Kubricken unibertsoak xehetasunetatik

  • Asko dira zinemaren historian mugarri diren Stanley Kubricken (1928-1999) filmak:  Spartacus, 2001: A Space Odissey, The Shining, A Clockwork Orange… Mimoz eta obsesioz zaindutako xehetasunekin eraikitako unibertso autonomo bana dago haietako bakoitzean. Xehetasun horiek eta Kubrick bera ezagutarazteko asmoa duen erakusketa antolatu dute Bartzelonan, CCCBn.

Argazkia: CCCB.
Argazkia: CCCB.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hiri jendetsuek desitxuratu egiten dute kopuruen esanahia, eta hala ere, ezin harritzeari utzi. Poesia errezitaldi lehiaketa bat dagoela entzun, eta jakin-minez, CCCBko (Bartzelonako kultura garaikideko zentroko) sotora bertaratu gara. 200 bat laguneko ilara topatu dugu sarrerako plazan. Ulertu ezinda, poesia entzutera etorri den galdetu diogu haietako bati. Ezetz hark; Stanley Kubrick-i eskainitako erakusketa ikusteko dagoela zain. “Koloretako kuboarena?” bota du lagunak. Grazia egin dit ateraldiak. “Ez, A Clockwork Orange filmaren egilea den zuzendariarena” erantzun diot, ia-ia lagunarenaren adinakoa den nire ezjakintasuna ezkutatuz. Beste 300 entzulerekin batera poesia lehiaketa jarraitu ondoren bat etorri gara biak: bada gehiago jakiteko garaia.

Etxeko lanak egin eta informazioa pilatuta joan gara bigarrenez CCCBra. Londresko Stanley Kubrick artxiboko elementuekin osatua da erakusketa, eta munduko hainbat tokitan izan da ikusgai, hiri bakoitzean ikuspegi eta forma propioa eman badiote ere. Jordi Costa komisarioak antolatu du Bartzelonan bost hilabeterako jarri dutena. Hala dio erakusketa iragartzen duen oharrean: “Kubrick mundutik isolatuta bizi den gizon hotz gisa aurkeztu izan da, baina guk bere pasio sortzailean jarri dugu fokua. Berak ordezkatzen du,  beste inork baino hobe, unibertso autonomo oso bat sortzeko ardura duen zuzendariaren figura”.

Zinegile baino lehen, argazkilari

Zine zuzendari izan aurretik Kubrickek argazkilari gisa egin zuen lan. Garai hartako irudiak ere badaude CCCBko erakusketan

Irizpide kronologikoaren arabera antolatu dute ibilbidea, eta bestela ezin zenez, Kubricken lehen lanak ditu abiapuntu. Ez ikus-entzunezkoak ordea. Argazki kamera bat izan zen zuzendari estatubatuarraren lehen lan-tresna. Bigarren hezkuntza amaitu aurretik hasi zen Look aldizkarian erreportajeak argitaratzen, eta lau urte egin zituen bertan argazkilari. Irudi haietako asko biltzen ditu erakusketak –boxeo lehiak, moda desfileak…–, baita ohitura bitxi baten frogak ere: karrete bakoitzeko azken argazkia gaur egun selfie-a deituko geniokeena egiteko erabiltzen zuen Kubrickek.

Ikusgai daude bere lehen ikus-entzunezko lanak. 1951koa da lehena: Day of Fight, boxeolari bati buruzko hamahiru minutuko dokumentala. Hurrengo bi filmetan ere ez zuen fikziora salto egin; Flying Padre eta The Seafarers –Marinelen Sindikatuaren enkarguz egina– dokumentalak dira halaber. Lehenengo fikziozko film luzea 1953an plazaratu zuen Fear and Desire da. Denera beste hamabi egin zituen gero.

Spartacus, mugarri gazi-gozoa

Aurretik beste hainbat lan pantailaratu bazituen ere, 1960an aurkeztutako Spartacus izan zen Kubricken ibilbidean inflexio puntua. Erakusketan bertan ere lan honen bueltako dokumentu eta azalpenekin hasten da egilearen luze ezagunenen banan-banako errepaso xehea. Kirk Douglas zen filmeko aktore nagusia eta ekoizlea, eta berak eman zion filma zuzentzeko aukera. Paths of Glory film zentsuratuan batera aritu zirelako ezagutzen zuten elkar. Douglasek Anthony Mann, hasierako zuzendaria, kaleratu eta Stanley Kubrickekin ordezkatu zuen, lehen aldiz, superprodukzio bat bere eskuetan utziz. Zentsurak mugatu zuen filma beste behin, zeharka homosexualitateaz hitz egiten zuen sekuentzia oso bat kendu behar izan baitzuten. Ez zen zati hori berreskuratu 1991ko berrargitalpenera arte.

'Spartacus' filmarekin lortu zuen arrakasta gazi-gozoa izan zen Kubrickentzat: batetik, zuzentzera mugatu zen, filmeko beste atalen kontrolik gabe; bestetik, zentsuratu egin zuten zeharka homosexualitateaz hitz egiten zuen sekuentzia bat

Frankismo betean Espainiako Estatuan eta bertako soldaduak extra gisa hartuta osatutako filmak arrakasta handia izan zuen, bai behintzat drama film onenari ematen zaion Urrezko Globoa irabazteko adina. Erabat ezaguna egin zuen Kubrick eta aukera eman zion hurrengo proiektuak baliabide gehiagorekin gauzatzeko. Erakusketak ordea, zinegilearen frustrazioa azpimarratzen du: zuzentzera mugatu zen bere lana, gidoiari eta ekoizpenari berari eskua sartzerik gabe. Ez zen berriro errepikatuko: hurrengo lanetan bere autonomia aldarrikatuko zuen, bere gain hartuko zuen xehetasun guztiak zaintzeko ardura.

Fikzio idatzia abiapuntu

New Yorken jaiotako zinegilearen gainontzeko filmen errepasoarekin jarraitzen du erakusketak, haietako bakoitzeko gidoi, zirriborro, jantzi, atrezzo eta abarrekin. Horrenbeste informazioren artean, nork bere intereseko ataletan jartzen du arreta: asko idatz daiteke musikak haren filmografian duen paperaz, baina idatzizko fikzioak duen garrantziari erreparatu diogu guk. Eleberri edo ipuin-liburu batetik abiatutakoak dira Kubricken lan gehientsuenak. Anthony Burgessen A Clockwork Orange da haietako bat, Ion Olanok euskaratuta Meettok argitaletxeak plazaratu berri duena. Izen berarekin, maisutasunez eraman zuen pantailara Kubrickek, mundu distopiko liluragarri bat eraiki eta gogoangarriak diren dozenaka eszena utzita. Bitxikeria gisa, filmean Alex eta bere druguek darabilten nadsat hizkeraren hiztegia ikus daiteke erakusketan.

Argazkia: CCCB.

Vladimir Nabokoven Lolita eleberri polemikoa zinemara eramaten ere ausartu zen. Nabokov-ek berak egokitu zuen gidoiaren lehen bertsioa dago CCCBn ikusgai. 400 orrialde zituen, ia zazpi orduko film baterako adina. Eraginkorragoa izango zelakoan, azkenean elkarlana eten eta zinegileak berak egokitu zuen gidoia. Idazle errusiarra ez zuen erabat asetu: “Film zoragarria egin du Kubrickek, baina berak eta nik modu desberdinean ikusten dugu Lolita”.

Jack Nicholson protagonista duen The Shining filma berdin: Stephen Kingen izen bereko eleberrian dago oinarritua, gidoia egokitzean hainbat aldaketa egin zituen arren. Filmak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko ere jotzen zuen hizkuntza hori menperatzen zuten idazleengana. Horrek erakusten du dena kontrolpean izateko Kubricken ahalegina: ekoizpena, castinga, efektu bereziak, banaketa, baita bikoizketa ere.

Zientzia fikzioan aitzindari

Erakusketan beste film guztien artean gehien nabarmentzen dena 50 urte bete berri dituen 2001: A Space Odissey da; ziur asko, hura delako unibertso imaginario oso bat eraikitzeko hartutako lana modu agerikoenean erakusten duena. Arthur C. Clarke idazlearen The Sentinel narrazio laburrean oinarritutako lana da, idazlearekin elkarlanean egokitutakoa. Bidaia interplanetarioak eta etorkizun urrunak eraikitzeko, pertsonaien janzteko modua, arkitektura eta aurrerapen teknologiko andana ia hutsetik diseinatu behar izan zituen Kubrickek eta tokia egin ordura arte ia ikusi gabeko efektu bereziei. Star Wars, Alien edo Blade Runner gisako filmentzat ezinbesteko inspirazio iturria izan zen.

Hil zenean zuzendariak esku artean zeuzkan proiektuen artean, Napoleon Bonaparteri buruzko film bat egitea zegoen. Hari buruz Kubrickek pilatutako liburu eta dokumentazio ugari ikus daiteke Bartzelonan

Filmaren ezaugarri deigarrienetako bat lau milioi urteko denbora saltoa da, lehen hominidoen garaitik 2001era arte doana. Hasierako zati horretako simioen eszenak prestatzeko mimo talde bat kontratatu zuen Kubrickek, eta garairako oso errealistak ziruditen mozorroak prestatu. Hilabetez egon zen talde osoa Londresko zooko gorila eta txinpantzeen mugimenduak aztertzen. Ken Adam Holandes ezenografoa lagun, eszenatoki bereziki deigarriak ere erabili zituzten filmaren bigarren zatian. Erakusketan nola sortu zituzten ikus daiteke. Geltoki espazialean dagoen pasabide zentrifugoa da adibide onena: hamabi metroko diametroko dekoratuak 4,8 kilometro-orduko abiaduran egiten zuen bira, kameren mugimendua baimendu eta grabitate ezaren efektua sortuz. Wendy Carlos musika elektronikoaren aitzindariaren lana ere txalotzen du erakusketak. 2001: A Space Odissey filmeko soinu-bandaren pieza asko berak egin zituen.

Bukatu gabeko lana

70 urte zituela zendu zen Stanley Kubrick 1998an, hamahiru film luze zuzenduta baina hainbat asmo eta burutazio gauzatu gabe utzita. Zinegilearen proiektu amaitugabeen zirriborroak dira erakusketaren epilogoa. A.I. Artifcial Intelligence da haietako bat, urte batzuk geroago Steven Spielbergek pantailara eraman zuena; baita Louis Begleyren Wartime Lies eleberria zinemara eramateko saiakera ere.

Deigarriena, ordea, Napoleoni buruzko filma egiteko osatutako liburutegia da, zientoka liburu, garaiko artxiboak eta hainbat irudi biltzen dituena. Kubrickek jasotako material horretatik abiatuta, HBO telesail labur bat ari da ekoizten. Hori dena jakinda egin dugu etxerako bidea. Bigarren buelta bat egiteko itzuliko gara: bi aldiz joateko aukera dago sarrera bakarrarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Zinegoak jaialdiak “erresistentzia eta afektuen sareak” aldarrikatuko ditu

Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.


80ko hamarkadako lau euskal film zaharberritzen ari dira, Zinemaldian emateko

'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.


“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek

Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.


From Ground Zero: genozidioa lehen pertsonatik kontatzen digun filma

2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmaturiko 22 film laburrez osatua da From Ground Zero filma. Rashid Masharawi palestinar zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Gazari buruz entzuten diren zenbakiei aurpegiak jartzeko asmoz lotu... [+]


Asier Urbieta, 'Faisaien irla'
“Guretzako mugarik ez dago eta horrela estreinatu behar zen: mugarik gabe”

Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Askatu dute kolonoek jipoitu eta militarrek atxilotutako Oscar saridun palestinarra

No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.


Chantal Akerman eta urrezko 80ak

Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]


Martxan dago euskarazko film laburren Laburbira zirkuituaren 22. edizioa

35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.


2024an Euskal Herrian estreinatutako 900 filmetatik bi baino ez dira euskaraz izan

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]


Animaziozko Film Onenaren Oscarra software librearekin sortutako ‘Straume’ pelikulak irabazi du

Gints Zilbalodis zuzendari letoniarraren Straume filmak irabazi du 2025eko Animaziozko Film Onenaren Oscar Saria. Pixar eta Dreamworks estudio handiei aurrea hartu dien filma 3D irudigintzarako software libreko Blender tresna erabiliz sortu dute.


Adimen artifizala zineman: legezkoa bai, baina bidezkoa?

Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]


Punto de Vista: mundua pantailan ikusteko beste modu bat

Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]


Eguneraketa berriak daude