"Informazioan oinarritutako boterearen hegemonia krisian dago"

  • Gasteiz, 1955. Donostiako Egiako auzokidea. Madrilgo Complutense Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1978an. EHU eta UEUko irakaslea. Hezkuntza Zientzietan doktorea. Idazlea. “Fake News”-ak ez dira atzo goizekoak (Utriusque vasconiae) saiakeraren karietara solastatu gara: “Informazioa industria bilakatu da, baina informazioaren industriak ezin du hierarkikoa izan eta ezin du guztia kontrolatu”, esan digu.

“Informazioa industria bilakatu da, baina informazioaren industriak ezin du hierarkikoa izan eta ezin du guztia kontrolatu”. (Argazkilaria: Dani Blanco).

Biblia hizpide duzu liburuan. Gu berarekin hezi eta hazi ginen.Zein generoan sailkatu behar da erlijio liburu hori?  

Biblia istorioen historia da, historia sakralizatua. Gauza bera da Korana. Horiek biak liburu bakarraren erlijioak dira. Zergatia ulertzeko “Alexandriaren kontraesana” delakoa ulertu behar da. Alexandriako Liburutegia oso aberatsa zen, eta hala izanda ere, lehenengo kristauek egia guztiak Biblia-n zeudela esaten zuten. Euren ustez, ez dugu beste liburuen beharrik. Are okerragoa, egiak Biblia-n ez badaude, beste liburu guztiak kendu behar ditugula zioten, egiak Biblia-n bakarrik egon daitezen. Horregatik erre zuten Alexandriako Liburutegia. Musulmanak –Koran zaleak– geroago heldu ziren eta gauza bera egin zuten. Hau da, erlijioen liburuek egia bilatzen dute liburuen idazketan. Idazketak “mundua irakurri ahal izateko” aukera ematen digulako. Gaur egunera etorrita, filosofiako hainbat korronte sortu dira, baina funtsean Hans-Georg Gadamer filosofoaren interpretazioa balio zaigu: “Mundua irakurri” behar dugu liburu bat balitz bezala.

Interpretazio horretan sakontzerik?

Gu mundu alfabetizatu batean hezi eta hazi gara. Dena ulertzen dugu alfabetizazioaren ikuspuntutik. Antzinakoek hilobi zaharretan verba volens idazten zuten. Alegia, hitzak hegan egiten du. Guk, alfabetizazioaren ikuspuntutik, hitzak haizeak eramaten dituela ikasi dugu, pertsona benetan iraultzen duena hitz idatzia dela. Aldiz, “alfabetatu gabeko kulturetan”, ahozko kulturetan, hori guztiz alderantzizkoa da. Hau da, haizeak hitzak eramaten ditu edozein tokitara, haientzat hitz idatziak ez du balio. Hitza hilobian idatzita dago betiko, ahozko hitza aldiz nonahira iristen da.

Gaur egunera etorrita…

Bi ezaguera mota horiek bizi ditugu gaur egun: batetik, eguneroko bizitzaren ahozkotasuna eta bestetik idatzizko jarduna. Bi ezaguera horiek uztartu dira garai digitalean, batik bat sare sozialak sortu zirenetik. Beraz, duela hamar urtetik hona zeharo aldatu da informazioaren ezaguera eratzeko modua.

Heziketaren iturburura itzuliz, Biblia-ra: pertsonok gezurraren gainean hazi gara.

Bai. Gezurrari buruz oso gutxi ikertu da, eta are gutxiago idatzi. Nik Jacques Derrida filosofoaren lana hartu izan dut erreferentetzat. Alabaina, Derridaz gain badugu ere Georg Simmel soziologo alemanaren lana. Harentzat, soziologian, funtsezkoa zen gezurra kontuan hartzea, gezurrean bizi garelako. Liburuan Derridari kritika egiten diot, nire motzean, noski. Derridaren planteamendua da: “Gezurra benetakoa izateko, berariazkoak izan behar du, alegia, gezurrak nahita egina izan behar du, subjektibitate bat behar du”. Nik ezetz diot, gezurra dela gure bizi-sistemaren aldagai funtsezkoetako bat, oinarria eta ardatza.

Zertan funtsatzen duzu hori?

Naturan, esaterako. Begira ditzagun animaliak edota landareak. Landareek itxura hartzen dute, gezurra erabiltzen dute nolabait, erleek polinizazioa egin dezaten, haiek erakartzeko eta beren haziak beste tokitara eraman ditzaten. Begira lehoinabarrak ehiza egiteko zer-nolako jantzia –larrua– garatu duen, naturan kamuflatzeko. Baina, lehoinabarrak gezurrik sakatu nahi al du? Intentzionalitaterik al dauka? Ez. Bere burua eta espeziea iraunarazi behar ditu. Nahita ez du inolako subjektibitaterik, ez du gezurrik esaten, baina ehiza ere egiten du eta horretarako gezurra erabili behar du.  

Gizakia non kokatzen dugu, hortaz?

Gu animaliak legez gezurrean bizi gara, gezurra gure baitan baitago. Gizakiok liburuetako erlijioen eta liburuetako ideologien heziketaren ondorioa gara. Horietatik ikasi dugunok, azkenean ikasten dugu fede mota bat lantzen, sinesten dugu irakurtzen duguna.   

Pertsonok egunean batez beste hamar gezur esan ohi dugu. Politikariek lau bider gehiago. Kazetariok….

...eta irakasleok (irriz)? Quim Monzóren ipuin bat aipatzen dut liburuan. Bikote gazte maiteminduarena: “Horrenbeste maite dugu elkar, ez diogula elkarri gezurrik esango”, erabaki dute. Bada, bikotearen akabera da. Maitasuna tartean dela ere, elkarri sinetsi behar diogu fedearen bitartez, ezin diogu elkarri den-dena esan, ezinezkoa da. Batere gezurrik esan gabe, ezin izango genuke iraun munduan.  

Botere gero eta handiagoa izan, gezurrak biderkatzen dira.

Botereak bere zilegitasuna lortzen du egiaren hegemonian, botereak egiaren produkzioa kontrolatu behar du: egia erlijiosoa, juridikoa, zientifikoa edo gizartearen egia.

Horiek horrela, zein da informazioaren esparruan bizi dugun egoera?

“Gizakiok liburuetako erlijioen eta liburuetako ideologien heziketaren ondorioa gara. Horietatik ikasi dugunok, azkenean ikasten dugu fede mota bat lantzen, sinesten dugu irakurtzen duguna”

Une honetan pertsonok ez dugu kolokan jartzen albisteen produkzioa, ez behar beste behintzat. Adibidez, orain gutxi arte El País edo New York Times egunkariek, telebista edo irrati nagusiek esaten zutena gailentzen zen gizartean. Egun, iragan berrian ez bezala, dena kolokan dago. Jendeak baditu beste iturburu batzuk elikatzeko, hedabide nagusietan azaltzen ez dena sare sozialen bidez eskuratzeko eta kontrastatzeko. Baina, aldi berean, ez dugu kolokan jartzen informazioaren datuak jaso eta besterenganatzeko modua. Ez aski, behintzat. Beraz, informazioa helarazteko sistema aldatu da. Industria aroa, kapitalismoa, produkzio mota batean oinarritu zen: produkzio hierarkikoan, goiti-beheiti antolatua eta kontrolatua. Katean ari zen jendeak ia ez zekien zertan ari zen. Egun, informazioa industria bilakatu da, baina informazioaren industriak ezin du hierarkikoa izan, eta batik bat ezin du guztia kontrolatu. Hortaz, modu horizontala zabaldu da, informazioaren kontrola gaitza bihurtu da, informazioa kontrolagaitza da.

Industria aroan bizi izan zen krisia informazio industrian bizitzen ari gara?

Ez, edo ez modu berean. Hegemonia zilegiztatu nahian ari da boterea. Boterearen hegemoniaren krisia bizitzen ari gara, informazioan oinarrituta dagoen boterearena. Alegia, boterea da kolokan dagoena, ez informazioa zabaltzeko modua.

Fake news-ak edo zururrumurruak gizarte baten adierazle dira”, da zure liburuaren tesia. Argitu hori apur bat.

Fake news delakoak ez dira berri faltsuak soilik, garrantzitsuena ez da gezurrezkoak edo egiazkoak diren, baizik eta zer adierazten diguten gizarteari buruz. Kontakizun garaikideak –internetek eta sare sozialek– gizartearen egoeraren berri ematen digute. Berriek gaia ematen digute gizartez ulertzeko eta eraldatzeko.

Duela 10 urte baino hobeto al gaude?

Bai. Baina ez dugu baloratu behar askoz hobeto edo askoz okerrago gauden. Joko arauak –guda zelaia– aldatu diren neurrian, baliabideak gehiago direnez gero, aukera gehiago daukagu borrokatu ahal izateko, zeren eta egia borrokagarria da.   

Edonola ere, zurrumurruek liluratzen gaituzte. Eta hori arriskutsua da.

Zurrumurruek liluratzen gaituzte pentsatzen dugunean informazioa pribilegiatua eta egiazkoa dela, zurrumurruek sistema sinple baten bidez funtzionatzen dutelako: sekretua, sexua eta sosaren bitartez, besteak beste. Ezaugarri horiek –horien partekatzeak– liluratzen gaituzte inondik ere, ezagutzen ez dugun zerbaitengana eramaten gaituztelakoan.

Pigmalion efektua ere hizpide duzu liburuan. Ahozko esamesen bidez sortzen dena.

"Fake news delakoak ez dira berri faltsuak soilik, garrantzitsuena ez da gezurrezkoak edo egiazkoak diren, baizik eta zer adierazten diguten gizarteari buruz"

Artzain txikia-ren alegiarekin hasi dut liburua: artzainak otsoa datorrela dio eta jendea laguntzera doa. Gezurra da. Behin eta berriz horrela jardun ostean, azkenik jendea ez doa laguntzera. Otsoak akabatzen du artalde osoa. Alegia hori erabili ohi dugu, gezurrak esatea gaizki dagoela esateko, azkenean inork ez digula sinesten. Ordea, alegia guri balio behar zaigu ulertzeko gezurrak funtzionatzen duela jendeak sinesten duenean. Fake news-ekin hori gertatzen da, jendeak sinesten duelako, finean beren funtzionalitateak eta operatibitateak balio dutelako. Hau da: sinesgarria den horretan oinarritzen da informazio pribilegiatua. Hori kontrolatzeko sortu ziren lehenengo lan funtzionalistak edo behavoristak AEBetan, Allport edota Postsman ikertzaileen eskutik, Pentagonoak bideratuta. Pearl Harboreko bonbardaketa izan zenean, laborria zabaldu zen. AEBek ordurarte ez zuten etxean etsaien erasorik jaso. Horrek izua sortu zuen gizartean, esamesak bolo-bolo zabaldu ziren eta berauek kontrolatu behar zirela pentsatu zuten. Unibertsitatean abiatu zuten zurrumurruei buruzko lehenengo ikerketa, baina, ikerketa Pentagonotik zuzenduta zegoen sekretuan.

Boterearentzat funtsezkoa baita informazioaren kontrola.

Bistan da. Adibidez, hemen asko dakigu alemanek judutarrei egindakoari buruz, kontzentrazio-esparruei buruz. Aldiz, ez da batere ezaguna AEBetan japoniar, txinatar edo korearrekin egin zutena: Pearl Harboreko garai hartan tokiko komunitate asiarreko biztanle asko kartzelaratu zuten, haietako anitz kontrolpean izan zituzten. Asiarren hirugarren belaunaldiko iparramerikarrak ziren, eta hala ere, jazarri zituzten.

Metodo horiek hemen ere erabili izan dira, aldez edo moldez.

Bai. ZEN plana dugu horren adibidea. Andres Cassinello Guardia Zibileko jeneralak AEBen Escuela de la Américas (Panama) delakoan ikasi zuen lan kontraterrorista egiteko. Akzio psikologikoa landu zuen informazioa kontrolatzeko. Horren adibide polita da El Mundo-ko zuzendari ohiak 2004ko martxoaren 11ko atentatuen inguruan gertatu zena azaltzeko idatzi zuena. Hots, informazio dena kontrolatu zuten ETA izan zela esateko. Eta gezurra zen.

Egun, informazioaren esparruak zabaldu eta aldatu dira.

Bai, garai batean ez bezala, zurrumurruak sare sozialen bidez zabaltzen dira bolo-bolo, benetakotzat hartzen ditugu, baina arriskutsuena ez da hori, kontrolagaitzak direla baizik. Hortaz, botere-gunetan informazioaren esparruak ikertzen ari dira, horien erabiltzeko moduak kontrolatzeko. Hala ere, horretaz gain ezagutu behar dugu nola funtzionatzen duten ahozko literaturak edota istorioek, zeren eta ematen dizkiguten informazioak ez dira informazio soila. Informazioak formatuak dira, istorio baten barruan daude, errelato bat saltzen digute, baina formazio horrek informazioa performatu egiten du. Hortik dator Pigmalion efektua. Alegia, mundua ulertzeko jakin behar dugu zer-nolako informazioan jasotzen dugun, historia baten barruan gertatzen delako. Hartara, ikerlariak irtenbide bat ari dira bilatzen, diseinatzen eta bideratzen proposamenak egiteko.

Hauteskundeetako inkestak fake news al dira?

“Joko arauak aldatu diren neurrian, baliabideak gehiago direnez gero, aukera gehiago daukagu borrokatu ahal izateko, zeren eta egia borrokagarria da”

Neurri batean Pigmalion efektuaren ondorio ere badira. Gertatuko denaren berri ematen dute eta efektu horren bitartez bideratzen dute informazioa. Baina hori ez da inkesten inguruan soilik gertatzen. Adibidez, zergatik irabazi dute Bolsonarok, Trumpek edo Brexitak? Trumpen kasuan: AEBetako lehendakaria izendatzeko zina egitean, hauxe esan zuen: “Hau da historian AEBetako presidente bati egin zaion harrera inportanteena”. Fake news zen. Berehala, New York Times, Washington Post, BBC eta CNNk Obamaren eta Trumpen zinen irudiak erkatu zituzten. Trumpi eginiko harrera ez zen Obamaren herena izatera iritsi. Baina Trumpek “hedabide horiek fake news sortzen dituzte. Fake news-en sortzaileak nire etsaiak dira. Sinetsi niri, ez beste horiei”, esan zuen. Arraioa! Berak irabazi zuen ohikoa eta boteretsua den prentsa horren kontrako borrokan. Borrokatu zuelako, ez haien esparruan, sare sozialen bidez baizik.

Sare sozialen bidez. Baina nola?

Algoritmoen bidez. Guk erabiltzaileok gure datuak ematen ditugu egunero, denbora errealean. Datu horiek guztiak landu egiten dituzte, beraz, posible da pertsona bakoitzarengana iristea, eta pertsona horri esatea berak entzun nahi duena. Trumpek edo Bolsonarok, eta hemen eskuindarrek, etorkinen gaia erabiltzen dute: pertsona bakoitzak jasotzen du berak entzun nahi duena. Sare guztiak ez dira berdinak noski: Facebook, Whatsapp edo Twitter... Whatsappa da agian arriskutsuena, gertuko jendeen artean erabiltzen dugulako, elkarri kasu egiten diogulako. Horiek erabilita fake news-ak aise zabaltzen dira. Horregatik oso zaila da fake news-en kontra egitea, ez baitira objektiboak, subjektiboak baizik. Norberak nahi duenaren kontra jotzea oso zaila da. Datuak kontrolatuz gero, jendeak nekez aldatuko du bere iritzia eta sinestuko du sinesgaitza dena.

Halaxe!?

Bai, neurri handi batean jendeak hori nahi duelako.

"Euskal Telebista ETBatzokia da"

Iñigo Urkullu lehendakariaren “Ez zen bidezkoa izan” lemaren harian. Nola baloratzen duzu ETBk horrelakoez zabaltzen duen informazioa?

Hau da, kazetaritzatik nola kontrolatzen den informazioa, ezta? Kasu horretan, ETB akronimoa hartuz, ETB ETBatzokia da. Adibidez: ekainaren 3an 40 urte bete ziren Gladys del Estal Tuteran hil zutela. Donostiako Egia auzokoa zen. Nik Gladys ezagutzen nuen, egun hartan han nengoen, ene besoetan hil zen. Biharamunean gure beste lagun bat atxilotu zuten, neska abokatua. Egiakoa zelako eraman zuen poliziak eta hauxe galdetu ere: “Tu conocías a Gladys?”. “Si, era una ecologista”. Poliziak, berriz: “No. Era una agente terrorista, venezolana”.

ETBk erreportajea egin zuen gaiaren inguruan. Nik parte hartu nuen, eta hauxe esan ere: “Hemen inportantea da gogoratzea EAJ eta alderdi denak zeudela energia nuklearraren alde. Areago, estatuko indarrak eta estatuaren baliabideak zerbitzu pribaturako erabili zituztela negozio bat babesteko, zehatz-mehatz, garai batean Iberduero zenarena, gaur egun Iberdrola denarena. Horiek proiektu pribatu bat babestu zuten bitarteko publikoekin”. Baina esandako horiek denak ez ziren azaldu erreportajean.

Testu bakoitzak testuinguru bat behar du, baina ETBatzokia-ren bidez horiek ez dira azaltzen. Errelato bakarra nahi dute agerrarazi.

Beste adibide bat: Euskara Batuaren eta Txillardegi-ren inguruan egindako errelatoa ez da bidezkoa. Nor geratu da errekonozitua eta nor ez? Txillardegi ez.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude