Pobrezia bukatzea Eusko Legebiltzarraren esku

  • “Ikusten genuen hazkunde ekonomikoko fase batean egonik ere pobrezia eta bazterketa gora doazela”, dio Eskubide Sozialen Kartako kide Bea Martxuetak. Honen aurrean, 2018ko martxoan abiatu zuten Babes Sozialeko Sistema Publiko eta Kalitatezko Baten Aldeko Herri Ekimen Legegilea (HEL) Gasteizko legebiltzarrean, eta urrian hura babesten duten 51.000 herritarren sinadurak aurkeztu zituen Kartak. Talde politikoek proposamena otsailean eztabaidatu eta bozkatuko dutela aurreikusten da. Hurrengo asteak, beraz, erabakigarriak izango dira ekimen herritarraren ibilbidearentzat (Nafarroako legebiltzarrak iragan urteko martxoan itxi zion bidea HELari).


2019ko urtarrilaren 27an
2018-02-23, Gasteiz. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka garatu duen Herri Ekimen Legegilea erregistratu zuen unea. Otsaila hasierako osoko bilkuran bozkatuko dute alderdiek lege bihurtzeko prozedura abiatu
2018-02-23, Gasteiz. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka garatu duen Herri Ekimen Legegilea erregistratu zuen unea. Otsaila hasierako osoko bilkuran bozkatuko dute alderdiek lege bihurtzeko prozedura abiatu edo ez. Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku.

Iñaki Uribarri Hernandez ekonomialaria da, eta 24 urte daramatza prestazio sozialen aholkularitza bulegoetan pertsonei arreta eskaintzen. Lehenbizi Gasteizko Txiroekin Bat Eginik plataformarekin, eta hori desagertuz geroztik Argilan-ESKn. Talaia ezin hobea, datu hotzen atzean ezkutatzen diren errealitate gordinak hurbiletik ezagutzeko.

1989an jaio zen gaur DSBE izenaz ezagutzen dugun prestazioa, garaian Gizarteratzeko Gutxieneko Diru Sarrera. Oro har 1989-2008 epealdia prestazio sozialak osatuen eta bermatuen egon diren garaiak lirateke Uribarriren ustetan, tartean onerako zein txarrerako izan ziren moldaketak egonik ere. “2008tik egiten diren aldaketa guztiak okerrerako dira”. Urte horretan, Patxi Lopezen gobernuak 18/2008 legea garatu zuen PSE eta PPren aldeko bozkekin eta EAJren abstentzioarekin. Besteak beste, etxebizitza bakoitzeko bi DSBEko muga ezarri zuten: “Migranteei eta ikasleei bereziki, pisua konpartitu behar dutenei, kalte handia egin zien”. 2011n beste urrats bat eman zuen Gobernuak prestazioen murrizketan eta prekarizazioan, Gemma Zabaleta sozialista buru: “DSBE oinarrizko gizarte zerbitzuen saretik atera eta Lanbiden sartu zuen, zerbitzua asko okertzea ekarri zuena. Eta exijitzen zen antzinatasuna urte batetik hirura pasatu zuten”. EAJk laster hartu zuen Gobernua berriz ere: “Aurreko aldaketa guztiei eutsi, eta moldaketak eginez aizkorakada eman zuen: diru kopuruan %7ko beherapena inposatuz eta zenbatekoa Gutxieneko Soldatatik deslotuz. Ordutik aurrera, Lanbideren funtzionamendua oso-oso gogorra izango da prestazioa jasotzen duten pertsonen aurka”.

Harritzekoa da DSBEren eta gainontzeko prestazio sozialen bilakaera. Pobrezia eta bazterketa ekiditeko sortu ziren legeak eta baliabideak 80ko hamarkada amaieran. 2008tik aurrera, krisi kapitalistak eta gobernuen politika ekonomikoek pobretuak biderkatzen dituzten garaian hain zuzen ere, prestazio horien aurkako egiturazko ofentsiba abian du Eusko Jaurlaritzak: zenbatekoak murriztu ditu, baldintzak gogortu eta arreta prekarizatu du, prestazioen zein pobretuen kriminalizazio kanpainak abiatzen dira iruzurraz mezu faltsuak zabalduz edota diskurtso arrazistak garatuz. Ekonomiak hazkunde-zikloa berrartzean, ordea, ez dira krisiaren garaian eta horren izenean hartutako neurriak desaktibatu.


HEL-aren proposamena DSBE jasotzeko
 - Urtebeteko erroldatzea aski izatea
-  Adina 18 urte izatea
-  Etxebizitza bakoitzeko DSBE mugarik ez
 - Diru kopurua Gutxieneko
- Soldataren parekoa izatea


DSBE jasotzen dutenak
- %25,8 pentsiodunak dira
- %20 langile prekarioak dira
- %72,8 bertan jaiotakoak dira eta
- %27,2 atzerrian jaiotakoak


Babesik gabeko pobrezia
Pobrezia egoeran edo arriskuan bizi diren 194.060 pertsonetatik 59.497 pertsona (%30,7) babes-sistematik kanpo dago.


 
Zergatik orain DSBE moldatzeko ekimena?

“Ikusten genuen hazkunde ekonomikoko fase batean egonik ere pobrezia eta bazterketa gora doazela” dio Kartako kide Bea Martxueta Perezek. Horren adibide, DSBE jasotzen dutenen soslaia: %25 pentsionistak dira, gehiengo nabarmena emakumezkoak, euren erretiro-pentsioen eskasagatik diru-sarrerak osatu beharrean daudenak; %20 langileak dira, enplegua izanagatik ere bizitzeko adina irabazten ez dutenak. Langile pobreen errealitatea biderkatzen ari da, urteotako oldarraldi neoliberalak eta lan-erreformek ahalbidetuta. “Enpresariek ordaintzen ez duten soldata zatia gu ari gara osatzen diru publikoaren bitartez”, salatu du Martxuetak.

Urrats laburra eta begirada luzea uztartu nahi izan dituzte HELarekin: “Gutunean eragile sozial andana eta sindikatu asko gaude, mahai gainean gauza asko daude eta HELak ezin ditu denak jaso. Erabakia izan zen HELa legeen aldaketan zentratzea”, dio Martxuetak. DSBEri dagokionez, bazterkeriaren aurkako mugimenduen aldarrikapen historikoak jasotzen ditu proposamenak: erroldaren antzinatasuna urtebetera bueltatzea; adina 23 urtetik 18ra jaistea; etxebizitza bakoitzeko egon daitekeen bizikidetza-unitate kopuruari –eta, hortaz, DSBE kopuruari– mugarik ez jartzea; diru kopurua Gutxieneko Soldatari lotzea berriz ere, eta ehuneko ehunean parekatzea; Gizarte-Larrialdiko Laguntzak eskubide subjektibo bihurtzea. “Neurri horiek ez dute sistema aldatuko, baina pertsona askoren bizitza aldatu dezakete”.

Testu artikulatuan proposatzen diren neurri zehatzak urrats laburra badira, hitzaurrearekin argi luzeak piztu eta jendarte ereduaren eraldaketan jarri nahi da fokua Martxuetaren aburuz. Lehenik, errealitatearen koadro lazgarria marrazten du Kartak: “Hego Euskal Herriko bazterkeria sozial eta pobrezia mailak kezka larria eragiten du (...) biztanleriaren sektore gero eta handiagoa bizi da baliabide ekonomiko nahikorik gabe gutxieneko ongizate maila bat izateko”. Jarraian, oso bestelako koadro bat eraikitzeko trazu nagusiak proposatzen ditu: “Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eredu neoliberalarentzako alternatiba proposatzen du; bere eredu ekonomiko eta sozialak lehentasun osoa ematen dio bizitzaren eta Lurraren defentsari, eta ez gutxiengoaren interesei; lana kapitalaren gainetik kokatzen du, eta pertsonak, merkatuaren gainetik”. Batetik, politika publikoen birnorabidetzea exijitzen da: aberastasuna zein lanak –guztiak– banatu; sozialki onuragarria izango den enplegua sustatu. Aldi berean, erabakitzeko ahalmena aldarrikatzen da politika horien guztien inguruan.

“Hitzaurreak sekulako indar politikoa dauka”, ziurtatzen du Martxuetak. “Proposatzen ditugun aldaketa zehatzek ez dute sistema aldatuko, hori oso argi daukagu. Hitzaurreak bai, ordea, eta hori da gure bidea”.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta
Ehundik gora herri mugimendu eta sindikatu batzen ditu. 2013. urtean jaio zenetik, ekimen ugari garatu ditu: besteak beste, Alternatiben Herriaren edizioak, mobilizazioak, hitzaldiak, agerraldi publikoak eta barne mailako topaketak. EAE eta Nafarroako legebiltzarretan aurkeztutako Herri Ekimen Legegileek (HEL) Kartaren ahaleginak zentratu dituzte azken hilabeteotan. Ekimen legegileak proposatzen dituen neurri zehatzak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) oinarritzen dira, nahiz eta Gizarte-Larrialdiko laguntzei eta Etxebizitza eskubideari zuzendutako proposamenak ere jasotzen dituen. Argazkia: Monika del Valle / Foku.
Legebiltzarraren bide korapilatsuetan barna

2008ko legea da indarrean dagoena, ondorengo urteetan egin zaizkion moldaketak barne. 2017ko maiatzean Gobernuak lege-proiektua aurkeztu zuen, “kontsentsu zabaleko paktu soziala” sustatzea helburu. Prozesu horren baitan abiarazi zuen Karta Sozialak HELa, 2018ko martxoan. Hilabete geroago, apirilaren amaieran, Gobernuak bere lege-proiektua alboratu eta Gobernua osatzen duten PSE eta EAJko legebiltzarreko taldeek DSBEren erreformarako lege-proposamena aurkeztu zuten. Ekainean bertan eraman zuten osoko bilkurara onarpen bila. Babesik ez zutela ikusita, ordea, bozketa galdu baino nahiago izan zuten eperik gabe atzeratu.

Ez da ohikoa Gobernuak lege-proiektu bat bazter uztea Gobernua osatzen duten talde politiko berberek horren ordezko lege-proposamen bat aurkezteko. “Erreformaren onarpena azkartu beharra” argudiatzen dute EAJk eta PSEk lege-proposamenaren sarreran. Alta, Karta Sozialaren kideen ustean arrazoia oso bestelakoa da. Martxuetak gogor salatu du bi alderdien jarrera: “Helburua HELa neutralizatzea da. Lege-proposamenaren forma ematea ez da kasualitatea, prozedura askoz azkarragoa baita. Ez ditu onartzen osoko emendakinak, bakarrik partzialak, eztabaida kaiolatzen da. Guk HELa aurkeztu eta hilabetera haiek lege-proposamena aurkeztu dute; eta orain gertatu da aurreikusten genuena”. Izan ere, abenduaren 18an Gobernuak HELaren aurkako iritzia adierazi zuen; horretarako argudio nagusia zen jada proposamen bat tramitatua dela: PSE eta EAJrena, hain zuzen ere. “Bagenekien hori izango zela jokaldia. Aurreko operazio guztia ikusita, Gobernuaren jarrera eztabaida bahitzea izan da”, dio Martxuetak.

Alderdien jarrerak eta iritziak

Bi dira, gaur-gaurkoz, DSBE moldatzeari begira erdigunea hartu duten proposamenak: PSE-EAJrena eta Karta Sozialarena. PSE-EAJren lege-proposamenaren neurri gehienak murrizketen eta kontrola areagotzearen bidetik doaz. Garrantzizkoenera mugatuz: Etxebizitza bakoitzeko DSBE bakarra (neurri horrekin 7.500 bizikidetza-unitatek –%13,5ak– galduko lukete DSBErako eskubidea, hau da, 15.000 pertsona inguruk); diru-kopuruak ezartzeko modua aldatzea eta oro har zenbatekoak jaistea (portaeraren arabera diru-kopuruak mantendu edo murrizten dituen zigor-sistema bat gehituz); hatz-marka digitala eta bestelako kontrol neurriak. Zenbait egoeren aurrean babesa zabaltzea ere jasotzen du proposamenak. Errefuxiatu estatusa dutenek erraztasun gehiago izango lituzkete, eta familia ugarientzako diru-kopuruak areagotzea aurreikusten da, esaterako. Oso pertsona gutxiri eragingo liokete neurri horiek, ordea.

EH Bilduko Nerea Kortajarena Ibañez eta Elkarrekin-eko Tinixara Guanche Suarez legebiltzarkideak bat datoz kritiketako askotan: “DSBE bermatzea ez, kontrola bilakatzea da helburua. Eta sistema kalkulu ekonomizista neoliberaletatik eraiki nahi da”, dio Kortajarenak. “Pertsona onuradunen kanporatze masiboa ekarriko luke, eskubidearen murrizketa praktikoa. Kontrolaren logikatik egiten dute, iruzurraren diskurtsotik”, Guanchek.

Herri eragileek eta sindikatu oso desberdinek ia aho batez eta puntu berberak azpimarratuz kritikatu dute lege-proposamena: REASek, Karta Sozialak, CCOOek, UGTk edo Caritasek, besteak beste. Iruzurraren diskurtsotik abiatzen dela salatu dute, eta horrek pobreziaren kriminalizazioan sakontzen jarraitzea dakarrela –Gobernuaren datuen arabera, iruzurra inoiz ez da heldu %1era–. Oro har proposamen murriztailea dela diote, helburua hain zuzen ere prestazioak hedatzea izan behar duenean.
Murrizketena “egin daitekeen irakurketa bat” dela dio EAJko legebiltzarkide Amaia Arregi Romaratek. Diru-kopuruak kalkulatzeko modu berria objektiboagoa dela defendatzen du eta, edonola ere, “beti buruan” izan beharra dagoela sistemak “jasangarria izan behar duela, gaur eta bihar ere, jakinik dirua finitua dela”. PSEko Gloria Sanchez Martin legebiltzarkideak dio diru-kopuruena alderantziz dela: “kalkuluak egin ditugu, eta kasu guztietan irabazten irteten da proposamen berriarekin” (Argilan-ESK-k egindako zenbakiek kontrakoa diote, familia ugarien kasuan salbu). Arregik eta Sanchezek, biek nabarmendu dute bizikidetza-unitateen arloan salbuespen asko aurreikusten direla, etxebizitza bat DSBE bat arau orokorra malgutzen dutenak. Eragile hain ezberdinen kritika komunak “ezagutza faltaren” ondorioa dira PSEko kidearen ustez; “oraindik ez da proposamena azaldu lehenbiziko fasean gaudelako”.

HELaren proposamenen inguruan iritziak irauli egiten dira. Sanchezek dio jada EAJ-PSEren proposamena dagoela, osatuagoa eta hobekuntza asko dakartzana: “Guk erreforma integrala proposatzen dugu, eta HELak puntu solteak soilik”. EAJko Arregiren iritziz, Kartaren proposamenak “kalean dagoena batzen du. Pentsiodunena... Baina ezin da DSBEren bitartez bete sistema osoak egiten ez duena, 1.080, 1.400 edo 2.000€ arte. Ez da betirako soldata bat ere, ez da Errenta Unibertsala”. Bestalde, esatea “politikoki zuzena” ez den arren, gazteek “autokritika” egin beharko luketela uste du: “Nahi dugu 30 urterekin etxetik irten eta lanean gure gurasoek kobratzen dutena kobratu, kontsumitu... Dena ezin da doan izan, norberaren ahaleginak ere kontuan hartu behar dira”. Elkarrekin taldeak begi onez ikusten du HELa. “Kartaren proposamena azken urteetako murrizketak atzera eginaraztean oinarritua dago, babesa lehenesten du, eta horrekin ados gaude, nahiz guretzako zerumuga Errenta Unibertsala izan”, azaldu du Guanchek. EH Bilduko Kortajarenaren irudiko, Kartako eragileek txalotzeko moduko “sintesi ariketa gauzagarria” osatu dute. “Gauza ezberdinak jasotzen baditu ere, pobreziaren aurkako estrategia baten barruan ulertzen dugu”.

Legebiltzarrean aurrera egiteko aukera gutxi

Behin 51.000 sinadurak balioztatuta, osoko bilkurara helduko da otsaila hasieran. Talde politikoen artean eztabaidatu, Kartaren ordezkari batek proposamena defendatu, eta HELaren tramitazioa bozkatuko litzateke bertan. Onartua izatekotan, lege guztiek betetzen duten prozedura luze berbera bete beharko luke, emendakinetarako aukerak tartean. Baina nekez erdietsiko du ekimen herritarrak aurrera egiterik. PPren babesa baztertuta dago, PSErena ere Sanchezen hitzetan, eta pentsatzekoa da EAJk ere aurkako jarrera azalduko duela, Arregik gaia erabat ixten ez duen arren: “Ez dakit zer esango dugun, baina gobernuak kontrako iritzia azaldu badu, imajinatzen dut guk ere berdin egingo dugula”. EH Bildu eta Elkarrekin taldeen bozkekin ez dago gehiengorik.

Kurioski, alderdi guztiek erreformaren beharra defendatzen badute ere, litekeena da legegintzaldi honetan lege aldaketarik ez gertatzea. Gobernuak legegintzaldiko erronka nagusietako baten moduan aurkeztu zuen DSBEren erreforma, prestazio sistemaren inguruan paktu sozial zabala aginduz, baina ez du gobernua osatzen duten taldeez besteko babesik lortu. PPrentzako proposamena ez-nahikoa da. Agirrek aukera gehiago ikusten du EH Bildurekin adostasun batera heltzeko: “Euren jarrera Elkarrekinek duena baino errealistagoa da”. EH Bildutik, aldiz, eta iragan hilabeteetan elkarrizketetan aritu badira ere, aukera gutxi antzematen ditu Kortajarenak: “Gurekin adosteko, Gobernuak eragileek adostutako neurriak onartu beharko lituzke: orain artekoa ikusita, zaila ematen du”.

Legebiltzarrean amaitzen da bidea?

Legebiltzarrak HELa atzera botaz gero, Martxuetak argi du: “Mobilizazioak egingo ditugu. Eta bere garaian adierazi genuen erronda parlamentarioa ere egingo genuela”.
Dirua egon, badago, Martxuetaren iritzian. “Aurtengo aurrekontua inoizko handiena da. Horrez gain, sortu dezagun dirua”: errenten araberako fiskalitate progresiboa ezarriz, edo %20 ingurukoa  den iruzur fiskalaren aurka eginez”. Jendarte ereduen artekoa da eztabaida eta borroka, ez diru-partiden artekoa. “Ikusten da babes soziala gutxieneko estaldura batera eraman nahi dutela EAJk eta PSEk. Hortik aurrera, bakoitzak bilatu dezala bere irtenbide pribatua. Pentsionistek, adibidez, funts eta pentsio osagarri pribatuen bitartez”.

Martxuetak iragan hurbilera begiratzen du gaurdanik etorkizun bidezkoagoetarako ateak zabaldu nahian. 1997. urtean Eskubide Sozialen Kartak HEL bat aurkeztu zuen, 83.000 sinaduraren babesarekin eta aldarrikapen berberak ardatz zituen greba orokor batez lagundua. “Hor zeuden adibidez 35 orduak eta soldata soziala deitu zena. Ez zen lortu exijitzen zen guztia, baina egun duguna iraganeko borroken ondorioa da”.

 

USTE USTELAK DESERAIKITZEKO ARGUDIATEGIA

"Jar daitezela lanean, alfer bizi da prestazioetatik"

- DSBEren onuradunen %25,8k ezin du enplegurik bilatu: pentsionistak dira, erretiro-pentsioa osatu beharra dutenak bizitzeko.

-  %20 langileak dira jada, enplegua dute baina euren soldata eskasak osatu beharra dute bizitzeko.

- Gainontzekoak (%55), enplegua aktiboki bilatzera behartuak daude, DSBE galtzen dute bestela.

Onuradunen ia erdia, edo lanean dago edo erretiroa hartuta. Lan-merkatua da gainontzekoak enplegutik kanpo uzten dituena.

 

" DSBEren kontrol zorrotzagoa behar da"

DSBE jasotzen duen pertsona batek: kontu korronteak kontrolpean ditu; dirua zertan gastatzen duen kontrolatua du; edozein aldaketa 15 egun baino lehenago jakinarazi beharra du; poliziak etxea miatu diezaioke aurreabisurik gabe...
Prestazio eta diru-laguntza guztien artean DSBEa da, nabarmen, kontrol neurri estuenak dituena.

 

"Migranteek prestazioen sistemara neurriz kanpo jo eta bideraezin egiten dute"

DSBEren onuradunen %27.2 pertsona migranteak dira, EAEko biztanleriaren %9.2 osatzen dutenean. Pobrezia migranteen artean %30.7 da, bertan jaiotakoen artean%4.1 .Pertsona migranteek jasotzen dutena baino diru gehiago uzten dute gure lurrean.

Biztanleria kopuruaren arabera, migranteen kolektiboak neurriz gaineko presentzia du DSBEren onuradunen artean; pobrezia egoeren arabera, migrante gutxiegik jasotzen dute DSBE.

 

"Egiazki behar ez duen pertsona askok jasotzen du DSBE, sistemaren babes gehiegizkoaz aprobetxatzen dira"

Eusko Jaurlaritzaren azken Pobrezia eta Gizarte-Ezberdintasunen Inkesta (2016): pobrezia egoeran edo arriskuan bizi diren 194.060 pertsonetatik 59.497 pertsona (%30,7) babes-sistematik kanpo dago.
Babes-sistemak hamarnaka mila pobretu babes gabe uzten jarraitzen du.

 

"Baina ez dago dirurik"

Gobernuak 2019rako aurkeztu zituen aurrekontuetan DSBEa %3.28 zen, 387 milioi euro: Iruzur fiskala bost aldiz gehiago da, urteko 2.000 milioi eurokoa.

Dirua sobera dago, borondatea dago faltan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: DSBE
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren araudi berriak "isilpean" murrizketak dakartzala salatu dute

ESK sindikatuaren Argilan plataformak, Berri Otxoak plataformak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak helegitea jarriko diote DSBEaren araudi berriari, prestaziorako sarbidea mugatu eta "eskubide gehiago murriztuko" dituelako euren esanetan.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Pobreziaren kontrako “euskal sistema”

EAEko parlamentuan aurrera egin du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege aldaketak. Badago zer aztertu legearen eztabaidak, aldaketa egiteko ezker zein eskuin egin den akordioak, eta legeak ekartzen dituen berrikuntzak izan duten oihartzun eskasari... [+]


Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berria indarrean sartu da kritika artean

Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak... [+]


Ertzaintza egunero miaketak egiten ari da prestazio ekonomikoak eskatu dituen jendearen etxeetan

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen hasi aurretik ere, prestazioa eskatu duen jendearen etxeak arakatzen ari da Ertzaintza: “Prebentzioaren izenean, egunero-egunero ari dira etxeetan sartzen; astakeria da eta jendea beldur da, modu oldarkorrean ari direlako,... [+]


Eguneraketa berriak daude