Banbutza, oholtza

Asian berrogeitik gora solairuko etxe-orratzak egiteko banbuzko aldamioak eraikitzen dira. altzairuzko aldamioak zurrunegiak dira, eta austen errazak. banbuak, bere malgutasunari esker, alde ederrean eusten die haizete eta lurrikaren erasoei. argazkia: ar
Asian berrogeitik gora solairuko etxe-orratzak egiteko banbuzko aldamioak eraikitzen dira. altzairuzko aldamioak zurrunegiak dira, eta austen errazak. banbuak, bere malgutasunari esker, alde ederrean eusten die haizete eta lurrikaren erasoei. argazkia: arcus-global.com.

2019ko martxoaren 10an

Joan zen otsaila. Agur neguari eta ongi etorri udalehenari, bedatseari edo belartzeari. Polita belartzea, baina hurrengo baterako utziko diot bide horri. Egurretik tira nahi dut oraindik...

Lehengo batean Arantzazuko fatxada tzarraren istorioa zekarren Berria-k eta aspaldi ikusi gabeko imaginak berritu. Bi argazki: baga, Oteizaren apostoluak bide bazterrean botata egon zirenekoa, eta biga, landutako harri mokor horiek fatxadan ezartzeko lanak.

Oteizaren hutsunearen zulo beltzean ez naiz sartuko, mutu geratu beharko nuke eta. Aldamenekoak eman zidan atentzioa: aldamioak. Zurezko aldamioa zen, ohola oholari iltzatuz jasotako aldamioa. Horrexegatik esango zaio oholtza. Tokitan daude gaur egun ikusten ditugun kliki-klaka batean kendu eta jartzeko metalezko egitura horiek. Argazkian ez nuen zura ezagutzen eta aurreneko gauza aitona Jesus Mariri galdetzea: zer egurrekin egiten ziren garai bateko aldamioak? Ez alferrik zerraria izana da.  

Bere iritziz, Arantzazukoa bezalako aldamio gutxi egin izan da hemen. Gehienetan etxearen hormak altxa eta ondoren, barrukoa solairuz solairu osatzeko astoen gaineko aldamio mugikorrak erabili izan dira. Kanpoko horman konponketaren bat edo egin behar izanez gero, teilatu hegaletik soka bidez gora eta behera eragiten zitzaien aldamio zintzilikarioak erabiltzen ziren. Astoen gainekoak bezala, gorabeherako horietan erabiltzen ziren oholak insignis pinuzkoak omen ziren (Pinus radiata); zazpikoak, zazpi zentimetroko lodierakoak, alegia. Nire ustez, fatxadatako oholtza handi bakan horiek ere pinuzkoak izango dira.

Asia aldean aldamioak beste landare batekin egiteko ohitura handia da. Gaur egun ere berrogeitik gora solairuko etxe-orratzak egiteko banbuzko aldamioak eraikitzen dira. Ikaragarrizko artea dute horretan aritzen diren zurginek; ikasketa bereziak egin behar dituzte, eta lodi kobratzen omen dute. Diotenez, altzairuzko aldamioak zurrunegiak dira, eta austen errazak. Txinatar atsotitz batek hala dio: biguina delako, mingainak ematen du, hortza zurruna da eta hautsi egiten da. Banbuak, bere malgutasunari esker, alde ederrean eusten omen dio haizete baten edo lurrikara baten erasoari. Bestalde, eraikuntzari eman nahi zaion formara erraz egokitzen da, eta denbora erdian eraikitzen dute. Arazo nagusia iraupena da: hiru bat urte.

Geurean ere pardatarako edo makiletarako mozten diren kanaberak (Arundo donax) eta banbuek (Phyllostachys spp) antzeko iraupena dute. Hori bai, otsaileko ilgoran mozten dira. Joan berri dena bezala, etorriko da bai beste otsailik...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egurra eta zura
2019-03-03 | Jakoba Errekondo
Motatik lore

Zuretik ezpala baino gehiago sortzen da; besteak beste, esaerak... Baina esaerak hala dio: zuretik ezpala. Errotarriaren bira: hazitik landarea, landaretik hazia. Era askotara jaso dute atsotitz horren esanahia; horietako asko Gotzon Garatek. Prest gozamenerako?

Nolako zura,... [+]


2019-02-24 | Jakoba Errekondo
Galileoak, upel borobildua

Zura gogorrak, iraunkorrak, tentsio eta indar handiak jasan behar izango dituztenak, ilbehera hauetan botako dira, nioen lehengoan. Deskuiduan horrelako zuren bat eskuratzeko zuhaitzen bat moztekotan bazara, otsaileko ilbehera hilabetearekin amaituko da, eta egun horiexek dituzu... [+]


2019-02-17 | Jakoba Errekondo
Hurritza edo hurrondoa

Zuraren eta egurraren garaia izan ohi da negua. Gure kulturan erabiltzen diren gehienak neguan mozten dira. Zura gogorrak, iraunkorrak, tentsio eta indar handiak jasan behar izango dituztenak, ilbehera hauetan botako dira. Ilgoretakoak eta beste urte sasoi batzuetakoak izango... [+]


2018-06-10 | Jakoba Errekondo
Eskalapoin-aroa

Eguraldiaren kontuak amaitu dira; ura, ura eta ura. Zertaz hitz egin igogailuan edo autobusaren geltokian? Ez dago nobedaderik eta beste zerbaiti tiraka hasi behar kontu kontari. Eguraldi txarra omen den honen abantaila, pentsatu egin behar... Lokatza bueltatu da lurraren... [+]


Eguneraketa berriak daude