-gailurra gaur hasi den arren, aurretik gauza asko gertatu da, eta aurrekari horiek garrantzitsuak dira aste osoan gertatuko dena ulertzeko.

Auzolana vs auzolana

Auzolana ia edonork ia edozertarako erabiltzen duen kontzeptua bilakatu da –“Euskadi, auzolana”, dio Eusko Jaurlaritzaren leloak–. G7aren gailurra gauzatzeko egin duten auzolan kapitalista ez da gutxiestekoa: Frantziako Estatuko administrazio osoa antolaketa lanetan; komunikabide publiko zein pribatuak hitzorduari hauspoa ematen; Hegoaldeko gobernu autonomikoak polizia eta mugikortasun arloan baliabide asko eskaintzen; Biarritz eta inguruko herrietako alkateak merkatariak presionatzen eta limurtzen negozioak itxi ez ditzaten –irabazirik ez izatekotan estatuaren diru-laguntzak bermatuz, esaterako–; 20.000tik gora CRS, BAC, udaltzain, Espainiako eta Frantziako militar, Ertzain, Espainiako Polizia eta Guardia Zibil errepresio eta kontrol lanetan –Baionan Alemaniako Polizia ere ikusi dugu–.

Paraleloan, beste auzolan herrikoi erraldoia ere joan da bere bidea egiten: “Orain urtebete hasi ginen lanean Ipar Euskal Herritik. Irailerako izaera nazionala eman genion, Hegoaldeko eragileekin. Parisen beste plataforma bat sortu zuten. Bion arteko elkarlana abiatu, eta amaierarako lortu dugu ia plataforma bakar gisa aritzea. Hori jada garaipena da”, diote Itziar Fernandezek eta Eñaut Aramendik, kontra-gailurreko G7 EZ plataformaren bozeramailetako bik.

G7aren aurkako arrazoibideetan adostasunak ehuntzea erraza izan zaie plataformen kide diren 85 sindikatu, alderdi politiko eta mugimendu herritarrei. Baita kontra-gailurraren eredu orokorra zehaztea ere, bi une ezberdinduz: abuztuaren 21 eta 23aren arteko ildo eraikitzailea, alternatibak ikusarazteko xedea daukana; eta 24tik eta 26ra arteko aurkakotasun ildoa, protesta eta mobilizazioetan oinarritu dena. Euskal Herria, bere errealitateak eta aldarrikapenak ikustaraztea garrantzizkoa zen G7 EZ plataformako kideentzat.

Ficoban eragile sozial eta politikoen azoka. (Dani Blanco)

Baina bidea ez da zailtasunik gabea izan. Tentsio iturrietako bat: jorratu beharreko gaiak. “Eragile ugari dago eta bakoitzak nahi du berea egotea, baina ez dago denerako tokirik”, dio Aramendik, programazio taldeak egin duen sintesi ariketa goraipatzeaz batera. Beste tentsio iturburu nagusietakoa, nagusiena ziurrenik, klasikoa da kontra-gailurretan: borroka moldeen eta horien osagarritasunaren ingurukoa.

Bi auzolan kontrajarri, mamiz eta azalez. Ez bi mundu erabat ezberdin, zoritxarrez: kontra-gailurraren prestaketa lanetan salatutako sexu erasoak, borrokatzen den hori maiz kanpoan ez ezik barnean ere badela gogorarazi du.

Beldurra vs konbentzimendua

Muga zeharkatzea eta kaleetan ibiltzea izugarri nekeza izango zela, oinarrizko eskubideak bertan behera geratuko zirela, Biarritz eta inguruak militarizatuko zirela, istilu larriak aurreikusten zituztela –euskaldunek hainbestetan bete duten “gaizto” papera “kanpotar antisistemei” emanez–. G7aren babesleek beldurra zabaldu dute. Ematen du herritar kritikoak geldiarazteko estrategia komunikatiboa izan dela, gerora errealitatea ez baita horren gordina izan.

G7 EZ plataformako kideek mezu horiek indargabetzeko ahalegin berezia egin dute azken asteetan. Jardueren izaera alai eta eraikitzailea nabarmendu dute behin eta berriz, egun zehatz batzuetan istilurik ez zela egongo ziurtatu diete herritarrei, eta balizko tentsio uneak igandeko ekimen desobedientera mugatu dituzte. Milaka herritar batzuk behintzat erakarri dituzte.

Alternatibak eraiki

Asteazkenetik ostiralera, gune ugaritan alternatibak ikusarazi eta eraikitzeko beharrean zentratu da kontra-gailurra. Antolatzaileen hitzetan, 6.000 pertsonatik gora ibili dira hara eta ona Urruña, Hendaia eta Irun artean, 2.000k baino gehiagok egin dute lo kanpalekuan. 100 tailer eta hitzaldi baino gehiago, otorduak, erakusketak, kontzertuak, dantzak, poteoak, konspirazio txiki eta handiak, asanbladak, eskaintza mardula izan da oso. Ekimen batzuk kontra-gailurrean bertan erabaki dira, adibidez, ostegun goizean manifestazio batek kanpalekutik Hendaiako Kaneta porturainoko bide luzea egin du, eta egun bereko iluntzean energiaz beteriko manifestazio feminista ez-misto batek Ficoba eta Kaneta lotu ditu, jazotako eraso sexista gaitzetsiz.

Irungo Ficoban hitzaldi eta mahai inguru oso jendetsuak egin dituzte. (Dani Blanco)

Ficoban eta Les Variétés zineman izan dira hitzaldi gehienak, zazpi ildo nagusitan banatuta: kapitalismoa, ingurumena, feminismoa, herriak, demokrazia, inperialismoa eta migrazioak. Herri mugimendu eta eragile politikoen azoka egin dute otorduen aretoan, eta guztien artetik gehien nabarmentzen zen EH Bilduren karpatxoak bertaratutako kide askoren artean zeresana eman du. Tarteka inurritegi itxura hartu du erakustazoka erraldoiak, hitzaldi askotan kanpoan geratu da hainbat lagun. Kontraste kuriosoa sortu du jendearen eta espazioaren arteko nahasketak: herrigintzari loturiko pertsonak izan dira nagusi, eta horrek izaera herrikoia eman dio guneari; eraikinaren formalak, aldiz, egiteko zenbait modurekin batera, kutsu instituzionalizatua eman dio espazioari. Euskal herritarrak izan dira gehiengo Ficoban eta pasilloetan euskara asko entzun da.

Ostegun gauerdian, Uztaritzen, Ipar Euskal Herriko gaztetxe ugarik elkarlanean antolatuta, herriko lizeoan lo egitekoak diren militarrei loa galarazteko “kontzertu basatia” egin dute izarren azpian, RIP taldearen “Policia no” gisako kantuak herrian zabalduz.

Kanpalekua bestelako espazioa da. Batzuentzat batez ere lo-toki funtzioa bete du eta eguna gainontzeko guneetan eman dute. Askorentzat bizitoki integrala izan da, ordea. Bertan egin dituzte otorduak, antolatu dituzte hitzaldi eta ekimen publikoak zein isileko bilerak, edo luzatu dituzte parrandak. Giroa atzerritarragoa, frantsesagoa da. Bertan eman dute denborarik gehiena Jaka Horiek, anarkistek edo mediku eta abokatu taldeek, besteak beste. Orotara 2.000 lagunek egin dute lo behinola Nestlé konpainiako langileak oporretara etortzen ziren lekuan.

Hainbat eremu zituen kanpalekuan, argazkian horietako bat. (Lander Arbelaitz)

Parte hartzaileetako ugarik aipatu duen sentsazioetako bat izan da Ficobako eta kanpalekuko espazioak elkarrengandik urrun xamar zeudela eta batzuek elkarri bizkar emanda egin dituztela hiru egunak. Hendaian, Topaketa Intergalaktikoen gune izan den AmbaZADatxoak eta eskolak beste guneek baino dimentsio txikiagoa izan dute. Bi espazio horietan bateko eta besteko pertsonen nahasketa handiagoa izan da. Topaketak Bretainiako Notre-Dame-des-Landeseko gune okupatuaren eta Amankomunak sarearen artean eraiki dituzte, formala eta informala nahasiz: hitzaldiak eta tailerrak, kantu poteoak eta soka dantza, musika, otorduak; eta taberna giro lasaian, kolektibo ugariren materiala ikusgai. Giro ederra nagusitu da, jendetsua tarteka.

Eskolan tailerrak antolatu dituzte, eta Gazte Gunea ere bertan izan da. Hemen ere jendearen joan etorria etengabea izan da. Gune honen antolatzaileek nabarmendu duten pozetako bat Euskal Herriko eta atzerriko gazteen artean egindako hartu-emanak izan dira, eta elkar elikatzeko balio izan dute.

Desobedientzia eta indarkeria

Borroka moldeen inguruko desadostasun eta tentsioak izan dira kontra-gailurrean. G7 EZ plataformaren barnean aspaldi adostu zen, agintarien goi-gailurraren aurka desobedientzia ekimenak deitzea, ez-biolentziaren markoaren barnean. Baina hori zehazteko orduan arazoak eta ikuspuntu desberdinak azaleratu dira. Noraino jo, zer modutan, zer helbururekin; desobedientziaren adiera bera; prefetarekin negoziatu edo ez eta noraino; zer neurritan onartu edo gainditu ezarritako debekuak eta mugak; zenbateraino izan nahi diren protesta adierazpen guztiak kontrolpean. Kontra-gailurraren hasierako egunetan, eztabaida horietako batzuk oraindik irekiak izan dira antolatzaileen artean.

Indarkeriazko borroka moldeak ez zituztela erabiliko adostuta zeukaten plataformako eragileek. Inork erabiltzekotan, horren baloraziorik ez zuen egingo G7 EZek, baina plataformak antolatutako ekimenetatik apartekoak zirela ulertaraziz. Indarkeria erabiltzearen alde dauden talde eta pertsona batzuek hori onartu zuten antza, baina beste batzuek ez, eta tentsioa nabaria izan da kontra-gailurraren egunetan. Esaterako, kanpalekuan “pazifismoaren” aurkako pintaketak ugariak izan dira; larunbatean Hendaian egindako manifestazioan, ostera, banketxeen kartel eta kutxazain automatikoak pankartekin zaindu zituzten, balizko erasoetatik babestu asmoz. Borrokaren ikuspuntu eta molde ezberdinak, ia muturrekoak zenbait kasutan, kontra-gailur berberaren baitan. G7aren aurkako kontra-gailurraren antolatzaileek bankuen aurrean bolondresak jarri izanak haserrea eragin du zenbait sektoretan, sare sozialetan ikusi denez.

Muturreko ikuspuntu horiek agerian utzi ditu ostiral arratsaldez kanpalekutik abiatutako manifestazioak. “Welcome to paradise” dio Urruñako etxeen artetik 200 pertsonak dakarten pankarta beltzak eta zuzenean doaz autopista moztera.

Manifestazio inprobisatua Urruñan barrena. (Mikel Olabide)

Bidean poliziarekin topo egitean istiluak sortu dira. Kanpaleku inguruetan gas negar eragilea eta gomazko balak jaurti ditu poliziak, eta gutxienez 17 pertsona atxilotu. Gertaerak nabarmen kolpatu du kanpalekua, bertan lasai zeuden ehunka lagunek poliziaren furgonetak gora zetozela ikustean harrika erantzun baitute barnera sartzea eragotzi asmoz. Atsedenerako gunea defentsarako eremu bilakatu da, sarrerako bidean eraikitako hainbat barrikadak erakusten dutenez. Biharamunean Kontragailurra ezin da monopolizatu izenburupean artikulua argitaratu dute manifestariek, salatuz “plataformaren sektore indartsu baten kutsu autoritario nahiz blokeatzailea. (…) Kontragailurrek ez dute hegemoniaz ulertzen; munduko borroka askok bat egiten dute Iparraldean egunotan, elkar ezagutu, eraiki, suntsitu eta bihotzetan daramagun mundu berri hori utopiatik errealitatera eramaten. Bide guztiak dira zilegi G7aren eta haren munduaren kontra”, azpimarratu dute.

Ekintzak, molde ezberdinetakoak

Baina asteburuaren atarian mahai gaineratutako borroka molde ezberdinen arteko tirabirek ez dute hankaz gora jarri larunbat goizeko manifestazioa: erabaki bezala, lasaitasunez eta “bortxarik gabeko metodoz” egin du Hendaiatik Irunerako bidea. Eremu eta eragile sozial askotariko 15.000 pertsonak hartu du parte bertan, antolatzaileen arabera. Norbanakoek daramatzaten banderek eta ikurrek erakusten dutenez, arrazoi desberdin askorengatik batu da jendea mobilizaziora. Kolore bat falta da: black block-aren beltza. Baionan arratsalderako egina dagoen deialdira joanak dira goizean goizetik.

Milaka lagun batu ziren larunbat goizeko manifestazioan, G7 EZ plataformak deituta. (Dani Blanco)

Tonu ilunak nagusitu dira larunbat arratsaldez Baionan egindako mobilizazioan, deia egin dutenak Jaka Horiak izan arren. Jende kopuruz goizekoa baino xumeagoa izan da manifestazioa, besteak beste poliziaren muturreko kontrol mekanismoek zeharo zaildu baitute hirigunera sartzea. ARGIAko kazetarioi gertatuak balio badu egoera ilustratzeko, Baionara autoz iritsi aurretik kontroletan geratu eta erregistratu, hirira heltzean aparkalekuan kalez jantzitako poliziek autoak eta motxilak erregistratu dizkigute; ondoren, Baiona Ttipira bidean berriro geratu eta 40 minutuz atxiki gaituzte eta babeserako materiala kendu –kaskoak eta begia gasetik babesteko betaurrekoak–, manifestazioak amaitzean bila joateko adieraziz eta kazetariak bagara “urrunagotik grabatzeko” gomendatuz. Ugari izan dira egunotan autoritateek informatzeko eskubidea urratu dutela salatu duten kazetariak (I, II, III, IV, V, VI, VII). Polizia kontrolak pasa dituzten pertsonak, aldiz, Baiona Ttipian itxi dituzte, “dena amaitu arte” bertatik ateratzea debekatuz, Errobi gaineko zubiak hesiekin moztuz, adibidez. Manifestariek ez dute saihestu herriko irteera guztietan parez pare izan dituzten poliziekin enfrentamendua, eta poliziak lehen unetik erabili du ur kanoia, gomazko balak eta gas potoak horien kontra. Istiluen une gorenean, poliziak 30 gramo TNT-z osatutako GLIF4 granada ere jaurti du jendearen artera, dokumentatuta geratu denez.

Ehunka lagunek gainditu dute manifestatzeko debekua Bizi!-k egindako desobedientzia zibilerako deiarekin.

Desobedientzia zibilaren aldeko hautua egin duenik ere izan da. Baiona Ttipian bertan, igande goizez, Alternatiba, ANV-COP21 eta Bizi! mugimenduek deituta Potreten Martxa egin eta 900 lagun bildu dituzte, antolatzaileen arabera. Macronek klima aldaketaren aurrean neurri eraginkorrik ez duela hartzen salatzeko, Frantziako Estatuko 128 herriko etxetatik erauzitako presidentearen erretratuak erakutsi dituzte, baita goi-bilera hastear zela Irisarrin kendutakoa ere, bertaratutakoen txalo zaparrada eraginez. Jendeak etxeko argazkiak eraman ditu estalita, poliziari benetazkoak zein ziren identifikatzea zailtzeko, eta denen artetik egiazkoak erakutsi ostean, berriz ere ezkutatu dituzte. Baionan manifestatzea debekatuta egonik, poliziak ez eskurik hartzea erabaki du eta Attac-eko ohorezko lehendakari den Susan George idazlea buru, prentsaurrekoa eman dute: “Argazkiak hemen egoteak esan nahi du, Macron, herritarren eskuetan zaudela. Ekintza ez-biolento honen ostean argazkiak beren lekuetara itzuliko dira. Presidente jauna, ez badiozue klima larrialdiari eusten, krimena egingo duzue zuk eta G7ko zure lagunek”, adierazi du mundu osoko dozenaka hedabideren aurrean.

Militarizatutako eremua

Polizia kopuruak setio egoeran murgildu du Lapurdi, eta bazter guztietan indar armatuak egoteak nabarmen zaildu du herritarren egunerokoa, izan bertako bizilagun, manifestari edo antolatzaile. Astelehen goiza baino lehen 83 atxilotu aipatzen dituzte agintariek –ez denak manifestariak, asko errepide kontroletan geraraziak–. ARGIA lekuko izan da nola atxilotu duten pertsona bat gertaerei begira zegoela, eta asko herrialdetik kanporatuak izan dira 24 eta 48 ordu artean atxilotuta egon ostean.

G7 EZ plataformak ere azken orduko aldaketak egin ditu aurreikusitako ekintzetan, setio egoera horretan pertsonen segurtasuna bermatzea ezinezkoa dela aipatuz: igande eguerdian zazpi biribilgunetan manifestatzeko debekuaren aurka egitekoa zen “Ortzadarra” izeneko protesta moldatu eta Angeluko plaza batean egin asmo zen herri harresia deitu zuen azken orduan. Honekin lotuta, kontra-gailurraren antolatzaileetako Joseba Alvarezen atxiloketak oihartzun zabala izan du. Goizaldeko ordu txikietan, Urruñako kanpaleku inguruan poliziarekin istiluak zirela jakin berritan, Biarritzetik kanpalekura autoz zihoala poliziaren kontrol batean geratu eta ezin zuela Frantziako Estatuan sartu jakinarazi diote, bera izan arren ordura arte instituzioekin harreman-lanak egiten ari zena. Hurrengo eguerdian askatu dute Behobian, beste atxilotu asko bezala. Hori jakin berritan, igande goizean, herri harresiaren ekintza bertan behera uztea erabaki du plataformak, ekimen desobedienteetan parte hartu nahi zuen jende askoren artean frustrazioa eraginez. Egitarauko ekintzak bertan behera utzi arren, garaipen hitzez mintzatu zitzaigun Eñaut Aramendi G7EZ plataformako bozeramailea: “6.000 pertsona, 100 konferentzia, 15.000 pertsona manifestazioan; guk esaten ahal dugu jada gure kontra-gailurra irabazi dugu”.

Poliziaren presentzia izugarria izan da edozein protesta antolatu nahi izan den bakoitzean. (Dani Blanco)

Oztopoak oztopo, berenari eutsi diote Jaka Horiek, eta poliziaren presentziaren gainetik beste deialdi bat egin dute igande eguerdian Bidarten. Manifestariak bezainbeste dira poliziaren furgonetak: ekintzaren tamainaren aldean desproportzionatua den operazioaren ondorioz, ezer hasi aurretik atxiki dituzte herritarrak ia bi orduz. Gertatzen ari zenaz informatzera joandako kazetariok ere lana egiteko zailtasun etengabekoak izan ditugu, identifikatu, miatu eta herritarrokin batera atxiki gaituzte. Amnistia Internazionaleko bi ikuskari ere poliziak atxiki ditu.

Igande arratsaldean, protestara joandako ekintzaileen artean nekea nabarmena da: Hendaian 16:00etan manifestazio inprobisatuan ehunka lagun Polizia etxearen aurretik igaro da; 17:00etan atxilotuak askatzea exijituz Baionan deitutako mobilizazioa egin behar zen lekuan polizia mordoa, kazetariak eta ikusmiran joandako herritarrak bildu dira, baina manifestaririk apenas ez. G7aren aurkako ekintzaren bat aurrera eramateko baldintzak, jada, agortzen hasiak diren seinale.

G7ko agintariak etorri bezala joan dira. Frantziako Barne Ministroa eta bateko eta besteko segurtasun departamenduak zorionduko dituzte, Frantziako Gobernuaren bozeramaileak aitortu bezala, 36 milioi euroko kostua izan duen hiru eguneko bilera egitea lortzeagatik. Euskal Herrira ekarritako milaka poliziak beren herrietara itzuliko dira, eta herri hau normaltasunera bueltatuko da. Azken urteetan bezala, Europan pertsonako polizia gehien duen gunea izaten jarraitzeko.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


Eguneraketa berriak daude