Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

  • Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien "espazio ireki bat" izatean datza.


2025eko apirilaren 23an - 12:21
2023ko Sarako Biltzarraren 40. edizioko argazki bat. Sarako Biltzarra
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kazeta hedabidearekin hitz egin dute Jean-Michel Garat Biltzarraren lehendakariak eta Maider Elcano koordinatzaileak. Garatek nabarmendu du, urte batetik bestera "zifrak lehertzen" ez badira ere, urtez urte aregoatzen ari dela Biltzarrera bertaratzen diren irakurle kopurua. Euskarazko liburuak aurkeztea "errazagoa" delako gertatzen da hori lehendakariaren ustez, euskarazko argitaletxeak ugariagoak baitira egun. Garai batean liburuak argitaratzea "konplikatua" zela adierazi du Garatek, eta argitaratuz gero "keinu politiko" gisa ikusten zela: "ETAren gauzak zirela esaten zidaten askok".

Elcanok azpimarratu du aurtengo edizioan egitaraua "aberastu" dutela. Ekintza sorta anitzeko bi egunez gozatzeko aukera izan dute Sarako Biltzarrera bertaratu diren irakurleek: igande arratsaldean Chouer Bayonne Pays Basque Bayonne abesbatzaren kantaldia izan bazuten ere, literaturantzeko tartea astelehen goizean hasi zen, goizetik arratsaldera egin zuten liburu azokarekin. Tartean, hainbat liburu aurkezpen eta mahai-inguru izan zituzten; esaterako, aurkezpen gelan Euskaltzaindiaren kide eta idazle Itxaro Bordak hartu zuen hitza, eta berarekin batera egon ziren Joseba Sarrionandia, Jabier Kaltzakorta eta Battittu Coyos, bakoitza liburu bana aurkezten.

Horrez gain, astelehenean Sarako Mediatekak haurrentzako txokoa ezarri zuen herrian, eta bertan txikienek ikuskizunak ikusteko nahiz tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten. Josiane Aguerre Valenciaren tailerra izan zuten goizean, eta arratsaldean Pontx pailazoaren ikuskizuna. Biltzarrari amaiera emateko, asteartean "egun profesionala" antolatu dute Euskal kultur erakundeak, Bilketa sareak, Sarako Biltzarrak eta Biblio64 Departamenduko liburutegiak. Euskal emigrazioa Ameriketara: bizirik dagoen historia gaia hizpide izanik, solasaldiak eta tailerrak izan dituzte egunean zehar, baita euskaldunen aztarnak munduan erakusketan bisita gidatu bat ere.

"Ezinbesteko hitzordua"

Garatek uste du "ezinbesteko hitzordua" bihurtu dela Sarako Idazleen Biltzarra, "kulturalki pisua" duen zubia: "Maiz gertatzen da idazleek Biltzarrean haien liburuaren lehen aurkezpena egin nahi dutela. Niretzat hori bikaina da". Elcanok nabarmendu du liburu azokekin "dinamika polita" sortu dela Ipar Euskal Herrian: "Azoka bakoitzak bere berezitasunak ditu, bakoitzak bere nortasuna du eta elkar osatzen gara".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sarako Biltzarra
2024-03-22 | ARGIA
Ipar Euskal Herriko historia izango da ardatzetako bat Sarako Idazleen Biltzarrean

Apirilaren 1ean eta 2an egingo da Idazleen Biltzarraren 41. edizioa Saran. Liburu aurkezpenek, erakusketek, irakurketa musikatuek eta kontzertuek hartuko dute protagonismoa. Egun profesionalean, Ipar Euskal Herriko historia jaso duten argitalpenak eta historialariak izango dira... [+]


Eguneraketa berriak daude