Emakumeak borrokan
Debako Arte Eskola

Mitotik zerbait berria eraiki

  • Debako Arte Eskola itxi dute. 1970ean sortu zuen Jorge Oteizak bere programa kultural eta politikoa martxan jartzeko, baina ez zitzaion esperimentua ondo atera. 80ko hamarkada hasieran bigarren fase bati ekin zion, iazko abenduan udalbatzak ixtea onartu zuen arte. Arte Eskola Bizirik plataformak jardunaldi batzuk antolatu ditu martxoaren 23an, itxiera salatzeko eta aurrerantzean Arte Eskolak hartu behar lukeen norabidea birpentsatzeko.

Kepa Matxain @kmatxain
2019ko martxoaren 24a
Debako Arte Eskolaren etorkizuna irudikatzeko jardunaldiak antolatu dituzte martxoaren 23an (argazkia: Dani Blanco).
Debako Arte Eskolaren etorkizuna irudikatzeko jardunaldiak antolatu dituzte martxoaren 23an (argazkia: Dani Blanco).

Artea gizaki berri bat sortzeko tresna zen Jorge Oteizarentzat. Eta misio horretan, sekulako garrantzia ematen zion hezkuntzari. 50eko hamarkadarako hasi zen euskal artistak hezteko Estetika Konparatuko Zentro bat sortu nahian, baina, frankismo betean, ez zen samurra halako zerbait eraikitzeko beharrezko diru partidak eskuratzea. Azkenerako, bi hamarkadaren ostean, haizeak alde jo zion Deban. Han zegoen Jose Manuel Ostolaza “indianoaren” ondarea kudeatzen zuen elkartea, egun Kultur Elkartea deitzen diotena. Haiek emandako sosei esker –eta Debako Udalak lagunduta–, 1970ean sortu zuen Debako Arte Eskola, bere programa kultural eta politikoa martxan jartzeko tokia.

Oteizak ez zuen artearen inguruko pedagogiarik egin nahi. Kontua ez zen jendeari artea erakustea, jendea artistikoki heztea baizik. Ez zen asmo txikia: funtsean, herri bat eraberritu nahi zuen artearen hezkuntza moderno eta berritzaile batetik abiatuta, eta Deba hautatu zuen horretarako –edo Debak hautatu zuen bera–. Kontua da Oteizaren urte luzetako burutazioak gauzatu zirela. Esperimentuaren lehen urteetan puntako artistek eman zituzten eskolak, besteak beste, Agustin Ibarrolak, Remigio Mendiburuk, Jose Antonio Sistiagak, Jose Luis Zumetak, Koldo Azpiazuk, Eduardo Txillidak edota Oteizak berak. Izugarrizko eztanda sortu zuen garaiko panorama artistikoan. Hedabideek ere jarraipen zabala egin zieten bertan antolatzen zituzten ekintzei, jardunaldiei eta erakusketei. Baina egun egiten diren Oteizaren atzera-begirakoetan Debako kapituluak tokirik apenas badu, ez da kasualitatea. Ohartzerako hasi ziren fundatzaileen arteko desadostasunak eta liskarrak, izan hezkuntza planteamenduei buruzkoak, izan afera pertsonalak. Oteizak bizpahiru urteren buruan egin zuen hanka handik, eskolarekin zerikusia zuen guztia haizea hartzera bidalita. Bera izan zen berak sortutako eskolaren lehen boikotatzailea.    

Juan Luis Baroja Collet:  
"Eskola hau ez da sekula ofiziala izan, eta azken urteotan etorri dira arte munduan interesa zeukaten langabeak eta jubilatuak. Oso garai polita izan da"

Oteizak alde eginda ere eskolak martxan jarraitu zuen. Ez askorako, ordea. “Orduko jendearekin hitz eginez gero, guztiek diote ahaztuta daukatela zenbat iraun zuen aro utopiko hark. Hamarkada batez luzatu zela esaten da maiz, baina Kultur Elkartearen diru-laguntzak 1977an amaitu zirenez, pentsatzekoa da eskola orduan itxi zutela”, azaldu du Juan Luis Baroja Collet artistak. Proiektua kinka larrian zen. Eskolarena izandako eraikina hutsik izan zen urtebetez, eta inprimategi bat jarri zuten gero bertan. Panorama hartan, Luis Mari Illarramendi hasi zen ekinean, arte eskolak utzitako arrastotik zerbait berria sortu nahian. Aurrez, Illarramendik zeramika kurtsoak ematen zituen Debako ikastolan, eta Arte Eskolan ere aritu zen azken urteetan. Julio Caro Baroja, Eduardo Txillida edota Nestor Basterretxea izan zituen aholkulari, eta haren asmo sendoari esker ireki zituen ateak Debako Artisautza Eskolak 1983an. Lau oinarrizko ofizio erakusteari ekin zioten: zeramika, harlanketa eta zurlanketa, brontze fundizioa eta grabatu kalkografikoa.

Ordutik aritu da irakasle lanetan Baroja Collet eta, oroitzen duenez, urtero hogeita hamar ikasle inguruk ematen zuen izena garai haietan. Horietako bat izan zen Zuriñe Gredilla barakaldarra –1987tik 1990era–. Pintura zaletasunetik gerturatu zen, ikuspegi osatuago baten bila. Hiru urteko espezialitate bat hautatu behar eta, ordurako pintura kenduta zeukatenez, grabatua hautatu zuen. Bukatzean, aukera eman zioten hiru hilabetez beste espezialitate bat probatzeko, eta zur tailaketarekin hasi zen. Hura gustatuta, Eibarren jarraitu zuen ikasten, eta gero tailerra ireki zuen Deban. 20 urte pasatxo daramatza zurlanketatik bizitzen. Gredillaren antzera, zientoka igaro dira Debatik eskolaren bigarren bizialdiak iraun duen 37 urteetan. Azken urteetan, izen emateak nabarmen jaitsi ziren, ordea. “Lehen tituluak bost axola zuen, orain titulurik gabe ez zoaz inora”, dio Baroja Colletek. “Eskola hau ez da sekula ofiziala izan, eta azken urteotan etorri dira arte munduan interesa zeukaten langabeak eta jubilatuak. Oso garai polita izan da”.

Orain, bukatu da bigarren bizialdi hori ere. Debako Udalak eskola ixtea erabaki duenetik, egoera berezian dira Baroja Collet eta gainontzeko irakasleak. Kontratupean jarraitzen dute, baina klaserik eman gabe. Argazki goibela da egungo eskolarena: trastez betetako tailerrak geldirik, sabaiko zuloak inoren konponketen zain. Idazkariaren pauso hotsa soilik entzuten da Artzabal auzoko eraikinean, paper kontuak egitera gerturatzen baita oraindik. Gainontzean, stand by egoeran guztia, eta hitz oteiziar bat bertatik igaro direnen ahotan: hutsunea.

Sumina aukera bihurtu

Debarra da Nora Mugarza. Oso gaztetatik interesatu zaio arte mundua, baina Arte Eskolako afixak ikusten zituenean –hargintza edo zurgintza tailerretan izena ematera gonbidatuz– pentsatzen zuen: “Ondo dago, baina ez da niretzako”. Arte Ederrak ikastera joan zen Bilbora, pinturak zaleturik. Unibertsitatean, segituan baztertu zuen pintura, beste diziplina batzuk probatzeko: argazkilaritza, bideogintza, performancea… Bartzelonan masterra eginda, arte hezkuntzan dabil azkenaldian. Iazko udan itzuli zen Debara, eta itzuli bezain pronto hasi zen “SOS Arte Eskola” bezalako mezuak irakurtzen. “Penatu nintzen, behingoz Arte Eskolako tailerren batean izena emateko asmoa bainuen”. Gabonak aldera, Arte Eskola Bizirik plataformaren berri izan zuen, eta bileretara joaten hasi zen.

1970ean Jorge Oteizak sortua, Debako Arte Eskolak fase diferenteak bizi izan ditu historian eta egun itxita dago (argazkia: Dani Blanco).

Suminak batzen zituen hasieran plataformako kideak. “Hau ezin da onartu”, aipatzen zuten lehen bileretan. Pixkanaka, ordea, zer egin zezaketen pentsatzen hasi, eta ohartu ziren testuinguru hau aproposa izan daitekeela arte eskola zer izango den birpentsatzeko. Horretarako, ezinbestean itzultzen dira Oteizarengana. Baina ez nostalgiatik, begirada kritiko batetik baizik. Oteizaren belaunaldiaren mitoa berreskuratu nahi dute, inozokerian erori gabe. Aipatzen dutenez, belaunaldi haren mitifikazioan diskurtsoek eta sinboloek irabazi dute, eta erabat ahaztu dira teknikak. Teknikarik gabe, ordea, ez litzateke posible egungo arrakastarik. Gainera, Arte Eskolaren historian ezerk irautekotan, teknikak iraun du. Gertatu dena da, bidean galdu dela hasieran teknikei lotuta zegoen proposamena. Horregatik deitu zitzaion une batez Artisautza Eskola, ez zutelako jakin teknikei merezi duten balioa ematen. Zeren teknikak, denbora pasarako ez ezik, diskurtso batzuk mantentzeko ere ezinbestekoak baitira.

Ertz askotako begirada

Martxoaren 23an, larunbatez, egingo dituzten jardunaldietan eskolaren gaineko ertz askotako begirada plazaratu nahi dute eta horretarako, eskolarekin era bateko edo besteko lotura izan duten hizlariak gonbidatu dituzte. Bi zatitan bereizi dute eguna. Goizean, eskolaren historia errepasatuko dute begirada desberdinen bidez. Aurrena, historia laburbiltzen duen bideo proiekzio bat izango da. Gero, Baroja Colletek eta Gredillak diapositibaz lagundutako aurkezpen bat egingo dute, eta azkenik, Oteiza museoko zuzendari Gregorio Díaz Ereño arteak gizartea eraldatzeko duen gaitasunaz arituko da, Oteizaren begiradatik, beti ere. Bazkaltzeko etenaldiaren ondoren, aurrerantzean Arte Eskolak zertara jo dezakeen pentsatzen laguntzeko hiru proposamen ezagutaraziko dituzte. Koldobika Jauregik, eskolarekin izan duen harremana gogoratzeaz gain, bere museoa nola osatu duen azalduko du. Segidan, Azpeitiko Dinamoa proiektukoek ze oinarri pedagogiko eta helburu dituzten esplikatuko dute. Azkenik, Iñaki Uriarte arkitektoak Arte Eskolako eraikin zaharraren paisaia azterketa egingo du, eta Oteizaren eskultura bati –Agina mendiko Aita Donostiari– omenaldi bat eskainiko dio amaieran. 

“Lehen jardunaldiak” deitu diete hauei, aditzera eman nahian bezala gero etorriko direla bigarren batzuk, eta hirugarren batzuk, eta Arte Eskola zertan bihurtuko den erabakitzeko beharrezko diren gainerako guztiak. Argi daukaten bakarra da itxiera ez dela aukera bat. Hortik aurrera, izan bedi izan behar duena. Arte Eskola ez baita gauza bera izan historian barrena. Hain justu, horregatik da itxiera aukera on bat, jatorrizko espiritura itzuli eta norabide berri bat asmatzeko. Eta horretarako Oteiza erabil badaiteke, zergatik ez erabili?

Debako Arte Eskolaren kronograma

1969

Arte Eskola irekitzeko lehen elkarrizketak hasten ditu Jorge Oteizak.

1970

Otsaila: Jorge Oteizak arte eskolaren ezaugarriak zeintzuk izango diren biltzen ditu informe batean.

1970

Ekaina: Arte Eskolaren sortze-dokumentua sinatzen da.

1970-1977

Debako Arte Eskolaren lehen fasea.

1977

Arte Eskola ixten da, bertako kideen arteko desadostasunak medio.

1980-1983

Arte aplikatuen ikastaro batzuk ematen hasten dira.

1983-2018

Debako Arte Eskolaren bigarren fasea.

2018

Abendua: Arte Eskola ixtea erabakitzen du Debako Udalak. Arte Eskola Bizirik plataforma biltzen hasten da, itxieraren aurrean zer egin pentsatzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Artea  |  Deba  |  Kultur politikak

Artea kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude