“Ditugun konbikzioak zalantzan jartzeko balio dezakete nobelek, ez tesiak egiteko”

  • 1990eko hamarkadan kale-borrokatik gertu ibili ondoren, giroz eta bizimoduz aldatu du Deklaratzekorik ez nobelako protagonistak eta Madrilgo Reina Sofía museoaren atarian aurkitzen dugu istorioaren hasieran. Beñat Sarasolaren lehen eleberriak euskal gatazka du eszenatoki, harreman pertsonalak ardatz, eta estilo bereziz kontatuta dago. Martxoaren 29an Donostiako Egia auzoan dagoen Azpi kultur elkartean egin diogu elkarrizketa hau, liburuaren jendaurreko aurkezpen estraofizialean.

Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku
Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku

Aurretik argitaratu dituzun lanen arrastoen bila ibili naiz zure lehenbiziko nobela honetan: Kaxa huts bat-en freskotasuna, Alea-ren apustu formala, prentsan idatzi dituzun artikuluen izaera polemikoa... Denetatik zerbait badagoela uste dut Deklaratzekorik ez-en, ez dakit ados zauden.

Freskotasunarena entzuteak pozten nau, ze horrek esan nahi du hain zaharra ez naizela. Formarena niretzat inportantea da, kontatzen dena baino askoz interesgarriagoa iruditzen zaidalako kontaera; eta alde horretatik ahalegin bat egon da, nahiz eta istorio bat ere badagoen eta suspentse-ukituak ere badituen momenturen batean. Gustatuko litzaidake harago joatea ere, alde formaletik oraindik gehiago egitea. Nik uste zer edo zer antzematen dela, badagoela ahalegin bat, baina lehenengo nobela denez gauza batzuetan kontserbadoreago jokatzen duzu agian. Gainera iruditzen zait inportantea dela kontamoldea egokitzea kontatzen duzun horretara, pertsonaia bat bere etxeko sofan dagoenean edo ertzainen karga baten ondoren korrika ari denean, ezin duzu kontamolde bera erabili, egoera oso diferentea delako. Egin dut ahalegina alde horretatik. Alegia, ez da formaren esperimentazio hutsa hala tokatzen delako, kontatzen ari zarenarekin lotuta baizik.

Polemikarena ez zait hainbeste gustatzen [barre egin du]. Igual kontrakoa irudi dezake, baina nik ez du halakorik bilatzen.

Liburuaren aurkezpenean azpimarratu zenuen hau fikziozko lana dela. “Fikzioaren irakurketa gero eta problematikoagoa den fase historiko batean gaude”, esan zenuen. Zer esan nahi duzu horrekin?

Aspalditik esaten da fikzioa krisian dagoela, hori esatea ez da izugarrizko nobedadea. Iruditzen zait fikzioa irakurtzeko modu bat dela, ez hainbeste testuek duten ezaugarri zehatz bat, baizik eta guk testu bat nola irakurtzen dugun. Eta irakurtzeko modu fikzional horrek azken hamarkadetan zailtasun handiak bizi ditu. Aztertu beharko litzateke zergatik, eta segur aski faktore asko egon daitezke; agian izan daiteke berehalakotasunagatik, testuak azkar ulertu behar ditugulako eta joera dugulako berehalako irakurketa batzuk egiteko. Gero, euskal literaturan bertan, saiakerak sekulako goraldia izan du; eta saiakera baten aurrean irakurleak duen jarrera eta fikzioaren aurrean duena oso desberdina da. Saiakeragile batek esaten duenean “halako iruditzen zait” gauza bat da; eta nobela bateko pertsonaia batek edo narratzaileak esaten duenean, beste bat. Beste mundu batez ari gara. Eta inpresioa daukat azken boladan halako irakurketa moral edo politiko erraz samarrak egiten direla fikzioaren inguruan. Noski, fikzioek eragin politikoak dituzte eta inplikazio moralak, baina uste dut badagoela joera irakurketa batzuk sinplifikatzeko. Horren aurrean azpimarratzen dut hau fikzioa dela, nahiz eta gero, segur aski, nobela irakurtzen duenari gauza batzuk gertukoak egingo zaizkion: Donostian girotuta dago; pertsonaiak ez du nire adina, bi edo hiru urte zaharragoa da, baina bueno, gauza batzuk identifikagarriak dira; eta hala ere, ez du esan nahi fikzioa ez denik.

Azken urteetan protagonismoa hartu duen fenomeno batek izan dezake zerikusirik? Autofikzioa bezalako generoek duela urte batzuk ez bezalako pisua dute orain.

Egia da oso modan jarri direla fikziotik aldentzera edo errealitate moduko batera hurbiltzen diren idazleak. Eta aitortzen dut autofikzioa egin duten idazle asko maite ditudala, W.G. Sebald edo Enrique Vila-Matas adibidez garai batean asko irakurri nituen. Baina azken urteetan modako etiketa bihurtu da eta badago halako joera bat, nire ustez, errazkeriaz edozeri nobela deitzeko. Pentsatzea hogeita gutxirekin edo hogeita hamar urterekin bizi izan duzuna berez interesgarria dela norbaiti kontatzeko, inolako artifiziorik gabe. Eta hori da zure buruari estima handiegia edukitzea. Batzuetan irakurtzen ditut nobelak lanketa handirik gabe kontatuak; eta niretzat nobela eraikuntza bat da, eskatzen dizu beste zerbait, ez da urtetan idatzitako egunerokoa publikatzea bezain erraza.

“Inpresioa daukat azken boladan halako irakurketa moral edo politiko erraz samarrak egiten direla fikzioaren inguruan”

Lekuak eta egoerak identifikagarriak izan daitezkeela zenioen lehen. Eider Rodriguezek esandako zerbaitekin akordatu naiz: “Iruditzen zait egon dela euskal literaturan ihes egiteko joera bat: gureak bezalako izen-abizenak dituzten pertsonengandik, gu bezalako jendea bizi den herrietatik”. Ados zaude?

Ze urtetakoa da Eiderren esaldi hori?

Duela pare bat urtekoa, Bihotz handiegia aurkeztu eta gutxira Lander Arretxeak ARGIAn egin zion elkarrizketan esan zuen.

Inpresioa daukat, batzuek esaten dutenaren kontra, euskal literaturan gatazkaz edo errealitate politikoaz betidanik idatzi izan dela –1975etik gutxienez–. Egia da, hala ere, egon zela garai bat 1990eko hamarkadan eta 2000koaren hasieran beste mota bateko joerak nagusitu zirena, baina azken boladan egon dira liburu dezente gure inguruan kokatuta, gertukoak-edo izan daitezkeenak. Nire kasuan ere ahalegin hori badago. Adibidez, izenak aipatu dituzunez, protagonistak baditu hiru lagun, koadrila moduko bat. Hiru lagun horien izenak hautatzerakoan nire generazioan oso ohikoak direnak aukeratu nituen, Asier, Oier eta Unai. Eta gertatzen zitzaidan nahastu egiten nituela etengabe, zeren niretzat hirurak igualak ziren. Bati abizenez deitu diot azkenean, konturatzen nintzelako errebisioetan nahastu egiten nintzela [barre egin du].

Protagonistak bi bikote ditu. Haien izenekin ere berdin jokatu duzu?

Lucía da bat eta bestea Miren, eta nik uste izenarekin bakarrik ideia bat egin dezakezula haien jatorriaz. Gero, jakina, salbuespenak daude, baina idazleak horrekin jokatzen du, irakurlearen espektatibekin; eta horiek hausteko aprobetxatu dezakezu gainera. Baina izenak aukeratzea ez da kontu banala.

Dena den, hau ez da nobela errealista konbentzional bat ere. Narratzailearen ahotsak arreta deitzen du, posizio nahiko berezi batean dagoelako: protagonistaren alboan nolabait, baina batzuetan haren barne-kontzientzia ere bihurtzen da. Ahots hori sortzea buruhauste handia izan da?

Niretzat hori izan da inportanteena. Istorioa bera baino, ahots hori zen garrantzitsuena eta hori, gutxi gorabehera, banuen buruan; istorioa ere bai, bi planotan –1990eko hamarkada batetik eta 2009. urtea bestetik–, eta hasi nintzenean pisu handiagoa zuen 90eko hamarkadak, baina hortik saiatu nintzenean ez nuen asmatzen eta azkenean aldatu egin nuen istorioa eta eraman nuen gehiago 2009. urtera. Baina hori ez zen hain inportantea, ahotsa baizik. Azkenean narratzaile bat erabili dut hirugarren pertsonan kontatzen duena, baina protagonistaren ahotsarekin nahasten dena; eta jolas hori dago nobelan zehar, nolabait nahastea narratzailearen kanpoko ahotsa eta pertsonaia nagusiarena. Horregatik, batzuetan, anbiguoa suerta daiteke: “Zein ari da hau esaten?”. Hori bilatzen dut, irakurleak pertsonaiarekin duen hurbiltasuna edo hartzen duen distantzia zalantzan jartzea etengabe. Zeren pertsonaia ere, ez nuen nahi atsegina izan zedin; baina ezta gorrotagarria ere. Anbiguotasun hori narratzailearen bidez lor nezakeela uste nuen.

Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Foku

Euskal gatazkak zeharkatzen du liburua, baina ez nuke esango “euskal gatazkari buruzko” nobela denik.

Prentsaren aurrean egindako aurkezpenean aipatu nuen Espainiako idazle bat, Isaac Rosa. Badu liburu bat, Otra maldita novela sobre la Guerra Civil (Beste nobela madarikatu bat Gerra Zibilari buruz) eta pentsatu nuen nireaz baten batek esango zuela: “Beste nobela madarikatu bat euskal gatazkari buruz”. Gainera, gaztelaniazko bat famatua egin da eta badirudi hemen besterik ez dela idazten gai horretaz. Deklaratzekorik ez-en gatazka hor dago, nobelaren eszenatokia da, 90eko hamarkadan kokatuta dagoenez ingurune sozial batean hori tokatu zitzaigulako askori; eta horren aurrean pertsonaiek hartzen dituzte posizio ezberdinak. Eszenatoki latz horrek aukerak eman dizkit pertsonaien arteko gatazkak islatzeko. Baina gehiago interesatzen zaizkit pertsonaien arteko kontu horiek, protagonistak dituen dilema moralak, zalantzak, dituen segurtasunak, bere buruari kontatzen dizkion ipuinak... Horiek agerrarazteko material interesgarria da hemen bizi izan dugun historia, kontraesan, zalantza eta absurdo asko sortzen baitira. Baina hemen ez dago tesi bat gatazkaren inguruan, zorionez, esango nuke.

Zeharka Fernando Arambururen Patria aipatu duzunez, ni behintzat nahiko harrituta nago zenbait irakurlek nola bilatu duten hemen gertatu zenari buruzko egia fikziozko lan horretan. Garbi dago ez dela hori irakurleari proposatzen diozuna.

Ez, ez. Ez daukat inolako bokaziorik euskal gatazka konpontzeko, konpondu badaiteke, ezta horri buruzko tesi bat egiteko ere [barre egin du]. Gainera uste dut nobela batek ezin duela hori egin. Agian saiakera batek... Saiakeretan asko sinesten dutenek pentsatuko dute baietz. Baina nik uste dut nobelek gehiago balio dezaketela guk ditugun konbikzio asko zalantzan jartzeko; edo uste asko beste begirada batekin begiratzeko; edo ditugun kontakizunei ñabardurak egiteko... Eta hori bera ez da gutxi. Baina nobela bati ezin zaio beste zera hori eskatu. Adibidez, kontakizun batzuetan ikusten da, herri honetan biolentzia asko bizi izan ditugunez, konpentsazioak egiteko joera: alde bateko biolentzia jarri eta konpentsatzeko bestekoa ere sartzea. Baina nobela batean askoz egia literario potenteagoa lor dezakezu bakarrik biolentzia bat erakutsiz edo bakarrik bestea. Bi biolentziak lantzeak ez zaitu egiara gerturatzen. Literaturak beste bide batzuk egiten ditu eta ni ere horretan saiatu naiz, ez ezer esplikatzen. Pertsonaien jokamoldeak daude, beraien kontraesan guztiekin; eta irakurleak ikusiko du zer balorazio egiten duen.

Gatazkaren plano intimoa agertzen da, diskurtso handiak baino gehiago.

Tira, pertsonaiak nahiko diskurtso botatzen du momentu batzuetan ere. Baina bai, saiatu naiz pertsonaia nagusiak hori egiten duenean ere horren arrakala batzuk iradokitzen. Gehiago da gatazka horrek nola inpaktatzen duen pertsonaia, bai iraganean, bai orainean; eta iraganeko gauza batzuk jakin ahala oraineko kontakizuna ere aldatzen joaten da.

“Ez badugu arriskurik hartzen idazten dugunean, hobe dugu etxean geratzea”

Lagun batek beti aipatzen du gure hautu politikoak ze punturaino dauden eraginda politikoak ez diren kontuengatik eta uste dut nobela honetan hori ere nabaritzen dela: ze punturaino pertsonaiek jokatzen duten, ez konbikzio edo arrazoiketa politikoen ondorioz, baizik eta gertutasun, afektu edo desafektuengatik, momentu batean leku batean kokatze horren ondorioz. Eta posizio horiek momentu batzuetan zalantzan jartzen dira edo hankaz gora doaz. Horretaz guztiaz hitz egin nahi nuen, nola egoera gatazkatsu batean pertsonaiak hor dabiltzan, deriban, ahal dutena egiten.

Gai nahiko sakonak aipatzen ari gara, baina nobela dibertigarria ere bada zenbait unetan, irribarre gaizto batekin irakurtzekoa. Kontrapuntua bilatzeko egin duzu?

Ez, hori berez ateratzen zait, neurtu egin behar izan dut, ez nuelako satira bat egin nahi. Kasu honetan ondo etortzen zait gertatzen dena gatazkatsua eta tragikoa izatea, kontrapuntu hori bilatzeko. Baina nire burua frenatu behar dut, zeren bestela narratzaileak esan beharko ez lituzkeen gauzak esaten ditu oharkabean; eta gainera kontu zaila da umorearena, zeren gauza bati nondik begiratzen zaion, umorezkoa izan daiteke edo groteskoa. Eta garaiarekin ere aldatu egiten da: aurreko batean Bernardo Atxagaren Obabakoak-eko testu batekin ari ginen klasean eta badago parte bat nahiko umore beltzekoa. Batzuek esaten zuten gaur egun hori ez zela argitaratuko, agertzen delako emakumeen aurkako biolentzia, umore beltzetik. Eta pentsa, Obabakoak da, denok irakurri dugu. Umoreak baditu bere arriskuak. Baina ez badugu arriskurik hartzen idazten dugunean edo sortzen dugunean, hobe dugu etxean geratzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2025-05-13 | ARGIA
Aurelia Arkotxa omenduko du aurtengoan Ziburuko Azokak

Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]


2025-05-07 | Iñigo Satrustegi
Jon Miranderekin dantzan I
Nor zen Jon Mirande?

Miresmen adina gaitzespen sortzen duen pertsonaia da, oraindik ere, Jon Mirande, hura hil eta 50 urte pasatxora. Karrikiri elkarteak eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak (IHEO) Jon Miranderekin dantzan izeneko jardunaldiak antolatu dituzte idazlearen jaiotzaren 100... [+]


Arnaut Oihernart
‘O.ten gaztaroa neurtitzetan’: nehor ere hura bezi

Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]


2025-05-07 | Iñigo Satrustegi
Jon Miranderekin dantzan II
Zer egin Jon Miranderekin?

Aurreko tertuliako galderari erantzuteko beste modu bat izan zitekeen, akaso modu inplizituago batean, bigarren solasaldi honetako izenburua. Figura literarioaz gaindi, pertsonaia zalantzan jartzeko, edo, kontrara, pertsonaiaren testuingurua ulertzeko saiakera bat. Santi... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Amaia Alvarez Uria
“Euskal literaturaren sisteman eztabaida piztu nahi du ‘Zuzi iraxegia’-k”

Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


“Badaude diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak, gutxienez eskatzen dutenak Debako liburutegian ikerketa bat aurrera eramatea”

Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]


Pippi Kaltzaluzek 80 urte bete ditu, beti bezain iraultzaile

Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]


“Umeak ez dira ongi etorriak Debako udal liburutegian”

2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur liburutegian egotea, eta 2-6 urtekoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute egon. Hogei urtez horrela funtzionatu duen ageriko diskriminazioa buka dadila eskatzeko ama talde bat elkartu denean, ezetz erantzun die udal gobernuak... [+]


Miranderi buruzko zikloa abiatuko dute Iruñean, bere obraz eta figuraz gogoetatzeko

Astelehen honetan hasita, astebetez, Jon Miranderen obra izango dute aztergai: besteren artean, Mirande nor zen argitzeaz eta errepasatzeaz gain, bere figurarekin zer egin hausnartuko dute, polemikoak baitira bere hainbat adierazpen eta testu.


'Literatura Plazara'
“Adinka sailkatzen den mundua da literatura, eta guk partekatu egin nahi dugu”

Martxoaren 17an hasi eta hila bukatu bitartean, Literatura Plazara jaialdia egingo da Oiartzunen. Hirugarren urtez antolatu du egitasmoa 1545 argitaletxeak, bigarrenez bi asteko formatuan. "Literaturak plaza hartzea nahi dugu, partekatzen dugun zaletasuna ageri-agerian... [+]


Itxaro Borda
“Gure norabide sexualen, ezinegonen eta beldurren erraiteko hiztegi bat sortu dugu”

1984an ‘Bizitza Nola Badoan’ lehen poema liburua (Maiatz) argitaratu zuenetik hainbat poema-liburu, narrazio eta eleberri argitaratu ditu Itxaro Borda idazleak. 2024an argitaratu zuen azken lana, ‘Itzalen tektonika’ (SUSA), eta egunero zutabea idazten du... [+]


Eguneraketa berriak daude