"Erresistentzian egon arren, bertatik bizitza antolatzeko beste era batzuk sortzen joan gaitezke"

  • Psikologia ogibide duen feminista brasildarra da Nalu Faria. Emakumeen Mundu Martxako nazioarteko komiteko kidea eta mugimenduak bere herrialdean daukan koordinazio taldeko partaide da. Urrian Bilbon egin den nazioarteko topaketaren baitan, Bolsonaro Brasilgo pesidentziara heldu eta gutxira, berarekin hitz egiteko parada izan dugu.

Emakumeon Mundu Martxaren sorreratik daramazu mugimenduaren baitan. Nolakoa izan da gaur arteko ibilbidea?

Emakumeon Mundu Martxaren lehen nazioarteko topaketa 1998an izan zen, eta bertan erabaki zen 2000. urtean nazioarteko ekintza bat aurrera eramatera. EMM kanpaina gisa hasi zen, baina hainbat tokitan izan zuen inpaktua tarteko, herrialde askok EMMk modu iraunkorrago batean  jarraitzea proposatu zuten, tartean Brasilek. Orduan hasi zen EMM mugimendu bezala egituratzen.

Brasileko kideoi dagokigunez, mugimenduaren lehen eragin positiboa zera izan zen, neoliberalismoaren kontrako posizionamendua zeukan kaleko mugimendua sortzea ahalbidetu izana. Izan ere, garai hartan oso instituzionalizatutako emakumeen mugimendua nagusitzen zen, NBEren agendari oso lotua, genero kontzeptua hutsaltzen zuena. Globalizazio neoliberalaren gaia eztabaidagai zen garai haietan, eta eratzen zebilen nazioarteko erresistentzian emakumeok posizionatu egin ginen. Horrek indarra, ikusgaitasuna eta beste hainbat mugimendurekin aliantzak eman zizkigun.

EMMk mugimendu bilakatzeko izan zuen prozesua oso interesgarria izan zen: bere agenda propioa eraikitzea bilatu zuen, baita hainbat herrialdetan aldibereko ekintzak aurrera ateratzea ere. Handitzen, aliantzak sortzen eta analisietan sakontzen joan zen heinean, hainbat gairen bueltan posizionatzen ere joan zen: ekologiaren, naturarekin harmoniatsua den bizitzaren, elikadura burujabetzaren eta sexualitate disidenteen alde agertu zen, eta kontrako jarrera azaldu arrazakeriaren eta kolonialismoaren aurrean.

Esan beharra dago mugimenduaren lehen urteetan ez zela kontsentsuz feminismo hitza ahotan hartzen, emakumeetaz eta hauen borrokaz hitz egiten zen. Feminismo hitza geureganatzea irabazia izan zen, esan daiteke lan handia izan genuela mugimendu feminista antikapitalistaren ideia oinarrian jartzeko.

Feminismo liberalaren olatua bizitzen ari gara. Feminismo antikapitalista arriskuan jarri du?

EMMk, momentu honetan, erronka bat jarri dio bere buruari: mugimenduaren alderdi herritar eta antikapitalista behin eta berriz azpimarratu eta indartzea. Ezin baitugu mugimendu antikapitalista batez hitz egin, honen subjektuen artean langile klaseko eta hiritik haragoko emakumeak ez baldin badaude. Klase ertaina deitzen zaion horretako emakumeak, profesionalak, unibertsitateko ikasleak, horiek ere geure artean nahi ditugu noski, klase ikuspegia barneratuta. Langile klaseko emakumeak mugimenduaren baitan hartzea garrantzitsua da, eta agendarekin, antolaketa moduekin eta mobilizatzeko erekin zerikusia dauka.

Nalu Faria: “Subjektu feminista kolektibo bat nola eraiki hausnartu behar dugu”

Erronkak etengabe ondoko galdera egitean datza: “Geure aniztasunean zerk batzen gaitu, zer izan gaitezke elkarrekin?”. Subjektu feminista kolektibo bat nola eraiki hausnartu behar dugu, beste jendarte eredu bat sortzeko helburuarekin perspektiba feministadun posizio politiko zabala darabilena.

Nazioarteko mugimendua izanik, honen baitako herrialde bakoitzak bere berezitasunak ditu. Alabaina, aliantzetan eta herri boterean sinisten duzue.

Geure errealitateak ezberdinak diren arren, testuinguru eta egoerak komunak dira. Azken finean kapitalak norbanakoen bizitzak antolatzen dihardu, lanaren prekarizazioaren eta bizitza zein naturaren merkantilizazioaren bidez. Lanaren prekarizazioa diodanean lurraldeen okupazioaz, behartutako desplazamenduez eta bizitzeko bitartekarien suntsiketaz ere banabil hizketan. Bizitzaren prekarizazio prozesu orokorra ari gara pairatzen, eta honek izaera heteropatriarkal eta arrazista nabarmena dauka.

Esplotazioaren eta zapalkuntzaren areagotze hau bizitza mantentzeko helburuarekin emakumeak lan gehiago egitera behartzeko modu bat ere bada, ordaindu gabeko emakumeen lanaz geroz eta gehiago aprobetxatzen den eredua baitugu indarrean dena. Ekonomia krisiarekin gehien sufritzen dutenak emakumeak dira. Hala bada, elkarri laguntzeko modu kolektiboak sortu behar ditugu. Merkatu kapitalistarekin zuzeneko harremanetik ateratzea ahalbidetzen diguten bideetan pentsatu behar da, krisiari aurre egiteko moduak eraikitzen joan eta alternatibak eratzeko. Bertoko gauzak kontsumitzearen beharraz jendea kontzientziatzea lortu behar da, gure artean ekonomia solidarioa indartzen ari da, horrek ere zerikusia dauka sareak eta lotura sozialak ehuntzearekin. Erresistentzian egon arren, bertatik bizitza antolatzeko beste era batzuk sortzen joan gaitezke. Erronka da, ikusi beharko da honi aurre egiteko gai garen.

‘Mulheren Unidas Contra Bolsonaro’ lemapean Natal hirian (Brasil) egindako mobilizazioa (Argazkia: Luana Tayze)

Kapitalismoaren berregituraketari buruz hitz egin duzue topaketan, honek hartu dituen forma berriez eta hauen ondorio anitzez. Ondorio horietako zeintzuk bistaratzen ditu Brasilgo egungo egoerak?

Brasilen eta Hego Ameriketako zenbait herrialdetan, baliabideak banatzen eta Estatua berreskuratzen zebiltzan gobernuak erasotzen ari dira. Ematen ari diren lan erreformak, adibidez, izatez ez dira erreformak, lan eskubideak indargabetzeko saiakerak baizik. Eskuratutako lan eskubide apurrak kentzen ari zaizkigu. Nabarmena da politika sozialen eta aspektu ekonomikoen kontrako erasoen arteko lotura, demokraziari erasoak dira, politika berberaren parte direnak.

Bestetik, Brasil langabezia tasa ikaragarriko herrialdea da. Hiri guztietan langabezia handia dago, baina Sao Paulon da nabarmenena. Jendea kalean bizi da berriz, ia desagertua zegoen arazoa izanik. Kapitalismoak bizitza prekarizatu eta txiroak kriminalizatzen ditu, eta horrek ere genero dimentsioa dauka. Brasilen adibidez, gazteen genozidio eta espetxeratzea ematen da, eta horrek eragiten du ama diren emakume gazte askok bizitza bakarrik sostengatu behar izatea, bikotekidea kartzelan edo hilda dagoelako. Emakume gazte hauek beraien ama eta amamen laguntzarekin eusten diote bizitzari. Gizonak espetxera doaz, eta emakumeak bizitza sostengatzen dute.

Nalu Faria: “Olatu kontserbadore faxista ematen ari da, beldurra inposatu nahi duena. Hau, herrialde askotan, feminismoak eta LGBTI mugimenduak egindako aurrerapausoen erreakzioa ere bada”

Urte asko daramatzagu demokraziaren kontrako erasoak nola ematen diren ikusten. Munduko hainbat tokitan neoliberalismoak jada ez du jendea konbentzitzen. Topaketan baloratu dugun moduan, olatu kontserbadore faxista ematen ari da, beldurra inposatu nahi duena. Hau, herrialde askotan, feminismoak eta LGBTI mugimenduak egindako aurrerapausoen erreakzioa ere bada.

Jair Bolsonarok Brasileko presidentzia eskuratu berri du. Nola bizi duzu aldaketa politiko hau?

Ikaragarria gertatu dena, urte hasieran inor gutxik imajinatu zezakeen halakorik gerta zitekeenik. Momentuz ez da posible datorkiguna aurreikustea. Badira lau urte oso era sistematikoan jendea kalera ateratzen dabilela, mugimendu eta alderdien fronteak indartzen ari diren prozesuak martxan dira. Mugimendu sozialen batasuna eraikitzeko prozesu bat ere abian da, nahiago nuke hau mantenduko balitz. Posible da aurrerantzean erresistentzia asko egotea, jendeak ahalegina egingo du. Bestalde, Bolsonaro eta bere jarraitzaileen indarkeriaren erabilpena ikaragarria da. Ez dakigu nora eramango gaituen indarkeriazko egoera horrek.

Mugimendu bezala, datorkigunari aurre egin nahi badiogu, indarra eraikitzeko estrategiak pentsatzeko gaitasuna izan beharko dugu. Momentu honetan nazioarteko borroken indartzeak ere berebiziko garrantzia daukala uste dut. Hego Ameriketan, Demokraziaren Aldeko eta Neoliberalismoaren Kontrako Jardunaldi Kontinentala eraikitzen dihardugu 2015etik, orduko hartan dagoeneko begiztatzen baikenuen testuinguruaren aldaketa eta neoliberalismoaren oldarraldia. Uste dut indar asko jarri beharko dugula horretan, bakarrik geratzea ekidin eta beste herrialdeetako babesa izateko.

‘Mulheren Unidas Contra Bolsonaro’ lemapean Sao Paulo hirian (Brasil) egindako mobilizazioa (Argazkia: Renata Reis)

Bolsonaro boterera iritsi den honetan, Brasileko herriari geratzen zaion bide bakarra erresistentziarena dela esan du Joao Pedro Stédilek (MST). Aspaldi hartutako bidea, ezta?

Guretzako bai. Mugimenduetako sektore batzuk harritu egin ditu ezkerra hauspotzea lortu izanak, jendartearen panorama ikusita zaila baitzirudien halakorik gertatzea. Ezkerreko alderdi nagusia den Langileen Alderdiak (PT) eraso gehiegi pairatzen ditu, Lula da Silvaren atxiloketa kasu. Hala ere, gertakari horren aurrean erakutsi genuen erresistentzia eta elkartasunak, eta Lulak berak emandako erantzunak, egoera zertxobait konpondu eta jendea PT alderdia defendatzera animatu zuen. Aurretik, desengainua eta desilusioa ziren nagusi. Gauden lekura iristea harrigarria izan da. Uste dut krisia eta langabezia areagotzen dabilen honetan jende gehiago batuko dela erresistentziara.

Bolsonaroren diskurtso guztia doikuntza politiketan oinarritzen da, ez dauka politika populistak egiteko aukerarik, militarrek diktadurak iraun artean egin bezala. Militarrek herrialdea zorpetu zuten, industrializazioa handitu zuten eta nolabaiteko banaketa bat egon zen. Horregatik diktadurak ez zuen oposiziorik izan hainbeste urtean, herritarrek beren bizimoduetan hobekuntzak ematen ari zirela sentitzen baitzuten. Zorpetzeak eragin zuen sentipena izan zen, 1981 ostean lehen aldiz FMIra bideratuko gintuena. Bolsonarok, baina, ez dauka abagunerik politika populistak erabiltzeko.

Orain gutxi, martxoaren 14an, Marielle Franco politikari eta ekintzailea hil zuten Rio de Janeiron. Bolsonaro agintean egoteak egun lider sozialek bizi duten arrisku egoera areagotuko duen beldur zarete?

Lider sozialek Hego Ameriketan bizi duten egoera oso larria da. Brasilen betidanik eman dira landa eremuko liderren hilketa ugari, eta hilketok hirira heltzen ari dira. Marielleren hilketa horren adierazgarri. Lider sozialen kontrako erasoen areagotzea gertatzen ari den zerbait da Brasilen, borrokaren kriminalizazioan laburbiltzen dena. Kontu kezkagarria.

Beldur sentipena eta militantziari lotutako segurtasuna dira maneiatzen ikasi beharko ditugun aspektuak. Ni bizi naizen tokian, abian dira segurtasunaren gainean eztabaidatzeko bilkurak.

NBEren 2015eko Biolentziaren Mapak, emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, bosgarren postuan kokatzen du Brasil. Datuak izugarriak dira.

Brasil herrialde biolentoa da orokorrean, emakume eta gay-ekin are gehiago. Feminizidio kopurua oso altua da, urtean 5.000 emakume hiltzen dituzte Brasilen, hamahiru eguneko, bi orduan behin bat. Lau segunduro, emakume bat erasotzen dute.

Guk argi daukagu indarkeria matxista artatzeko politikak urriak direla gure herrialdean. Gainera, hauek zigorrean oso oinarrituta daude, eta indarkeria berriz gertatzea eragozteko gaitasun oso gutxi daukate. Nik uste emakumeon mugimenduko partaideontzat erronka bat dela indarkeriari aurre egiteko beste modu batzuk pentsatzea, irtenbidea bakarrik komisaldegian aurkitu ez dezagun. Sareak eta auto-antolakuntzarako modu berriak pentsatu beharko genituzke, datuek adierazten dutenez emakumeak antolatuta dauden auzoetan indarkeria jaitsi egiten baita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Eguneraketa berriak daude