"Ikastolatik pasatzen diren haurrak euskaldun sentitzen dira"

  • 50 urte betetzen ari da aurten Seaska, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa. Duela 50 urte, ama bat, Argitxu Noblia, eta behar zen garaian behar zen lekuan gertatu zen irakasle bat, Libe Goñi, elkartu zituen zoriak. Lehen ikastolaren hazia erein zuten, oraingo mugimendua abiarazi.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Libe Goñi Garate (1947, Oteiza)

Zarautzen jaioa ama, Miren, irakaslea zen Orbaizetan 1936ko gerra aurretik, zigortua gerra garaian, Zaragozako (Espainia) Villabella herrira erbesteratua, harik eta 1950ean Lazkaon destinoa hartu ahal izan zuen arte. Lizarra ondoko Oteizakoa aita, ez zekien euskaraz. Hala ere, euskaraz hitz egin zien beti amak seme-alabei. Amaren urratsei jarraiki, irakasle ikasketak egin zituen Libek, eta Karmele Esnal eta Elbira Zipitriarekin trebatu zen. 1969an heldu zen ihesean Ipar Euskal Herrira eta Seaska ikastoletako lehen andereñoa izan zen. 2007an hartu zuen erretreta, Reiki irakasle da oraingo egunean Baionan.

Oteizan sortua zaitugu, Nafarroan. Lizarra ondoan.

Aitaren sorterrira etorri zelakoz ama [Zarautzen jaioa], Oteizara, ni sortzeko. Gero, berriz Zaragozara joan ginen. Haurdun gelditu zen berriz ama. Aitak mutikoa nahi zuen, eta amak nahi zion eman. Eta egin zuen bosgarren haurra: mutikoa. Ondotik, nik hiru urte nuelarik, gerlako kastigua pasatu zenean, eman zioten amari Gipuzkoan herri bat hautatzeko zenbait aukera. Haietako bat, Lazkao. Eta huraxe hautatu zuen. Ahizpa zaharrenak 7 urte, nik 3, urtebete zuen anaiak. Eta Lazkaon izan zen irakasle eskolan. Baina lau eta erdietan, eskola bukatzen zelarik, hartzen zituen haur batzuk, lau-bost, eta erakusten zien euskaraz irakurtzen eta idazten, eta kantu batzuk.

Lazkaon hazi zinen.

Bai. Han egin nuen lehenbiziko eskola. 10 urterekilan, Ordiziara joan nintzen kolegiora, eta 14 urtetan, Montpellier mojetara, Donostiara, barnetegira. Gure amak erraten zuen emazte guztiek behar zutela lanbide bat ukan, ez ginela izaten ahal beha gizonak noiz emango zigun dirua. Behar genuela gure askatasuna. Gure herrian, Lazkaon, nire adinekoetan ni bakarra izan nintzen ikasketak egiten. Amak bazituen –garai hartan, kasu!– ideiak. Donostian, Montpellierren nintzela, andereñoak prestatzeko erresidentzia egin zuten. Han ziren Pakita Arregi eta. Haiekilan izan nintzen. Lehenetakoa. Gero, urtebete egin nuen Karmele Esnalekin. Elbira Zipitria ere ezagutu nuen, bistan da! Eta Tolaretxipi, eta Alemandarrak… Beste bat bazen, bitxiak saltzen zituena Donostian, Elbira Zipitriaren oso-oso laguna.

Urtebete egin zenuen Karmele Esnalen ondoan. Andereño hura bazen nor.

Asko zor diot nik Karmeleri. Bazituen kasik ehun bat haur lurrean. Ez zen mahairik, dena magalean egiten zuten. Dena ikusiz egiten zuen, bizian, matematika eta denak. Batekoak eta hamarrekoak, eta hostoak nondik eta nora, eta landare bati hostoa kentzen badiogu, bizi pixka bat kendu diogula… Gauza horiek denak Elbirari eta Karmeleri zor dizkiet. Badut gordea Karmelerekin landutako kaier bat, dena kantuz betea.

"Sinesten genuen euskara ikastolak salbatuko zuela"

Eta, horren ondotik, noiz hasi zinen irakasle lanean?

14 urtetan orduko eskola bukatu, batxilergo eta errebalida gero… 18-19 urtetan, lanean nintzen, baina ez eskola nazionalean. Ez nuen harako oposiziorik egin. Herriarendako zerbait egin behar genuela amesten genuen. Euskal Herriarendako, garbi erran dezadan. Sinesten genuen ere, euskara ikastolak salbatuko zuela. Oso barneratua nuen nik hori. Aita ez zen pozik, lan asko egin baitzuen niri ikasketak ordaintzeko Donostian. Aitak eskola nazionalean lan egiteak zituen abantaila guztiak nahi zituen niretzat. Aita, haserre, sua botatzen. Ama, pozik. Etxetik igorria izan nintzen. Ez zen goxoa izan. Baina nire gogoa zen herriarendako zerbait egitea, euskararendako. Irakasle ikasketak egin eta, urte batez praktikak egin nituen Karmele Esnalekin 1963-64an. Handik, Andoaingo ikastolara joan nintzen lanera. Bi urte Andoainen, eta unibertsitatera joan nahi izan nuen, gehiago ikastera. Nahi nuen ikasi haurraren marrazkiaren gainean, marrazkiaren bidez haurra hobeki ezagutzeko. Ohartu nintzen Karmele Esnalek asko begiratzen ziela haurren marrazkiei. Garai hartan bazen Albisu bat kartzelan, ETAko lehenetakoa, eta haren haurrak beti marrazten zuen etxea, eta leihoa barra batzuekilan. Berak horrela ikusten zuen aita. Karmelek oharrarazi zidan horretaz. Marrazkiari buruz eta ezagutza pedagogikoaz-eta biziki azkarrak ziren katalanak, eta oroitzen naiz bi udaz Loiolan (Azpeitia) izan nintzela haiekilan ikastaroan.

Zer giro zen Lazkaon garai hartan, 60ko hamarkadaren hasiera edo erdialde hartan?

1964-65ean, apaiz gazte bat etorri zen Lazkaora: Hiazinto [Fernandorena] Setien. Bazen Imanol bat ere, apez. Eguberriz, jaiotza ateratzen genuen, bizirik, eta kantuak kantatzen genituen. Urte batez, txabola zahar batean gizon bat ipini genuen. Eta gure amak: “Olentzero…! Eta ez ditun etorri!”. [Guardia zibilak-edo] Ama, beldurrez. Herrian, gure amaren adineko jendea, beldurrez, eta pozik. Biak. Ez dut sekula ahantziko hori, Olentzero Lazkaora itzuli zen irudia. Olentzero egiten baitzuten han gerla baino lehenago. Hura izan zen gerla ondotik atera zuten lehenbiziko aldia. Hiazinto etorri zenean izan zen. Hurrengo urtean, hiru Olentzero atera ziren, zein bere auzotik, eta plazara bildu ziren. Eta poliki-poliki Olentzero indarra hartzen joan zen.

Argazkia: Zaldi Ero.

Unibertsitatera nahi zenuen.

Ideia horrekilan joan nintzen Iruñera. Goizean ikastolako lana egiten nuen, eta arratsaldean unibertsitatean nintzen. Baina bi gauzak batera egitea gehiegi zela pentsatu nuen. Ez nintzen gai. Horretan, egun batean, otsailean, hor etorri zen ama, erranez guardia zibilak etorri zirela Lazkaoko etxera, eta alde egin behar nuela. Garai hartan torturatzen hasiak ziren anitz jende. Tortura garaia zen. Francoren garaia. 1969. Lazkaon apez zegoen Imanolek gure ama autoan sartu eta Iruñera ekarri zuen. Iruñean bizi nintzen tokira ere etorri ziren poliziak, baina bi gaztek gordea ninduten. Etxe batean ukan ninduten bi egun. Eta, ondoren, Luzaidetik barrena ekarri ninduten hona.

Hona heldu zinen, Ipar Euskal Herrira. Eta hemen?

Paperak behar nituen hemen egoteko, iragaitzazko bidaiari paperak. Hortakoz, behar nuen Parisera joan, pasaportea erakutsi –beti ukan bainuen pasaportea, ttipitatik–, eta ikasketak banituela ere erakutsi. Joan nintzen, papera ukan nuen, eta itzuli nintzen Donibanera, maletak hartu eta Parisera joateko, han familia bainuen, amaren hiru ahizpa eta anaia bat, Zarauztik Parisera lan egitera joanak. Nik ez nekien frantsesa. Zerbait idazten, baina ez zen gauza handia. Arrotz sentitzen nintzen Donibane Lohizunen, arrotz. Tarte horretan, Lazaro Arandia [Argitxu Nobliaren senarra garai hartan] etorri zen nire xerka.

Argitxu Nobliak berak kontatu zigun ARGIAn (2201. zbkia): haurrak euskaraz zainduko zizkien norbaiten bila zebilen.

Hiru haur bazituzten. Argitxuren senarra Amezketakoa zen, bertsolaria. Eustakio, Itsasondokoa, bertsolaria hura ere. Eta biak errefuxiatuak. Eustakiok ezagutzen ninduen ni, nire familia eta denak. Ezagunak ginen Lazkaotik. Horrela, Argitxuk erran zuelarik behar zuela norbait etxerako, Eustakiok nire izena eman zion. Argitxu bizi zen etxean hasi nintzen. Haurren etxean lo egiten nuen, haurrekilan nintzen 24 ordu. Polo auzoan ginen, Baionan, Villa Espinal izeneko etxean, nagusia Aurizberrikoa baitzen. Urtasu zen familia. Hiru haur zituen Argitxuk, baina ttipi-ttipia oraino sehaskan. Bestalde, momentu hartan bazen katixima eta meza giroa euskaraz, bazirela bilkurak. Argitxu bilkura haietara joan zelarik, han egon ziren Muñoa, Gallastegi eta Etxebarriarekin. Sotaren bulegoan lan egiten zuten hirurek. Bestaldekoak ziren, eta bazekiten zer zen ikastolen mundua. Miarritzen bizitzen ziren. Muñoak erran zuen: “Katixima edo meza euskaraz? Nahiko nuke ikastola bat!”. Orduan erran zuen Argitxuk: “Bada andereño bat nire etxean”. Eta horrela etorri ziren Villa Espinal hartara hiru haur gehiago. Hiru haiek eta Argitxuren biak, bost haur izan ziren haste hartan.

"Arras kanbiatu da egoera. Gaurko egunean, Baionako bestarik ez da mutxikorik gabe, 'Baiona kantuz' gabe, Karrikaldi gabe"

Haur gehiago bildu ziren gero. Nola egin zenuten bide hori?

Orduko garaian, estatu frantsesean, behartua zinen 6 urtetik hara haurrak eskolan uztera. 6 urte arte, nahi zenuena egiten ahal zenuen. Zilo hori tapatu zuen Argitxuk. Bertakoa zen Argitxu, jende asko ezagutzen zuen, eta inork haur ttipia zuelarik, erraten zien: “Aizue, zergatik ez duzue ekartzen zuen haurra ikastolara?”. Horrela ibili zen Argitxu, eta ni segidan-segidan hasi nintzen lehen haur haien anai-arrebak Villa Espinalen hartzen. Baina hura ez zen etxe egokia. Haurrak eskailera gora eta behera, ez zen posible. Hortik, Enbataren bulegora pasatu ginen, Cordeliers karrikara, lehenbiziko estaian.  

Eta nola izan zen gauza?

Gallastegik ikuspegi handia zuen. Erran zidan: “Ikastola zabalduko dugu Donibane Lohizunen”. Eta nik: “Donibane Lohizunen? Tirrit!”. Horrela erran nion. Eta berak: “Nik hunkituko ditut ate jakin batzuk, eta ikusiko duzu”. Eta egia da, handik urte batera ikastola zabaldu zuen Donibane Lohizunen! Behar duzu jakin zein ate hunkitu, nola azaldu. Gauzak horrela dira.

Gallastegik ikuspegi handia zuela erran duzu.

Bai. Hark erran zuen: “Urte guztiz hiru edo lau ikastola zabaldu behar dira”. Eta Garat eta jende horiek: “Baina nola, ez ditugu irakasleak ordaintzen ahal”. Eta Gallastegik: “Zabaldu behar dira ikastolak herri guztietan”. Guraso batzuk baztertu ziren, beldur ziren. Bestalde, ikastola gabe sei urtetan eskola frantsesera behar zuten haurrek. Konpromiso handia zen. Eta nola ordaindu ikastolak eta irakasleak? Udan, langabezian sartzen ginen irakasleok, estatuak guri ordaintzeko! Bada, bai! Zor handia bagenuen, eta [François] Bayrou jaunari zor diogu frantses sistemaren barnean sartzea. Ez dugu anitz irabazi ikastolan, espiritua ez zen anitz irabaztekoa, kasu… Beste espiritu bat bagenuen, eta egiten genuen kantina, ikastola garbitu… Bestaldean bezala, horrela jarraitu nuen nik hemen lehenbiziko urteetan, hamar-hamabost urtetan.

Eta orain, nola da egoera, nola ikusten duzu oraingo euskara mundua Baiona alde honetan?

Arras kanbiatu da egoera. Gaurko egunean, Baionako bestarik ez da mutxikorik gabe, “Baiona kantuz” gabe, Karrikaldi gabe… Horiek gabe ezinezkoa da. Olentzero eta ikastolak eta taloa-eta gabe, ezinezkoa da gaur egun. Iratzartze bat ekarri du ikastolak, izugarri. Bideak zabaldu ditu ikastolak, izugarri. Nonbait lurra prest zegoen. Ikastolak jendea kontzientziaraztea ekarri du, mugiaraztea, iratzartzea. Gaurko egunean, ikastolatik pasatzen diren haurrak euskaldun sentitzen dira, gauzak egiteko eta errateko beste ikuspegi bat dute.

ARRANGOITZEKO LEHEN IKASTOLA, 1970. Beheko taldean, ezker-eskuin: Aitor Gallastegi, Mikel Arandia (bizkar), Maitena Garate, Mikel Muñoa (bizkar). Goikoan, Claire Daguerre, Aitor Arandia (bizkar), Patrizia Daguerre, Ane Driolet, Maider Zabala, Xabier Iriart eta Libe Goñi. Argazkia: Yann Trellu.

 

Jel izena

“Maria Libe dut izena, baina Maria kenarazi nuen hemen. Orduan behartuak ziren Maria ipintzera. Ahizpa, Idurre nuen, baina hari ere Maria ipini zioten aitzinean. Amak Dei ezarri nahi zion anaiari, baina Zaragozan ez zuten onartu. ‘¡Póngale el nombre que le dé la gana!’ erran omen zion amak. Azkenean, aitaren izena eman zioten: Daniel. Aitonak ere, aitaren aitak, seme-alabak izan zituen Maria Arantzazu (Miren), Maria Francesca (baina Pantxeska), Edurne, Itziar, Jon… eta Jel Imanol. Jaungoikoa eta Lege Zaharra Imanol!”.
 

Reiki

“2002an Reiki giroan sartu nintzen, energia mundu horretan. Sinesmen anitz nituen buruan sartuak: jainkoa, infernua, bekatua… Budismoa ezagutu dut, eta baztertu nituen horiek denak. Orain gehiago maite ditut eguzkia eta natura. Horiek bai, egiazkoak dira. Lau ikasmaila egin nituen, eta Reiki irakaslea naiz. Uste nuen ikastolako irakasle guztiak etorriko zirela hona, haurren tripako minak-eta kentzeko, baina ez, ez dira etorri. Kar, kar… Reikia bikaina da haurren tripako mina kentzeko”.
 

'Dantzaria'

“Dantzaria naiz! Ibili izan naiz Baionan, Arrangoitzen, Miarritzen, Angelun… Pentsatzen dut hamar urtez toki batean egonda, aski dela. Hamar urtez toki berean, aspertua nintzen. Aldatu behar da mundu honetan. Aldatzen zara etxez, edo gizonez, edo tokiz. Kar, kar… Ez da posible berdin egotea 40 urtez. Aldatu behar da bizia”.

Ama

“Politikaren gainean, adibidez, oso ikuspegi zabala zuen. Biziki feminista zen. Amak erraten zuen gerlaren ondoko aferengatik ezkondu zela. Egun batez, artikulu bat azaldu zen orduko El Diario Vasco-n, erranez nolako ama zen bere haurrak abandonatzen ahal zituen emakumea. Gure amak izugarrizko artikulu gogorra egin zuen kontra, erranez haur abandonatuen aitak nortzuk ziren segur jakiten ahal zela, eta sekula ez zela

erraten aitek zenbat haur abandonatu dituzten. Beste batean, beste artikulu bat irakurri zuelarik ‘¡Despiertate mujer!’ (Iratzar, emakumea!) zioena, erantzun zuen: ‘Nork iratzartu behar du mundu honetan? Emazteak, ala gizonak? Alargun bat biziki ongi arduratuko da bere haurrez. Gizon bat gelditzen bada haurrekin, ‘Gaixoa gizona!’ erranen dute. Nehork ez du erranen ‘Gaixoa ama!’. Nork iratzartu behar du mundu honetan?’. Oso pentsamendu ezezkoa zuen gizonekiko”.

 

Azken hitza: Erretreta

“2001ean Angeluko ikastolara joan nintzen lanera. Ikastola txipia zen, baina joan nintzenean jende pila etorri zen. 2007an erretreta hartu nuelarik, omenaldia jaso nuen Angeluko ikastolan. Biziki festa ederra egin zidaten, hainbesteraino, bidaia bat ordaindu zidaten Balira. Guraso batzuk hara joatekoak ziren, eta haiekin joan nintzen. Biziki ongi bukatu da garai hori”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Seaska
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


2023-12-19 | Leire Artola Arin
Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria
“Ezinezkoa da Beskoitzetik ikastola bat horrela kanporatzea”

Haserre mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beskoitzeko Herriko Etxeak astelehenean hartutako erabakiarekin. 51 haur dituen ikastolarekin hitzarmena eten du auzapezak, eta sei hilabeteren buruan debekatuta izango dute bertan eskolak ematea. Gurasoek harridura... [+]


2023-11-20 | ARGIA
Beskoitzeko ikastolaren alde ehunka euskaltzale bildu da

2.500 euskaltzale elkartu dira Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestaziora. Herriko etxeak ikastolaren eraikin berria egiteko eskariari jarritako trabak salatu dituzte eta Beskoitzeko ikastolako haurrei babesa eman diete.


Eguneraketa berriak daude