Benalla eskandalua, estatu afera

  • Alexandre Benalla telesail bateko pertsonaia nagusia izan zitekeen. Hain da ustekabeko pertsonaiez eta gertakizunez josia afera osoa. Tamalez, ez da fikzioa, errealitatea baizik. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hurbileko kolaboratzailea izandakoa, Gobernuaren baitan egon daitezkeen tratu eta joko zikinen ilustrazio ezin hobea da. Iazko Maiatzaren Leheneko Parisko manifestazioan, poliziaz jantzirik, hainbat herritar jipoitzen grabatu zuten, eta hor hasi zen askoz harago joana den eskandalua. Mediapart komunikabideak egin lan sakonari esker ari gara guztia deskubritzen. Dena xeheki azaldu digu Antton Rouget kazetariak, ikerketa burutzen ari dela.

Esparru gorenetan gordetakoa plazaratzen zabiltzate. Presidente, oligarka zein mafioso, beldurrik gabe edozertarako prest diren horiek izendatuz. Zugan ordea, zer leku du beldurrak?

Lanjerosa izan daitezkeen pertsona batzuei buruz ari gara lanean. Demagun, Alexandre Djourhi eta Alexandre Benallaren arteko loturak argitaratu ditugu. Djourhi ongi ezagutzen dugu Mediaparten, Sarkozyren presidentetzarako kanpainaren diruztatze libiarra bideratu zuen. Dosier horri doakionez, pertsona batzuk erailak izan dira, hilketa arraroak gertatu dira. Baina Mediaparten egoitzaren miaketa saiakeraren astea berezia izan arren, erran dezaket inkesta hau burutzen gabiltzanok ez dugula guretzat beldurrik sentitu. Kazetariok baino gehiago, iturri lanetan ari direnek dituzte arriskuak hartzen. Identifikatuak badira, horiek dituzte mehatxuak, dena galtzeko arriskua. Guk miaketa oztopatu dezakegu, iritzi publikoa mobilizatu. Prentsaurreko bat egin eta sekulako sostengua jaso dugu. Haatik, iturriak usu bakarrik dira.

Iazko Maiatzaren Leheneko manifestazioko irudi batzuk ditugu hastapenean, Le Monde-k uztailaren 18an plazaratuak. Bertan manifestari batzuk bortizki jotzen ageri da Benalla poliziaz mozorroturik.

Harrituta, zertan ari zen galdezka hasi ginen. Baina garaian ez genuen irudikatzen estatu arazo baten aitzinean ginenik. Gobernua ukitzen zuen gertakari soil bat besterik ez zela uste genuen. Macronen aurkariek galdera ugari jarri zituzten mahai gainean, Parlamentuan ikerketa-batzordeak daude eta hasieratik ohartu ginen omerta bat zegoela Benallak Eliseoan duen tokiaz. Nola da posible poliziaz mozorrotzea, manifestari bat jipoitzea eta zigorrik gabe Eliseoan jarraitzea? Laster ohartu ginen harrigarriki eta nehoiz ikusi izan ez bezala babesten duela presidenteak.

"Erantzule bakarra ni naiz, ni bakarrik" azalduz adierazten dio babesa Macronek.

Harreman berezia dago bien artean, ez da edozein kolaboratzaile. Benalla babesteko arrisku larriak hartzeko prest da presidentea. Aldi berean, Macronen hurbilekoak deseroso sentitu ditugu.

Ikertzen hastea erabaki zenuten.

Bai, babes hori ulertu nahian eta kolaboratzaile honen papera eta ibilbidea argitzeko asmoz abiatu ginen ikerketa lanetan.

Ezagutarazte zerrenda luzea hastera doa.

Irailean ezagutarazi genuen Benallak armak zeuzkala. Presidentetzarako kanpaina osoan egindako selfie batzuk plazaratu genituen, bertan ageri da arma bat eskutan, horretarako eskubiderik ukan ez arren. Maiatzaren Leheneko bortizkeriei buruzko inkesta judiziala bidean denean plazaratu genuen hori. Ikerketa nahasirik zegoen, disfuntzioak zeuden, Benallaren etxeko miaketa oso gaizki iragan zen. Apartamenduan zeukan kutxa gotor bat desagertarazi zuen eta Justiziak ez zuen bilatzeko hautua egiten. Otso beltz bat zegoenaren sentsazioa puztuz zihoan astez aste gure baitan. Abenduaren 27an jakinarazi genuen Benallak segitzen zuela afera pertsonaletarako bidaiatzen, Errepublikako presidentetzak zigilaturiko pasaporte diplomatiko bati esker. Estatu buruekin biltzen segitzen du, besteak beste Afrikan, dakigun bezala frantziar diplomaziaren ihizi eremu pribatua izaten segitzen duen kontinentean.

Afera pertsonaletarako bidaiatzen du ala Gobernuarentzako?

Hortan da galdera guztia. Badakigu joan izan dela hitzarmen batzuk izenpentzeko asmoz. Eliseoan ez den geroztik, pentsa dezakegu consulting arloan berregokitu dela. Baina Macronekin duen harremana argitu nahian ari gara. Badakigu loturak dituela presidentearen kolaboratzaile hurbil batzuekin, tartean Ismaël Emelien-ekin, Macronen aholkulari partikularra.

 

Azken afera potoloa: hitzarmen bat egin du Iskander Makhmudovekin, "Putinen soldadua" izenez ezaguna, multimiliarduna eta mafiosoa.

Estatuaren barnetik ere ohartarazi ziguten jarrera arraro batzuk zituela Benallak. Urtarrilaren 31n plazaratu genuen informazioa, agorrilaz geroz burutu inkesta edo ikerketa potolo baten emaitza. Oligarkarekin egindako hitzarmena berreskuratu genuen. Ekainean negoziatu zuen kontratua. Hots, Maiatzaren Leheneko bortizkeriak plazaratu aitzin eta Macronen kabineteko buruaren laguntzailea zenean. Noski, denei gorderiko hitzarmena zen. Froga gisa, hainbat grabaketa ditugu, besteak beste Vincent Crase adiskidearekin ukan solasak –bera ere Eliseoan egondakoa, bera ere Maiatzaren Leheneko bortizkerien harira auzipetua–. Bankuek edota autoritate judizialek ez kausitzeko gisan, kontratu honen gordetzeko beharraz ari dira. Eromena da, ez dugu sekula ukan presidentearen kolaboratzaile bat, astebururo harekin zegoena, honen sekretuez jakinean izan daitekeena eta defentsa sekretuaren ahalmena zeukana, horrela errusiar oligarka batekin kontratu bat izenpetzen. Ustelkeriaren aurkako auzitegiak ikerketa ireki du plazaratzeen biharamunean. Bistan da, susmoek hor segitzen dute, hitzarmen honek beste zerbait gorde dezake.

Argiratze hauez geroztik isilik da Gobernua.

Estatuaren gailurrean dugun disfuntzio batuketa hau guztiz zorabiagarria da. Maiatzaren Lehenean gertatutakoarekin ez kanporatua izana, paso. Baina, hainbeste ezagutarazte eginda ere, oraindik Macronek barkaberatasuna galdetzea? Bihozbera izatea eskatu dio Macronek Justiziari azaroan. Justiziaren instrumentalizazioa ikusten dugu. Gainera, Benallari emandako babesaz ez du sekula azalpenik eman nahi izan. Presidentetzak dio ez zirela kontratuaz jakinean, horrek erran nahi du uztailaz geroz ez dutela zaindu zertan zebilen, ez dutela inkestarik burutu. Are harrigarria da ikusiz Errusiaren esku sartzea dela Macronek duen obsesio bakarra. Kanpainan zehar hacking bat pairatu zuen eta Errusiatik zetorrela uste du. Errusiaren esku sartzea arriskutsua dela errepikatzen du goiz, eguerdi eta arrats, balitekeela errusiarrak egotea Jaka Horien gibelean, eta abar.

Mediapart hedabidearen egoitzaren miaketa saiakera duzue erantzun gisa.

Hau da ukan dugun erantzun bakarra. Inkesta publiko egiten dugu urtarrilaren 31n eta lau egun geroago, 11:15etan bi prokuradore eta hiru polizia ditugu atean, miaketa burutzera eta genituen soinu eta dokumentu guztiak errekuperatzera jinak.

 

Nola hartu duzue polizia eta prokuradoreen etorrera?

Hastapenean ez dugu ulertu, oneski, ez ginelako batere horren beha. Erredakzio bileratik ateratzen ginen, justuki solasaldi luze bat edukirik lehendakaritzaren desbideratze autoritarioez. Eta horra non irakurketaren ilustrazio ezin hobea dugula egoitzaren sarreran. Uste genuen errekisizio eskaera baterako zirela hor, plazaratu soinuen bila zetozela. Usu gertatzen zaigu eta baikorki erantzuten diegu, irakurleei emandakoa eskura utziz, ez gutxiago ez gehiago. Baina hor ez: "Gu ez gatoz horretarako, miaketa burutzera gatoz ". Erredakzio guztia batu, haien aurrean jarri eta sarrera blokeatu diegu.

Prentsa askatasunaren zangopilatzea.

Erabat eta ez dute disimulatzen. Bizitza pribatua kaltetzeagatik ireki dute inkesta. Noren bizitza pribatua? Jakinez gainera interes publikoa zeukaten soinuak ditugula plazaratu, frogatzen digute Benalla gezurretan ari zela Senatuaren aurrean zioelarik hitzarmen errusiar horrekin loturarik ez zuela. Salaketaren oinarrian nor den eskatu eta salaketarik ez dela erantzun digute. Hiru egun geroago deskubritzen dugu Lehen ministroak bidali gutun baten ondotik dutela iniziatiba hartu. Traketsa izateaz gain, eskandalagarria da: botereak berak Justiziari eskatzen dio botereaz ezagutarazteak egiten ari den komunikabidea ikertzeko. Gure iturriak ezagutu nahi dituzte. Ez dute lortu, baina badakigu horretan ari direla.

Zer islatzen du Macron-Benalla aferak zure gustuko?

Maila ezberdinak daude. Batetik, gure iturrien agortzeko nahikeri argia dago, ezagutarazteen bidea oztopatu nahi digute, afera behin betikoz isilarazteko. Uztailaz geroz Gobernuak errepikatzen digu Benalla afera "edalontzi batean dagoen ekaitza" dela. Baina argitzen ari gara "Benalla afera" baino, "Macron-Benalla afera" dugula. Horrezgain, desastre ikaragarria da iritzi publikoan. Dosier hau lehergailu bat da Macronentzat. Alta, ez du Benallarengandik bereizi nahi eta hori zaigu ulergaitza.

Jaka Horien testuinguruan guztia.

Bi elementu ditu mugimendu honek oinarrian. Noski, klase apal zein ertaina sufrikarioan dago, bizi maila ahulduz doa eta horrek du zartatze hau ekarri. Baina bestetik, eliteen inpunitatea ezin dute gehiago jasan. Benalla afera inpunitate horren ilustrazio hobeezina dugu eta anitzek diote haserre soziala piztu duen pindarra izan daitekeela.

 

Ezagutzen ez dutenentzat: ez da urte luzeetan bere lekua egin duen adineko gizon zuri boteretsu bat. 27 urteko gaztea dugu, abilezia eta zalutasun handiz piramide politikoaren gailurrera heldutakoa.

Urtarrilak 31n plazaratu soinuetan entzun dezakegu horretaz espantuka. Macronen kolaboratzaile den eta Benallarekin batera ikertua den Craseri esan zion: "Ohartzen al zara, 27 urterekin ari naizela boterea burdinbidetik jalgiarazten! Parlamentuko bi inkesta batzordeen oinarrian nauzula!". Ez da gain-diplomatua, bizkar-zain soil bat da, presidentearen konfiantza irabazi eta bere lekua Eliseoan inposatu duena. Hastapenetik diot egoeren dimentsio ugariak eta hauen konplexutasuna ulertzeko abilezia duela, badaki nola aitzinatu, nola saihestu eta nola pasa besteren gainetik.

Zein segida ikusten diozu aferari?

Uste dut hozka bat gainditu dutela Mediaparten miaketa saiakerarekin. "Ez zarete urrunago joanen" mezua dugu pauso horretan. Komunikabide independenteen, informatzeko askatasunaren eta geroz eta autoritarioagoa den boterearen arteko tentsioa elikatzen eta larriagotzen du afera honek. Guk noski segituko dugu, dakigulako kargualdi honetako afera dela. Benalla aferak bikain irudikatzen digu Macron presidentetzaren izaera. Plazaratzeekin segitu eta tentsioa areagotuko dela iduritzen zait. Gaur egun, editorialgile mainstream-ek ere diote adierazpenik ez badu egiten Macron ez dela zutik aterako. Kontua da Benalla babestu izanaren oinarrian arrazoiak daudela, hots, Benallak Macronentzat trabagarriak diren informazio batzuk dituela seguraski. Presidentetza paralizatua da 27 urteko gazte honengatik, baina partikularki, esku artean ukan ditzakeen informazioengatik.

Komunikabide independentea dugu Mediapart.

2008an sortua, garaian soilik Canard enchainé zegoelako erabat libre. Miliardun batzuen esku diren talde bakar batzuetan kontzentraturik dira Frantziako komunikabide gehienak eta handienak. Komunikabide independente eta askeen beharra hobeezin frogatzen digu Macron-Benalla aferak. Gaia uda guztian egon zen agenda mediatikoan, baina ondotik gaiez aldatu zuten. Guk, ordea, segitu egin genuen. Horrelako aferetan askoz gehiago egon behar genuke. Parean dugu estatu aparatua, estatu arrazoia. Kontzeptu horiek usu artifizialtzat joak dira, baina dosier horietan lan egiterakoan ohartzen gara nozio horien erran-nahiaz. Sekulako presioa dago eta aitzina segitu ahal izateko, beti errepikatzen diot ene buruari, egindakoa zinez beharrezkoa dela. Gaur egungo plazaratzeak ez dira scoop-ak justu scoop-ak ateratzeko logikan, botere macronista irudikatzeko balio diguten plazaratzeak dira.    

Azkenean, gauzak mugitu egin dira: Benalla preso sartu dute, hortik gutxira askatu eta inkesta batzordeak Eliseoaren joera gogor kritikatu du.

Une berean gertaturiko bi gertakizun dira. Estatuaren gailurrean dauden disfuntzioak kritikatu ditu txostenak eta beste behin presidentea babestea izan da erantzuna, Senatuak botereen arteko bereizketa zangopilatu duela deitoratuz. Kontra-botere izan daitezkeen komunikabideak, Justizia ala Senatuak behar ez den lekuan sudurra sartzen ari dela dute erantzun gisa aldi oro. Ezin sinetsizkoa da.

Antton Rouget kazetaria.

 


ASTEKARIA
2019ko martxoaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Gobernua
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


Elkarretaratzera eginen dute Baionan, Frantziako Ekonomia eta Etxebizitza ministroen bisitaren kari

Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Eguneraketa berriak daude