"Beti egon gara bertso munduaz gauza onak esaten, lotsatu gara txarrak kontatzeaz"

  • Onintza Enbeita ibilia da, besteak beste, bertsotan, idatzizko prentsan, telebistan, politikan eta baratzean. Berari galdetuta, ordea, jardun bat nabarmendu du besteen gainetik: batez ere “bertsolari” sentitzen dela esan digu, eta gehitu du “emakume bertsolaria” dela. Zergatik hala zehaztu? Bada “mundu binario honetan emakume izateak baldintzatu duelako nire bertsolaritza eta seguru asko egin dudan guztia”.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Onintza Enbeita Maguregi (1979, Muxika)

Bertsolaria, Bizkaiko egungo txapelduna. Formazioz kazetaria da, eta jardun horretan ibili da, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-n. Telebistan ere egin du lan. Gaur egun, Gure doinuak izeneko saioa aurkezten du. Agroekologiako ikasketak egin ditu. Zutabea idazten du egunero Berria egunkarian. 2012tik 2016ra bitarte diputatu aritu zen Espainiako Gorteetan, EH Bildu alderdiaren eskutik.

Gauza bat aitortuko dizut: aspalditik egin nahi nizun elkarrizketa. 2016ko abendutik, hain justu ere. Espainiako Diputatuen Kongresuan egon zinen lau urtez, EH Bildu alderdiaren ordezkari gisa, eta bertan izandako esperientziaz hitz egin zenuen Feministaldia jaialdian. Horretaz galdetu nahi dizut lehenik eta behin, eta hasieratik hasi nahi nuke.Nola iritsi zinen Madrilera?

Beti izan naiz ezker abertzaleko militantea, eta zalantza eta kontraesan asko neuzkan arren, ea Madrilera joan behar genuen ala ez, egoera sortu zenean, joan egin nintzen. Dimisio baten ondorioz suertatu zen hura, eta ni, 32 urteko emakume gazte bat, hara joan nintzen 50 eta piko urteko gizon heldu bat ordezkatzera. Lehen bizpahiru hilabeteetan mezu garbi bat iritsi zitzaidan gizartearen partetik: ez pentsatu edonor ordezkatuko duzunik. Eta hor hasi nintzen kontzientzia hartzen denari buruz, eta hasi zitzaidan sumendi oso bat lehertzen.

Jarraitu egin zenuen, hala ere.

Inkontzientzia absolutuz heldu nintzen Madrilera, eta gustatzen zait inkontzientziaz eta kontzientziaz berba egitea, zeren, jakin barik egiten dituzunean gauzak, jakin barik sartzen zarenean otsoaren kobazulora, inkontzientzia da, baina otsoa han dagoela jakinda sartzen zarenean, ausardia da. Plazetan ere hala hasi ginen, inkontzienteki, eta kontzientzia hartu genuenean ere jarraitu genuenez, hor bihurtu ginen ausart. Politikan berdin. Kongresuko lehenengo lau hilabeteetan beldur handia pasa eta konplexu asko izan ostean, ariketa bat egin nuen ahalduntzeko, eta diskurtso propio bat garatzeko, eta aguantatu nuen hiru urte eta erdi. Gero kanpaina politiko bat egiteko baietz esan nuen. Hor ere ausarta izan nintzela uste dut.

Nola deskribatuko zenuke kongresua eta, oro har, politika?

Iruditu zitzaidan politika kristoren oihana dela. Oihan horretan presidentea ez da agintzen duen bakarra, hori da nire desilusiorik handiena. Kongresutik kanpo, Eusko Jaurlaritzako parlamentutik kanpo, atsekabetzekoa da zenbat botere faktiko dauden, guk ez ditugunak bozkatu eta gure gainetik erabakiak hartzen dituztenak. Bestalde, fribolitatea izugarria da. Oso samingarria da jakitea aurrekontuak onartu direla ez dakit nork erabaki duelako ez dakit zer konpetentzia komeni zaigula, konpetentzien estatutu hori lege organikoa denean eta aspalditik beteta egon behar lukeenean. Oso mingarria da, zeren gure egunerokotasunarekin jolasten dute. Kongresuan ez dago benetan hain haserre handirik, ez hain diferentzia handirik, zeren gero kafetegian denak oso lagunak dira.

Nola eraman zenuen hori?

Niretzat oso gogorra zen, mikrofonora irten eta mundu guztiak gainera salto egitea, iraintzea, txistu jotzea, eta ondoren kafetegira joan eta denek ezer pasako ez balitz bezala egitea. Ezin nuen eraman. Jende horrek gure bizitza izorratzen du eta gainera iraindu egiten gaituzte gauza logikoak proposatzera gatozenean, eta gero pentsatzen dute gainera beren lagunak izango garela kafetegian? Ez zait interesatzen, ni hara ez nintzen joan lagunak egitera. Jarrera hori hartzea izan zen ahalduntze prozesu bat: ni ez naiz hona etorri lagunak egitera, etxera bueltatuko naiz lehen neuzkan lagun berekin, baina behintzat esango dizuet hau eta hau, esango dizuet zuek torturatu egin duzuela, zuek lortu duzuela jende pila bat errepideetan hiltzea, zuek lortu duzuela jende pila bat gosez hiltzea, hilabete amaiera ez heltzea…

Momentu ederrak eskaini zenizkigun.

Gauza on asko gertatu ziren, noski, bizitzan dena ez da tragedia. Niretzat badago detaile bat oso polita eta asko laburbiltzen du gure hango esperientzia. “En mi coño y en mi moño mando yo” famatu haren hurrengo egunean, nire bulegoan nengoen lasai-lasai. Garbitzaileak egunero pasatzen ziren handik papera eta plastikoa batzera eta bazegoen emakume heldu bat, 60 urte ingurukoa, egun hartan sartu zen nire bulegora, isil-isilik zarratu zuen atea barrutik eta esan zidan sekulako obarioak nituela, ederra egin nuela aurreko egunean eta musuak-eta eman zizkidan. Orduantxe pentsatu nuen: begira, akaso hemen ez dugu ezer lortuko, hemen gehiengo osoa dauka PPk, baina honek balio dit, 60 urteko emakumea hemen garbitzen ari da, dagoen klasismoarekin, katearen azkenengo begia izango da kongresuan. Bada, atzokoak berari eman badio indarra kalera irteteko eta beste gauza batzuetarako, eta bera eta ni gauza askotan borroka berean egongo garela sentitzeko, pozik geratzen naiz.

"Otsoaren kobazulora jakin barik sartzea inkontzientzia da, otsoa han dagoela jakinda sartzea ausardia"

Artean Madrilen zinela, hurrengo legegintzaldiko hauteskunde-kanpainan parte hartu zenuen, senaturako hautagai.

Kanpaina horretan emakume bi jarri gintuzten zerrendaburu Bizkaian, bai senaturako bai kongresurako. Hori ez genuen guk erabaki, hori erabaki zuten militanteek, hori erabaki zen herri batzarretan eta hori erabaki zuen EH Bilduk. Baina gero erabaki hori ez zen hartu behar zen segurtasunarekin, harreman asko joan ziren apurtzen, eta husten joan zen dena, etxera etorri arte. Uste dut apustuak egin eta apustuei eusten ez dela asmatzen herri honetan, batez ere emakumeen kasuan. Diskurtso ofizialetik zerbait desberdina usaintzen bada mehatxutzat hartzen da, eta hori uste dut akats handia dela, eta lan asko daukagula egiteko. Momentu honetan badakit ez nintzatekeela Madrilera bueltatuko, baina nik segitzen dut lehen bozkatzen nuen alderdia bozkatzen eta segitzen dut nire herrian parte hartzen gauza askotan.

Feministaldiko hitzaldi hartan aipatu zenuen beste kontu bat: komunikabideen tratamendua eta gutxiespena.

Madrilgo lau urteetan egindako elkarrizketak errepasatu eta gauza askorekin konturatzen nintzen. Adibidez, ez zait oso normala iruditzen zenbat aldiz erantzun behar izan nuen ea Rocío Juradoren fana nintzen. Nik zer musika entzuten dudan, edukiko du norbaitek kuriositatea horretaz, baina Madrilen eskumak dauka gehiengo osoa, han gaude alderdi bateko zazpi euskal herritar, beste alderdi bateko beste bost, saiatzen gara diskurtso batzuk lantzen, mozioak egiten, Euskal Herriko errealitatea mahai gainean jartzen, eta zuri ardura dizun bakarra da ea nik Rocío Jurado entzuten dudan ala ez? Iruditzen zait momentu konkretu batean errespetu falta bat, eta hori ez da gertatzen gizonezko abokatu edo ingeniariak sartzen direnean politikan. Uste dut nire kasuan faktore asko egon zirela: ni nintzen emakume gazte bat, eta nintzen bertsolaria. Hor ikusten da euskal kultura zer gutxietsia dagoen, –gure komunikabideak tartean–, zer konplexu dagoen gure kulturarekiko.

Argazkia: Dani Blanco.

Gatozen orain bertsolaritzara. Hilabete eskas da Kontrako eztarritik liburua argitaratu zela. Uxue Alberdik sinatu du lana, baina lan kolektiboa da hein batean, hamabost emakume bertsolariren testigantzak bildu baititu; tartean, zeurea. Emakume gisa irakurria izateak plazetan nola eragin dizuen eta nolako zapalkuntzak bizi izan dituzuen kontatu duzue. Ez da irakurraldi samurra.

Zuk hartzen duzu liburua eta atsekabetzekoa da. Nik neuk jartzen ditut ilaran 24 urtetan gertatu zaizkidan gauza “txarrak”, eta esaten dut: “Nik zelan ez dut hemendik arineketan eskapatu? Nik zelan aguantatu dut hau dena?”. Bertsolaritzak badauka onetik, jakina. Orain arte beti egon gara gauza onak esaten, zeren lotsatu egin gara txarrak kontatzeaz. Baina andreak plazara irten garenean eta bertsoaren gozamena ukitu dugunean, ederto sufriarazi digute. Ni prest nago liburuaren orri hau pasatzeko, sufrimendua pasatzeko, baina, lehenengo, kontatuko dugu zer gertatu den, ezin dugu egin ezer gertatu ez balitz bezala.

Zergatik?

Zergatik nahi ditugu altxamendu militarraren osteko gorpuak lurpetik atera? Familiak lasaitzeko bakarrik? Ez. Egin behar da ariketa kolektibo bat eta argitu behar da zer gertatu zen, nork egin zuen eta zergatik. Bada, hau berdina da. Hemendik aurrera dena ondo joatea nahi badugu, jakin egin behar dugu denok zer gertatu den orain arte. Nik ez dut kontatu dudana kontatu jendeak pentsa dezan, “gaixoa Onintza, zenbat sufritu duen”. Konklusio horrek ez dit balio. Nik kontatu dut kontatu dudana gauza bategatik bakarrik: identifikatzeko zapalkuntza horiek, ikusteko denon bizitzetan egon direla, eta neskei eta emakumeei adierazteko gauza horiek ez zaizkizula gertatzen tuntuna zarelako, ez besteak baino zatarragoa zarelako, ez ederragoa zarelako, ez argalagoa zarelako, ez lodiagoa zarelako, baizik eta gizarte matxistan bizi garelako, patriarkatuak agintzen duelako…

Emakume bertsolari batzuek adierazi dute haiek ez direla hala sentitu.

Oso ondo iruditzen zait. Nik ez diot inori inposatuko nire esperientzia, baina inork ez dit ukatuko nirea.

Izen-abizenez sinatu dituzue testigantzak, baina ez duzue hatzaz inor seinalatu.

Niri ez dit ardura batek edo besteak esan edo egin duen, edo sentiarazi nauen. Azkenean, zer gertatu da? Bada, pribilegio egoeran dagoen klase batek, gizonen klaseak, gure gainetik dagoela pentsatu duela momentu batean, inkontzienteki edo kontzienteki, eta horren ondorioz eduki dutela jokatzeko modu bat. Berdin dit nor izan den, aita, aitaita, lehengusua edo osaba, zeren haietako edozein izan daiteke, eta nik uste dut beharrezkoa zela ariketa hori egitea.

Orduan pozik zaude liburuaren emaitzarekin?

Bai, oso ariketa ona izan dela uste dut. Batetik, beldurra galdu dugu sentitu dugun dena esateko, eta beste alde batetik, ikusten dut gaur egun 16-17-18 urterekin neska batek salto egiten duenean plazara, ideologikoki ez dagoela ni nengoen lekuan, askoz aurrerago baizik.

Honetan guztian, Bizkaiko txapela irabazi duzu. Zorionak.

Eskerrik asko.

Txapela, eta makila. Zer izan da zuretzat?

Espero ez nuen momentu batean etorri da. Pentsatzen nuen nire azken txapelketa izango zela. Azaroaren 1etik abenduaren 15era arte ariketa mental bat egin nuen, eta nire buruari esan nion: 2019an 40 urte egin behar ditut, 18 urtetatik parte hartu dut txapelketan, nahikoa da. Bizkaiko txapela ez du andre batek inoiz irabazi, baina etorriko da Nerea [Ibarzabal], etorriko da Miren [Amuriza], etorriko da Jone [Uria], edo etorriko da beste bat, eta irabaziko du, eta ni egongo naiz publikoan haiek babesteko, eta ez da ezer pasatuko. Eta halako batean ikusi nuen txapela nire buruan. Poza sentitu nuen, pentsatu nuen: lortu dugu, Bizkaian ere andre baten eskuetan dago makila, eta sinbolikoki hegemonia hori andre guztien eskuetara pasatzen da. Ez da bakarrik azkenengo lau finaletan lau andre heldu garela finalera; ez, gainera, irabazteko kapaz gara. Honaino heldu gara eta merezi dugun lekuan gaude. Sentsazio hori izugarria da.

Hain justu ere, txapela irabazi eta biharamunean azpimarratu zenuen hura garaipen kolektiboa zela. Askok salatzen dute, ordea, badagoela halako joera bat emakume denak zaku berean sartzeko. Zer uste duzu horretaz?

Nik irabazi dut txapela, jakina. Meritua norberarena da, norberak sartu ditu orduak eta norberak eduki du egun ona edo kontzentrazio egokia, horren dudarik ez dago. Beste gauza bat ere esan nahi dut: elkarrizketetan esaten dugu txapela dela norbere ibilbide osoaren emaitza, saria, bada ez, zeren txapela arratsalde batean irabazten da, edo galtzen da. Txapela hori da azkenean. Eta txapela nik irabazi nuen ondo egin nuelako bertsotan abenduaren 15ean, eta ez dauka beste bueltarik. Jakina, bertsotan hasten garenean, gizonak diren moduan beren buruen ordezkari, gu ere gara gure buruaren ordezkari, duda barik, eta hori aldarrikatu behar da eta azpimarratu behar da, eta horrela izan behar du: ez gara zaku homogeneo bat, gara banakako oso heterogeneoak, oso anitzak. Baina uste dut borroka kolektibo bat egin dugula plazan egoteko eta zilegitasuna lortzeko, uste dut bide bat urratu dugula, eta nik ez ditut ahaztu nahi bide hori urratu dutenak. Adibidez,1986ko Euskal Herriko txapelketan Kristina Mardaras aurkeztu ez balitz, beharbada Maialen [Lujanbio] edo Iratxe [Ibarra] edo ez dakit nor izango zen Euskal Herriko txapelketara joan zen lehenengo emakumea, hortik hamabost urtera, eta orduan bidea askoz ere atzerago edukiko genuen gure prozesu honetan. Bide hori aldarrikatzen dut, ez denak zaku berean egotea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude